L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

La Défensera bidaia berria

 

Mikel Antza

 

1983ko Irailean

 

        Urrundik etxebizitza erraldoien figurak beti sortarazi izan dit pake, isiltasun eta bakardade sensazioa. Sensazio erabat aurrefabrikatua berau. Gutxitan, Bilbon edota Madrilen izan ez bada, egona bait naiz beraien babesean.

        Urrundik La Défense begiztatu nuenean boteretsuki deigarri iruditu zitzaidan bere erreliebea. Sacre Couer-en Basilika goi batean dagoelako da deigarri bere zuritasuna. La Défense berriz, bere kabuz igotzen da zerurantz, zientzia fikzionezko orrietan inspiratuz eraikitako aluminio, beira eta zimentuzko paraje beldurgarri bat itxuratuz.

        Urrundik kupula baten babesean dagoelaren irudimena sortarazten du; adibidez, abuztuko lainoak tematsuki biltzen zituen bere gainean La Défense auzoak lehen aldiz ikusi nuenean.

 

        La Défense auzoruntz

        Gauez ostatura itzultzean, Peter Handkek «Los secretos públicos de la Tecnocracia» idazkian La Défense auzoari buruz dizkionak berrirakurri nituen, eta baita berak egindako fotografiak begiratu ere. Fotografi guzitan belaino kutsatua antrematen da, giro biziatsua, eta argazkilariari diskuratuta zuhaitz gaixo bat sartu bazitzaion ere, orokorki panorama inhumanoa agertu nahi digu. Benetazko hirien benetazko bakardadea.

        Planoaren gainean La Défensera insteko ibilbidea deliberatu eta planak egin genituen.

        Auber estazionean hartu behar genuen trena. Guk aukeratutako estazio sarrerabidean argi berdez seinalatutako pasabide metaliko batzuk zeuden, inongo oztopo edo hesirik gabe agerian. Pasabidea gurutzatzekotan ginelarik eskubikaldetik gomaz bildutako metalezko oztopo mekaniko batzuk eraso ziguten zangoa gaztigatuz. Txartel faltsu bat erabiliz engainatu ahal izan genuen makina, eta ostera bere gailu erahilea gugana bota baino lehen pasabidea igaroa genuen.

        Trenean errebisorearen imajina posiblea ahanzten saiatu ginen kanporuntz begiratuz. Alferrik, leihoak gaiztoki erakusten zigun bagoiaren barne-imajina erreflejatua.

 

        Oztopo urbanoak

        Aubertik La Défenseraino trena behin bakarrik gelditzen da, ibilbidea denbora errekordean burutuz. Bigarren geltokia La Défense da. Auzo honen garrantzia estazioneak berak darakusgu. Superfiziera igotzeko telebista zirkuito itxiz zaindutako makina bat eskailera automatiko dago.

        Aukera frango agertzen zaio gora igo besterik nahi ez duenari. Bainan aukeratutako edozein bideren buruan pasabide mekaniko berri bat agertzen da. Beraz, bidaiari zintzoak txartela, horretarako dekoroski seinalaturik dagoen arrakalatxoan barneratu besterik ez du, eta ondoren egiten zaion gonbite idatziari jaramon eginez txartela jaso eta hesia leunki bultza. Nolabait libre dago.

        Guk, aurrerago aipatu dudanez, ez generaman txartelik, eta, ondorioz, teknikaren, legearen eta ziudadania zintzoaren preso ginen.

        Inork ez zigun kasurik egiten; eskailera mekanikoak jeitsi eta igo ibili ginen aukera guztiak agortuz irtenbide bila. Azkenik metalezko oztopoa saltatzera ausartu ginen. Alboan zeuden zaindariek hizketan jarraitu zuten harridura txikiena ere azaldu gabe. Gu ere libre ginen. Telebista kamara salatarien menpe, bainan libre; hau da, La Défensen.

 

        Zimentu, aluminio eta beirazko paradisua

        La Défensera lurpetik agertzeak espazioko hiri batean sartzearen inpresioa ematen du. «Plateau» zabal baten erdian agertu ginen gu. Ez zegoen inor. Etxebizitza erraldoiak eta hauen itzalak abuztuko egun eguzkitsu batean. Isiltasuna, bakardadea eta pakea. Pake posible bakarra: inor ez dagoenekoa.

        Paradisua edo infernua zimentu, aluminio eta beirazko Venezia berri honetan koka daiteke. Teologo berrien, hau da, teknokraten aginduz, eta oraingo mezenas berrien babesean, petrolio, diru etabarreko konpainien babesean, gure garaiko artistek (benetazko eskultoreak: arkitektoak), garai hauen islada fidela osatzen duen maisu-lan abstrakto-konkreto hoberena burutu dute: La Défense.

        Venezia ehun irlaren gainean eraikia dagoen bezala; hiri perfektoaren projektu gauzatu den auzo hau gruiere gazta bat da: La Défenseren kanalak lurpetik doaz. Venezian bezala, hemen ere ez genuen kotxe bakar bat ikusi. Trizikloz zebilen haur bat edo beste salbu, jendea oinez zebilen. Bulego etxetatik irten eta, Handkek deskribatu bezala, ibilbide ikusezin bati jarraikiz lurpean ezkutatzen ziren metro estazionera, lurrazpiko parkingetara edota La Défense auzoko distrito ezberdinetara zeramaten zulotan barneratuz.

        Zerua eta inpernua paradisu berdinean. Azken finean, bizitzaren islada leiala. 53. solairuko bulegotik parkingeko 3. nibelera doan bulegariak sinbolikoki kunplitzen du bere bizitza gidatzen duen filosofiaren ritoa. «Zeruko» bulegoan egiten duen lanagatik ez balitz, ezin izango luke «inpernuko» etxean daraman bizimodua aurrera eraman.

        Lur espekulazioaren arrazoia kenduta, etxebizitzak gero eta gorenago eraikitzea beti izan da botere sinbolo, lurra eta zeruaren arteko erdibidea eginez. Gaur egun, etxeak zeruraino eramatearen nahia bazterturik dago, horretarako koheteak asmatu zituzten; insinuatzea aski da.

        Espiluzko etxe erraldoietatik txingurri langileak begiratzea espektakulo lasaiagarria omen da. Txingurriek gora begiratzen dutenean berriz, beraien txikitasun erreflejatua besterik ez dute ikusten. Pairatzen dugun ordenuaren uztartzaileak La Défense auzoan agertzen direnen antzeko raskazielosen azken puntan egon ohi dira, putre eleganteak. Nire buruak konpreni ez zezakeen desorden arkitektoniko horretan. Antzina hiri bat eratzea sinismen baten konstituzioarekin loturik zegoen, eta horrexegatik hiria doktrina horren eta doktrina hori defendatzeko prest zegoen gizartearen sinbolo zen. La Défensen etxebixitza bakoitzaren estruktura berezia orokortasunaren handitasunaren menpe sakrifikatzen da. Jakina bait da paradisua batzuk bakarrik lortzen dutela, hain zuzen, edonon paradisua ikusten dakitenak. Zimentu, aluminio eta beirazkoa bada ere.

 

        Eskultoreei omenaldi eta gorazarre

        1983. urtean La Défensen, etxebizitzen artean, zenbait eskultura ikus daiteke. Baso erraldoi bateko zizak bezalakoak dira eskultura hauek. Arkitektoen mundu horretan eskulturak kokatzea funts gabeko arte bati omenaldi egitea da, nostaljiko eta erromantikoen kontsolamendurako eta batez ere haien superiontatea adierazteko.

        80 eskulturaz osatutako erakusketa bat zegoen La Défensen guk bisita egin genionean. Hara nondik, erakusketa horretan, plastikozko bitrina batez babesturik Chillidaren lan bat ikus zitekeen. Gutxi gora behera bi harri puska errektangular ziren, bata zutik eta bestea etzanik, ertzak borobildurik eta hain ezagun bihurtu diren Chillidaren grafismo bat beltzez tindaturik erakusten zutelarik.

        Oraingo «eskultoreek» plastikozko bitrina besterik ez ligukete ikusten utziko, eta hain abilki, ispiluz estaltzean gure eta munduaren irudi isladatua ikusiko genukeela soilik. «Zu zara, nolabait, ikusten duzunaren zati eta arduradun» esango baligute bezala.

 

        La Défensetik ihes

        Lapurren beldur ez ziren supermerkatu batean erosi genuen pate eta gazta jatera abiatu ginen lur artifizialezko eta zuhaitz ordenatuzko miniparke batera. Zerbezari tragoskadak ematen genizkion bitartean bigarren turnoko ejekutiboak berriro ere fila indian pasatzen hasi ziren gure aurretik.

        Ikusi genuena baino gehiago dago han ikusgarri, baina lehen aldirako nahikoa genuen. Oinez ateratzea deliberatu genuen errebeldeki.

        La Défenseko oinezkoen irteera laberinto bat da. Hori bai, egurrezko laberintoa, hesiak zurezkoak, eta pasamanoak igual. Edozein etxetan zailki ikusten den material ona, han behinbehineko eraikuntzan erbailtzen zuten.

        Autopista gaineko zubiak eta pertsona bakarrarentzat ziren pasabideak atzean uzten gindoazen heinean zarata normalduz zihoan. Itzal perpetuoak igaro genituen eta La Défensetik erten azkenerako. Aurkitu genuen lehen kafetegiko terrazan eseri ginen la Défense kontenplatzera. Gaztelu menderaezin baten itxura zeukan eta arratsaldeko eguzkiak leunki ferekatzen zituen bere ertz ulerkaitzak.

        Handkek, orain dela ia hamar urte La Défensera egindako bidaia ondoren, auzo horretako bizimodura edonor ohitu zitekeela pentsatzera iritsi zela idatzi zuen. Gaur, hamar urte beranduago, eraikitzen ari diren etxebizitza batetik langile baten ahotsa italieraz kantari aditu daiteke; eta turistak Eiffel dorrea bisitatu ondoren La Défensera abiatzen dira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.