«Txinparta Saila»ren mehatxua
Josu Landa
Berriro ere, edan gabeko ardoa kobratu nahiean dabilkigu zenbait editore. Kasik liburu-argitaratzaile guztienganako esperantza eskuzabalenak ere galduak dauzkagun mementu honetan, oraindik ere bide onaren oihartzuna galduegi ez daukan «Elkar» etxeak egindako jukutria bat gutxienez tapetea eta mahaiaren artean ipintzeak merezi du oraingoan. Izan ere, duela bizpahiru liburu argitaletxe horrek hasiera emandako «Txinparta Saila»k azpijokuaren susmo bizia dakarkit gogora, zeren nahiz eta sail horrek berez kontrako ezer ez merezi, duela hamaipiko liburu hasitako beste sail itxurosoagoarekin alderatuz gero, goitik behera aldatzen bait dira gauzak. Egia esan, espainolezko «Alfaguara»ren liluraz eta imitazioz kolekzio bat sortzea (badakizue, azal grisak dituzten liburuena) guztiz gauza zilegi da edonorentzat, baina horren bitartez idazleen arteko kategoria-banaketa bat sortu nahi denean, dexente ezkutuagoak ageri dira intentzio onak.
Ez nuke sinetsi nahi bi sail desberdin horiek sortzeko garaiean funtsezko arrazoiekin jokatu dutenik «Elkar»ekoek. Alde batetatik, umekeria litzateke batetan ala bestean sartzeko faktore erabakitzaile bezala jartzea gaztetasunarena, halaber lehen aldiz argitaratzearena. Gaztetasunaren argudioa bertan behera doakie kontutan hartzen badugu «luxozko» kolekzioan idazle gazteenetako baten lanik argitaratu dela, edota «Txinparta»ko denak ez direla debutanteak. Beraz, badirudi berezko erredukzio horrek kalitatera gakartzala balizko arrazoi horren hila. Kalitatearen kontu horretan ere ez dago gehiagi luzatu beharrik; «primera kategoria»ko sail horretan ez zaio inori zaila egingo dexente kalitate kaskarreko bizpahiru (lau?) liburu topatzea (bihoa bide batez aklarazio bat: guzti honetan, jakina, idazleek ez dute errurik, sail batetan nahiz bestean sartzea editorial-gizonen eskutan bait dago).
Beraz, garbi dago posibilitate bakarra geratzen dela sailkapen horren funtsean: konsagratu deiturikoek edota halakotzat kontsideraturikoek baino ez dute sartzerik beren idazlanik «Elkar»en luxozko kolekzioan. Eta nork erabakitzen du konsagrazioaren kategoria hori? Argitaletxeak berak, nork bestela. Hobe lukete kritikaren faltaz edota partzialkeriaz kexu diren zenbait idazlek honelako gratuitokerietara zuzenduko balituzte beren kemenak eta protestak (nola esan duzu? idazleen elkarte profesional bat badagoela?).
Editorial komertzialen aldetik literatur lanekin hobekien konportatzen den argitaletxea «Elkar» dela ez da inongo sekretu bat (etika profesionalaz eta literatur emaitzarekiko sentsibilitate eta maitasunaz ari gara, bistan da), baina bestalde egia ea argitaletxe horrek «Txinparta Saila»ren mehatxupean jarri gaituela idazle gazte hasi-berriok. Editoreek konsagratutzat joko ote gaituzten jakitearren ari gara bandako guztiok dagoeneko lorearen petaloak banan kentzen, enamoratu deliziosuak «maite nau, ez nau maite» errepikatu ohi duten urduritasun maitagarri berdinaz.
|