L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

—dossierra: antzerkia—

 

Ez ofizio ez tradizio

 

        Denboraren eta ihardunaren poderioz, euskal literatura ofiziozko idazleak ezagutzen ari da astiro, haatik, ofiziodunen heldutasunera iristeko bidean —aldapa latza, kolega!— oraingoz lehendabiziko kilometroak besterik parkurritu ez diren arren. Ostera, tamainakorik esaterik baldin badago behintzat, poesia eta narratibagintzan erreparatuz gero bakarrik da zilegi. Ezen saiakerari dagokionez, besterik ezean, unibertsitate eta kazetagintzaren eskutik sortutako apurraz baino ezin bait gaitezke mintza. Eta dramaturgiari buruz aldiz, akaso, ez eta hainbeste ere sikiera. Literatur lehiaketen eta argitalpenen inflazio sasoi hauetan, antzerkigileen kasik erabateko ausentziak mereziko luke gutxienez gogoeta pare baterako beta eta lekurik.

        Euskal idazleen artean antzerkigilerik izan bada (edo badago), hauek teatroarekin eta antzerki taldeekin ukandako lotura estuagatik izan da neurri handi batean. Gisa honetan, ezagutuz 36ko gerrak eta ostekoak antzertiarentzat suposatu zuen etenaldia, literatur genero dramatikoaren tradizioari eusteko parada goitibeheratsua suertatu dela begibistan da. Azken hamar urteotako antzerkigintzaren bilakaerak berriz, nahiz eta bestelako hainbat arazoren kausak tartekatu, ez du espero bezain bide samurrarekin topo egin, instituzioak, ikuslegoa, antzerki elebiduna eta beste makina bat matrakaz baldintzaturik. Eta kontuak horrela, badirudi testu kreazioaren eta ekintza teatralaren arteko desoreka konpongaitza gertatzen ari dela egun, hala idazlegoak lan kolektiboarekiko erakutsi duen tentazio petralagatik, nola antzerki taldeek erreklamo goxoz gehiegi zirikatu ez dutelako. Dramaturgiari loturik, azken boladatan (salbuespenak salbu) bi joera dira nagusi taularatzeko orduan: edo antzerki taldeak sortzen du jokatuko duen testua, edo —antzerkigileen ez ofizio ez tradizio...— to tradukzioa!

        Antzerkiari eskeinitako segidako orrialdeotan euskal antzerkigintzaren egoerari errepaso bat ematen saiatu gara, zenbait saio eta elkar hizketekin batera literatur kreazioz osatutako bilduma dakarkigula. Elkar hizketei dagokioenez, aipatu, Josu Kamararekin izandako solasaldia ez beste seiak —Jon lñaki Artetxe, Luis Iturri, Karlos Panera, Eusebio Larrañaga, Koldo Tapia eta Agus Arrazolarekin— galdeketa patroi berbera jarraikiz burutuak izan direla, betiere eztabaida nahiz azterketarako gaiak bateratuki jorratzearren, eritzien alderatzeko aukeraren faboretan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.