L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Gure eskritoreek nola idazten duten

 

        Sail berri bati hasiera eman nahi izan diogu gure idazle ospetsuenen bizitza pribatua zertxobait arakatu, masiatu, nahastu eta ezagutzearren. Jakinminaren jakinminez, beraien luma, idazmakina eta beste iskilu zenbaiten bidez nola den posible sortzen dituzten istorio liluragarriak sortzea jakitea bait dugu helburu. Zuei ere kontakatilukeriaren arrak kilima egingo dizuelakoan honetaratu dugu Alfred Jarray euskal idazle ezaguna, bere sekretotxoak kontatuz ea memento interesgarri batzu pasarazten digun. Bidali digun lanak «Nire garunean txertatzen ditudan ideiak» izenburu sujerikorra dauka. Besterik ez dugu gehituko.

 

Nire garunean txertatzen ditudan ideiak

 

Nik lehenengo gauza hotz-beroari egiten diot kasu. Jakina bait da hotz-beroaren garrantzia erabakikorra dela bai literaturan, hala nola gizarteko arlo gehienetan. Hogeitabat gradu eta bi dezima. Ez gehiago, ezta, inondik ere, gutxiago. Hala ba, urrutitik begiratzen diot idatz-makinari. Isilik dago, baina idazle batek badaki zer den makinaz idaztea. Sikologoek diote idazleek idazten duten guztia grabatua dutela garuneko zati ezkuturen batean makina-teklen hotsak direla medio. Beraz, neure buruari planteiatzen diodan lehen arazoa, jakin nahi baduzue behintzat, hau duzue: zer ez zaio komeni nire buruari gaur?

        Horretan badira hamaikak, ze idatzi nahi dudan egunetan, goizean goizetik hasten bait naiz prestakuntzetan. Demagun horietako egun bat dela, eta hotz-beroa egoki erregulatu ondoren makina begiratu ere begiratu dudala. Zer egingo zenuke zuk? Bueno ez zait inporta zer egingo zenukeen zuk, nik folio txuri bat hartzen dut, eta bi pauso aurrera eman. Ez zait atsegin behin makinaren aurrean eseriez gero jeikitzea, beraz ongi pentsatu behar dut zer behar izan dezakedan hurrengo ordu luzeetan. Tabakoa, baina ez, jadanik ez dut erretzen, baina bai, bazpare zigarrotxo bat eramango dut nirekin, a! eta pospoluak, a! eta hautsontzia. Gauzak garbi eta txukun. Irratia ere eramaten dut nirekin lokutoreren baten ahotsa entzutea ongarri izaten bait da bakardadezko une larri horietan, idaztea erditzea bezala bait da. Min fisiko gutxiagorekin, noski, baina eta garunak? e? Zenbat sufrituko duten pentsatze hutsak idazteko gogoak kentzen dizkit, tekleatze frenetiko horretan jasan behar dutena, eta eskerrak, ni ona naizela, ez dut pentsatu ere egin nahi idazle txarren garunek sufritzen dutena... Ahaztu gabe, patata frijitu poltsa bat eraman behar dut, bideo-telefona deskonektatu, ateari zerraila, pertsianak jeitsi, argia piztu... Kontxo hamabi t'erdiak... Denbora, ah! denbora, zelako kontzeptu estrainoa zaren. Denboradenboradenbora. Denborak gehiegi obsesionatzen nau fuera erlojua. Bart gaueko makarroiak berotuko ditut, krudelegia bait naiz baraurik nagoela idazten dudanean. Makarroiak, al dente, punttu-punttuan bart baino askoz hobeak, gusto gehiagorekin, gazta apur bat, spaghettini toke piska bat eta ardo gorria, errioxakua, noski. Dena prest. Ez! Liburuak, liburuz inguraturik behar dut egon idazteko momentuan, hildako eta oraindik bizirik dirauten idazleen izpirituek lagun nazaten. Eta aspertzen naizenerako, edo tentsio handiegi dudanerako. Ni idazten hasten naizenean erabat sartzen bait naiz istorioan, nire burua pertsonai bakoitzaren azalean sentitzen bait dut, eta beraiekin negar egiten dut... Aiba! kleenexak ahazten nituen. Hau burua. Martxa honetan. Badira ordubiak, ene, eta oraindik ezer idatzi barik. Hau kuxidadea.

        Banago Indiatik ekarri zidaten kojinean ezin hobeki. Zas tapa altxatzen diot makinari. Beldurturik bezala begiratzen dut, ez dezan beldurrik izan, eta maitasunezko hitzak esanez ferekatzen dut. Aldamenera begirada konprobagarria luzatzen dut. Dena O.K. Barometroa behar bezala, termometroa ere bai. Orain dela aste bete buruan darabilkidan istorio bat idatzi nahi dut, zurrunbiloan dauzkat ideiak garunetik atera nahiean. Kojin honetatik ez nau inork altxako nahi dudan istorio hori kontatu arte. Ez zait ezer falta. Lau, hiru, bi, bat... zeroooo... bagoaz: «Istorio honen haria, oraindela bost eg» Ez, ez, ez ziren bost, zazpi baizik. Ia non dauden Tipp-exak? Tippexak!!!! Ahaztu egin ditut! Kakazaharra! Ezin dut idatzi... Konfunditu egin naiz eta orain nola borratu, ezin dut nire garuneko zati ezkutu hori gehiago kolpatu, ezin borratu. Arrgggg. Gaur ere ez dut batere idatziko. Dena dela, pagatu behar zidatenerako...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.