L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Suizidioaz

 

David Hume

 

euskaratzailea:
Felipe Juaristi

 

        Hume pentsalari bizia da gaurregun, Spinoza adibidez ez den zentzuan. XVII eta XVIII mendeko enpirismoa garatu da noski eta horrekin batera enpirista klasikoak mintzatzen ziren hizkuntza, Enpirismoak hizkuntza handia eduki du gaurko pentsamenduan. Eta enpirismoaz hitzegitean, derrigorrezkoa Hume aipatzea.

 

        Filosofiaren abantailarik handienetakoa superstizio eta erlijio faltsuaren aurka dakarren antidotoan datza. Gaitz kaltegarri honen aurrean beste sendagai guztiak bano edo ez ziurrak dira. Sen ona eta jendearen usadioa, bizitzako asmorik gehienetan balio duten bakarrak, hemen indargabe aurkitzen dira. Historiak eguneroko esperientziak bezain ongi dakarzkigu bataren edo bestearen adibideak, bizi osorako superstiziorik zirtzilenpean makurtu direnenak mundu honetarako arazo eta lanetarako dohairik aipagarrienen jabetzaren gora behera. Baltsamu gisako poz eta jatortasunak ere ez dute pozoin horren aurka sendagarririk, sexu ederrean ikus dezakegun arabera; beronetakoak naturaren erregalirik ederrenez horniturik, beren bitxiak atzerriko ez garaiko horren kariaz hondatuak dira. Filosofia sanoa gogoaren jabe egin denetik, superstizioari lepokoa jarri ahal izan da; eta beldurrik gabe baiezta daiteke etsai honen aurkako nagusigoa beste bizio eta naturazkoen akats aurkakoena baino sendoago eta osoagoa dela. Maitasuna eta sumina, antsia eta zikoizkeriak ia inoiz arrazoi onak zuzen ez ditzakeen disposizio eta karakterrean dituzte sustraiak; baina superstizioak, eritzi faltsuan oinarritzen dena, desagertu, behar du, goi mailako buruan sentimendu justuagoak benetako filosofiak inspiratzen dituen heinean. Gaitza eta sendagarriaren arteko borroka antzekoa da, eta ezerk ez diezaioke azken honi bere efikazia erakutsi, ongi erabiltzen bada.

        Alferrekoa izango litzateke filosofiaren meritoak aipatzea, giza gogoaren norabide gaiztoak erakustean. Gizon superstiziosoa dio Ciceronek (a), zorigabea da bizitzako nonahi eta noiznahi; logurak ere, hilkor gizarajoen beste arazo guztien estaleak, ikara berrientzako gaia ekartzen dio, gizonak bere ametsei galdetzen dienean eta bere ikusketa gauezkoetan geroko maluren presajioa aurkitzen duenean. Nik neuk erants dezaket, nahiz eta beraren miseriari mugak jarri heriotzak, gordeleku horretara hegaldatzera ez da ausartzen; baina bizitza mixerablea luzatzen du, Kreatzailea iraintzeko beldur banoaz jabeturik, Izaki Jagoleonek eman dion boterea erabiliaz. Etsai krudel honek Jainko eta naturaren erregaliak bahitzen dizkizue eta nahiz eta pauso bakarrak sufrimendu eta zorigabearen eremuetatik bidal gaitzakeen, beraren mehatxuek kateatzen gaituzte bizitze inozora, berak mixerable bihurtzen laguntzen dionera.

        Bizitzako malurez azken erremedio hau erabiltzeko behartuak izan diren hauek proposatu zuten heriotzatik lagunen ardurak apartatzen dituela ikusten badute, ez dira saiatzen beste medioren bat bilatzen eta beren erabakia aurrera eramateko adorez berriz betetzeko beldur dira. Hain heriotzaren beldur gara, gure irudimenean kokatzen ez den forman agertzen ez denean, ze izu berriez inguratu eta gure adoreari irabazten bait dio; ez da harritzekoa, superstizioaren mehatxuak ikara natural honekin biltzen direnean, gizonak beren buruenganako botererik gabe aurkitzea, zeren plazer eta alaitasuna, zeinetara bizian bultzatuak bait gara, sarritan tirano anker honek bahituak bait dira. Saia gaitezen gizonei beren jatorrizko libertatea itzultzen, suizidioari kontrajarri ohi diren argudioak aztertuz eta erakutsiz ekintza hau errugabe eta laudogarritzat har daitekeela, aintzinako filosofoek pentsatzen zuten bezala.

        Suizidioa kriminala bada, Jainkoarenganako edo besteenganako edo gure buruarenganako betebeharraren hausdura izan behar du. Ondorengo kontsiderazioak nahikoak izango dira beharbada suizidioa jainkoarenganako betebeharraren hausdura ez dela frogatzeko. Mundu materiala gobernatzeko, Kreatzaile Guztizahaldunak lege orokor aldaezinak ezarri ditu, gorputz guztiak, planeta handienetatik hasi eta materia zatirik txikiena ere, beren esfera eta zeregin propioetan mantenduz. Animalia mundua gobernatzeko, kreatura bizidunak gorputz eta arima fakultatez, hala nola zentzu, pasio, apetitoak, oroimen eta judizioa, zeinek dagokien asistentzian zuzentzen bait dituzte, hornitu ditu. Animalia mundu eta materia munduaren bi oinarri ezberdin hauek etengabe elkarri oztopo egin edo beren zereginetan laguntza ematen diote. Inguruetako izakien kualitate eta naturalezak gizona eta edozein animaliaren ahalmenak mugatu eta norabidetzen dituzte; eta izaki hauen ekintzak betiro aldatuz doaz animalia guztien eraginez. Ibaiek gizonaren martxa oztopatzen dute lur gainean; eta ibai berberok, ondo zuzendurik, beren indarrez makinak mugitzen dituzte. Nahiz eta animalia eta materia indarren berezko ekintza eremuak oso bereizturik eduki ezin daitezkeen ez dago istilurik ez desordenik kreazioan; aitzitik, nahasketa, batuketa eta arimagabeko zein bizidunen gorputz guztien indarren kontrasteak sinpatia, armonia hau, proportzio hauek lortzen dituzte eta ondorioek Goren Zuhurtziaren aldeko argudiorik seguruena ekartzen dute. Jainko probidentzia ez da agertzen operazio bakoitzean, baina den dena gobernatzen du lege orokor eta aldaezinaz, denboren hastapenetan ezarriak izan zirela. Zentzu batetan edozein gertaera Guztizahaldunaren kariaz dela eta bere kreaturei emandako indarrez datorrela baietz daiteke. Jainko probidentziaren ardura bera da etxea bera pisuarengatik erortzen bada nola gizonak suntsitua bada; eta giza fakultateak Jainkoaren lana dira mugimendu eta grabitazio legeak bezala. Pasioen jokoa, judizioaren arretak, gorputz atalen obedientzia, hau dena bere operazioaren ondorioa da; horrela, bai printzipio animatu nola animatugabean gainean berak unibertsoaren gobernua ezarri duela. Gertaera bakoitzak ber balioa du izaki infinito honen aurrean, zeinak begiratu soil batez bata bestetik urrundutako lurraldeak eta denboran galtzen diren aroak elkartzen bait ditu. Ez dago gertaerarik, guretzat inportantea denik, unibertsoko lege orokorrei ihes egiten dienik. Estatu eta Enperadorego iraulketa gizonen apetarik txikienaren, grinaren menpean dago; eta giza bizitza bere elikadura eta eguratseari gertatzen den aldaketarik txikienarengatik moztua edo luzatua da, baita ekaitz edo eguzki joaldiarengatik ere. Naturak egunero bere bide eta operazioei segitzen die; eta lege orokorrak inoiz Jainkoaren borondate partikularrek hautsiak badira, giza ikusmenetik urruntzen den moduaz da. Kreazioko elemento eta zati arimagabeak gizonen interesari eta beronen egoera partikularrari jaramonik egin gabe irauten saiatzen diren bezala, gizonak, materiaren aurkako lehian, beren erabaki, zentzuei lotuak dira eta dituzten fakultate, ahalmen guztiez balia daitezke plazera, zoriona eta iraupena lortzearren. Absurdoan erori gabe sufrimendu eta zorigabez betetako gizona, bizitzaz asperturik, heriotzaren terrore natural guztiei bipilki irabazten diena eta eszena krudel honetatik ihes egiten duena, nik diot. Kreatzailearen haserrebide dela baiezta al dezakegu? Jainko Probidentzia eremuan baimenik gabe sartu eta Unibertsoaren ordena aldatu duelako? Guztizahalduna modu partikular batez giza bizitzaz erabakitzeko eta besteak bezala gertakari hau Unibertsoa gobernatzen duten legeen indarrean ezartzeko erreserbatzen dela esango al genuke? Faltsoa da hau agirian: giza bizitza beste animalien bizitza bezala lege beren menpean dago, materia eta mugimendu legeen menpean. Dorre batetik erortzeak edo pozoin edateak gizona nola kreaturarik ezdeusena akatuko du; uholdeak aurrean harrapatzen duen guztia eramaten berarekin. Izan ere, erabakitzen duen gizona gaizkilea dela baiezta dezakegu, guztiz gaizkilea lege hauen gainetik pasa eta beraien zeregina eten egiten duelako. Baina honek absurdoa dirudi: animalia guztiek beren zuhurtasunaz, abileziaz konfidatu behar dute, munduan ibili ahal izateko; eta berek autoritate osoa dute, beren ahalaren arabera, naturaren operazio guztiak ezabatzeko. Autoritate eginkizun hau gabe ez lukete istant bat ere iraungo. Giza ekintza, mugimendu guztiek materiaren zenbait zatiren artean orden berria ezartzen dute eta beren bidetik desbideratzen ditu mugimendu lege orokorrak. Konklusio hauek bilduz gero esan dezakegu giza bizitza mugimendu eta materia legepean dagoela eta probidentziaren nagusigoari trabarik egiten ez diola, lege orokor hauek hautsi eta aldatzen baditu; nork berak ez al du ba bere bizitzaz arduratzeko libertatea? Eta naturak eman dion botere honetaz ez al daiteke baliatu? Konklusio argi han suntsitzeko, kasu partikular hau salbuespen bihur dezan arrazoinamendua eman behar dugu. Giza bizitzak berariaz hainbeste garrantzia du, beraz jabe izatea giza jakinduriaren aldetiko presuntzioa al da? Baina, Unibertsoarekiko giza bizitzak ez du ostra batek baino garrantziago eta inoiz bere garrantzia handia bada, giza izaeraren ordenak gure jakinduriari sometitu du eta betiro berari atxikitzeko behartzen gaitu. Bai, Guztizahaldunaren dominio partikular gisa, giza bizitzaz erabakitzeko boterea puntu honetan gizonek beren izaeraz erabakitzean Jainko Zuzenari oztopo egitean zetzan. Kasu horretan hain kriminala izango litzateke bizitza gordetzearen alde nola suntsitzearen alde lan egitea. Harri bat buruan eror ez dakidan alde batetara egiten badut, naturaren ibilbidea ixten dut, Guztizahaldunaren dominio partikularrean sartzen naiz, materia eta mugimendu legeez nire bizitzari zegokion baino gehiago luzatzeagatik.

        Zaldia, eulia, intsektoa hain bizitza garrantzidun izakia hiltzeko gauza dira. Ez al litzateke absurdo izango giza jakinduriak hain kausa ezdeusei loturik dagoenaz erabakitzeko eskubidea duela pentsatzea? Ez al litzateke krimena izango nik neuk, horretarako kapaz banintz, Nilo edo Danubio beren bidetik desbideratuko banitu. Zein krimen daiteke odol tantoak beren kanale naturaletik desbideratzea? Probidentziaren aurka marmarka nagoela edo nire sorrera madarikatzen dudala eta nire burua hilko dudala pentsatzen al duzue eta zorigabe egingo nindukeen egoera mingarri bati fina jartzen diodalako? Nigandik urrun horrelako sentimenduak! Zuek ere posibletzat hartuko duzuen ekintza batez nago ziur, zera, giza-bizitza zorigabea izan daitekeela eta kinka horretan luzatzea ez litzatekeela desiragarria izango. Hala ere probidentziari eske izan diot gozatu naizen ondasunengatik eta mehatxatzen ninduten gaitzei ihes egiteko eman didan ahalarengatik (b). Zuei ba, halako ahalik ez duzuela, eta bizitza gorrotatua, gaitz eta eritasunaz, oprobio eta pobreziaz mukurru badago ere luzatu behar duzuela imajinatzen duzuenoi dagokizue probidentziaren aurka marmarka ibiltzea. Ez al duzue ba zuek erakusten zorigaizto batek jotzen nauenean, nire etsaien ezinikusiagatik izan arren, probidentziari amore eman behar diodala eta giza ekintzak Guztizahaldunaren operazioak direla, bizigabeko izakienak bezala? Neure burua neure ezpataz hiltzean, kausa lehoia, amildegia, sukarra balira bezala, Jainkoaren eskuetatik hartzen dut heriotza. Probidentziari sometitzeak, kolpatzen nauen edozein gaitzengatik eskatzen duzuena, ez du kanpoan uzten habilezia edo giza artea, alabeharrez zorigaizto hori kitatu edo berari ihes egin ahal badiot. Eta zergatik ezin dut nik bata edo bestea erremedio gisa erabili? Neure bizitza ez badagokit, kriminala izango litzateke arriskuan jarri eta beraz erabakitzea; eta ezein gizonek, gloriak edo laguntasunak perilik handienean bihotzean jartzen dutenak, ez luke heroe titulua mereziko, motibo antzeko eta bezalatsuengatik bere egunei helmuga jartzen dien beste batek gaizto edo inpio destaina merezi badute. Inork ez du Kreatzailearengadikoez beste botere edo ahalmenik, eta ezin du bere ekintzengatik, hausten badute ere, probidentziaren plana aldatu edo Unibertsoa aztoratu. Operazioak Jainko ekintzak dira, oztopatzen duten ekintzen katea bezala. Eta konklusio gisa esan dezakegu hau eramaten duen printzipioa, zer nahi den, berariaz Jainkotzaren faborerik handiena duena dela. Bizidun ala bigabea, razional ala irrazionala izatea berdina da; beren ahala Kreatzailearengandik sortua da eta igual igual dago egokiturik haren probidentziaren ordenean. Sufrimenduaren horroreak gizona bizinahiaren gainetik daramanean, nahitazko ekintza batek kausa itsuen ondorioei aurre hartzen dienean, Kreatzaileak bere kreaturengan sartu dituen botere eta hastapenen ondorioz da soilik. Jainko probidentzia batibat geratzen da eta edozein giza oztopoz haruntzago. Inpioa da, erromatar superstizio zaharrak dio, ibaiak beren ibilbidetik desbideratzea edo naturaren prerrogatibetan sartzea (c). Inpioa da, frantses superstizioak dio, nafarreriaren aurka txertatzea edo norberaren naturaren zeregina hartzea, nahita gaitz eta eritasunak sorteraziz. Inpioa da, dio europear superstizioak, norberaren bizitzati helmugak jarri eta horregatik Kreatzailearen kontra matxinatzea eta nik diot zergatik ez da inpioa etxeak eraikitzea, lurra landatzea eta itsasoan barne nabigatzea? Ekintza guzti hauetan gure gorputzeko eta intelektoko ahalmenak erabiltzen ditugu naturaren ibilbidean zerbait berririk egiteko; eta inon ez dugu besterik egiten. Denak dira era berean errudun edo errugabeak. Baina probidentziak zaindari egin zaitu, postu partikular batetan; eta manaturik gabe desertatzen duzunean, zu zure Soberano Guztizahaldunaren kontra matxinatzeagatik errudun zara; eta harentzako haserrebide bihurtzen zara. Galdetzen dut: zergatik erabakitzen duzue probidentziak postu horretan jarri nauela? Ni, neu, nire sorrera kausa pilo batengatik egin delakoan nago eta horietako batzuk nahitako giza ekintzen ondoren. Baina probidentziak gauza guzti horiek zuzendu ditu eta ez dago deus heren desio eta baimenik gabe datorrenik. Hau horrela bada, nire heriotza ere, nahiz eta nahita izan, ez da haren baimenik gabe gertatzen; eta sufrimendu eta penak nire erresistentziari erasotzen diotenean, bizitzeaz aspertu arte, ondoren konklusio gisa uler dezaket garbi eta zehazki nire postutik erretiratua izan naizela. Probidentziak jarri nau seguruaski gela honetan; alabaina ezin dut utzi, nahi izanez gero, nire postua uzteagatik desertoretzat har ez nazaten. Hiltzen naizenean, ni osatu nauten printzipioak beren papera beteko dute Unibertsoan, eta han ere onuragarriak izango dira, osatzen duten kreatura honetan diren legez. Osoarekiko ezberdintasuna ez litzateke handiago izango gelan egon beharrean airean banengo. Aldaketa batek niretzat besteak baino garrantzia handiago du, baina ez da horrenbestekoa Unibertsoarentzat.

        Blasfemia da izakiak naturaren ordena alda eta probidentziaren arazoak desbidera ditzakeela pentsatzea. Honek suposarazten du izakiak Kreatzailearengandik jaso ez dituen eta haren aginte eta gobernuari makurturik ez dauden ahalmen eta fakultatez horniturik dagoela. Gizon batek gizartea nahas dezake eta horregatik Guztizahaldunarentzat gogaigarri izan; baina munduaren gobernua gizonaren eragin eta biolentziatik haruntzago dago. Eta nola pentsa dezakegu Guztizahalduna gizartea nahasten duten ekintza hauekin haserre dagoela? Giza gogoan ezarri dituen printzipioengatik, damu sentimendua gugan sortzen dutenak, gu geu errudun ez izanez gero, edo ezeztapen sentimendua, besteen baitan ikustea tokatzen bazaigu. Azter dezagun orain, proposatuko metodoari jarraituz, ea suizidioa ekintza honetakoa al den ala bestearekiko eta gizartearekiko eginbeharraren haustea.

        Mundutik erretiratzen den gizonak ez dio kalte egiten gizarteari; on egiteari uzten dio eta hau gaitza da, hitza egokia bada, arina baina. Gizartean on egiteko beharrak erreprozidadeko zerbait eskatzen du. Gizartearen ondo eginak jasotzen ditut eta horregatik interesei lagun egin behar diet; baina ni gizartetik erretiratzen banaiz, luzeago loturik egon al naiteke? Onar dezagun gure on egiteko beharra betirako dela, mugak ditu noski: ez nago niretzako kalte handi baten truke gizarteari erdipurdizko ona egitera beharturik; nigandik kolektibitateak jaso dezakeen abantaila txiki batengatik zergatik luzatu behar dut bizitza mixerablea? Nire adina eta nire makalaldiak direla-ta postu batetik dimititzeko eskubidea badut eta denbora osoa malura horiei aurpegi emateko, eta ahal den neurrian ikuskizun diren miseria guztiak gozatzeko, zergatik ezin dut gaurko miseriekin bukatu, gizarteari kalte egiten ez dion ekintza batez? Baina, suposa ezazue nik ezin diezaiokedala neure buruaz gizarteari lagundu, suposa ezazue zirtzila naizela, suposa baliagarri inori ezin dakiokedala izan, nire bizitzatiko dimisioa sanoa ez ezik laudagarria izango da. Eta asistentzia uzten saiatu diren gehienak egoera horretakoak dira; osasuna, indarra eta autoritatea dutenek munduarekin konforme egoteko arrazoi hobeak eduki ohi dituzte.

        Interes publikoari mesede egiten dion konspirazio batean dago gizon bat; susmagarri gisa atxilotu dute, torturaren mehatxua agirian eta badaki ondotxo izkutupekoak azaldu beharko dituela: lagunduko al dio interes publikoari bere bizitza ematean baino hobeto? Hori Florentziako Strozi ospedun eta famatuaren kasua izan zen. Pentsa ezazue berriro arrazoi guztiz gaizkile bat heriotz-zigor lotsagarri batetara kondenatua izan dela: imajina al daiteke bere zigorrari aurre ez hartzeko eta gisa horretan bere buruari hurreratzen zaionaren pentsamenduaren angustia ez aurreratzeko arrazoirik? Probindentziaren lanetan ez du eskuhartzen; eta bere heriotz boluntarioa gizartearentzat onuragarria da, honek menbru peligrosoa galtzen bait du.

        Batzutan suizidioa gure interesekin eta geure buruarekiko eginbeharrekin bat datorrenik ezin du inork erantzun, nahiz eta adinak, eritasunak eta zorigaiztoak bizitza trapu egin eta suntsitzea baino kaltegarriago bihurtu Heriotzaren beldurra hain ikusgarria da, ze huskeriek ezin bait gaituzte hara bultzatu; eta osasun edo ondasun egoerak horretara ez behartu arren, arrazoirik gabe itxuraz, horretara egin duena, esperantzarik gabe, tenperamentu ilun eta mixerable batek joa zegoela eta, horregatik, alaitasunik gabe, zorigabe zela seguru egon gaitezke. Suizidioa krimena dela pentsatzen bada, koldartasunak bultza gaitzake soilik. Alderantzizkoa suposatzen bada, zuhurtzia eta adoreak esistentzia uztera konprometitzen gaituzte, bere fardela bihurtzen denean. Gizarteari onuragarri izateko etsenplua eman behar da, eta imitatua izanez gero, edozein arrisku eta zorigabetik libratuko du norbera eta gainera honek bere buruari dagokion zorion zatia gordeko du (d).

 

        (a) De Divin, lib. II, 72, 150.

        (b) Agamus Deo gratias, quod nemo vita teneri potest. SENECA, Epist. 12

        (c) TACITO, Anuales, lib., I, 79

        (d) Suizidioa kristau legeek paganoek bezala onartua zegoela frogatzea erraza izango litzateke. Ez dago Eskrituran debekatzen duen testurik. Fede eta praktika arau handi eta infaliblea, giza arraizonamendu eta filosofia guztia kontrolatu behar duenak, gure gisara utzi gaitu puntu honetan. Probidentziari sometitzea, egitan Eskriturako aholkua da, baina honek ez du nahitaezko gaitzei sometitzeko beste agindurik ematen, ez giza zuhurtzia eta adoreak erremedio ditzaketenei. «Ez duzu hilko» mandamendua besteen heriotzaz, eta horietaz ez dugu aginpiderik, da, Prezeptu han, Eskriturako prezeptu guztiak bezala, arrazoinaz eta sen onaz aldatua izan behar dela argi dago. Horrela egiten dute majistratuek, gaizkileak heriotz-zigorrera kondenatuz legearen letraren gora behera. Baina agindua zehazki suizidioaren aurka zuzendua izan balitz ere, ez luke inolako autoritaterik edukiko, Moisesen lege guztiak indarrik gabe bait daude, natura legeak ezarriak eta finkatuak ez diren neurrian. Kasu guztietan kristau zein paganoak antzekoak dira: Caton, Brutus, Arria eta Portia bipil portatu ziren; gaurregun saiatzen direnek ere geroaren goratzarre berdinak jaso behar dituzte. Pliniok suizidatzeko boterea jainkotza beraren gainean gizonak zuen abantailatzat hartzen zuen. Deus non sibi potest mortem conociscere si vallit, quod homine dedit optimu, in tantis vitae poenis. Lib. II, cap. 7.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.