L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-12 (1984-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Popol Vuh

(Quiché indioen liburu sakratutik)

 

euskaratzailea:

Utretx

 

Lehen partea, lehen kapitulua:

Hauxe da kontakizuna nolatan zegoen dena aidean, dena bare, isilik; dena geldi, isilduta, eta hutsik ortzearen hedadura.

        Hauxe da lehen kontakizuna, lehen mintzaldia. Ez zen oraindik gizon batik ere, ezta animalia, txori, arrain, karramarro, harri, kobazulo, sakan, belar ez basorik; ortzea zen bakarrik.

        Ez zen lurraren azala ageri. Bakarrik zeuden, itsaso barea eta ortzea bere hedadura guztian.

        Ez zen deusik elkarren ondoan hotsa aterako zuenik, ez ezer mugituko zenik, ez higituko zenik, ez hotsa aterako zuenik ortzean.

        Ez zen zutik zegoen deusik; ur geldia baino ez, itsasoa baketan, bakarrik eta bare. Ez zen deusere izana zuenik.

        Gelditasuna eta isiltasuna besterik ez ziren ilunetan, gauean. Kreatzailea, Taiuemailea, Tepeu, Gucumatz, Lehengurasoak baino ez zeuden uretan, argitasunez inguraturik. Luma berde eta azulpean gordeta zeuden, horrexegatik deritzaie Gucumatz. Jakintsu handiena, pentsalari handiena da haien izatea. Halatan zen ortzea eta halaber Ortzearen Bihotza, hauxe bait da Jainkoaren izena. Hala zioten.

        Hemen azaldu zen orduan hitza, batera etorri ziren Tepeu eta Gucumatz, ilunetan, gauean, eta elkarri mintzatu zitzaizkion Tepeu eta Gucumatz. Hitz egin zuten hala, batak besteari iritzi eske eta gogoeta eginez; ados jarri ziren, bat egin zituzten beren hitzak eta pentsamendua.

        Orduan argi eta garbi eman zen aditzera, gogoetan zeudela, egun argitzerakoan gizakiak azaldu behar zuela. Orduan arbola eta bejukoen sorrera eta haziera erabaki zuten eta bizitzaren jaiotza eta gizakiaren sorrera. Halaxe erabaki zuen ilunbetan eta gauean Ortzearen Bihotzak, Huracán deritzanak.

        Lehenari deritzaio Caculhá-Huracán. Bigarrena da Chipi-Caculhá. Hirugarrena da Raxa-Caculhá. Eta hirurok dira Ortzearen Bihotza.

        Orduan Tepeu eta Gucumatz etorri ziren batera; orduan biziaz eta argitasunaz mintzatu ziren, nola konpondu, zohargia eta egunargia sortarazteko, nor izango ote zen bazka eta mantenua produzituko zituena.

        — Hala egin bedi! Bete bedi hutsik dagoena! Atzera egin beza ur honek eta leku utzi, jalgi bedi lurra eta finkatu! Halaxe esan zuten. Betor zohargia. Betor egunargia hala ortzera nola lurrera! Ez bait du izango osperik ez handitasunik gure kreakuntzak eta taiuketak harik eta gizakreatura, gizon taiutua, izan arte. Halaxe esan zuten.

        Gero lurra kreatu zuten haiek. Holaxe benetan gertatu zen lurraren sorrera:

        — Lurra!, esan zuten, eta instant batean egina izan zen.

        Lanbrodura bezalakoa, hodeia bezalakoa, hautslainoa bezalakoa izan zen sorrera, mendiak uretatik jalgi ziren hartan; eta une hartantxe hazi ziren mendiak.

        Mirari batez soilik, arte majikoz baizik ez zen gauzatu mendi eta haranen taiuketa; eta berehalaxe erne ziren bat batera altzipresadiak eta pinadiak lurrazalean.

        Eta honela pozez bete zen Gucumatz, esanez:

        — Ederra izan da zure etorrera, Ortzearen Bihotza; zu, Huracán, eta zu, Chipi-Caculhá, Raxa-Caculhá!

        — Burutua izango da gure lana, gure kreakuntza, erantzun zuten.

        Lehenik lurra, mendiak eta haranak taiutu ziren; ur korronteak banatu ziren, errekastoak oztoporik gabe abiatu ziren korrika mendi hegien tartetik, eta bereizita geratu ziren urak goimendiak agertu zirenean.

        Holaxe gertatu zen lurraren sorrera, Ortzearen Bihotzak, Lurraren Bihotzak taiua ematerakoan, hala bait deritzaie, ortzea aidean eta lurra ur azpian hondoraturik zegoen hartan lehen aldiz hura ernaldu zutenei.

        Modu honetara osotu zen lana, azkendu ona ematearren pentsaketan ihardun eta gogoeta eginda gero gauzatu zutenean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.