Zorioriak, Jon Etxaide
Josu Landa
Vitoria-Gasteiztik heldu zaizun kiloaren berria entzun dudanean, aitortuko dizut zuregatiko poza izan dela triparatu zaidan lehen sentsazioa. Poza eta riau-riau, denak batera, nola ez. Gerora hozki pentsatuz ere benetan diotsut nahiago nukeela hain erreakzio primario eta "inuxente"tan geratu ahal banintz. Barrenak, aitzikik, bestela eragin dit. Izan ere, milioi hori zuri emateko erabili dituzten arrazoinek edozein arima ibiltari geldiarazi eta pentsatzen jartzeko modukoak dira. Ez naiz alperrikako galdekizunetan arituko, ez, ez, nire aburuz askoz grabeagoak diren beste zenbait kontutaz baino.
a) Arestian esana dizut zure berri onagatik poza sentitu dudala, baina egia esan poz hori adiskide batek sari literario bat irabazi duenean sentitu ohi dudan poz bera dela esan beharko nuke. Hots, ezein justizi kontutan sartu gabe sentitu ohi den poza.
b) Gakoa merito literarioak saritzea baldin bada, ez dut uste zeure horretarako erabili den metodoa onena denik. Urtean behin pertsona bakarrari meritoak errekonozitzea nahiko joku arriskutsua da, batik bat urte gehiegitan luzatuko litzatekeelako meritogile haundi-haundienak besterik ez bada ere errekonozitzea.
c) Areago, errekonozimendua omenaldi bat eskaini ezik, diru bat ematea denean, burura datorkit apika ipuspegi horrekin askoz egokiago litzatekeela sari hori literatura bultzatzen arruinatu edota milioi mordoa galdu dutenengana zuzentzea. Baina ez, badakigu letretako paladin sakratuek ez dutela inoiz horienganako sentsibilitaterik edukiko. Azken finean, Jokin Zaitegik poesia txarrak idazten zituen, eta bost axola "Euzko Gogoa" kaleratzen arruinatu bazen. Orixek oso idazki mirakulosoak osatu zituen (nahiz eta baztutan Zaitegik eman soldataz), eta horrexegatik merezi ditu Orexakoak urrezko orriak euskal literaturaren historian.
d) Ohartxo bat azkenik, zure baimen eskergaitzarekin kontatuz. Jon: zuri milioia ematearen erabakian bi instituziok-edo parte hartu dute: Jaurlaritza eta Idazleen Elkartea. Norbere haragitan inork sentitu nahi ez dituen ganibetkada traperoei muzin egitearren (badakizu, batailarako zelaia aukeratzen besteak beti aurretik ibili zaizkigu), galdera bat baino ez dagoen orrian utzi nahi nuke agenda zabalik: zergatik dira beti hain itzal onez entzunak bataren (E.I.E.) kontseilu nahiz proposamenak bestearen (E.J.) baitan, eta alderantziz? Berriro ere, kosta egingo zaie bai bateko eta bai besteko arduradunei eliza berdineko sakristian ardo bedeinkatu beretik edaten ez dutenik... (kopoi bakarrean zaila da aldi berean ardo desberdin bi edatea).
Besterik ez, Jon laguna, mila zorion nire partetik nahiz eta suposatzen dudan diru hori hobe etorri zitzaizukeela gaztaroan, oraingo sasoiean baino. Hala ez bada ere, hobe. Osasunez urratu.
Adiorik ez.
|