L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Idazle gaztetxoa eta bere eredu pertsonal-literarioak

 

Gunilla von Bismark

 

        (Artikuluxka hau Euskal Herriko politikagintza, euskalgintza, kulturgintza, etapremiazko iraultza hurhilari zegokiokeen ezein herrigintza motatako «ABANGOARDIA» zineten, «BIEJA GOARDIA» osutzen duzuen eta —laixter laixter, gauzak ildo eta bide honetatik segitzen badute— «ERRETAGOARDIA» izango zareten guztioi eskeini nahi nizueke, bihotz bihotzez. Eta aipaturik sentitzen ez denari, ba ezer ez).

 

        Ume moko nintzela, Joan Mari Torrealdayren Liburu Urdina ekarri zuen aitak etxera, eta horrekin batera jakin ahal izan nuen euskal idazleak bazirena. Liburu horretan nahiz euskarazko nahiz erdarazko testu totxorik apenas irakurri nuen —askoz gutxiago euskerazkoak, jakina—. Goitik behera eta behin eta berriro miatu nituenak fotografiak izan ziren: haiexek eta azpiko erreferentzi laburrak. Memori pixka bat gehixeago izango banu buruz bota niezazueke bat edo beste. Nola miresten zintuztedan! Zuek zineten halako zientzia ilunaren sekretu izkutua ezagutzen zenutenak. Ez nago seguru baina ama eta Errege Magoei haunditzean zuek bezalakoxea izan nahi nuela eskatzeko gertu nengoela uste dut. Gainera bereizkuntza garbi eta bahetzailea egiten nuen: apaiz eta zahar karka eta erdi usteldu haiek ez zitzaizkidan bat ere interesatzen, besteak, gazte progre eta bizardunok baizik.

* * *

        Denbora aurrera joan da eta, nola ez dakidala, ni ere nolabaiteko euskal idazle bilakatu naiz, noizbehinka eta estropuzka besterik idazten ez duen idazle ñimiño eta baldarra. Baina ez dut galdu horratio lehendik nizuen itzal eta errespetua: orandik ere beha nagokizue. Hala ere, ez zarete ez; lehengo berak, aldaketatxoren bat edo beste suertatu da zuengan: zorionez, urteak ere alferrik pasatzen ez diren arren, hobetu egin zarete, hobetzerik bazegoen; jende gehiena ez bezala urteak aurrera egin ahala gero eta itxurosoago zabiltzate, gehientsuenoi ez zaizue ez ilea erori ez tripa zilborra hazi. Burua soildu harik, jantzi egin duzue; eta jaztea aitatu dugunez, askozez dotoreago agertzen zarete orain: bota zenituzten ganbara edo satura bakero eta jertse zahar eta zatarrak, alkondara eta praka moderno eta ponpoxoagoak erosteko.

        Bai, gauza franko aldatu da azken garaiotan, eta jakin duzue jakin, mementu bakoitzean eta behar zen heinean gaurkotzen, egungo gizarte eta, batez ere, egoera politikora egokitzen. (Beste bide berri batzu urratu behar bait ditugu gure helburuak lortzearren). Guzti hori barneko sentimendu eta idealak traizionatu gabe: ziur naiz ez dituzuela Rosa Luxembourg, Garaudy, Marcuse eta abar sala berriko estanteritatik kendu.

        Gaur egun, Liburu Urdineko argazki txukunetan agertzen ez ziren izkiriatzaile traketsez osatutako belaunaldi berri bat saiatzen ari da errelebua jasotzen. Tamalez, denek ez dute maixu eta gidari izan dituztenekiko behar den begiramena. Zuen jenerazioaren aldean, bueno! konparatzen hasterik ere ez dago. Oraingo mukizuok ez dira iristen —ezta urrik emon be!— zuen jakintza mailara, malgutasun ideologikora, europartasunera eta beste majina bat gauzatara. Askoz kulto, dotore eta gizasemeagoak izateaz gain, baduzue halako cachet eta louk berezia, kanpoko unibertsitateetan besterik lortzen ez dena eta herri narratx honetatik atera gabekook sekulan gureganatuko ez duguna.

* * *

        Ez dago zertan segitu behar denok ezagutzen ditugun zerak errepikatzen. Bukatzera noa, baina aurretik esan beharra daukat ez nauzuela, inolaz ere, defraudatu, eta Euskal Herrian inoiz gauche divinerik izan bada zuek osatzen duzuela. Halaxen!

        Ai gure loria zaharrok! «ez harakiririk, ez karnizeriarik, faborez» eskatzen ari zaretenok, ez dakit konturatzen zareten baina hain onak izateagatik deskuidatuz gero enbaltsamatu egingo zaituztete eta erlikia ohoragarri bezala gorde San Telmoko museoan, edota Gernikako Juntetxetakoan, nahiago baduzue.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.