«Ezintasunak egiten du, beraz, zure narrazio hau zilegi»
Mikel Antza
Etxera iritxi denean, sukaldeko mahai gainean intxaur azal erdi bat aurkitu du; itsasoak abandunatutako txalupa bat bezala okerturik. Buelta eman. Eta intxaur azal erdiaren barruan lasaitasuna senti dezakeela pentsatu du (sukaldeko fluoreszentea duela aste pare bat mingarriki ñir-ñirka ari bait da).
Orduan, liburua edonondik ireki eta irakurri du:
«Eta zer moduz
ondo
ondo
ni ere txarto»
Gero, orrialdeak bata bestearen atzetik igaro dira. Erlojuaren segunderoa imitatuz. Biziki. Eguneroko bizitzan, memoriako txoko batean bazterturik zituen sentimenduak piztuz. Sukaldea txikiegi zaio dagoeneko. Intxaur azalari begira geratuz gero, pitzadura txiki batzu atzeman dizkio. «Hor barruan argi izpi batek tximistaren figura osatuko du ziuraski». Baina badaki hipotesia horretan geratuko dela, hipotesi hutsean.
Imajinatu du lagun batekin dagoela sukaldeko mahaiaren inguruan, orain dela asko hitzik esan ez dion lagun batekin. Eta galdera bat botatzen diola, eta lagunaren erantzuna isiltasuna dela. Eta, orduan, bere beldurren erantzunekin geratzen da soilik, sukaldean, intxaur azal erdiari begira. «Hor barruan norbait balego, eta nik kolpe txiki bat emango banu hatz batekin azal gainean, trumoiotsa entzungo luke».
Jeiki eta sukaldeko atea ixten du lehenik; gero leihoa. Eta argia ere itzaltzeko daukan ahalmen eta botereaz ohartzen da. Argia itzaltzen du beraz. Kanpotik datorren argiak leihoaren ertzak dibujatzen ditu sukaldeko baldosetan.
Iluntasunean intxaur azalaren erdia asmatzen du. Eta orain badaki hor barrura zailki sartuko dela argi izpi bat tximistaren figura osatzeko. Beldur da hatzez kolpe txiki bat emanez gero, iluntasun horretan, gaizki kalkulatu eta ez ote duen intxaur azala hautsiko.
Obsesiboki sukaldeko isiltasuna aditzen hasi da. Apenas iturriaren tanta bat, oso tartekaturik, beste bat, denboraren neurketak esistituko ez balu bezala. Liburuan irakurri duen poema bat gogoratu zaio eta ozen esaten hasi da:
«begira ezazu han goian ilargia
elkarturik omen daude
gauza beraren so egileak»
Gora begiratu eta sapaia asmatu du; baina harrigarriki, antzinako marka erdiezabatu batek ilargiaren forma misteriotsua daukala erabaki du. Horri begira igaro dira denborak. Eta distantziak zeintzu diren jakin du.
Bapatean sukaldeko atea ireki du norbaitek, eta argia piztu. Bera hor zegoela ikustean bakarrik utzi du; baina orain argitasunean. Sukaldea txikiegia zaio dagoeneko, eta intxaur azal erdiari buelta eman dio. Zerua ikusteko gogo biziz atera da etxeko patiora. Gero plaiara joan da. Ez zegoen inor. Ezintasuna barne-barnetik sentitu du.
|