Gernika 16,30 H.S.O.
(zatiak)
Edorta Jimenez
Maskarada taldea
GUDARIA
«Haizeak negua dakar», gure aittak esan ohi zuela gogoratu nintzen, Gernikako Arbolaren aurrean formatuta nengoela, halako haizealditxo batek ostoak, politikoen txosten orriak eta periodisten paperak dantza eragin zituenean.
«Haizeak negua dakar». Baina orduko haize harek poza ekarri zuen nire barrura. Han nengoen ni, gainerako batailoikideekin lerro lerro, Agirre Presidente izendatu berriaren aurrean. (Presidentea! Lehendakari eta beste zenbat berba berri ez ote genuen ikasi; okerrena, berba berri asko ezezik gauza berri lar ere ikasi beharra!) bai, han nengoen, lehendakariaren aurrean, harro eta bildur, barru barrutik irten zitzaion ahotsaz esaten hasi zenean:
Eusko lurrean belaunikaturik...
«Eusko lurrean belaunikaturik»! Aurrerantzean zenbatetan ez ote nintzen berbokaz gogoratu. Egia. Aurreragokoetan ere belaunikatu, ahozpera etzan, narraz eta dandarrez mugitu, denetarikoa eginda nengoen gure Herriko bazterretan, Donostiatik Ondarruraino, fusil eskasa eskuetan, amorrua erraietan, arima ahoan, bihotza begietan, behin ere atzerantz begiratu barik erretiradan etorri ginenekoetan. Gerra hasierak Donostian harrapatu ninduelako; eta behingoan sartu nintzelako armetan, gureak (baina gureak esateko eskubiderik ote daukat, ba? Zelan gureak?) hobeto diot «nire begikoak», hoiexek, bai, artean armei sua ateratzen hasi barik ziren arren.
Ta-ta-ta-ta-ta-... hotsa entzun orduko sost! Karrasiak entzuten hasten ginen. Sost! Nor ote oraingoan? Aaa..! Pedro! Aaa... Luismari! Aaa... «A»ren bat erantzun barik geratzen zen arte. «Martzel jo diate, hilda diagok». Ardi kumeok! Txakur baltz madarikatuok! Belarri motz... Zotz! Zoootzzzz...! Hortzak hestutu eta Dan! Dan! Dan! Fusil eskasari barruak lehertu arte tiro eta tiro eragin, nori ondo ez jakin arren.
Eusko lurrean belaunikaturik ...
...zin dagit...
esaten entzun nuenean laino antzekoa sortu zitzaidan begietan. «Hauxe haizetxo hau duk, negar malkoak ere eragin zizkidak begietara» Gernikako hura ez zen, aldiz, lainoa izan, negarra baino, malkoei ezetz, ez irtetzeko esan gura dien gizonaren negarra. Lainoa!... Laino gogorra, egiazkoa, berarekin berbetan ere ikasi beharra euki genuen lainoa, hura bai benetako lainoa, huna! Elgetatik Intxorta artekoa, euria eta elurraren lagun mina zena. Lainoa, batzutan lagun, beste askotan arerio. Gure buruak estaltzen bazituen, lagun. «Gaurkoan ez diatozak abioi madarikatuok, laino honekin...» Lainoa izanez gero abiorik ez, ez geurerik ez eurenik. Geurerik? Tira! Gure «hegazkinik» ez zen inon ere agertzen eta euren abioiak, berriz,... Abiaziñoa!
Motor zaratak entzutean, hasieran egiten genuen galdera, «geureak ote dituk?» laster aldatu zen, «abioaiak diatozak» eta lurrera, blausta! Zaraten bidez ezagutzen genituen. Bonbardero alemanak, nik neuk izena ikasi ostean, Heinkelak beti heink, jeink, heink, jeink! zaratotsa egiten entzuten uste nituenak. Eta besteak, txikiagoak, sorgin-orratzak lez, ia ia zarata barik, firi... firi... eta lelo bakarra hegaletan behera gomitatzen... tra! tra! tra!... tra!... bala hotsa. Lainoa! gaurkoan lainoa diagok... eta sarritan lainoaren altzoan ezkutata etorri eurak, gurenetik metro erdira edo egon arte konturatu barik gu. «Laino zikin hau, kabroiok berton diagozak. Lurrera eta tiro, bestela burutik behera egingo zigutek kaka, Kristo!».
Fasistak t'aberatsak
kaka disparando,
gerra diñoe doaz
eurak ja ganando.
Jainkoa zerukoa,
zurea zein bando?
Berandu baino lehen
zoazke pensando.
NEKAZARIA
Egundokoa golde hau! Hori hortza duena!, Bonbak bonben gainean jausten dira, hain segituan, erreskada luzean, goldearen hortz bakarra ematen dutela. Eta abioiok dira goldea, antzarrak udazkenean itsasotik errekan gora etorri ohi direnetan lez, arkuiluaren erakoa, abioi madarikatuok. Eta nork tiratzen dio goldeari? Nork gidatzen du metalezko sua darion golde hori?
Astelehena izanda, goizean goiz abiatu zaizkit andrea eta mutikoa azokarantz, astotxoa hartuta, sasoi honetako landak saltzearren, negu luzean gordetan izan ditugun indaben ordez diru apurren bat lortzearren eta, batez ere, udaberria aurrera doakigula ezin direlako plazara joan barik geratu. Plaza eskas dagoen arren aurtengoan, gerrate madarikatua dela eta. Lasaitu ezinik bazkaldu dut, eguerdi eguerdian, zeozerrek esaten izan didala gaurkoa ez zela egun arrunta izango. Gure txakurra ahaurika hasten denean,... seinale txarra. Goizeon ahauri lastimagarrietan urtuten izan da eta andrea-eta etxetik irteterik ere ez du gura izan. Kateaz lotu behar izan dut, ze ia prakak urratu dizkio mutikoari, barrena haginkatu eta tiratu egiten izan dio eta, «ez hadi joan neskato, geratu zaitezte berton, andrea» esan guran lez. Bazkalostean, berriz, behiak marrumaka, errapeak arinduta izan arren. Oiloak be lokatuta lez, zein bere zulotxoarekin tematuta. Eta arratsalderako hasi dira lehenak, udazkenean antzarrak errekan gora etorri ohi direnetan lez, arkulua lez. Eta bonbak barra barra jausten hasi dira, behiak kaka bota baino lasiago.
Lar pozik etorri naiz bizikleta gainean. Sabela bonbakakaz arinduta, euren ama putearen etxerakoan, ez dira, ba, bidean gatozenok ametrailatzen hasi, infernuko abioiok? Eskerrak erreka alboan izan eta sastraka artean eskuta naizela... bestela. Bide zabalean etorri den askok ez du zorte berea izan, ez horixe. Zeru goitik josi dabez balaz, bai gizakumeak, bai ganaduak... Gernikatik alde egiten etorri izan diren asko. Nik neuk erreka albora egin dut salto, zart! eta ura garbi ikustean, pentsatu egin dut, «hor hiltzen dagozenen odolak errakara etorriz gero, itsasora gorri gorri helduko duk ur garden hau, ene!».
Sua han, gero eta itzelago, handiagotuz joan da, urreratu ahala. Goldea ez da gelditu; behin eta berriro etorri da, errekan gora udazkenean antzarrak etori ohi direnetan lez, arkuilu eran. Egundoko golde hori, aranean suzko hildoa zabaltzen, ene, ene, ene! Errekan gora neu ere, ezkutuan etorri naiz, haltz eta sagatsen pean. Sagatsak, loratzen zareten lehenak, haltzak neguari lutoa ematen diozuenok, gaurkoan osto berriz betea izan arren, ze triste! Horko baserriatzeko mimosa be, horitasuna ugertuta dauka. Hestutu egin zait bihotza! Aborrots bakarra lez entzuten izan dudana hasieran, apurka apurka, hainbeste zaratetan desegiten joan da. Aborrots bakar horren barruan beste ehundaka entzuten hasi naiz, herrira urreratu ahala; sirena hotsak, eztandak, bidean alele egiten datozenenen garraxiak, txilioak, ganaduen orroak, noizean behin gure buruak orraztuten lez ametrailatzen igarotzen diren abioen txistua eta bala hotsak...
ERREFUXIATUA
Ni, gerra aurrean udal zinegotzia izandako honek, inori sekula ere kalterik eragin gabe naizena, neure burua ezkutatu beharrean izan nintzen triskantza sinesgaitz hau hasi ondoko lehen egunetan. Zorteari edo ez dakit zeri esker, itsasuntzi triste batean Pasaiatik Elantxoberainoko bidea burutzea lortu nuen, gauez eta alboan hil zorian neramalarik Pasaitik irtendakoan zauritu zidaten bidaiakidea. Bizikleta tristea hartuta Elantxoben, Gernikaraino heldu nintzen faxistek gure arbola sakratuaren inguruak arrasatu zuten egunaren bezperan. Zoritxarreko neure begiok izan ziren hitzetan kontatzerik ez dagoen txikizio haren testigu bustiak. Gogorra izanagatik hango heriotza ugari hura, are gogorragoa egin zitzaigun hurrengo egunetan garretan segitzen zuen Gernikan gorpuak kiskaltzen zirela ikustea, guk guek ezer egiterik ez genuekalarik, Jainkoari guztiaren arrazoi ezkutuaz galdetzea ezik. Eta Gernika erre zuten faxista berberek herrian sartu eta geu izan ginela erreketaren erredunak esaten eta esanarazten hasi zirenean, egundoko amorru isilak kiskali zizkigun erraiak, aurrenean beraien bonbek harriak ere errauts bihurtu zuten bezala.
Zahartzarora helduta nagoen honek, gizon nekatu honek, nahiago nuke begiak beraien zuloetatik aterako balizkidate Gernika geuk erre dugula esatea baino. Preso hartu gaituzten arren geure etxean, barrua libre izango dugu betirako, Gernika eta bertan ginenotarikoen arteko makinatxo bat nork bonbardeatu, kiskali eta txikitu zuen ozenki aldarrikatzeko, FAXISTEK!
«Gora Euskadi askatuta» aldarrikatu behar izan nukeen. Egin egin, aldiz, begiak itxi eta izerdia garondotik ipurtzuloraino labantzen nabaritu, ez dut besterik egin.
Jolasa izan da beraientzat; beraientzako jolasgai bihurtu gara. Baina jendilaje horren jolasek kanposantuan dute amaiera sarritan. Etsai honek barre eta hil, hil eta barre egiten du, egin. Neuri ere barre egin didate muturrera. Aurrerantzean beste zenbatetan egingo ote digute barre, umilatu, makurrarazi, «Cara al sol» kantatzera behartu, euskaraz egitea debekatu, erdaraz hitz eragin...
Barre egin didate, bai, ama putearen kume faxistoi aurre egiten ausartu ez naizelako, Francoren zonatik alde eginda etorri nintzela hona jakingo balute konponduta egongo nintzakelako. «Bai, euskalduna naiz; Errepublikaren barruko legalitatean jokatu dugu eta zuek legeok apurtu dituzuelako, guk, nahiz eta estatuto eta ejertzito eskasak eduki, ia urtebete luzean egin dizuegu frente. Zuek herriaren kontra egin duzue, kanpoko gainerako faxisten laguntza kriminalaz...»
Ez zidaten bukatzen utziko, noski! Bertan afusilatuko ninduten, beste barik. Kakati hutsa izan naiz. Damu badut ere, zama honekin bizi beharko betirako ja. Traidorea izan ote naizen galdetzen diot behin eta berriro neure buruari. Traidorea? Ez dute nire erruz inor hil, ezta atxilotu ere. Neure barrua traizionatu dudala? Egia. Hala ere, kalean besoa faxistak lez altxa eragiten dieten hoiek ere, gehienek, ez zuten ukabila jasotzen edo «Gora Euzkadi askatuta» aldarrikatzen orain dela astebete, ba, Bilboko kale berberotan? Geuk erre dugula esatearena ordea... hori gogorragoa izan da, hilak traizionatu ditudalakoan nago, hemen barruan. Neuk salatu Gernikari buruzko gezurrak, «geuk» erre genuela Gernika, eta azkenean neuk esan behar inoiz esan den gezurrik handiena.
Behin galdu dugu gerra eta aski, behin galduz gero berriro nagusitu arte galdu dugu eta. Hemen garaileak eta garaituak gara, horrek ez dauka beste bueltarik. Garaileek guk zer egin dezagun nahi duten, horixe egin behar dugu galtzaileok. Guztiek ez dute, haatik, amore ematen. Gauero datozkit afusilamenduetako danbada hotsak menditik. Guretarikoak hiltzen segitzen dituzte. Beraintzat gerra ez da bukatu. Eta guretzat? Ahoa balaz josi dioten herri honentzako, bukatu ote da?
Zerbait egin behar dut damuaren zama astun itogarri hau arintzeko. Ez naiz Gernikari buruzkoa halakori esan duen bakarra izan, badakit. Eta zer? Hobe izan nukeen garunetan balazoa sartu izan balidate. Eta beste bala bana egunero egunero «Biba España» nazkagarrioi «Biba» erantzun behar dutenei? Bala bana denoi? Ez ote dugu umilazio hau ordainarazteko biderik? Noiz arte itxaron beharko dugu? Gaur gauean abiatuko naiz, hanka zaharrok neure gorputzari eusteko adorerik izanez gero behintzat, gaueon, oraindik garaituak izan ez garen alderantz. Nork daki ez ote dudan esan dudana ezabatzeko biderik izanqo bertan. Baina berton geratzen banaiz ere, gezurrok garbitu eta triskantza hau ordainarazi diezaiegun arte ez naiz baketan izango; ez da inor baketan izango, ez da bakerik izango, kanposatukoa ezik.
(Susak egindako laburpena)
|