Ama ia
Xabier Montoia
Garestiegi eskatzen didan prezioa.
Heuk ere izango dun gorputzen salneurriaren berri.
Zenbat balio duen behatzak esaterako,
edota ipurmasail bakoitzak.
Heuk ere
zein den gezurraren ordaina
jakingo dun ederki.
Oiloari nota bihurritzen zaion lepoa.
Fokakume jaioberrien buruan
non jo zehazki,
odolak
beren larru amoltsu eta preziatuaren zuri-zuria
tinda, zapuz ez dezan.
Sal-erosketarako iaioa haiz benetan.
(Hartu-emanetarako ordea?).
Hik bezala inork ez dizkin merkatuak ezagutzen.
Inork ez din hainbeste azoka korritu,
hainbeste plaza ikusi,
hik adina esku estutu
eta irrifar banatu.
Jelosiaz beterik
geratzen zaizkin politikoak begira.
Salgai al ditun iadanik
nere maitasunaren hondarrak,
hire altzoak
gordetzen dituen gogorapen nereak,
nere ezpainek
hire oinetatik gora
irekitako bidexkak?
Joan hadi tabernetara, kafetegietara
eta nere izena daraman eskela erakutsiz,
hire ezagun guztiei jakinarazi:
«Gizarajo hau
maitale izan nuen garai batean».
Hilaren itzal epelak
oraindik hire izterretan
ditun aterpe eta kabia.
Ilunabarrero oraindik
begiak margotzen ditun
eta gorpu metatuen artean
bahoa
koipezko jainkosa
patxada osoz,
bizigu eta aingiren laguntzaz,
azken kopa
eta beste bat edatera.
|