L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

22 ebaki

 

Xabier Mendigurenowicz

 

"Nire txilibitua erromantikoa

zela esan zidanari"

 

Dionisio eta Helena ezkondu zirenean gazteak ziren oraindik eta herriko bikoterik preziatuena. Biek ostera, nahiago izan zuten basora bizitzera joan, lanean eta maitasunean aritzearen egunerokotasuna. Udaberriak ere agurtzen zituen urtero berotasunezko lehen printzez. Haurrak ere jaio zitzaizkien... Haien etxea lasaitasun eta bakezko postale bat zirudien.

        Behin batean Dionisio egurra moztetik bazkaltzera zetorrela emaztea negarretan aurkitu zuen atarian. Dionisio oso larritu zen eta laztankiro galdetu zion:

        — Zer duzu?

        Helenak ez zion erantzunik eman izan nahi. Gaitzen bat edo izanen zuela pentsatzen hasi zen senarra eta biziago itaundu zuen besotatik eraginez; ba zitekeen ere ezbeharren bat gerta izatea, zerbait egin beharra zegoen, jakin beharra zuen, ez bait zen normala emaztea negarrak itoa egotea. Malkoak eskuez sikatuz eman zion erantzuna Helenak, oraindik zotinka:

        — Ez nauzu maite.

        Dionisiok hasieran ez zuen ulertu. Ez zuen horrelakorik espero. Deus txarrik ez zegoelako alaitu edo zoraturik ote zegoen pentsatu behar zuen ez zekien. Ondo asko entzuten denean galdetu ohi den bezalaxe, Zer? esan zuen eta erantzun bera jaso, bortitzago. Seriotan esaten ziola ikusi ahal izan zuen eta nondik norakoak eta nola zitekeen konprenitu gabe berak maite zuela sinesterazten saiatu zen; alperrik: emazteak aharrantzaka ziharduen. Ahal zuen arrazoi eta argibide guztiak eskeini zizkion baina Helenak gogor eusten zion bere temari. Etsirik, esan zion:

        — Behatza moztuko banu sinetsiko al zenidake?

        Emazteak harrituta begiratu zion baina ez zuen ezer ihardetsi. Dionisiok aizkora hartu eta ezkaratzetik aldenduz mendian sartu zen berriro. Jaitsi zenean ezker eskuko behatz txikiaren lekuan odola besterik ez zegoen. Emazteak laztanaz hartu zuen eta barka ziezaion eskatuz.

        Zauria laster sendatu zen eta etxean poza berriro nagusi. Hala ere, handik zenbait hilabetetara elizatik itzultzerakoan Helena negarrez sumatu zuen senarrak. Beldurrez eta errukiz heldu zion eskua eta galdetu:

        — Zer duzu, Helena?

        Helenaren negarra areagotu egin zen. Oraingo honetan tristuraren zergatia azaltzea denbora gehiago kostatu zitzaion ez zuen ezer esan nahi eta. Azkenik, burua makurtuz:

        — Ez nauzu maite.

        Dionisiok mendiak gainera zetozkiola sentitu zuen eta oineko lurra behera. Ez zuen deus esan nahi izan. Hala egon ziren ordu pare bat: bata mutu eta bestea negarka. Amorraturik ixiltasuna apurtuz bota zuen senarrak.

        — Beste behatza moztu beharko al dut sinets diazadazun?

        Emaztea ixilik gelditu zen.

        Txirkandaren hurrengoan behatzondo odoldua zekarrela ikusi orduko Helena oinak musukatzera jausi zitzaion bat batean Dionisiori. Denbora iragan eta gertaturikoa ahantzia zen halako batetan ilunabarreko eguzki motelarekin batera Helenaren begietatik argia izkutatu eta dizdira itzaldu zenean. Senarra ohartu zenean hotzikarak bizkarrezurra goitik behera astindu zion.

        — Eta oraingoan zer?

        Dionisiok ikaraz espero zituen hiru hitzak entzun zituenean ameskaizto batetan murgildurik ez ote zegoen otu zitzaion, hura errealitate eta egia hutsa zela jakin arren. Malkoei eusteko ukabilak estutu zituen min hartu arte, mina hartu kolpeka hasi ordez, ondoren ironikotasun mingotsaz, parrez edo negarrez ari zen ezin berezituz:

        — Eta hirugarrena moztuko banu...?

        Horixe esatea espero zuen emazteak eta burua jiratuz eguzkiaren azken errainuak bere ilean pausatzen utzi zituen.

        Sendaketa garaian inoiz baino gehiago maitatu zuen Helenak senarra. Bien arteko maitasuna maila goren, gaindiezinetara iritsi zen. Dionisiok bere burua inor baino zoriontsuagoa erizten zuenean:

        — Ez nauzu maite.

        Horrela joan zen behatzak galduz, banan bana, eta bi erortzearen tartean zoragarriki gozatzen zuen bizitzaz. Nozibehinka bururatzen zitzaion, bai, hura azkenengoa izanen zela, emaztea ez zitzaiola inoiz gehiago penatuko, eta emazteak ere horixe pentsatzen zuen, aldian behin. Gehienetan ostera, argitasun oso-osoaz ikusten zuen Dionisiok hura zela zoriontasunagatik ordaindu behar zuen prezioa, eta prezioa garestia bazen ere lortutakoa istima haundiagokoa bezala goresten zuen, zalantzarik gabe; hargatik, emaztea zapuztua ikusten zuenean beldur apur bat besterik ez zitzaion nabari xuxen bait zekien egin behar zuena esaterakoan:

        — Behatza mozten badut sinetsiko al didazu?

        Eskutakoak, bai ezker eta bai eskuin, bukatu zitzaizkionean oinekoekin hasi zen. Ordurarte lana egiten segitu arren, eskuen trebetasunik eskatzen ez zioten zereginetan behinik behin, handik aurrera lastozko aulkitxo batean eserita eramaten zuen eguna, mendiei beha, emazteak eta semeek lan egiten zuten bitarteán, burua mundua baino jira-bira arinago eta errepikaganriagoan: maitasuna eta bere kinkalarriak, sentimenduen oinaze eta plazer nahastuak, grinen oldar jarkiezina, bizitzaren gorabeherak, grinaren oinazea, sentimenduen maitasuna, bizitzaren plazerra...

        Jezarlekutik egun osoan oheratzeko besterik ez zen altxatzen, eta beste inon ezin zituen indarrak han bai xahutzen zituela, egunetik egunera Dionisio eta Helena amorante amorratuagoak ziren eta. Amoroski estutzen zioten elkarri, horzkatzen, laztantzen; goizalderarte irauten zuen beti bien amodiozko jolasak, gorputzak, leher eta blai, loak hartzen zituenean. Horren ondoan beste guztia huskeria zen: zer ajola zitzaien behatzak, lanak, negarrak? Emaztea berriro, Jaungoikoak ote daki zergatik, hits eta itun zegoenean, senarrak goxo heltzen zuen gerritik:

        — Helenatxo, kuttuna, zer gertatzen zaizu?

        Behatzek, ordea, bazuten amaiera. Hatzamarrak eta oinetako beste hamarrak, halafede, bukatu ziren. Ezusteko egoera horren aurrean Dionisiok etorkizuna igarri nahiko zukeen baina patuak dakarkiguna aldez aurretik jakitea galerazia zaigu gizakumeoi, eta burutaziotan aritu eta aritu arren ez zezakeen ezer asma.

        Zitekeena, iskanbilak betirako ahaztuak izatea. Bizkitartean, ez larritu, gerokoak gero, zer kausituko ote zuen jakin gabe zentzuei nagusitasuna, askatasun osoa eman. Ezinbestekoa sukaldean, biak afaltzen ari zirenean izan zen: Helenari suddurra ximurtu egin zitzaion eta senarrak, kutxiloa eskuondoez hartuz, berebiziko sarraskirik izugarriena egin zuen, hankatartean, eta odola irten zitzaion ahotik «hogeitabatgarrena, azkena» ahopeka murmurikatzerakoan.

        Emazteari ileak derrepente elektrizatu zitzaizkion eta buruzbehera joan haragi zirpilari, garraxika. Orduantxe senarrak, geratzen zitzaizkion azken indarrez, kutxiloa lepoaren atzekaldetik sartu zion, goitik behera. Odol-hustutzen ziren bitartean, extasian elkar besarkatuz, hitz bakarra zuten biek ezpainetan, muxuetan:

        — Maite zaitut, maite zaitut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.