L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Suizidioarekin bilerak

Demiurgo aziagoa

 

E.M. Cioran

 

euskaratzaileak:

Felipe Juaristi

Koldo Etxabe

 

        Argia izatera zuzentzen den arimarik badago, urria bestalde. Jagole, zaintzaile, betidaniko porroten aldarrikatzaile bihurtua. Hori da E.M. Cioranen kasua, ameslari desengainuaren poderioz: arima zelatari, desfaszinatuarengatik faszinatua. Cioran, Erbesteaz obsesionatutako erbesteratua, eszeptizismoaz betetako eszeptikoa, bere odolean Jainko hilen nostalgia eta Demiurgo Aziagoa nahasten dira.

 

Ez du nork berak bere buruaz beste egiten, alde batzutatik bederen den denetik kanpo ez badago Jatorrizko inapropiazioa da eta ezin daiteke konsziente izan. Bere burua hiltzera behartua sentitzen dena, kasualitatez soilik da mundu honetakoa; ez dio, azken finean, atxekitasunik inolako munduri.

 

Ez da inor aurretik suizidiorako gertu egoten, predestinatua baizik, jaurtiak gara hara edozein dezepzio edozein esperientzia baino lehen: bizipozak biziminak bezalatsu bultzatzen du, beharbada ere indartsuago da, amorfoa, gertagaitza izanik, adaptazio neketsuaren poderioa eskatzen bait du; biziminak errito baten segurtasun eta gogortasuna eskaintzen dituen legez.

 

Gau batzutan geroa ezabatzen dugu; eta gero horren instante guzietatik izateari uzteko aukeratuak dirau, besterik ez.

 

«Asperturik nago neu izateaz», norbaitek bere baitarik ihesi joan nahi duenean errepikatzen du; eta norbait horrek damurik gabe alde egiten duenean, ironiak horrela agindurik gizonari bere buruarekin topo egiteko parada eskaintzen dio, eta berriro norbera bere buruaren jabe egiten da. Alabeharrean, nondik ihes joan nahi den, berrerortzen da nork bere burua hiltzen duenean; suizidioa alabeharraren garaipena; honen festa besterik ez bait da.

 

Zenbat eta aurrerago nagoen egun batetik bestera irristatzeko paradak argalduagoak. Egia esan behar bada, beti horrela izan da: ez naiz zitekeenean bizi, kontzebiezinean baizik. Nire oroitzapenak zeruertz hondatuak ugaltzen ditu.

 

Hiltzeko tentazioa, borondatea baino, bizi da gure baitan. Zeren herioa maitatzea barneratua bait dugu, nor ez litzateke estraineko edozein nahigabeaz baliatuko? Beste enbarazorik agertzen da ordea; suizidatzeko gogoa sinesgaitza da gogo horretaz horniturik denarentzat, aurretikorik gabeko ekintzari ekin diola pentsatzen bait du eta horrek gogoa berotzen dio, eta denbora zoragarria galerazi.

 

Suizidioa bapateko ekintza, liberazio ezinarinagoa: biolentziazko nirvana da.

 

Labainari begiratzearen edertasuna eta bera erabiltzea zuri dagokizula jakiteak handinahikeriak helmuga duen subirotasun sentsazioa ematen dizu.

 

Geure burua akabatzeko gogoak harrapatzen gaituenean, espazioa, denbora eta eternitate beretik aparteko posibilitatea, irekidura burtzoragarria, herioaz harunzko hiltzeko nahia zabaltzen da gure aurrean.

 

Nork bere buruari berea eragitea, beraz, herioaren lehiakide izatea da, berak baino hobeki egin daitekeela frogatzea jokutria egitea eta, garaipen bazterrezina, beraren aurrean berriz nork bere burua goraipatzea. Lasaitzen gara, azkenak ez garela ohartzen, errespetatu apur bat merezi dugula. Geure buruari esaten diogu orain arteko edozein iniziatiba hartzeko ez gauza, geure buruari onespena emateko ez gaia ginela; orain dena ezberdina dela; geure burua deuseztatuz, geure burua arbuiatzeko arrazoi guziak bapatean suntsitzen ditugu, gugan berkonfidatzen dugu, sekula santarako zerbait bagara e.a.

 

Nire zeregina sufritzea denez, ez dut ulertzen zergatik ari naizen nire etorkizuna beste moduaz imajinatzen, are gutxiago zer dela-ta haserretzen naizen sentzasioen aurka. Zezen hori sufrimendua besterik ez bait da, hastapenetan bederen, eta amaieran. Erdian, noski, zerbait gehiago da: unibertsoa.

 

Gau bateko sumina, norberarekiko, elemenduekiko adierazpen beharra. Tipus-tapas, odola berotzen, dardarka jartzen da, jaikitzean, irteten gara, aldrebesteko, ados ez egoteko arrazoirik gabetuak gaudela, orain benetan doala errepikatzen diogu geure buruari. Kanpoan gaudenean, ordea, barealdi ohargaitza. Abiatzen gara egingo dugun zeinuaz jabeturik, geure buruari ezarri diogun misioaz sinisturik. Esultazio izpi batek sumina ordezkatzen digu, helmugara iritsi garela, geure autoritatearen poderioz etorkizuna minutu gutxi bihurtu dugula geure buruari esaten diogunean eta geure autoritatearen kariaz, istant guzien ezabaketa dekretatu dugula.

 

Ondoren hurkoaren ezak dakarkigun irudi lasaigarria irristatzen zaigu. Denak lotan daude. Nola utzi bakar-bakarrik egon daitekeeneko mundua? Ez gara azkena izan behar lukeen gau honetatik alde egiteko gauza, zer ezaba daitekeen ere ez da geure burutik pasatzen. Eta arazo egiten eta urperatzen duen egunaren kontra defendatu nahi genuke.

 

Posible balitz naturalezaz aldatzea, zernahi bihurtzea, tak aukeratuen parte izango ginateke. Predestinazioari eusten diogu itxuraldaketaren ezinean. Ahoskatu ahala, interrogazio eta harriduren estadioa gainditu dugun, kale itxiaren giltza aurkitu dugun sentsazioa dugu.

 

Heriotzari itxo egitea sufritzea, prozesuaren mailara eraistea, data, modu, dekoratua ere ez jakinak ditugun desenlazeari etsitzea da, artean ekintza absolutotik urrun. Suizidiorako irrika eta heriotz: sentipenaren artean ez dago amankomunean ezer Heriotz sentipenaz sentipen sakon, iraunkorra ber berez helburua, hori bezala galtzeko fatalitatea, autosuntsipen forma guziaren erdian dagoen ni-aren drama horren atzekalde komiko eta independientetik bereizezina ulertzen dugu. Heriotza ez da behar-beharrez liberazio gisa sentitzen; suizidioak beti liberatzen du, sumuma, salbazioaren paroxismoa da.

 

Gizabidetsua izateagatik, nork bere burua deuseztatzeko modua aukeratu behar luke. Doilorgarria da itzaltzea itzaltzen garen legez, jasanezina kontra ezer egin dezakegun amaierari begira egotea, zeinak aldatu, eraitsi, izendaezinean amiltzen gaituen. Iritsiko da beharbada berezko heriotza desakreditaturik egongo den eguna; eta katezismoak formula berriez aberastuko dira: «Emaizkiguzu, Jainkoa, bukatzeko mesede eta indarra, denboratik ezabatzeko grazia».

 

Suizidioaren aurkako, konspirazio milenarioa gizarteen erabateko betetasun eta esklereosiarengatik da. Unerik egoekienean geure burua suntsitzen, geure espektroarengana alaiki korri egiten ikasi behar dugu. Hartaratzen ausartzen ez garen bitartean, geure umilazioaren kargu egitekoak gara. Norberak arrazoia galdu duenean, okaztagarria da saiatzea. Baina, heriotza naturalaren dignitaterik eza da nonahi ikusi ahal duguna.

 

«Txikitan ezagutu mutila urte batzuren buruan berraurkitzean, lehen begiratuaz zernahi zorigabek jo duela ohartzen gara». (Leopardi) Irautea eta gutxiagotzea bera dira, eta izatea izanaren galera da. Behar izango litzatekeenean inor desagertzen ez denez, Irauten duenari errieta eman behar genioke, animatu eta behar izanez gero, berea egiten lagundu. Hortik aurrera, irautea erorpena onartzea besterik ez da.

 

Hala ere, nola egon ziur erorpenaz7 Ezin al daiteke akaso sintomei buruz tronpaturik egon? Akaso. erortzen garelako kontzientziak ez al garamatza dekadentziari buruzko nagusigora? Okerra saihesezina da, ez du horrek axolarik ordea, inor ez bait da garaiz hiltzen. Noraezean ibiltzen gara eta hondoratuz gero zaborra garela aitortzen dugu. Eta beranduegi da geure kasa naufragatzeko.

        Bere buruaren hiltzeaz pentsatzean gustora dago edonor. Ez gairik lasaigarriagorik: aipatzen dugunero hats hartzen hasten gara. Horretaz pentsatzeak ekintza bera libre egiten du.

 

Uneetatik kanpoago nagoenean, izaeratzen nau beraietatik aldegiteko ikusmirak, bizi direnen pareko egiten nau, ohoretasun moduko zerbait ematen dit. Ikusmira honek, zeina ezin bazter dezakedan, nire sentimendu guzietatik libratu nau, inoren kontrako ezer ez nuen, ase nintzen garaiok zeharkatzea posibilitatu dit. Horren laguntzarik gabe, ematen duen esperantzarik gabe, paradisua jasan daitekeen zigorrik gogorrena izango litzaidake. Zenbat aldiz esan ote dut nire kolkorako suizidioa gabe berehala suizidatuko nintzatekeela! Honek hartzen didan gogoak idolatratzen du suizidioa, mirakuluak eskatzen dizkio. Naufragatzeko zorian dagoen gizona naufragioaren zain bezala.

 

Jarraitzeko akabatzeko arrazoiak bezain bestekoak dira, ezberdintasun hau izan ezik: azkenak zahar eta sendoagoak direla, besteak baino pisuagoak gure jatorrian nahasten bait dira, lehenak, aldiz, esperientziaren fruitu, berriagoak berez, zehazkabe eta premiatsugoak dira.

 

«Neure burua hiltzeko adorerik ez dut», esaten duenak berak geroxeago koldarkeriatzat joko du bipilenak ere atzera egiten duen balentria. Nork berearekin bukatu du, errepikatu ohi dute, ahuleziaz, lotsa eta minari buru ez egitearren. Ahulek, beraiek bereziki, ihes egiten ez saiatuz, ez dute ikusten beraienetara ohitzen direla eta hemendik alde egiteko sendotasuna behar dela. Benetan, errezago da hiltzea gizona bezain zaharra edo erlijioa den adinak, baino gorenarentzat berau hain itxia, aurriritzia gainditzea baino. Elizak txikizioa egiten zuelarik, alienatua bakarrik zuen aldeko, honetaz beste inork ez zuen haren ideien kontra iharduterik; honen gorpua ez zen profanatua ez urkatua. Estoizismo zahar eta gaurregungo «libre pentsakera»ren artean, adibidez Seneca eta Humeren artean, suizidioak, kataroen intermedioa barne, elipse luzea jasaten du aro iluna inondik ere, beren burua hil nahi, eta nork ber burua hiltzeko debekua haustera ausartzen ez zirenentzat.

 

Unibertsoa gaineztatzen duten izuak sustantzia horrexen parte dira; berauek gabe, fisikoki existitzeari utziko ziokean. Haien azken ondorioak ateratzea ez da suizidio, galanburutzea. Ezerezetik, itxuraz zerarik gabe, «arrazoi gabe» sortzen denak, suizidio netoak merezi du egiteko hori, bera da —maiuskula guziei desafio eginez— Jainkoa, honen ardura, Destinoa umilatzen, zapaltzen dituena.

 

Pentsatu ohi denaren kontra, inork ez du bere buruaz beste erokeria une batetan egiten, argitasun-izpi batetan baizik, nork berak nahi izanez gero erotasun bihur daitekeen paroxismo batetan, zeren gehiegizko argitasunak, mugaraino eramana eta kosta ahala nork berak zokoratu nahi lukeenak arrazoiaren koadroa gainditzen bait du. Erabakiaren une gailurrak ez du, hala ere, tentelkeriarik aldarrikatzen: tentelek ez dute beren burua ia inoiz hiltzen; baina, nork berak bere burua hil dezake tentelkeria somatzen duenean; horren beldurrez. Ezereztu aitzinean ahalmen eta fakultate guziak biltzen dituen, baitaratzen den arimaren azken larrialdiarekin berdintzen da ekintza bera. Azken hondamendiaren atean norbera konturatzen da dena galdurik ez dagoela. Eta galtzen bada, medio guzien jabe instantaneoa izanik.

 

Hotzean elkar hiltzeko artea ahantzi zaigu. Aitzinekoak horretan nabarmendu ziren azkenak izan ziren. Guk suizidio apasionatu, fabrila, estadu inspiratu gisako suizidioaz besterik ez dugu ezagutzen; desatxikimenduari gagozkiola, dardartiek gisa pentsatzen dugu. Gurutze aurreko jakitun haiek bazekiten mundu honekin hausten, edo bertara egiten drama eta lirismorik gabe. Estilo hori galdu dugu, baita beraien aldagaiztasunaren oinarria ere. Jainkoaren ardura kentzailea etorri zitzaigun Fatum-a leku guzietatik bidaltzeko. Eta berraurkitzekotan, sostengailua, makulua aurkitzekotan kurri egiten dugu, beste inork lagundu ezin gaituenean, ezta seduzitu ere.

 

Ezer nahia baino sakon eta ulerezinago. Ezereztatzeaz desesperatzen garenean bizi garelako sentimendua dugu.

 

Geure burua ezabatu ala ez, denak aldatu gabe irauten du, baina inoiz erabakirik garrantzitsurik hartu bada, berau nork bere burua ezabatzea izan da. Hala eta guziz ere horrela da, eta ez du ezerk zereginik aberrazio edo misterio horren aurka.

 

Absolutoaren irrikaz egon behar suizidioari aurre egiteko. Edo denaz dudatuz ere egin likioke aurre. Uler daiteke: Absolutoa zenbat eta gehiago bilatu, gehiago ez ukitzeko etsipenez edo, murgiltzen da bilatzailea duda-mudatan, bilatzearen bestaldea, enpresa handiaren, izugarrizko zaletasunaren ondorioa dela. Absoluloa jazarkundea da; duda atzerapena. Atzerapen honek, alderantzizko jazarkundeak, norberak gelditzen ez dakienean, prozesu razional batentzako mutur harrezinekoekin topo egiten du. Haseran prozedura besterik ez dena honatx bertigo bihurturik, bere buruaz haruntz doan edonor bezala. Mugen aldera aurrera edo atzera egitea, edozeren azpia ikertzea, ezinbestean autosuntsiduraren tentazioan erortzea da.

 

Sekula santan bere burua hiltzea otu ez zaiona horretara agudago joango da etengabe pentsatzen duena baino. Ekintza guzia kruziala denez, errazago da irreflesioz betetzea azterketaz baino. Suizidioaz makulagabeko adimenduak horretara bultzatua denez gero, ez du defentsarik izango, itsu eta astindurik sentituko da, lehen sikira ere pentsatu ez... zuela; besteak bizkitartean betiro pentsatzen duen zeinua, nora hartaratuko bait da eta sakonki ezagutzen duena, atzera dezake, inoiz hori erabakiz gero.

 

Mediterraneoko irlatxo honetan, eguna argitu baino askoz lehenago amildegirik latzerainoko bidean, esnesaltzailearen gogoetak: horrelako landetxearen jabe izango naiz, okrez pintatuko dut, beste hesia jarriko diot eta b. Nire ideia gora behera edozein aitzakiri lotzen nintzaion: pistak begiztatzen nituen, alferkeriatan galtzen nintzen, nire asmoa betetzeko presari luzapenez egiten nion muzin. Zakur bat hasi zen zaunkaka, hamaika kilimusi egin ondoren, atzetik etorri zaitzaidan. Pentsaezina da, sentitu ez duenarentzat, jainkoek bizkar eman badizuete horrelako animaliak ematen dizun lasaitasuna.

 

Ezer ez dela, gauzak itxura estatusa sikira ere merezi ez dutela ulertzen bada, ez da inor salbazioaren behartsu, salbatua da eta betirako dohakabea.

 

Bere bizitzako arratsalderik garrantzitsuena deitzen dio Juan Pablok une hartatik hogeitamar urtetara edo hurrengo egunean hiltzearen artean ezberdintasunik ez zegoela aurkitu zuenari. Agerkunde kapitala nola inutila; noizean behin horren sendotasuna hartzen bada, haatik, ondorioak higuingarriak dira, inmediatoan ezberdintasuna gaindizeina.

 

Alperrik ari naiz ezer ez naizelaka; neure buruak sinistu nahi du. Zerbaitek, nire baitan, atzera botatzen du egia, zeinaz ziur naizen; eta nire juridiziotik nola kontrolpetik ihes egiten didanak neure buruaren jabe bete-betean izan ez nadin egiten du. Horrela, inporta zaidan keinu bakarraren aldeko eta kontrakoak hausnartzen, bizirik dagoelako kontzientzia txarra hartzen da.

 

Suizidatzeko obsesioa ez bizi ez hil ahal duenarena da, eta honen aditasuna ez da inoiz ezintasun bikoitz honetatik bereizten.

 

Aktuatzen dudan bitartean, egiten dudanak zentzurik baduela uste dut, bestela ezin nezakeen egin. Aktuatzeari uzten diodanean, eta epaile izatetik agente bihurtzen naizenean, ez dut kuestioko zentzu hori aurkitzen. Nire ariketei jarraitzen dien «Ni» horren ondoan, bestea dago (Ni-ren Ni), zeina nagusiago bait da: harentzat egiten dudanak, naizena ere barne dela, ez du ez errealitate ez inplikaziorik suposatzen: ekintza urrunez ari bagina bezalakoxea da, beti gaindituak, eta haien arrazoi itxurazkoak zehazten ditugu beraien behar intrinsekoa hartu gabe. Ikuspegi honexek, existentzia-multzoari aplikatuz pero, zuzen-zuzenean jaio izatearen estrabagantziari buruzko gogoetara garamatza.

 

Halaber, geure buruari galdetuko bagenio edozein keinuz urte bat, hamar, ehun edo mila urtetara zer izango den, ezina izango litzateke burutzea, baita zirriborratzea ere. Ekintza guziak ikuspegi mugatua du, hiltzeak izan ezik, ikusmira zabal batetik bait dator, beste edozein ekintza bano eta eginezin bihurtzen dituenak. Horren ondoan, dena futilidade eta barregarria da. Bera da irtenbidea, amildegia, amildegi liberatzaileaz ari naiz, proposatzen duena.

 

Zerbaitez, hemen nahiz edonon zeredozertaz jabedun izatea, oraindik kateak daramatzagulako seinale da. Kondenatuak paradisua irrikatzen du; aspirazio honek gainditzen, konprometitzen du. Sariaren ideia behin betirako baztertzea, ez Jainko ez gizonengandik deus ere ez espero izatea, mundu honi zein balizko edozein munduri, salbazioari berari uko egitea, ideia honekin, kateen artean katea, apurtzea da libre egiten duena.

 

Kontserbazio instintoa —burugogorkeria ez besterik— konbatitua izan behar du eta bere estragoak salatuak. Suizidioa goraipatuz, beraren ona azpimarratuz, denentzat pozgarri eta eskurakoia egiten bada, hobeki lortu ahal izango dugu hau. Ekintza batere negatiboa; bera da, alderantziz, aurreko ekintza guziak salbatu eta transfiguratzen dituena.

 

Gaizkiulertuetako adieraezin bategatik izan da izaera sagratua kontsideratua; ez da hori, alderantziz beharbada, beretik ihes egiteko lanean aritzeak baino gehiago ez du balio. Kasurik hoberenean akzidentea da ezari-ezarian fatalitate bihurtzen dena. Berari buruz zer den egitekoa jakiten denean, berari lotzeagatik lotsatzen da eta hala ere, norbera seriotan hartzeko ohartuenak ere konprometitzen dituen prozesu luze eta ez sentikor batez atxikitzen zaio. Prozesu alderantzizkoa jatorrizko egoerara eraman hastapenetako ezdeuskeria bihurtu beharko litzateke. Mirariaren hurrengo indarra beharko hori lortzeko egingo lukeenak esklabu izateari utziko lioke; bere egunen jabe, hauen jarraipenei muga jarriko lieke noiznahi; bere kasa esistituko zuen; abiapuntu, benetako estatutoa lortuko zuen izan ere: accidenterena hain zuzen.

 

Mundu hau ohorezko Jainkoaren fruitua izango balitz, suizidioa ausartia, izenik ez duen probokazioa izango litzateke, baina infra-Jainkoaren obra dela pentsatzeko arrazoi guziak daudenez gero, ez dakigu zer dela-ta arduratu behar den? Norentzat erreparoak?

 

Fedea desagertuz gero, suizidioa geroz errazago izango litzateke eta horregatik, misterio gabegoa, anatema fama galdurik izango luke-ta. Aintzinean mingarri eta laudorigarria bazen ere, orain ohituren parte izango da, eta aurrerago eta arraroago izango bada ere, etorkizunean ziurra izango da. Erlijio-munduan gaitz eta tradizio gisa agertzen da, gaiztokeria natoaren antzu. Nola elkartu sinismena eta nork berek bere burua hiltzekoarekin? Horregatik infra-Jainkoaren hipotesia. Honek sekulako zeinuak, mundu gaiso honi irabaztea posible egiten du.

 

Imajina dezakegu sortzailea, bere okerraren jabe, errudun dela aitortuz: erretiratzen da eta justizia egiten du. Bere ekintzarekin desagertzen da, gizonak horretan parte hartu gabe. Judizio Finalaren bertsio hobeagotua izango litzateke.

 

Suizidak giza-helmuga urrunak prefiguratzen dituzte, aldarrikatzen dituzte, eta aldarrikatzaile gisa errespetu zor diegu; iritsiko zaie beren txanda; omen egingo zaie publikoki eta beraiek bakarrik, aintzinean, dena somatu eta nabaritu zutela esango da. Aurrea hartu zutela eta bidearen erakusle martirak izan zirela aitortuko da; ez al ziren bada suizidatu horren beharrik inork ez zuenean, eta heriotza naturala gorenean zegoenean? Besteek baino aurrerago jakin zuten ezina guzion patrimonioa izango zela, maldizioa eta pribilejioaren ordez.

 

Aintzindari deituko zaie; eta egiaz izan ziren, okerraren subirotasunaren pean Kreazioa salatu zutenak bezala: kristautasunaren haseran manikeoak eta bereziki, haien jarraitzaile berantiarrak, kataroak. Miresgarria sekta hau jende xehearengan letratuengan baino hedatuago zegoela jakitea. Horretaz konbentzitzeko Bernard Guiren «Inkisidorearen liburua» edo heretikoen ekintza eta ideei buruzko edozein informea irakurtzea nahikoa da.

 

Ameslari hauek —sektarioak baino— beren berotasunean hain desengainatuak, gure ekintza guzien atzetik deabrua ikusten zutenak bazekiten, beharra izanez gero, gosez hiltzen eta balentria honek, ohizko bestalde beraien artean, dotrinaren gailurra seinalatzen zuen.

 

Sexualitatearen «aprobetxuzko aldea», prokreatzearekiko beldurra, Kreazioaren inpugnazioaren parte dira: Zertarako mustroak ugaldu? Irabazi izan balute, beren dotrinari fidelak izan balekizkiote, kataroek suizidio kolektiboan bukatuko zuketen. Garaipen hori ez zen posible: aurreratuak izan arren, pentsaerak ez zeuden helduak. Gaurregun ere urrun daude izatetik eta luze egon beharko gizarteak kataroen beste egin baino lehen. Noizpait gerta dadin suposatuz.

 

Bogomiloen kontrako 1.211ko kontzilioan, Emakumeak Satanen laguntzaz sabeleko fruitua sortzen zuela eta Satan semea jaio arte hantxe geratzen zela defendatzen bait zuten, anatemizatuak izan ziren.

 

Ez dut uste deabruak guganako interes handirik duenik, gurekin hilabeteetan egoteko bederen.

 

Zergatik ez dudan neure burua hiltzen, zerk eragozten didan zehazki jakingo banu, ez nuke galderarik edukiko, denak erantzunda egongo bait lirateke.

 

Gehiago ez samintzeko desinteres sakon batetara irristatu behar dugu, mundu honetaz edo besteaz ez preokupatu, hilen «ezer ez zait axola»n erori. Nola begiratu bizidun bati gorpua dela imajinatu gabe? Nola begiratu gorpuari haren lekuan jarri gabe? Izanak adimena gainditzen du, izanak beldurtzen gaitu.

 

Oso ona dena ez da bere burua hiltzera ausartuko. Balentriak krudeltasun-hondo edo hondakinak behar ditu. Bere buruaz beste egiten duenak erail lezake: suizidioa eta asesinatoa familia berekoak dira. Baina suizidioa errefinatuagoa da, norberarenganako krudeltasuna arraroagoa, konplexuagoa, norberaren barruak zapuztua izatearen hordialdia gaineratzen zaiola.

 

Onak eragindako instintuetako gizonak ez du bere destinoan parte hartzen, ez du besterik sortu nahi ere; berearekin nahiko du eta jarraitzen du, exasperazio, harrokeria, gaiztokeriaz, norberaren suntsidura erreztatzen eta hartaratzen konbidatzen dutenez landa. Amaieratzeko gogoak ez dio azaletik ere ukitzen, hain apala denez. Eritasunaren hurreko apaltasuna behar da norberaren eskuaz beste moduaz hiltzea onartzeko.

 

Geroa, amildegi hori, hain beldurgarria da, ezen horren beraren ideia ere desagertzen ikustea gustatuko bait litzaidake. Zeren bera bait da, azken finean, gogogabatzen eta oraina gozatzea galerazten didana, estaltzen duen amildegira irristatzea baino. Nire arimak jauzi egiten du datorrenaren aurrean, etorri behar duenaren aurrean. Ez da nire zain dagoenak, itxoiteak bera, hurbiltasunak izutzen eta hortzikatzen nauena baizik. Bake itxura eskuratzeko biharrik gabeko denborari atxiki behar diot, bururik gabeko denborari.

 

Nostaljia ez da zahartze goiztiarraren seinale izango? hau horrela bada ni jaiotzez zaharra naiz.

 

Norberarekin geratzeko desioa hain indartsua denean, norberaren buruari tiroa emanez inorrekin hitzegin baino nahigo denean, une horiek dira kontatzen duten bakarrak.

 

Erdizka errenuntziatu duenarentzat zaila da gainontzekoa egitea. Existentzia pisutsua zaio, dudarik gabe, baina existitzeko sorpresa ez da ahitu berarengan. Hemendik datozkio zalantzak eta erdibidean geratu delako damua, aspalditik barrundatuko asmoa aurrera eramateko esperantzarik gabeturik. Errenuntziatzeagatik frakasatua.

 

Sufrimenduei esker gure pentsamenduak indartzen dira eta ez dira nimiñokeria bihurtzen; sufrimenduengatik inoiz errealitatea ez dagoela aldarrikatzen dugu, beraiek ere errealak ez dira-ta. Gisa honetan defentsarako estratagema aditzera ematen digute. Irrealak izendatzean irabazten diegu. Jasangarriak izango balira, zergatik desenmaskaratu eta gutxiagotu? Onartzea besterik tokatzen ez zaigunez, amezkaitzetan, apetetan, horrela jokatzea da erosoena.

 

Ondo pentsatuz, hobe ezer ez badago. Zerbait balego, beraren jabe ez izateko desesperantzan biziko ginateke. Ezer ez dagoenez, instante guziak ezinhobeak eta nuloak dira, eta berdin zaigu beraiez gozatu ala ez.

 

Norbait suizidio-bidetik baztertzeko modurik bakarra bertara bultzatzea da. Ez dizu zure ekintza barkatuko, projektua bertan behara utzi edo atzeratuko du eta zu etsai, traidorea izango zara berarentzat. Haren onbeharrez jokatzen zenuelakotan, bere salbatzekotan bazeunden, zure eskaintzan ez du areriotasuna eta mesprezioa baizik ikusiko; arraroa badirudi ere, zure onespen, zure laguntzaren eske izan zen. Zer nahi zuen? Ez al zara engainatu haren dudaren kausaz? Zein okerra zugana jotzea! Horrelako bakardadean, txokante izan behar zekiokeena Jainkoaz beste inorekin entenditzeko ezina da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.