L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Absurdoa eta suizidioa

Sisiforen mitoa

 

A. Camus

 

euskaratzailea:

Felipe Juaristi

 

        Bere garaiko lekuko moral eta luzidoa, Albert Camusen (1913-1960) lan literario eta filosofikoak sekulako eragina eduki zuen 2. gerrate ondorengo belaunaldi europearrarengan. Giza-anaiateria, existentziaren zentzua eta nihilismo eta ez zoriontasunaren aurkako unibertso moralaren nostalgia dira bere argudioen oinarria.

 

        Arazo filosofiko seriorik baldin badago hori suizidioa da. Bizitzak bizitzeko pena balio duen ala ez juzgatzea Filosofiaren galderarik garrantzitsuenari erantzutea da. Besteak, gizonak hiru dimentsio, arimak bederatzi edo hamabi kategoria al dituenetakoak datoz ondoren. Jokoak dira; lehendabizi erantzun behar da. Eta egia bada, Nietzchek nahi duen bezala, filosofoak; estimatua izateko, etsenplua eman behar duela, erantzun honen garrantzia nabaria da, azkeneko keinuari hasera ematen bait dio. Bihotzarentzat garbi dagoena da, baina gogoarentzat argiak izan daitezen sakondu behar dira.

        Galdera hori besteak baino presakako den zertarako juzgatu behar dudan galdetzen badiot neure buruari, ekintzak mugidan ipintzen dituela erantzuten dut. Ez dut argudio ontologikoagatik hil denik ikusi. Galileok, egia zientifiko inportantea ari zen defendatzen, munduko gauzarik errazena balitz bezalaxe uko egin zion, bizitza arriskuan zuenean. Neurri batetan ongi jokatu zuen. (1) Egia hark ez zuen sutara joatea balio. Ez du axolarik zerk zeren ondoren jiratzen duen, eguzkiak ala lurrak. Den dena esateko, ez deusa da. Haatik, ikusten dut pertsona asko hiltzen dela bizitzak bizitzeko pena merezi ez duelako eritzikoak bait da. Ikusten ditut beste batzu, paradoxikoki; bizitzeko arrazoia ematen dieten ilusio edo ideiengatik beren buruak hiltzen uzten dutenak. (bizitzeko arrazoia deitua, aldi berean, hiltzeko arrazoia da) Ondorioz, bizitzaren zentzua presakako galdera dela deritzot. Nola erantzun? Esentziazko arazo guztiekiko, eta horietzat bizitza arriskuan jartzen edo bizinahia indartzen dutenak ditut, ezpairik gabe bi pentsamolde besterik ez daude: Don Quijote eta Pellorena. Nabaritasun eta lirismoaren arteko oreka emozio eta argira, bietara, bultza gaitzakeen bakarra da. Jakina da horren gai xume eta patetikoan, dialektika jakitun eta klasikoa txandakatua izan behar dela, beraz, joera espiritual xumeago, argitasun eta zentzu onetik sortzen denaz.

        Suizidioa fenomeno sozial gisa besterik ez da tratatua izan. Aitzitik, hemen, hasteko, banako pentsamendu eta suizidioaren artekoaz tratatuko dugu. Horrelako ekintza norberaren bakardadean, ekintza handia bezala, prestatzen da. Gizona bera ez dago jakinaren gainean, gau batetan egiten du kale ala bale. Bere burua hil zuen etxauntza-jerente batez, bost urte lehenago alaba galdu zuela eta zorigaizto horrek biziki aldatu, makaldu zuela esan zidaten. Ezin daiteke hitz zehatzagorik desiratu. Pentsatzen hastea makaltzen hastea da. Gizarteak ez du zerikusi handirik hastapen hauekin. Harra gizonaren barnean dago eta hortxe bilatu behar da. Joko hilkor hau, ihaspidearen asistentziaren aurreko argi izatetik argiaren kanpora daramana, ikertu eta konprenitu egin behar den zerbait da.

        Suizidiora bultzatzen gaituzten eraginak ugariak dira, eta, orokorki, itxurazkoenak ez dira eraginkorrenak. Oso gutxitan suizidatzen da jendea erreflesioz, (hala ere ez da hipotesia baztertzen) krisia eragiten duena kontrolaezina da gehienetan. Egunkariek sarri askotan «pena intimo»ez edo «gaitz sendaezin»ez idazten dute. Balio duten esplikazioak dira. Jakin behar litzateke egun berean desesperatuaren lagunak doinu indiferentez hitzegin al zion. Hori izango litzateke erruduna, zeren gauza hori gorroto guztiak eta artean zirriborroan zeuden nekeak kaleratzeko aitzaki bait zen. (2)

        Baina une egokia, arimak herioaren alde jokatu duen pauso mehea zehaztea zaila bada, ekintza beratik datozkion ondorioak ateratzea errazagoa da. Nork bere burua hiltzea, zentzu batetan, eta melodraman bezala, aitortzea da. Biziak gainditu gaituela edo bera ulertzen ez dugula aitortzea da. Hala ere, analogia hauetan ez gaitezen urrunegi joan eta itzul gaitezen hitz arruntetara. Horrek pena merezi ez duela aitortzea besterik ez da. Bizitza, inondik ere, ez da erraza. Izaerak manatzen dituen zeinuak egiten jarraitzen dugu eta arrazoi askoren kariaz, lehena ohitura izanik. Gure borondatea dela medio, hiltzeak nahiz eta instinto mailan, ohitura horren irrigarritasunaren aitortza dakarkigu, eguneroko zirrararen zentzugabekeria, sufrimenduaren baliorik eza.

        Zein da, bada, arimari bizitzarako amets beharrezkoa kentzen dion sentimendu kalkulaezin hori? Arrazoi txarrez ere adieraz daitekeen mundua mundu familiarra da. Baina, aitzitik, argi eta ilusio gabetutako unibertso pribatuan, bapatean, gizona arraroa sentitzen da. Erremediorik gabeko erbestea, aberri galduaren oroitzapenik gabe, lur prometatukoaren esperantzarik gabe. Gizona eta bere biziaren arteko, aktore eta bere dekorazioaren arteko bereizketa da propioki absurdoaren sentimendua. Gizon sendo guztiek beren suizidioaz pentsatzen dutenez, esplikazio gehiagorik gabe, aitortu ahal da, sentimendu hau eta ezerezerako aspirazio artean lotura zuzena dagoela.

        Saio honen gaia, hain zuzen, suizidio eta absurdoaren arteko lotura, suizidio absurdoarentzako irtenbidea deneko neurria. Oinarri gisa jar dezakegu benetakotzat duena eragilea dela gizon zintzoarentzat. Esistentziaren absurdoak bere kondukta agintzen du. Kuriositate legitimoa da galdetzea, argi eta garbi, patetismo faltsorik gabe, oinarri honetako konklusioak egoera ulertezina ahalik azkarren uztea esijitzen duen. Beren buruekin bat egiteko prest dauden gizonez ari naiz, noski.

        Argiago planteatuz, arazoak aldi berean apal eta konponezinezkoa dirudi. Oker suposa daiteke galdera sinpleek beraiekin gutxiago ez diren erantzunak dakartzatela eta nabaritasuna inplikatzen duela. A priori, arazoaren terminoak inbertituz, nork bere burua hiltzen duela eta ez duela bezala, bi irtenbide filosofiko besterik ez dagoela ematen du: bai eta ezezkoa. Errazegia izango litzateke. Kontutan hartu behar dira ordea, konklusiora iritsi gabe galde egiten dutenak. Honi buruz ez dut ironizatzen: gehiengoa da. Halaber, ezetz erantzuten dutenek baietz pentsatuko balute egiten dutela ikusten dut. Beraz, Nietzcheren kriterioaren arabera, hala edo hola baietz pentsatzen dute. Aitzitik, suizidatzen direnak eskuarki bizitzaren zentzuaz ziur daude. Kontraesan hauek konstanteak dira. Are gehiago, puntu honi buruz, non logika alderantziz, hain desiragarria bait dirudi, baino biziagoak inoiz egon ez direla esan dezakegu. Betikoa da teoria filosofikoak jarraitzaileen portaerarekin konparatzea. Esan beharra dago ordea, Kirilov salbu, eta literatur-pertsonaia da, Peregrinos legendatik sortutakoa (3) eta Jules Leguier, hipotesiatik, beste pentsatzailerik ez dago, bizitzari zentzua ukatuz, bere logika jarraitu zuenik, bizitza bera ukatu arte. Maiz aipatzen da, baina beraz burlatzeko, Schopenhauer, zeinak suizidioa ondo batetako mahai baten ondoan goraipatzen bait zuen. Ez dago burlatzekorik. Tragikoa seriotan ez hartzea ez da horren grabea, baina hartzailea juzgatzen du.

        Kontraesan eta iluntasun hauen aurrean, sinistu behar da, orduan, ez dagoela bizitzazko izan daitekeen eritzi eta uzteko egiten den ekintza artean erlaziorik? Ez gaitezen zentzu honetan esajeratuak izan. Gizonak bizitzari dion atxikitasuna munduko miseria guztiak baino piska bat sendoago dago. Gorputzaren kondena arimaren baliokidea da eta gorputzak deusestatzen aurrean atzera egiten du. Bizitzeko ohitura pentsatzekoa baino lehen hartzen dugu. Egunetik egunera heriotzan amiltzen gaituen lasterketan gorputzak aurrera kitaezina darama. Azkenez, kontraesan honen garrantziduna elisioa deitzen dudanean datza, zeren aldi berean Pascalen eritziko dibertsioa baino gehiago eta gutxiago bait da. Etengabeko jokoa ihesi joatea da. Elisio tipikoa, saio honen gaia den hirugarren elisio mortala esperantza da: «merezi» behar den beste bizitzaren esperantza, edo bizitzarentzat berarentzat bizi ez direnen, baizik eta gainditzen, sublimatzen, zentzuz hornitzen, traizionatzen duen ideia batentzat bizi direnen engainua.

        Denak gauzak nahasten laguntzen du. Ez alferrik jokatu da orain arte hitzekin eta bizitzari zentzua ukatzeak derrigorrez bizitzak penarik merezi ez duela aldarrikatzera daramala sinisten dugunarena egin dugu. Benetan, ez dago bi eritzi hauen artean berdintasunik. Egin behar den bakarra nahasketak direla-ta bidetik ez baztertzea, ezta aipatzen ari garen bereizketa inkontsekuentziengatik ere. Dena baztertu eta benetako arazora joan behar. Bere burua hiltzen duenak bizitzeko pena merezi ez duela pentsatzen du: honatx dudaezinezko egia, elkorra baina, pellokeria bait da. Baina izaerari egiten diogun irain hau, hondoratzen dugun gezurtapen hau zentzurik ez izatetik al datorkigu? Hori azaldu behar dugu argi, hori ikertu eta ilustratu, beste guztia alde batetara utzita. Absurdoak heriotza inposatzen ote du? Beste ezer baino lehenago, pentsamendu-metodo eta gogo desinteresatuaren jokoetatik kanpo ikasi behar dena dugu. Nabardurak, kontraesanak, arazo guztietan zentzu objetiboak ezartzen dakien psikologia, ez dute pasio honetan lekurik. Ez da erraza. Ilogikoa izatea da erraza. Ia ezinezkoa amaieraino logikoa izatea. Beren eskua medio hiltzen direnak beren sentimenduaren maldan jarraitzen dute bukaeraraino. Suizidioazko gogoetak interesatzen zaidan arazo bakarra planteatzeko aukera ematen dit: Heriotzerainoko logika bat ote dago? Berotasun desordenaturik gabe, ebindetziaren argipean jatorria aipatzen dudan arrazoinamenduari jarraituz baizik ezin dezaket jakin. Arrazoinamendu absurdoa deitzen diot. Askok eman dio hasera, baina ez dakit oraindik lortu duenik.

        Karl Jaspersek, mundua unitate bihurtzeko ezintasuna aitortuz, esaten du: «Muga honek niregana narama, antzeztu besterik egiten ez dudan puntu objetiboaren atzetik ezkutatzen naizenera berera, ez ni neu ezta kanpoko esistentzia ere niretzat helburu bihur daitekeenera berera», beste askoren atzetik, pentsamendua bere mugetara iristen den leku bakarti eta urik gabeko horiek dakarzkit gogora. Beste askoren atzetik, bai dudarik gabe, baina zein presa horietatik aldegiteko!. Pentsamendua dudakor bihurtzen den azken bihurgune honetara gizon asko iritsi da, eta apalenetakoa; hauek orduan zuten ederrenari uko egin zioten, bizitzari alegia. Besteak, gogoan printzeak, uko egin dute, baina beren errebelioan pentsamenduaren suizidiora iritsi ziren. Benetako ahalegina, alderantziz, posible den heinean berari lotzean datza eta hurretik lurralde urrun horietako landaretza barrokoa ikustatzean. Gogortasun eta argitasuna ez gizako joko honetako, non absurdoak, esperantzak eta heriotzak beren erantzunak elkarraldatzen bait dituzte, ikusle pribilejiatuak dira. Zentzuak horrela dantza sinple eta hauskor honetako irudiak azter ditzake, berak biztz eta ilustratu baino lehen.

 

        (1) Egiaren balio errelatiboaren ikuspegitik. Gizon jokabidearen ikuspegitik, alderantziz, jakitun honen ahultasunak irribarrea sor dezake gugan.

        (2) Ez dezagun tenore hau saio honen errelatibitatea aipatzeke utzi. Suizidioa, kontsiderazio errespetagarriagoekin erlaziona daiteke. Adibidez: protestako suizidioak txinar iraultzan.

        (3) Peregrinosen imitatzaile bat, gerra ondorengo idazlea bere lehen liburua bukatu ondoren liburu honetaz oharrerazteko suizidatu zen. Jendea ohartu zen, baina liburua txarretsia izanik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.