Aspaldiko kontua da gazteentzat dela plaza, baina zuek agertzen duzuen egoskortasun tematsua neurriz gainekoa da, anaiok.
La hora Secuc-en BIOTZ-BEGIETAN norena galderari jendeak de Don Arturo Campeon erantzuteaz haserretzen bazarete, eta JOB drama dramatikoa EUTG-ko Maritxu liburuzainak liburu biblikoen sailean jartzeagatik euskararen biraotegia harrotzen hasten bazarete, hobe duzue antzarak perratzera joan. Benetan..
Edo rotuladore bana harturik, hobe duzue, edo publikoago eta praktikoago behintzat, gure kandidatoen fotografiak apaintzen hasi, edo, zuen literatur jario aberatsari amor emanik, «gora arbolapeko borroka», «bota botoa», «gora xirri orokorra», eta antzeko konsigna katxondo akrataz Fermin Calbetón dekoratu. Kalea, halegia. Eta jakinen duzue noski ardoak ez duela hezurrik. Ondarruko zubi gainean hala omen dago idatzirik.
Eta hi, Ibon, kritiko ofiziala egin haute. Eta gu, ezinbestean eta halabearrez azeptatu behar izan duala sinesteko ere prest gaituk. Eta poemagintzan eta oroitzapen desmemoriatuaren egunak osatzen jarraituz, goizaldeko kopen itzalilunpean Reggiani entzunez
ah la putain
un peu comme dans Cyrano
au piano j'etais Chopin
bai, Chopin, Joyce, Withman eta Rimbaud gugan aurkitzen dakien adiskideak alkoholaren lurrin solidarioen artean egindako kritika gustagarriago badiagu ere, gure ikur-potea zabalik daukak, nahi beste hartzeko.
Eta hi, Karmele, ez dinagu permititu behar geure hitza zoro-hitza bezala har dezaten. Argudioak ahitu zaizkienean mendian bakarrik ibiltzeko gure ohitura sikiatriaren izenean debeka dezaten, gure haurrenganako zaletasuna esistentzialista zoroen zerrenda luzatzeko erabil dezaten.
Ondartza bakartietan edo eta hiri superpoblatuetan geure burua aldez aurreko derrota batetan izkutatu nahiaren xamurtasun epela. Ez dinagu permititu behar. Eta zuek berriz, zeuen pribilejioa balitz bezala, egia beti eskutik heldurik duzuen hoiek, atzo sermoietan, gaur mitinetan, beti egia zabaltzen, examen de conciencia egin erazten zenigutenok, erreflexio politikora bideratzen gaituzuenok (ejerzizioetara joaten ez ginelako eta ezker muturreko kolektiboan azaltzen ez garelako erritan ari zaiguna, tipejo berbera). Egia, beti egia. Esan noizpait ere gezurra, redios. Ea hala azertatzen duzuen.
Ikusten? Hil da Prevert ere, eta ez du inportantziarik beharbada, baina hil da Paroles Jacques Prevert ere, asko erre, botilari tamainan, eta edadea noski. Hainbeste jende hiltzen baita.
Baina hor daude kazetalariak hildakoak kontatzeko, literatook zeuen pajetara, kamomiloa biltzera alde.
Alde bai. Alde eginen dugu, eta segi zuek unibertsitaritara, senadoretara, kazetalaritara jolasten. Jende serioa. Zenbat gorrotatzen dugun bere burua seriotzat hartzen duen dilettante jendea.
Eta lehendik guti bagina, konbersoak ugaltzen orain el reencuentro con la patria, sabe Vd. etxea gainezka ezin guztiak hartu. Izan ere, Karmele, Arantxa, Maite, Lore, pobrearen etxean ez baititun gaitzak bakarka etortzen; aitaren bajarekin, aitonak hortzak aldatu behar, amaren gerritakoa suertatzen denean, arreba ezkontzeko, eta Ixabel petxutik. Bai hil arte bizi behar. Aitona ere, hobe, beherako harek eraman izan balu, gizarajoa.
Pobreak badaduzka
bi ate etxean
kalte bat aurretikan
oker bat atzean
Horrela bizi gara
ijitu antzean
ez gara asko lasaitzen
penak kantatzean
Pazientzia debalde ematen. Zuek esanen duzue, baina, serio jarrita ere honek ez du nondik heldu.
|