Elkano berriari
Txantxangorri
«Gaur ez dizut hitz ederrik esango;
barrenez triste, itoa, betea bait nago.
Gaur ez dizut hitz politik esango;
eta bakar-bakarrik sentitzen naizenez,
bion elkargarri den ilargiari egin diot dei
eta hau ere doi-doi hilberri
Zu zaren izarra bakarrik dut gaur argi
bainan begiz ikusten badut ere
ekaitza dut etxean
begiak zabalik gau osoan
itxi bitza egunsentiak».
Hitz hauek idatzi hituenekoz jadanik, indar gotor batek bultzatzen hinduen naturarekin bat egitera, lehenik landaredia aztertuz lorautsetan lan eginez sentitu hintzen zoriointsu eta, orain utzirik Herria, lagunak... bahoa itsasora, bakoitzak ahal duen neurrian bere arrastotxoa utzi nahirik.
Makina bat egunsenti ikusteko hoa!
halaz ere,
bidaia luzea izan dadila
egunsenti askotarikoa
gauero
portu desberdin bat
ezagutu ezak.
Heure destinoa duk
bertara iritsi beharra.
Urrunera joan behar duk
urrun...
orain estutzen hauten kateetatik
urrundu nahirik.
Eta hori lortutakoan
ez hadi gera!
Hoa, urrun!
hurbiltzen ari den geroa
baino urrunago.
Eta iritsi haizela ustean
jakin ezak bideska berriak
aurkitzen.
Pozez, bozkarioz beterik hoa,
Baina,
Zerk bultzatzen hau?
Itsaso zabalean ikusi nahiko dituk
baina begiak malkoz bustirik
ezinezko gertatuko zaik.
Eta orduan, oroituko haiz
agian, txorien ttiu-ttiutaz
hankapeko hostoen kras-krasaz
haize orroaz, lagunez, herriaz...
Bitartean,
Hitzak, hotsak, urruna ixil
bidea luze, azkar ailegatu nahirik,
barnea triste
pozik ordea
nora hoan ez dakialarik.
Begiak itxi eta ixiltasunean
sentsazio berriak
tanpaka.
Utz iraganari
ihesi joaten...
Sendo ezak
oraina,
hemengoa ala hangoa.
Utz iezaiok aldatzen
Bizi hadi libre!
Une oro, une bakoitza
betekiro biziaz...
Eta berriro itzultzean;
«Gerlari handiak garaile bailiran
zuek ere haien gisara
erabiliko zaituztegu
zuen izenak urrez idatziz
festak egingo...
eta gero??»
Agur bero bat.
|