Bi poema
Kepa Lucas Ibañez
Gizarte honen omenez
milaka poxpolu
pizt dezakezue
itsas ondoko terrazetan
eta
gure munduaren karpa
ia izarrak zulatzeraino
jaso dezakezue.
Batean edo bestean
txaloaldi luzearen oihartzuna baino
ez zaigu iritsiko
haize eta meteoroaren gordelekura.
Negu jelatuaren hondartzak
arrai arrastoak
maskorrak
Euripeko kai luzeegiak
bizarrik gabeko kapitainak
herdoil gorbatadunak
Europako autobide musikalak
aldizkako hautapenak
soldatak
Dirauena
hiltzen doanaren mendekua diagu
ezta aitona?
|