Ez zeukanagu hire gauzetan zer sartu beharrik. Bazekinagu gure gaurko debilidade hau gaizki interpretatu dezakenala. Bazekinagu arrazakeria paternal istatzat jo ditzakenala gure konseilu ondo intenzionatuak, baina Beauvoir eta Sartreren arteko maitasun miresgarriaren izenean besterik ez bada ere gure laguntza humila zor dinagu. Etsaiak gaitun gu, bazekinagu aski ondo hori ere, baina etsai leialak nahi geniken izan. Ez den hau betiko tranpa ez. Guk ez dinagu elkar lanerako posibilitate koiuntural baten eskaintza egiten, guk ez dinagu etsaien arteko batasun estratejikoetan sinesten. Etsaia etsai, den gure esana, bakoitza bere etxean eta Jainkoa guztionean, eta badakin, bildots otsoaz libratzeko laisterka egin eta artzain-zakurrekin tratutan denborarik ez gal.
Guk, funtsean, zuetakoren bat Koordinadoraz edo talde estratejiaz mintzo zaigunean, bere kaderak neurtzen dihardinagu mentalki, edo beste edozer, bular borobilen posibilitateak adibidez. Ez zaizkigun gizonezkoen kadera liso aspergarriak gustatzen, horregatik gizonezkoek mintzo zaizkigunean ez dinagu ezertaz pentsatzen, edo jeneralean inozoak direla, besterik ez. Guk, geureganako maitasun narzisoaz aparte, eta maitasun horren prolongazio bezala, hi besterik ez dinagu maite, hire kaderak, ez dago insistitu beharrik, gauzak dauden daudenean oso ondo, maite haunagu eta ez dinagu kontatuko egiazki maitatzea berdintasunean besterik ez dela posible eta sexoen paretasunaren alde gaudelako ipuin txinoa. Guk, egia esan, nahiago dinagu desparetasuna, erreprimitu xamarrak garenez, hala moduzko moldaketa inperfektoekin kunplitzen baidinagu sexotxoarekin, eta ez gaitun orain perfekzioak direla eta gure edadearekin galtzerdiak garbitzen ikasten hasiko. Gelditzen zaigunagatik nahiago dinagu, guk pekatariok, ahal den neurrian inperfekzioari heldu eta inperfiektoki gozatu (nahi bezainbeste egiten ez dugun gauza, zer esanik ez) eta ahal den moduan pasa pasatze bat besterik ez den bizitza triste hau.
Ez dinagu esanen, ez eta ere sexoen berdintasuna gaur edo bihar sozialismoa iristean bere kabuz etorriko denez zuen gauzak ordurarte utziaz bitartean bide batetik begiak begietan, eskuak eskuetan elkarrekin joan behar dugunik. Hondratuak gaitun gu. Baina harira. Zenbait aholku praktiko emateko hunan gaurkoa, zenbait iharduketa edo ariketa nahiago badun, nahi hukenan berdintasuna lortuko ez badun ere heure partenaire hori bere lekuan jartzen has hadin behintzat. Eta badakin maite, gaur hiregatik bihar niregatik.
1. Hire ondoan konparaketak egiteko erreferenziak falta zaizkinalako ustetan maitasuna beste inork egin ez zezakeen bezala egin duela pentsatuz lo dagoen animalia bizartsuari eman iezaion zaflada bat muturretan eta egin ezan gero lo hagoen itxura. Egitekoan harrapatua izateko beldur bahaiz jeiki hindeke ohetik bi besoak aurreruntz luzatuz eta leiho ondora inguratu beti alegatu ahal izanen den sonanbulismoaren aitzakia.
2. Zigor fisikoaren kontrako bahaiz gauza egin ondoren bere lo satisfetxoa egiteko bueltatzen denean heure abotsaren modulazio leunenaz baliatuz, neregatik ez du axolik esan iezaion, baina ez zenuke hainbeste lan egin behar Deustuko Unibertsitatean (edo kaixa do Popular Laboren hasuak kasu).
Insistitu hurrengo goizean, asko kostako bazain ere gosaria ohera eramanaz eta gosariarekin Redoxona edo beste edozein konplejo polivitaminiko
3. Gomendagarriena hirugarren pundu hau iruditzen zaigu: Ahalegin hadi ohean bere aurretik sartzen galtzerdi hori edo gorriekin eta posible ez bazain urdin elektrikoekin, baina gorriekin ahal dunalarik. Braslipetan agertzen zaianen akonplejaturik zegon gerri gaineko tubularrekin hik ez uste arren, Tarzan deitu iezaion Pol Niuman edo sex-symbol eta ager itzan zangoak galtzerdi gorri edo urdin elektrikoekin izera azpietatik.
Jarraitu gauero ariketa hauekin begiak borobilduz ilunpean esna, lehen ez bezala sumatzen dunan arte. Hori lortzean dei iezagun askatasun guztiaz ariketa gehiago baizeuzkanagu prest, eta ez dinagu kontatuko nola lantokian ez duten gure balioa estimatzen eta orduan nik hau esan diot eta hor zehar moro asko dabilela eta betikoa, guk kaderetara begiratuko dinagu. Badakin, zernahitarako hire zerbitzuan beti.
|