Gernika III
Omar Nabarro
Arratsaren eskuzabaletan zinen biluzirik etzanda, Gernika;
Su harritua harto zuten harriek
eta gauak suaren orpoetako haize hotza zekarren.
Biluztu egin ziren atomoak ere, Gernika;
Hautsa zen hezurren azken odola
eta odola falta zuen suaren izerdi lehorrak.
Sutan ziren izpiluak zure malkoetan, Gernika;
Oilar kubisten karkarak aditu ziren goizaldean
eta eskonbroartean begiek beso bila ziharduten.
Kanpai hotsak hileta danbor bihurtuta zenituen, Gernika;
Sufreak arbola ostoak haginkatzen zituen
eta goizaren bizkarrean uso hilen hotzikara iltzatu zen.
Ogiak zure izena ikasi eta tristetu egin zen, Gernika;
Horrazi bila ari ziren umeak amilburuan
eta haizearen zainetan irristatzen ziren galdera mutuak.
Errekaren ezpainek Herioren oinak musukatu zituzten, Gernika.
Itsaso azulak koral kiskaliak amestu zituen
eta seinen irri birginalak berreraiki zituen hondoan.
Apirileko sugarrak muskil bako sagar zitalak ziren, Gernika;
Mingots hondo ziren kanposantu alboan gerizak
eta kresalak gorri egin zuen zin betirako bere anima.
Kaio hegalak ziren goldea landa-sabai gorituan, Gernika;
Karrankek blaitzen dute izaro hura, Izaro,
eta luzaro dute karraxia bertso-oin.
Eternitatea arnastu zenuen eztarri errean, Gernika;
Oiz maldeetan behera berde berrasten da basoa
eta itsasoa errekan gora dator, azula betirako.
|