L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Denborak berdin berdin korritzen du eta

 

Iñaki Goitioltza

 

I

Hantxe zegoen aktoresa belauniko bazterrean negarra zeriola, zotin baten galduta etsipena azaleratu guran. Masailak tentsioaz gorri, eta begiko zuria ere tankera berean. Ordu pila bat ziren berton zeudela, antzoki zaharkitu eta lohitu horretan. Neguko tenperatura hotzak eskuak kizkurtzen zizkien bailara besaulki erdi hondatuetan jezarritako dozena erdi lagunei.

        Larruzko jaka beltzaren azpian atertuz Anttonek —zuzendariak— etengabeki aztertzen zituen antzezlearen bilakaera urduriak. Eskenatokiko neskari berez ateratzen zitzaizkion plantak, eta besoekin zein gorputz osoaz sortzen zituen keinu erritmikoak. Tarteka-marteka zuzendariak oholtza gaineko irudi hauskorra geldiarazten zuen, zenbait agindu eta eritzi berri emateko. Segituan, ostera be hiruzpalau ordutan zehar errepikatzen zegoen eskena bera berrasteko eskatzen zion ahots finkoz.

        Saiatzen ari ziren monologo hori funtsezkoa zen obran, bakarrizketa indartsu horretan bait zetzan ikuslegoa hunkitzearen sekretua. Zuzendariaren ustez ez dago aukerarik, bikain ateratzeko da eta kitto. Emanaldian borobilki txertatu arte ekiteko asmoa dauka, ondo lotu edo behintzat bera gustora geratu arte bai.

        —Ez, ez, eta mila aldiz ez! Zer daukazu gaur? Lotan dirudizu, zertarako nabil hemen ekin eta ekin ez baduzu aditzen? Zer aurreratzen dugu neuk orientabideak eman eta gero zeuk nahi duzuna badagizu! Ane, ederto dakizu zure pertsonaiak kemena erretzea eskatzen digula. Nola sinetsiko du hor jezarrita dagoenak familia osoa galdu duzula Gernikan indar espresibo handiagorik ematen ez badiozu? Ea, hasi berriro. Ixuri malko gehiago! Baitatu behar duzu sakonki egoera, gogoratu umezurtz geratu zarela bonbaketan. Gogoratu!

        Anek, aurpegia gorri gorri, lotsaturik, ostera be ekin zion bakarrizketari: Ordu bete beranduago, oholtzan arnasa gabe porrot egin zuenean zuzendariak saiakera gelditu eta hurrengo egunera arte atzeratzea erabaki zuen.

        Talde osoa ari zen presaka. Antzezlana aurki kontrataturik zegoen estrainaldirako, eta ordurako dena prest eta bukatuta eduki behar zuten. Oraingoan ere ohi bezela denboraz urri zebiltzan, gauza arras atzeratuta zihoan.

        Antton, zuzendariarentzat, lan honek berebiziko garrantzia zeukan. Berarentzat, Gernika herri zahar honen ikurra zen bilakatua, etsaiek zapuzten ahalegindu ziren herri osoaren sinboloa. Bere ustez bizia gorde zutenen gorrotoa, etsipena eta amorrua itzal gabe erakustekoak ziren. Horrela, gordinki, inolako kupida barik. Ane ez zegoen egun horretan ondo, hala atzematen zuen, baina besaulkitik ikusita ezin zion ezertxotan lagundu, seguraski bere arazoak izango zituen.

 

II

Etxera heldutakoan Ane apurtuta dago. Bakarrizketa berbera behin, bitan, hamar bider errepikatzea latzegi gertatu zaio gaur. Neskatila gernikar bizikondoarena antzeztea atsegin zitzaion, baina egun uste baino askoz txarrago suertatu zaio dena.

        Apartamentuko atea sarratu ondoren lasaitasunez hartzen du arnasa. Zuzendaria tirano txiki bat iruditu zaio, gainera edozeinek eduki lezake egun txar bat. Lana albora utzita, kafe beroak berpizten du pittin bat, iluntzeroko kafea gailetekin. Gelara sartu da, txokotxo gozo horretara, beldur denean edo bakarrik sentitzen denean aterpea ematen dion leize sakratura. Ze gozo! Ummmm, ohe apatza... Lumardia jarri kokotepean eta lasaitu, bost minutu paregabeak.

        Gortina artetik aurreko etxadiko leiho marroiak ikusten dira, monotonoak, aspergarriak. Burrunbada batez heldu zaio gogora atzo Anderrekin izaniko azken erriltea. Ezer berezirik jazo gabe gauzak ez zihoazen arestian legez. Bizikide lagunak behin baino gehiagotan —eta bart berriro— aipatu zion egokiena zela banatzea eta bakoitza bere kasa aritzea. Norbera bere etxean eta horretarako gogoa daukagun egunetan biok elkarrekin. Anek, dena den, ez zuen askorik sinesten holakoetan, eta gaia ageri zen guztietan Anderri iheslariarena leporatzen zion. Ez zekien fijo norengandik edo zergatik baina ihesean zebilela igertzen zion. Maiz aurpegiratu ere ihesaren bidetik ez zuela batere lortuko, ez zuela bere burua ez inor engainatuko. Baina dena alferrik antza.

        Atzokoa zela eta gaurko eguna angustiaturik eman du, kontzentratu ezinean, galduta; eta mingotsena izan da talde osoak igerri eta jakin arazi diola. Baina, nola azaldu guzti haiei lehen batasuna zegoen lekuan orain agirre igertu bat besterik ezin daitekeela aurkitu...

        Jauzi azkar batez armairurantz abiatu da. Artegatuta dago, eta aurrera ateratzekotan edo maria pizka bat erretzea otu zaio. Apika, honela lasaituko naiz. Apaleko goikaldean begiratu du. Bai, hortxe dago betiko legez beirazko potea. Alboan papera, smoking, kartoizko kaxatxo gorrian. Belar puxka batzu bota eskura, xehatu, igurtzi, papera atera, maria gainean ipini, eskuak bata bestearen kontra jarri... Iieepaa belarra paperera. Eskuineko eskuaz filtroa jarri, buelta pare bat eman, txistuaz lekeda busti, hatza pasatu eta listo. Sua eman dio, eta horren ostean tirataka luze eta sakon pare bat. Ane orain hobeto sentitzen da, nostalgika xamar.

        Soaldi galdua luzatu du ormarantz, bentana ondoko ormarantz. Ez dago. Harridura eta arretaz begiratzen du berriro. Ez, ez dago. Ea ea, hola hola? Ez da posible, atzo hortxe berton zegoen. Kabendios! Non dago? Anderrek eta berak iaz Caribeko hondartza hartan biluzik hartutako argazkia gordetzen zuen koadroa ez zegoen, eta noski argazkia ere ez. Ez da posible! Zer uste du horrek, ez du inongo eskubiderik hori egiteko! Ane kajoietara hurbildu da, astiro astiro zabalduz goikoan hutsune nabarmena dakusa. Anderrek kanpoan egin zuen urte osoko gutunak eta Anderri hartutako argazkiak desagertu dira. Ezzzz!

        Ane etsiturik dabil, amorruz beterik, bizitzako atal oso bateko frogantzak desagertu zaizkio, azken urteotako harremanaren aztarnak. Oroimenen ordez arrenguraz beteriko zulo beltz bat besterik ez da lotzen. Anderrek ez du ospa egin berak bakarrik, iragan hurbilaren lekukoak daramatza: Ameriketatik igorririko maitasun gutunak, eta elkarrekiko argazki bilduma. Ez ditu jeans zahar batzu eta galtzontzilo bat besterik utzi... eta bere presentzia izanaren usaia gelan.

 

III

Ondorengo goizean Ane berandu iritsi da antzokira, kideak zai ditu eta beraien begiradek ez dute eskaintzen inongo azalpenik emateko aukerarik. Ileak saski-nahaski eta betilun doa. Mutu korritu ditu karrajuak, apenas egunon hotz batez ebakita. Apaingelan aulki gainera jausi da; ankek indarge ez dutelako gehiagorik jasaten. Izpiluan aurpegi demakratu bat besterik ez da ageri, atso zahar batena izan daitekeen aurpegi gastatua, atzo baino hamabost edo hogei urte gehiago isladatzen duena.

        Azkenik borondate indarrak eraginda eskenatokira igotzen ausartu da. Atzoko dozena erdi aurpegi ezagunak —edo agian gaur baten bat gehiago— begira ditu. Lanordua da eta ez dago erruki ez kupidarik, lana gehiagoko barik. Zuzendaria jaiki eta eskenatokira heltzeko falta zitzaizkion zazpi eskilarak gainditzen ditu banan banan. Aurpegian haserre gordea iger dakioke.

        —Berandu gabiltza eta arin hasiko dugu. Ea gaur esfortzu bat dagizun gauzak ondo ateratzeko. Ea, berriro azalduko dizut haseratik. Condor legioko hegazkinek Gernika bonbatu zutenean ez zen kasualitate hutsa izan, arrazoik zamatsuak zituzten hautatzeko. Gernika zapuztu, erre, eta hondatu zutenean aurreko historia guztia instant baten ezabatuko zutelakoan zeuden. Euskaldunok elkarrekin emandako mendeak zuhaitz bat botatzean desagertuko zirela zeritzoten. Baina ez, ez zen eta normalean ez da horrela gertatzen. Batera bizi izan duzun esperientzia ez da deusestatzen bapatean mapatik kendu arren. Argazkiak eta dokumentu oro lapurtu arren, jentearen oroimenak askoz hondar sakonagoak uzten ditu, eta izan dena ez da azukrea legez kafean urtuko. Hartu kontutan eta hasi zaitez, gerokoak gero, denborak profitatu ala ez berdin berdin korritzen du eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.