Ta
Marbuta
Xabier Kintana
Liburu honen bidez X. Kintanak «Iruña» kafetegiak urtero antolatu ohi duen literatur saria eskuratu zuen. «Elkar» argitaletxeak «Literatura beltza» deritzon sailean argitaratu du. Bai broma beltza berau, ezen irakurle adituak laster antzemango bait du liburuak, azala ezik, ez duela literatura beltza deritzon horrekin zerikusirik.
Nekez aldentzen da nire gogotik liburuak sorrarazitako nahigabea eta, oraintxe bertan, aipamen hau egiten nabilelarik, gogorra egiten zait ezer esatea, esatekotan gogorra izango bait da. Gogorra bai; Kintanak dioskuna, palestinarrak «terroristatzat» jotzen bait ditu (eta adibide txikitzat aipatzen dut berau).
Gertaera ganorabako baten inguruan tartekatu egiten dizkigu Israelgo Turismo Ministeritzak (Israel-Palestina okupatuan halakorik izatekotan, ba ote denentz ere ez dakit eta) egindakoak ematen duten azalpenak. Historiari gatz apur bat ematearren edo, maitasun kontu bat ere agertzen da. Egia esan, inoren lotsa sentitu dut irakurtzean. Sinestezinak egin zaizkit maiteminduen arteko elkarrizketak.
K. Marx eta F. Engels-ek idatzitako «Partidu Komunistaren Manifestua» euskaratzailetariko batek, urte batzuren barruan, zelan idatzi ote duen halako liburua misterioren lurralde ezezagunetan galtzen den galdera erantzunezina da oraingoz niretzat.
Antonia Ormaetxea
|