L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

                Kappo (tempo di tremolo)

                Paco Aristi

        Kritikoek edozein idazleren «opera prima» gerora etor daitezkeen beste lanekin batera osatzekotan den traiektoria kokatuta epaitzeko joera badute ere (era honetan «sine die» atzeratzen dutelarik eman beharreko eritzia), irakurleak, bere aldetik, erosi egin duen produktoa bera den horretan baloratzeko eskubidea du, orain emandako diruak emandakoan behar bait du saria eta ez baliozko ezein hurrengo lanetan. Aristiren lan honek irakurketan dastatzea izan dudan plazerraz saritu nau eta baita gerorako agindu digun triologia izango omen den honen hurrengo entregen zai utzi ere.

        Ez da nobela baten meriturik txikiena jezarraldi batetan eskutatik jausi egin barik irakurtzea, batez ere euskal narrazio gehienak «kcappo» hau baino askoz ere laburragoak diren garaiotan. Nobelak egitura arkitektoniko trinkoa du lehen oinarritzat, hasieratik bertatik azaltzen diren soka mutur guztiak ondo lotuz azkenean; bestalde, kapitulo bakoitza suspense apur batekin amaitzen jakin du egileak, irakurle hurrengoa berehalaxe irakurtzera bultzatuz. Dena den, narrazioaren erdi alderantz edo, tentsioa jaitsi egiten dela eman dit, idazleak sakonki arnastu behar izan balu bezala (aurrera egin baino lehen).

        Nobelaren barruko pasadizoak kontatzen hasi barik, nahikoa errepikatuak izan bait dira beste euskal orrialdetan, desadan bertso zahar batzutan oinarritutako gertaeren bilakaera, erdi imaginarioa erdi benetako, idatzi duela Aristik, ondo baino hobeto frogatuz halako lanotarako harrobi bikain duguna geure tradizio herritarrean.

        Bi punto kritikagarri ene ustez. Bat, alde historikoa areago zainduz gero obrak sinisgarritasunaren aldetik irabazi egin zezakeela (janzkerak, adibidez, ez datoz giroarekin bat). Bi, oro har pertsonaia nagusien bilakaera psikologikoa lortua bada ere, zenbait erreakzio sinestezina egin zaidala esan behar.

        Beste zer esanik franko ere emango omen du nobelak, arrazoi estraliterarioengatik.

        Ez naiz inor holakoetan sartzeko; beraz, amen.

Antonia Ormaetxea

 

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.