Epaimahailari baten deklarapenak, exklusiba osoz
«Nire eskuak odolez zikinduta daude»
Susako Larrosa
Gure erredakzioan telefonoak hotsegin zuenean, egia esan harridura sekulakoa izan zen, amorante bezain apasionatu urri batzuk ezik inork ez bait du gure telefono-klabea ezagutzen. Aurikularra deseskegi ondoren, «Nire eskuak odolez zikinduta daude» entzun genuen hariaren bestaldean. Berehala konprenitu genuen hariaren bestaldean epai-mahaietan ibili ohi den horietako bat genuela. Exklusiba itzel baten atarian geundelakoan.
Zita non eta nola egin genuen, hobe izango da guretzat detaileak ebitatzea. Hori bai, esan beharra dago tipo haren aurpegia ikusi bezain laster samin errukigabe batek kolpatu zigula arima, hain ziren demakratuak eta pikasianoak bisaia haren ertzak.
Eseri eta lehenengo gauza abisu gogor bat izan zen, «ez dut argazkirik publikatzea nahi, ezta kaputxarekin ere. Izena porsupuesto ezetz, baina argazkia ez dizuet utziko ateratzen (gure erretratista seinalatu zuen), eta gero beste baldintza bat. Ez ezazue "damutu" hitza erabili; nahi baduzue "birrinsertatua" jar ezazue edo beste edozein modutan baina "damutu" hitza ez erabili». Negoziaketa luze eta batzutan garratzegi baten ondotik utzi zigun erretratuak ateratzen baina begietan txorixua jarrita. "Damutu" hitza erabiltzearena berari traizio eginez erabaki dugu, geure etika profesionalak besterik erabiltzea eragozten zigun eta.
Zigarro bat filtro aldetik biztu eta birao bare bat bota ondoren, imintzio urduriez hasi zitzaigun mintzatzen. «Begira, ezin nuen gehiago. Nire memoria oker ez badago, dagoeneko hamabost epai-mahaietan parte hartu dut eta dagoeneko nire autojustifikazio-ahalmena topean dago. Ezin dut gehiago. Beste egunean tipo baten anonimoa jaso nuen eta horrek eraman nau damutze... ez, ez, kendu "damutze" hori... errekonsideratze honetara».
Anonimoa erakutsi zigun. Frustrazioak jotako idazle prinzipiante batena zen. Hala zioen: «Erre egin dut nire idazteko makina. Pozik egongo zarete zu eta zu bezalako putre tipografiko guztiak». Begiak paperetik jaso genituenean negarraldiari ezin eutsiz zebilen gure gizona. Intziriek eta zotintxoek uzten zizkioten tartetxoetan, detaile guzti haiek zehazten saiatzen zen.
«Ez dago ezer explikatzerik. Gaur egun garbi ikusten dut nire epaimahailari karrera honetan dirua eta prestigioa irabazteaz gain ez dudala beste deus egin. Areago, egun batez polit asko idatz zezakeen jende asko literaturatik aldenduz funtzionariadora edo irakaskuntzara bultzatu dudala uste dut». Esaldi moztu guztiak bukatu baino lehen tetxura edo paretetara begiratzen zuen, norbait izkuturik egotearen beldurrez edo.
Dirua eta prestigioa aipatu zuenez bi alderdi horietaz gehiago zehaztea eskatu genion eta begiak kasik hamar zentimetroz luzatuz salakuntza gogorra egin zigun gure interlokutoreak. «Epai mahai batetan egoteagatik ordaintzen duten diru mordoa eskainiko ez balute, joaten direnen laurdena ez lirateke joango. Neronek, esate batera, egon naizen dozena pasata aldien artean, milioi erdia edo irabaziko nuen gutxigorabehera». Berehala moztu egin genion beste ezer esan baino lehen. «Akusazio grabeak dira horiek», arrapostu egin genion, «ez duzu pentsatuko guk hori argitaratuko dugunik frogarik agertu gabe, ezta».
Orduantxe izan zen akaso elkarrizketa guztian tentsio handieneko momentua. Albo batetan zeukan larruzko kartera bat hartu eta barrutik halako faktura mordo bat atereaz gure argazkilariaren kamarapean ipini zituen. «Hor dituzue ordain-agiriak eta justifikanteak. Lehengo kilo erdi horretan ez ditut sartu epai-mahaietan egindako bankete eta bakanalak. Hor dituzue horien fakturak ere». Faktura haiek eskutan geneuzkala, tipo haren roiloari sinesgarritasun handiagoa emanez hasi ginen. Faktura denak aurrezki-kutxak, udaletxeak eta gainerako udaletxeen izenean beteak zeuden. Geure sorpresa-unea profitatuz, bere berbaldiari lotu zitzaion aspektu berriak agertuz.
«Eta ez pentsa aurkezten diren orijinal guztiak irakurtzen direnik, asko eta asko gainetik ikusi besterik ez dira egiten. Halako edo bestelako itxura baldin badauka, pikutara, eta itxuraz nire gustoko estilo erabiltzen badu, barrura, konkurtsora». Kontatu zigunez, modu desitxuroso batetan aurkeztutako lanak lehen selekzioa pasa ere ez dute egiten. Eta ez kalidade kontuengatik ez: fotokopiak txarrak baldin badira, paperrontzira. Benetan sineskaitza, benetan.
Eta mafia omen dago. Guk ez genuen hitz gogor hori erabili nahi baina hala eskatu zigun gure konfidenteak. «Lagunarteko asuntoak izaten dira askotan. Mahaikoen artean lagunak direlako gonbidatzen dira, etsaiak direnekin elkartu nahi ez eta askotan, sariak ematea ere saritua eta epaimahailarien artean adiskidantza-kontua izan ohi da».
Ahozabalik geunden guztiok, eta gure argazkilariak aldegin behar zuela abisatu zigun: beste zer edo zer zeukala, itxura denez. «Ez joan oraindik, itxaron momentu bat, honez gero ez zait inportik errekonozitzen banaute. Begira, joan baino lehen: hortxe etxe aurrean kotxe izorratu bat aurkituko duzu; argazki batzu ateraizkiozu». Zer gertatzen zen, bada, kotxe harekin? Zer dela eta, argazkia atera? Berehala explikatu zigun. «Usteltasun guzti hauek salatuko nituela mehatxatu nuenean, kotxeari eraso eta txatarra eginda utzi zidaten. Atera argazkiak eta errebistarako erabil ditzakezue grafiko gisa, gura baduzue».
Ez argazkilaria bakarrik, guztiak jaitsi ginen kalera kotxe siniestratua ikustera. «Horra hor epai-mahai eta lehiaketen mafia horren seinalea». Hitz horiek izan ziren malkotan lehertu aurretik esan ahal izan zituen azkenak. Geure lineako autobusa bazetorrela ikusi genuenez, agurtu eta hanka egin genuen handik geu ere negarrez hasi baino lehen. Argitaratuko genituen autoaren argazkiak, nola ez.
|