Pinttoren heriotza (adibidez)
Ainjeru Eztandatxundi
Gaur goizean eguzkiaren errainuek begietan kox! kox! eginez egun berri baten aurkezpena iragarri didatenean nirekiko pentsatu dut «egun berri bat, beste egun bat». Ondoren loaren jostorratzak kentzerakoan betazalak altxatzearren, bururatu zait «zer ekarriko ote dit egun berri honek?».
Horretan nengoen nire gelako atea ireki eta alaba sartu zaidanean nire pentsamenduak moztuz. «Gripea daukat» esan dit, edo «aitatxo gaixo nago», edo «eltxo batek kosk egin dit atzeko partean», edo horrelako zerbait. Berdin du. Azken finean, asteburu zoriontsua izorratuko zigun zerbait bait zen. Aste guztia pasa bait dut pentsatuz: «happy week-end, zatoz lehen bait lehen». Asteburua pikutara guztiontzat. Niretzat, emaztearentzat, emaztearen koinatarentzat (nor den ez dakit ziurki), eta gure aitona Joxeinaziorentzat bereziki, armariotik ateratzeko gogo biziz egoten da eta gizajoa.
Ez da izan hori okerrena. Alabak egunkaria ez zekarrela ikusirik larritu egin naiz eta esan diot «enetxo! non da egunkaria? Ez al duzu beti bezala 'Pintto' kioskora bidali?». Eta berak negar zotinka erantzun dit, «bai, aitatxo. baina bueltan zetorrela missil batek jo ta bertan utzi du hilotz lorategian, bere kaskazurretik ateratako odolak nire bihotzean landatutako txiribita sorta zirudien...». «Ño! zuretik ezpala...» pentsatzera behartu dut neure burua, «ez naiz ba alferrik poeta!». Arazoa berriz beste leku batean zegoen, hain zuzen gure 'Pintto'ren hortzetako egunkarian. Alabari aspirina bat eman diot eta kioskora bidali dut bost durokoarekin. Bueltan etorri zait, negarrez orain ere. «Ze?», esan diot, «beste missil bat erori al da gure baratzean? Martxa honetan zure amari larrosak merkatuan erosi beharko dizkiot...». Ezetz erantzun dit, segidan bere eskutxoa zabaldu eta aspirina erakutsiz. «Ez al duzu irentsi?». Buruaz baietz eta ezetz esaten hasi da zoro moduan. Aspirinaren truk ez ziotela egunkaririk eman nahi kioskokoek. Baina nola?. Halaxe, bai, irakurle maite. Bostdurokoa irentsi eta aspirinaz egunkaria erosi nahi. Kitaborroia erabili behar izan dut «zuretik ezpala» hori ene pentsamenduetatik borratzeko. Tuntuna.
Neronek joan behar izan dut egunkari bila. Goizeko lehen zigarrotxoa hortzetan gustoz estutzen nuelarik zabaldu dut... eta, hara!, ez zela ageri nire ohizko kolaborazioa egunkarian, baina zer pentsatzen dute horiek? Zeoze pentsatzen al dute ba? Korrejitu dut instant batean. Emazteagana joan naiz, oso ulerkorra bait da ene arazoekiko. Eta esan diot... Ero bati bezala begiratu ez dit ba? Txorakerik ez esateko, aber noiztik idazten dudan, aber noiztik atera den nik idatzitako zeozer paperetan, ia alperkeritan hasteko aitzakia dudan, «aitonarekin batera sartuko zaitut armariuan» mehatxu egin dit bukatzeko hatxurra eskuratzearekin batera. «Zoaz lorategia txukuntzera!».
A! eta hemen naukazue, ez dakit zermoduzko loreak diren hauek, odol piskat badute 'Pintto'ri esker, eta lurra ere erortzen zaie noiztik behin missilak direla kausa. Missilak edonondik erortzen dira, baina niri gerrak ez dit beldurrik ematen, pakezale bait naiz; gainera poeta ez omen naizenez gero ez zait «Bilintx»i gertatutakoa jazoko... «Bilintx» hori bai izen arraroa, telefono-gidan begiratu beharko dut ea nondik ote datorren. «Aitatxo! aitonak ihes egin duuu!». Umekeriak, Watson maitea.
|