L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ametsotan

 

Pepe Zulaika

J.M. Unanue

 

Erreferendumerako apenas pare bat aste geratzen zitzaigun erantzuna ezpainetatik zerigula, mugitu ginenean lurralde epelagoetara jelatik ihes egiten, ikaraz, konturatu ginelarik treparen leihatiletatik jada lore hori horiek... nola izena dute... dsak... hartuz gero ohean pixa gura demaizutenak... beno, igual da, hasi berriak zirela seinale onean, baina udaberri berantiar seinale zetozen, eta gu honez gero Errioxara bagindoazen poz-pozik han lore aroa aurreratuago zetorrelakoan, eta botoaren norgehiagokaren buruhausteak eta tele purrustadak zeharo ahaztu nahian geltoki bakarti hartan jaitsi ginen biok, alboetara kontuz begiratzen, ze nahiz eta jakin inork ez gintuela saludatuko, itxaropena ez bait da inoiz galtzen, nola ez den galtzen oroimenean estazioko kapoearen begirada ironikoa, trena abiarazteko tsilboa jo eta gero ofizina barruan sartzen denean, pare bat minutu barru berriro irteteko eta hatz potoloarekin, txorrorekin, geltokiaren ostea seinalatuz: «Hortik joan egin beharko duzue!» esaten bezala, gure pentsamenduari aurrea hartzen ziola, eta egia esan zuen, beno, adierazi behintzat, hitzik ez bait zuen libratu, ba atzeko aldapatxoan zalgurdien garaiko kotxe zetzan eta bertaratu arte bolante hutsa besterik ez genuen antzeman, noiz etzanda zegoen agure buruzuri aurrean eta nik emandako txartelari begira, non herriaren izena ipintzen zuen, abiatu zen terzerako karretera hartatik nora ginderaman susmatu barik, ba gisa honetan, aurreko kristala zainduz igaro zitzaizkigun une latz haiek, pentsatuz mundu amaieraraino gindoazela hartxintxarrezko pista hartatik, errepide tituloa ezin bait zuen eduki, ze ipurtzuloa ez izan arren hura, itxura aldetik enbidia izaterik ez zuen, ze galipotezko bide motz baten bukaeran zegoen lokazti hura, inoiz euria egiten duen antzoko parajea, etxe hormak lohiaz zipriztindurik, euli kakaz beteriko pareta bezala hartu gintuen herri kirats hark kotxetik jeitsi ginenean hostalaren aurrean, gidariari okurritu zitzaion hotelaren parean, hori bai, hotel bakarra zelako edota ugazabarekin konponduta zegoelako inoiz ez genuen jakin harrez gero, baina betiko susmoa geratu zitzaigun morroiak atea ireki zuenean ia taxixari gelditzeko astirik eman gabe, eta maleteroko giltzaren jabea bailitzan irekiz poltsaz eta maletaz jabetu zenean muzin igarrezin batekin segitzeko adierazi zigun berrogeidun kalboso hark atarian balantzaka desagertzen zela, taxistari ordaintzeko betarik eman gabe, ze bagindoazela orru trumoitsu bat entzun genuen gibelean «eh! berde bat, faborez» zioskula, eta buelta emanez apalki bota genizkion eskusak eta berriro fantasma desagertuaren urratsen atzean desagertu gu ere saguzahar leize hartan, eta nekearen aitzakiaz gelara berehala sartu ginen hurrengo egunerako utziz tratua eta baldintzak, nahiz eta jakin gure jokaera oker horrek ehuneko horrenbeste karutuko zigula egonaldia, gustora oratu genituen izara zuri haiek ohe metro zero bosteko hartan konturatu nintzanean aldamenean mesanotxea neukala, eta bigarrengo kajoia irekiz sudurretako Rinomizine lagatzeko asmoz, konturatu nintzen pipa bat, zera... pistola bat zegoela zinkezko kutxa polit baten ondoan, eta nola nire kuriosidadea ezten bat den niretzat, ireki nuen kutxa hura pistola altzoan utziz, eta noraino sorprenditu nintzen ze han zinkezko kutxan zilindro zuri gogor batzu aurkitu nituen eta, sakabanaturik, bola txiki batzu, bixigu errearen begi antzo, eta nire kuriosidadeak aginduta bolatxoak zilindroan, zilindroa kargadorean, eta hau pipan sartu nuen, pistola leiho aurrean jarriz, eta katilua sakatu nuenean hura izan zen traka gau erdian argitu zena, kobre errearen txinparten kolorekoa, ba ametsa zelakoan beldurrez sartu nuen burua almoada azpian, kaka zeridala, baina ezta pentsatu ere, ez, biharamunekoa ikusi beharko nuela, noiz goiz-goizean esnatuta aldamenean pipa etzanda ikusi nuen, eta ametsetik libratzearren berriro pum! egin nuenean, han, txilarraz eta oteaz beteriko muino hartan bart antzerako eztanda elektrikoa ikusirik, eskuartean kristona neukala somatu nuen, bururatu zitzaidala Putxek —nire Putxe lagun mina, lagun ohia— etxera deitu zidanean esanez esanez zera batzu erakutsi behar zizkidala, eta hara non joaten naizen eta tipoak ohe azpitik bi pipa ateratzen dituela, bata Browning 9mm.koa, bestea Astra bat, 7'65mm.koa, bata erakundearen gizonentzat, bestea, txikiago eta soilagoa, andreentzat, eta gaitzerdi M-16a ez ekartzeko esan niola, ze Putxe prest zegoen zulora joateko hura hartzeko eta erakusteko nola eta zelan manejatu, baina uko egin genion, zeren soldaduzkatik pasea ez izan arren, nire borondate baketsuak ez du behar halakorik, eta burutazio hauek kasketan zurrunbilo edo zirimola eran zerabiltzala hara non armadaren bi helikoptero ikusten ditudan leihotik, modernoenak iruditu zitzaizkidan, eite borobiltsu eta arrunta ez bait zuten, baizik ertzez eta zorrotzez beterikoa, han paperean aurkitzen ziren hain gertu ze heuren kasaka berde-horiskak ikus nitzakeen, aurreneko helikopteroak muturra ematen zidala, besteak saihetsa, biak lurreratu ziren druum-druum burrundarekin, eta orduan bai ondo konturatu nintzela zeinen bila zetozen putre haiek, baina nire ohaideari abixatzea otu zitzaidanean, berandu zen jada, atea bortizki joka ari zelako norbait, jeneral edo horrelako zerbait zen atearen muga igaro zuena beste uniformedun pare batekin, denak izarratuak, eta isatsean eskuak mantelean igurtzen zituen beste tipo bat, zein gero ohartu nintzen atzoko morroia izan zitekeela, edo akaso hotelaren jabea, urduriki eta etengabe mantal pulkroa eskuekin estutuz aurkeztu zituen militarrak esanez inbestigazio batetan zihardutela eta otoi, arren laguntzeko denetan, euskaldunak eta gazteak bait ginen, beraz, susmagarriak aurreko base militarreko autoridadeentzat, eta musa maitagarri batek hazi distiratsu bat jarri izan balit bezala, okurritu zitzaidan abots ozenez aldarrikatzea ea zein eskubiderekin sartzen ziren gure logelan, larrua jotzen ari ginela oraintsu, nire laguna eta biok edozein hotel galdu horietako pareja lizun bat baginen azaldu gintzaizkion hainbeste suerterekin ezen jeneralari tik nerbioso bat agertu zitzaion masailan —ia denak agure gordin damutuak bait dira—, eta nire hitz zatarrak ez entzutearren, Infernuko Errainua aipatu izan banu antzera, aldendu zen besteak zerraizkiolarik, gelan kriston baretasuna egin zen higuingarri haiek irten zirenean, baina harrez gero ikututa nengoen eta ahal bezain laster aldegitea pentsatu genuen, bakoitza bere bidetik, eta horrela egin nukeen berriz kuriosidadea nire patuan kurutzatu ez balitz, ba une batetan ez zitzaidan burura etorri idea hobeagorik han inguruan zegoen bi pisuzko autobus zahar batetara sartzea baino, erdi izkutuan, alboko eskaileratik igoz, bigarren pisuan jarri nintzen atze-atzean, eta autobusa abiatu zenean konturatu nintzen militarrez betetako autobusean sartua nuela nire burua, baina jada ez nintzen kapaz leihoa irekitzeko, martxan saltatzeko, eta han geratu nintzen kokorikoz nire aldamenean paisanoz jantzitako hura eseri arte, zeini nire egoera agertu nion, nola konfundituta sartu nintzen, ea noraino zihoan autobusa, ze nik buelta egitea nahi nuen, eta «Burgoseraino» esan zidan, nik bergaldatzen niola «Zein da lehenengo geltokia?», eta «Noriega», Noriega, Noriega... ez dut ezagutzen, «Ez al dago beste bat hurbilago?», «Ba beharbada norbait bajatuko da Binkolan», eta hura ezagunagoa egiten zitzaidan handik trena pasatzen zelako, edo agian Brinkola liteke, beno, ez nengoen seguru, baina bertako geltokian jeitsi nintzen zikin-zikin sentitzen nituela nire gorputza, eta nire erropak, eta nire zapatak, eta nire ilea, eta nire hatsa, eta harrez gero jende militar horrekin sekula ez ibiltzea zin egin nuen. Hala bedi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.