L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Cellodonio

 

Patxi Aizpurua

 

Gauerdiko marmarra berezi batek bete ohi zuen herriko airea. Marmarra herdoildua, grasarik gabeko atearen irekitzea; gero eta grabeago aditurik. Haizeak arrastaturiko doinu tristea, arras sentibera. Haseran otsaila zela eta, katuaren marraka berotzat jo zitekeen; izan ere ez bait da harritzekoa hamalau-hamabost bat animalia hatzamarti dauden toki batetan holakorik entzun ahal izatea. Noiz eta otsailean gainera!

        Egunen igarotzeak ordea besterik demostratu zigun: etxe bietako argiak bizturik, etxearen aurrekaldean zetzan irudi baten itzala, eserita eta bizkarrean zerbait apoiatzen zuelarik bestean, ezker eta eskubi aldera besoa mugitua. Gaueko ohizko eszenak.

 

Urtearen lehen hilabetetako merkealdiak aprobetxaturik, udaberriak lorez jantzi zituen soroak. Neguko egun hotz eta ilunak erabat uxaturik, argitasunari zegokion oraingo tartea; birigarroak lizar irmoaren tontorretik egunsentiari lehen doinuak eskeintzen zizkion lez. Herriko festak gainean genituen jadanik, kasik ohartu ere gabe.

        Abisuaren poderioz bildu ginen bada inguruko gazte guztiok bat ezik. Joxe. Festa-egun gorabeherak eztabaidatu ondoren, kantina eraikitzea erabaki genuen urteoro bezala; izan ere udako egunak zakarrak izan ohi dira, eta horrelako txozna bat eskura edukitzea zerbait bada zurrutarentzat.

        Bilera amaitu bezain laster Joxeren etxeruntz abiatu nintzen, kezkaturik bait nengoen azken aldi haietako haren ausentziaz. Guztiok genekien jakin ere, hilabete baten buruan gurasorik gabe gelditu zela; asko ausnarturiko argudioa izan baitzen herritarron artean etxe hartan gertaturikoa. Bai, ez huen nolanahiko marka alajaina, bapatean ohartu ere gabe pasatzen den horietakoa. Ez alajainkoa!

 

 

Gauaren lehen toldoak nekusatzalarik eta pausoa bizkortuz, ekin nion tientu guztiekin kaskoa zetzan baserri hartara eramango ninduen bidetxiurrari. Urrunean, sahats eta oteek permititzen zidaten heinean bista nezakeen ilargira, gazta-erdi tunantea, izar ñir-ñirtien anparoaren zai. Inguruan belarrez kargaturik zihoan traktorearen hotsa. Traktorea. Hura izan zen Bordaberri uholdeka astindu zuen lehen maluraren balasta.

        Negupartea izan ohi da baserritarrarentzat urtemuga guztietan patxadutsuena, soro eta lur lantzeari bagagozkio bederen. Zelaietako bazka biztu nahirik edo, traktoreari garlea erantsirik, pizaren garraioan jardun ziren; likido grisast eta likits hura barreiatuz belardi haietan zehar. Gosaltzeko ordua zenez gero, garlekada hustu eta prestu zihoazen heuren barruaren elikatzera. Ustekabe batetan ordea, goldoniren gurpilak tipustatu eta amildu berrogeitamabost udazken lurrari atxikiaz; odol ttantta finek arnas fortzatuaren azken une jasangaitzak trazatzen zizkiotelarik.

 

 

Ilunpearen brotxazo gorriak sartaldean. Izarrak pelotoiean, karabana argitsua aurrekaldean daramatelarik ortzearen itzulian. Afinaketaren nota erdibituak, lau sokatzarrez hesituriko ring batetatik goitikatuak bailiren, horma huntzatsuetan lurreraino jausiaz. Eguneroko melodia. Espazioa bera ere murrizturik mendi kateak inposaturiko oihartzunarekin. Doinu geldoa, egunaren ajeak maneiaturikoa. Saioa interrunpitzeko beldurrez eta giroa atsegin zitzaidanez, bertan esertzea erabaki nuen. Gerriondoan neraman kanguroa askatu eta bere zimurrean ipurazpian zabaldu, lurraren hezetasunetik libra nitzan.

        Bertan ziharduen, ilun antzeko gela lizun hartan. Duda guztiak uxaturik nituen jadanik, «etzekiat motel zer jotzen duen ere, halako egurrezko buru bihurritua iruditu zait zeran apoiatzen zuela, ezkerreko bizkarraldean». Bioloncelloa zen, celloa, bere mangarra eta guzti.

 

 

«Nondik atera ote du, zioen bere amona pertxentak eskuarekin balkoialdera keinua eginaz. Galdegin nionean zera esan zidan, ijito hungaroak pasa zirela eta modu onian eskuratu zuela», kopeteko axala ximurtuaz, hortza postizoen krasketekoa entzuten zaiola hitzegitean eta «auskalo zenbat ordaindu duen. Gurasoek utzi zizkioten xoxa pizarrak urtuko dizkik horrek aguro asko oraingo martxan». Gaua zerraturik zegoen erabat eta hontzaren lehen uluak etxea hura hesitzen zuen pentagramaren sareetan sorprenditu gintuen hitza eta pitza. «Gure Xexili defuntak ikusiko balu estadu horretan...! Zorigaitzeko Xexili, gure jaunak bere magalean eukiko al du!, nahiz eta haren esanei azken orduan, bere desesperazioan, uko egin» . Kopeta ilun du, begiak diztira bizian. Une batetik bestera aurpegiko hildoak gaineztatuko dituzte lehen malkoek. Mihiak hielaren antzo, festetako txilibitua bailitzan luzatuz eta bilduaz, jasoko zapore guztiz. «Bai, nik topatu nuen oilotegiko sabaitik zintzilikaturik, urkaturik. Badakik, nerbioetatik sufritzen zian; senarra defuntua ere gogor samarra huen eta azkenaldian behintzat, eta gure hitzak ez dezala ofendi, xurruta egiten zuenaren zurrumurrua ere zabaldu zen».

        Iparraldeko haize meheak mototseko zenbait txima xuri harrotu dizkio; ile-metatxoaren borobiltasunean sarturik datzan orrazearen hortz okerrek ezin errenditurik banan bana aske uzten dituztelarik.

        «Horrela da ba nahi edo nahi ez goiko horrek deitzean joan egin behar; ez dago beste erremediorik, ezta sortuko ere» . Larogeitabi bat urte izango du, edo gehio... ez, bat kunplituta edo kunplitzekotan. Gure zaharrak dioenez aitona eta biak kinta berekoak omen. «Zertan gelditu behar dik horrek bere txekloa edo... nola arraio esan duk? Celoa? Celodonio egingo nuke nik horrekin. Lehen ere ba huen antzeko bat auzoan, hori bezelako argal luzasta bat, Zeledonio, egun guztia loreak begiratzen eta usaintzen pasatzen zuen. Erle izateko ez zitzaion asko falta, hegoak bakarrik; sudur ederra baitzeukan ezpataren ordez. Eta ba niagok ez ote dagoen hura baino zoroago. Erne gero!»

 

 

Adagioak aurrera dihardu. Beltzak eta zuriak zipriztintzen dira, suzko txinpartak bailiren, arkoarekin sokak esmerilatzean. Suzirien eztanda ondorengo kimu argitsuen gisa barreiatzen dira gauaren hankapean itzali arte. Banaka despatxatuak diren heinean, binaka, hirunaka, multzoka elkartzen dira hodei grisastak bilakatu arte, zeinak edozein leiho, ateetan rebotaturiko kaskabarrez erditzen diren, aurpegi zuriko irudi argalak inguratzen dituzten; balkoietako zementoaren gainean, esku zabalka, dantza funebre batetan jarriaz. Bordaberri inguruko baserriko neska da pauso dardartiez, besoak gurutzatuz, atzera eta aurrera lurrera behatuz dabilean argi xumearen mezenazgopean. Eskuak, besoak zabaldurik, emeki higitzen ditu ritmo geldoaren konpasean; gero geldituaz, hanka bat jasoaz... «To! ikusten al duk nik ikusten dudana? Beno, beno, nahikoa diagu hi! Hor beste txoroa; etxean beste zereginik edukiko ez balu bezela!»

 

 

        Ipurazpia gogor eta hozturik neukan. Eskubiko hanka berriz txingurriturik. Ihintz gautiarrak egotearen poderioz destenplatu ninduen. Etxera itzuli behar. Bertan ziharduen oraindik burumakurka, arkoaren mugimenduarekin bat eginik, Cellodonio. Ilargiak, boomerang argitsuak, zirrikitu bat ireki die ilunpe beraren sabelean, bikote enamoratu baten antzo iraun dezaten gauaren anparoan: etxe bietako argiak bizturik, etxearen aurrekaldeko gela batetan zetzan irudi baten itzala, eserita eta bizkarrean zerbait apoiatzen zuelarik bestean ezker eta eskubi aldera besoa mugituaz... bakarrik cello donearekin Cellodonio.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.