Kosmogoniatik inprentara
Utretx
Ez dakit nola eskerrak eman nire lagunari, maya, tolteca, azteca eta quiché indioen imajin hain biziak (oroimen biziak) eskeintzeagatik. Imajin horien artean, besteak beste, badakit droga aborijen eta ez-aborijenen pentzura egin zituela tenplotarako murgil pulunpak eta denborari astia emanez korritu zituela quetzalen gezalak. Arkabuzez eta agian Alvaradoren kainonazoz suntsitu ziren harrietan idatzirik zegoena deszifratzen ahalegindu zen Ticalen (halako hiri irredentoa ere oihanak estali du dagoeneko), eta, ez da harritzekoa, bera iritsi aurretik mila esploradorek inprentaratua zuten kultura aborijena. Ez zedin gal. Ez zezaten arbolek axfisiatu, ez zedin esan espainolak zirela zibilizazioa zeramaten aurrenak. Eta hala ere, harri horietan bazen zerbait jainko bakarraren zibilizazioari aurpegira karraixi egiten ziona: errautsetan, ere, printze indioen orguiloak zirauen.
XVI. mendean, gaur egun gringoek okupatzen duren geografigune ezagun batean, ez da zaila imajinatzen gerra ez zela kulturala soilik sufritu izan. Badakigu misiolariak eta soldadu bizarroak elkarlanean saiatu zirela jainko bakarraren eta erregeren agindua obediarazten. Deitoragarria benetan, esango luke gaur egun Onuko edozein jaun agurgarrik: very interesting for the Ethnological magazine. Christmas for you from Chichicastenango. Etabar.
Eta aurtengo Gabonetan ere karteroek nahiko lan izango dute beren postakarterak puntualki hustutzen Chicagon edo Washingtonen, Parlamentoan ezinbesteko apoio militarrak deliberatzen diren bitartean. Panel elektronikotan irakatsiko da Ameriketako gerri meheari dagokion geografia: Mexico capital Mexico, Honduras-Tegucigalpa, Goatemala-goatemala, El Salvador-San Salvador... Eta mutil koskorrek war-games eskatuko dute eskolan geografia hobe ikasteko.
"Eta badakik David, nire aitatxori postale bat ailegatu zaio Goatemalatik. Benetan, it's terrible, indioz inguraturik gaude alde guztietatik. Hasi Canadatik eta Patagoniaraino. Baina ez daukate zer eginik gure misilen kontra, dio aitatxoren lagun batek. Pum! Pum! Hurra! Indiorik onena lurpean datzana." Etabar etabar.
Errautsetan datzanak, badaezpada, eskerrak, eskribitu, zintzelatu eta kobrezko azaletan tintatu zuen bere memoria. Bazekien ia dena galdua zutela, ez baina memoria. Hori ez da galtzen. Besterik ezean, arbola azaletan eskribitzen da.
Eta berriz ere, ez dakit nola aditu eta barneratu nire lagunaren kontakizunak Atitlango merkatuari darion bioleta biziaren inpresioaz ari zaidanean. Edo Chichicastenangoko indijena folklorizatu horien txano txortadunek daukaten gorri odolaz kargutzeko esaten didanean. Eta orain maskara erritualak ere saltzen dituztela, bai, indian art-work etiketapean.
Guzti horren aurrean egin dezakedan gauza bakarra da begiak itxi, eta, Atitlango lakua babesten duten bolkanak errotik astintzen zituen Cabracan gaztea irudikatu; zein harroa, zein sendoa zen lurrak sortutako gizamitikoa, eta nola hura ere, Zipacna heroekidearekin batera bentzitu zuten jainkogurasoek, Hunahpú eta Ixbalanqué jakintsuek. Eta mila burutaziotan abia naiteke lehen uretan murgildu eta babesteraino.
Denboran atzera eta aurrera ibiltzeak probetxuren bat baldin badakar, bat behintzat, historia nola errepikatzen den konturatzea da. Adibidez, zibilizazio aurreratu batek kultura maila altua duenean, artea egiteko astia eta abstrazio ahalmena erdiesten du, eta ondorioz, gehienetan baketsu bilakatzen da. Baina ez da konturatzen zibilizazio belikosoagoak ere badirenik. Ezin du susmatu mundu ezezagun batean arma sofistikatu eta hilgarriagoz hornitzen ari direnik, berak lantzen dituen urrezko maskarak lapurtzeko gutiziaz. Jakinaren gainean egon beharko luke ordea, iritsi denera iristeko, bere arrazako anaiekin ere mila burruka egina bait da. Jakin beharko luke erne egoten, kontakizun mitikoetan bezala beste zuhurrago batzuk menperatu ez dezaten. Halabaina, badirudi konkistadoreek otzanegi harrapatu zituztela indiorik gehienak. Hain erritual krudelak zituzten haiek ez zekiten zer zen zaldun zekenen polbora eta urre gosea. Ez zekiten ezta ere, beren memoriaren gordailurik preziatuena (hizkuntza eta liburu sakratuak), galerazteko zeudela erlijio berria zekartenak. Eskarmentu ederra hartu behar izan zuten, ikasi zuten baina berandu zen. Ikusi bestela quiché indio haien artekoren batek, bere herri menperatuaren istoria eta lehen kontakizun mitikoa berreskribitu aurretik (jatorrizko liburu sakratua, Popo Vuh, Ilunbetan galdu bait zen) egiten duen adierazpen textuala: «...honako hau jadanik Jainkoaren lege barnean eskribitzen dugu, Kristautasunean; argitara aterako dugu zeren honez gero ez bait da ikusten Popo Vuh, hala izena duena, non argi eta garbi ageri bait zen itsasoaz bestaldeko etorrera, gure iluntasunaren kontakizuna, eta argiro ikusten zen bizia ere...».
Horrela jainkoek, gizakumea artorezko moldetan gauzatu zuten lehengurasoek, sua, ezpata eta lukurreriaren patura abandonatu zituzten indioak beren oihan primijenioetan... gaur arte. Gaur eguneko distantziatik argi ikusten da zibilizazio maya, tolteca, azteca, quiché eta gainontzeko adar guztiek XVI. mendean amaitu zutela beren eguneroko istoria, liburu eta museo piezatako istoria izatera pasatuz. Tamalez, haiekiko edozein erreferentzia, hurbilena ere, pasadizo hutsean, eruditokerian edo exotismo salgarrian eror daiteke. Hemen, kultura hainega bazen ere, hor norbaitek (autorea edo autoreak anonimo geratu bait dira), lehen kontakizuna berriro eskribitzeko lana hartu zuen. Eta hitzaurreko adierazpen horretaz kanpo ere, nabaria da, batez ere liburuaren azken kapitulotan, eskribitu zen garaian konkistadoreek jadanik mende erdia edo gehiago zeramatela lurralde haietan. Datu istoriko zehatzak eta frogarriak azaltzen bait dira.
Eskuizkribua aurkitu zenetik aurrera era guztitako interesak sortu ziren bere inguruan: etnologoentzat erlikia, itzultzaileentzat buruauste galanta, historia ikerketarako informazio klabea etabar, baina edonorentzat ere, kultura aborijenetako literaturaren altxor harrigarria da. Zeren quiché arraza, mintzaira eta bizimoduaren errelatoa egiten bait zaigu kosmogonia mitikoek ohi duten freskotasun horrekin. Izan ere balio literariorik handiena liburuaren lehen eta bigarren parteak hartzen du, hau da, munduaren eta gizakiaren sorrera kontatzen denean. Bigarren partean agertzen diren jainko, jainkosa eta heroe mitikoen abenturak dira beharbada, asmakizunik artistikoena, kontrako indarren burrukak haiengan personalizatzen direlarik, izugarrizko drama bati gorputz eta trama literarioa ematen bait zaio. Hirugarren partean, notizia zehatz ugari aurkitzen da ikerketa istorikorako baliagarri gerta daitezkenak: tribuak, dinastiak, migrazioak, toponimoak, konkistadoreei buruzko aipuak, etab.
Nahiz eta Popol Vuh delako eskuizkribu hau izan gaur egun daukagun testigantza idatzi bakarra, ezin da ahaztu quiché indioek beren merkatari hartuemanetarako zein data istoriko edo kronika edo jenerazioen jatorriak adierazteko grafia ieroglifikoaren bitartez eta alfabeto eta hizkuntz sistema propio baten baliatzen zirela. Honek esan nahi du hizkuntza horrek benetan funtzionatzen zuela hartueman publikotan, beraz, ez zela familiarteko mintzabide afektibotarako bakarrik.
Zelebrea eta gorabehera askotakoa da nola aurkitu eta ezagutu zen liburu hau. XVIII. mendearen hasieran, Ximenez fraide dominikoak zeukan Sto Tomás Chuilá zeritzan herriskaren abadetza, gaur egun Goatemalako Chichicastenango. Bere izakera apala zela medio edo auskalo zeren arteziaz, Ximenez, delako fraide honek indioen konfiantza irabazi zuen eta espainolak sartu eta handik lasterrera eskribitutako liburu hau erakutsi zioten. Quiché hizkuntzan zegoen, nahiz eta autorea(k) gaztelerako alfabetoaz baliatu izan. Ximenezek, quichétik gaztelerarako itzulpenari ekin zion berehalaxe, bere eskutan halako dokumentu baliosa zeukala konturatu zenean. Eta hain tentu onez egin ere, ze oso osorik, zutabe paralelotan transkribatu bait zituen jatorrizkoa eta bere bertsioa. Jatorrizko eskuizkribu hau Chicagoko Newberry Liburutegian kontserbatzen omen da. Baina bada beste gauza jakingarri bat guzti honetan: alegia, fraide gogotsu honek, garai hartan Goatemalan mintzatzen ziren (Cacchiquel, Quiché eta Tzutuhil) hiru hizkuntzen gramatika konparatu bat atondu zuela. Latinezko gramatikaren ereduari jarraituz, diferentziak eta erlazioak atera zizkion Quiché hizkuntzari, eta gerora, Brasseur de Bourbourg amerikanista famatuak, Carl Scherzer austriarraren bidez eskuratu eta frantzeseratu zuen eskuizkribua, "Popol Vuh. Le livre Sacré et les mythes de l'antiquité americaine" titulopean, eta Parisen argitaratu 1861 urtean. Honetan oinarriturik itzuli zen gaztelerara, eta zegoen zegoenean publikatu zuten zentroamerikan ere. Geroago, Georges Raynaud erlijio ikerlariak egin zuen frantzeserako bigarren bertsioa, berriro ere gaztelerara itzuli zutelarik. Gainontzeko itzulpenen artean, Leónhard Schultze-Jena doktoreak alemaneratu eta 1944 urtean Stuttgarten argitara eman zuena da aipagarriena, Ximenezen bertsioaren jatorrizko textu quiché hura bait dakar.
Hemen euskararatu dudan lehen kapituloa Adrian Recintos, literatura prehispanikozalearen bertsiotik hartuta dago. Ingelesera itzuli zen aurrenekoa ere honexetatik hartu zuten, beraz fidagarria delakoan nago.
|