L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Gizontxo diruduna

 

Amaia Iturbide

 

Banku-gizona zen baina ez nolabaiteko banku-gizon serio, korbataduna, banketxe arrosa batetan lan egiten baitzuen; ez zerabiltzan edonolako txanponak baizik eta paper urre-zilarreztatu barnean xokolate goxoa daramaten horietakoak. Pisurik ez, usain ederra zerion diru honi. Eguneroko maleta fantasiosoan gordetzen zituen sos guziak arratsaldearen kolore eztipeko parke bazterretatik ume artean bana ziezaizkien. Uso multzo bat bezala, kokorika, sei terdietan puntu puntuan zetozkion oraino erkainak xokolatez bustita —meriendaren arrastoa— norgehiagoka:

        — Aizak neri ehunera heltzeko urrezko zazpia faltatzen zeidak!!

        — Nik hogeitamar bakarrik zeukat, zilarrezkoak (muzin okerrez).

        — Guk ez diagu ezta hire erdia ere... kaka zaharra!!

        Trajea aterata, arnasestuka irteten zen deabruzko ume haiengandik. «Dominatu gaituzkete» mementuan albotik igarotako atsoak marmar xotiletan esana.

        Gizontxoak bazekien ondo asko lankideek Urre-Zilarrrezko Errege Ahaltsu goitizenez, pasilotik abiatzerakoan ateak ixil-ixil zabaldu ala begirada gero eta bekaiztiagoak iltzatzen zizkiotela, hiruroegi urtetako bizkarrezur konkor-muinean arik eta min eragin arte, maiz burua bueltatu beharrean aurkitu zen ta; eztulak, karkasa botatzekoak ez gutxi entzun. Hasikeran zerrrenda beltzean arrasto gorriz birrazpimarraturiko zenbat eta ele zuriago are lapur zuriago harengana joateari ez zeriotzoten batere graziosoa. Txarto-nahiak ahantz zekizkien bankuko mahai altuenean tramankulu zenbait utzita ikuskizunen bat ematea otu zitzaizkion; txalo ugari lortu ere hazkazkal-betile-hortzezko txaloak.

        Lehen kapa arras luze, arras majestuosoa, eskunarru xuri pailasoarenak jantzi gero, azkenik oihal urdinxkaren pausatu bost hirustadun makila harrigarria, aidean txori antzeko higidura egiteraino, maisuki astinduz ahotik burrustan jausi zitzaizkion lerroz-lerro erritmo arinez bertso magikook:

 

                        trikili- trakala

                        akerraren hazkazkala

                        urra dezala zeru-azala

                        izarrak ari jauts ahala

                        trikili-trakala

                        tiriti-tarata

                        jo ezak zeru tanborduna

                        ilargi berriak sortuen dira

                        urrearen txin-txin fiña

                        tiriti-tarata

                                        (danborraren konpasa markatu ala

                                        hirutan errepikaturik)

 

        Begi beltz-ttipi haien zirrara misteriotsua tarteka, merkurioa bezala linburtzen, purpura-hautsa bota zion oihal gainari... derrepente desestali zuenean mugimendu azkarrez, hara ta zer!!. urrea, urre itxurako txanponari hamabost segundutan behatzez-behatz dantza erazi zionetik gizontxoak, hango belarriak erne-xut, gogoa adi, jendea aho zabal-haundi bakar batez bilakatu zen, lerde apartsu gozadosoaz gerri-lepo-ezpainetan. Enkantamendua besterik ez.

        Zapateenak ez ezik, urre-disdirak bankuko kristal arrosarekin nahasiz fikziozko ehun izar sortu zitzaien, berrehun argizko ortzadar, horrenbeste islada, zafirorena irudi, lankideen ilusio ezinenak buruko matazan birbiztu.

        Jarraian txilibitu jo eta txilibituaren bost begi kantari bakoitzetatik izar bana atera batera begiak handituz joan zitzaizkion jendea lilura erazi nahi bezala.

        Gaua bezain zalaparta luzean murgildu ziren, zurrunbilo zorabiogarrien barna, bat bederak nor zen jakin ezean: ohizko bibote franko engomatu haiek, abots lodi, traje plantxatuen azpiko gorputz plantxatuak desagertzen zeuden jadanik: biboteak kiribil bat, abotsak fingi-erazi, itxuragabetu gorputzak egin zitzaien irri-karkaraka orokorra zela mediyo.

        Erlojua, jarraitzaile beti urduria, lokarturik atzeraka zihoakien minutuz minutu, hain atzeraka non beste leku borrosoagoko pertsona oroimengabeak bezala urrunean keatu baitziren.

        — Panzaren dantza mundu biribilaren etengabeko antza —sabelontziaren trazako batek aldarrikatzen du...

        — Diruaren apurrak puruaren leherketaz plaff —korbata baino luzeagoko purudunak.

        Kopa bat txanpan eskuan sostengatzen zeukalarik besoaz eskeini nahian  —mundua burbuila bezalakoxea duk inflazioa-desinflazioa— zioskun irrifar eroritako andere rulo nasaidunak, keinu pikaroz eskuineko betazala altxa-jeitsiz aldizka.

        — Ni neu infinitoen jabe bakarra, ni neu Enperadorerik Enperadorena hurbilekoak estaturaz labur-erazi ditzakedan hau, behatu xinple baten bidez beira-bitrinetan atxilotzeko; ni neu harrobi gogorrena txiki-txiki eginda, utz nezakeen hau. Zazpirehun zakur, mila zaldi, hogei mila sugetan pozointsuenak, eta nola ez bankuetxe honen nagusia ni neu, alabiz!! —zetroaz gu seinalatzen. Egia erran, nahi beste etxe zituen: gosaltzeko etxea, zeinek leiho-ateak aharrausika baitzeuzkan oraindik goizeko bederatzitan, mantekillazko eguzki ta mermeladazko zerua lagun zituelarik; jatekoa, eltze pilpilka, alboetatik ere ke goxoa zeriona; lo egitekoa, horizontalitatean bigun, buruko erraldoi antzaz. Guzti hori urteko egun bakoitzeko.

        Sudurra ilatzar bezalako garatxadun ipotxa, gezurrezko diruz bete sakuetatik buru-pikorra agertu ezinean, piku zimurrak jaten antzeman zezakeena. Bankuko nagusiaren lepotik hainbeste barre egiteagatik irriñoan ardo ozpinduaren zaporea dibujatua geldituta, aldean ispilua zeraman, kolonkan jartzerik ez baitzitzaion gustokoa.

        Belarri-xilorat aitortu zidanez gizontxoak:

        — Nik, ikustan egoeraren ikatza usaindu bezain fite, bost hirustadun makila harrigarriaz ispiluan hiru aldiz jo ta murgiltzen naun ffiuuu —kohete-aurpegiaz—: esperientzia dinat.

        — Ez dun entzuten kanto liriko baten nota galdutxeak?

        Begiak irristatu nituen leihotik. Han, zerutik gertu, hogeigarren pisuko leiho baten ertzean bi esku erori maneran ikus nezakeen: bata kristalezko boteila malko-neurtzailea zuela, zapi brodatua bestea. Gelako armairuan tamainu handiko negarrez bete hainbat pitxer omen zeuzkan gorde, dozena erdi bat bitxilore desloratuta, sekula santan ez bidali amodiozko kartaren bakan batzuk...

        — Aitak, Enperadorerik Enperadorena egun haserrekoi batetan beste askori gertatu bezala txikitu zuen estaturaz, itsusitu oso, ondorioz ezkontza bezperan tratuak itxi behar. Harrezkero hola dago ipotx mihi luzeak. Jende haundikietan maiz ibili izanak galtza azpiko kontu oro daki, ederki jakin ere, ze erremedio!!.

        Ta ipotxaren mihi luzea tolestatu zen... «ixo, hortik norbait!!! tronpeta-soinu, alajainkoa!!!».

        Ez zen faltako ez, gudari gezi zorrotzazko soa zutenak, marrubizko txiklearen elastidadezko bailarinak, antzerkilari ezko krudelaz trajikoak, musikari tonu askotako abotsaz... hankaz gora, atzekoz aurrera, eszenetan lasterka.

        Eguneroko praka grisaren kremaileratik aske, emozioz mintzatzen dihardute, ihauterian ihes, hiriko jende bakardadeagatik ttipiok, egunsentiarekin batera kristalak argituz joan arren arrosa deneko banku hartan. Eta geure gizontxoak bere dirua irensten segitu zuen lankideen itzalpetan, parkeko umeei diru distirantea banatzen, baina batez ere, dibertidoago zena jende arruntari ez ezik bere buruari ametsak dohainik saltzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.