L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Heriotzaren irtenbidea

 

Platon

 

euskaratzailea:

Esteban Antxustegi

 

        Askotan esan ohi da grekoentzat edota garai hartako herrientzat heriotza eta jaiotza zirela bizitza guztiko mementu misteriotsu eta garrantzitsuenak, memento bi hauek pertsonengandik erabat kanpo aurkitzen bait ziren nola indar harrigarrien menpe barneratuak. Hori zela (eta dela) eta heriotza gai tabutzat jotzen zen, gizonari bere eskuetan hartzea ez zegokiona. Baina hona hemen zer dion Platonek Fedon elkarrizketaren pasarte batzutan, Sokrate eta Simmiasen arteko solasaldia dela medio:

 

        — Baina arima bereiztea, diogun legez, goimailako, iraunkor eta berezko helburua besterik ez da, eta hitzaren zentzu propioan filosofatzen dutenen eskuetan aurki daiteke bakarrik hain zuzen ere; eta hauxe besterik ez da filosofoen betebeharra, hots, arima eta gorputza bata bestearengandik bereiztea. Bai ala ez?

        — Honela dirudi.

        — Eta ez litzateke lelokeria, aurrez aipatu bezala, gizon batek ahalik eta hoberen bere burua prestatzea heriotzarengandik zenbat eta hurbilagoko egoera batetan bizi ahal izateko, eta gero, mementua heltzerakoan une hau onartezina iruditzea?

        — Lotsagarria dudarik gabe. Nola ez, bada!

        — Ba, azken batez, Simmia —erantzun zion Sokratek— hitzari dagokion zentzuan filosofatzen dutenak hil egitean aritzen dira, eta hauei ikara gutxiagokoa hilik egotea gertatzen zaien hain zuzen. Eta hau frogatzerik badago, alegia: gorputzari dagozkion arlo guztiekin ezinikusia nabaritzen bazaie eta bere baitan bakarra den arima eskuratu nahi badute; hau gertatzea ez litzateke erabat absurdoa beldur eta amorrazio sentitzea eta bide horretarantz abiatzea guztiz atsegina ez izatea, non beren bizitzan zehar maite izan zuten guztia eskuratzeko esperantza bait dute —jakinduria besterik ez dena— eta luzaroan biziki mespretxatu izan zutena behin betirako baztertu ahal izango dutena? Ez ote da egia, bada, ugariak izan direla hainbat eta hainbat aldiz beren giza-amodio, maitale, emazte edo semeak hiltzerakoan beraiek ere hauen atzetik Hades-en erresumarantz bere burua abiatu nahi izan dutenak, bat bestearekiko elkarketa behin betirako lortu ahal izateko itxaropenean?. Norbait, aldiz, bene-benetan jakinduria maitatuz eta itxaropen berdinaren lekuko izanik, hil behar duenez gero beldur izango al da edota begitxarrez heriotzaruntz abiatuko ote?. Nire kide, ezezkoa pentsatzea behar beharrezkoa gertatzen zaigu, eta baldin eta egiazko filosofoa bada garbi izan beharko du han bakarrik, eta ez beste inon, jakinduri hutsaren aurrean aurkituko dela. Eta hau horrela izanik, lehen nioen legez, horrelako gizon batek heriotzari beldur izatea ez litzateke munduko absurdorik handiena ala?

        — Bai, ala Zeus! —esan zuen Simmiak— munduko absurdorik handiena, dudarik gabe.

        — Eta ez al zaizu iruditzen gizon batek jakinduria ez maitatzearen lekuko garbiena heriotzaren aurrean aurkitzean beldur izatea dugunik eta gorputza dela, aldiz, bere maitale zuzenena?. Eta gizon hau, bestalde, seguraski, diruaren laguna izango zaigu baita ere edota ohorean kidekoa, edo bi gauza hauen artean baten aldekoa nola biena aldi berean.

        — Egia da —erantzun zuen— zuk diozun eran gertatzen da.

        — Simmia, adorea bera ere ez ote da azken batez izakera hau dutenei komenigarriena gertatu ohi zaiena?

        — Hala da, dudarik gabe —ihardetsi zuen.

        — Eta estitasuna deitzen dugun hori, eta herri xeheak estitasunetzat jotzen duena ere, hau da, beraien aurrean desjoeratsu eta neurrizkoa agertze hori ez ote da beren gorputza alde batetara utziz filosofiaren barne buru-belarri ari direnei bakarrik komeni zaiena?

        — Nahitanahiez, adierazi zuen.

        — Hala da, —jarraitu zuen Sokratek— eta besteen adorea eta estitasuna kontutan hartu nahi baduzu arraroa irudituko zaizu.

        — Zein zentzutan, Sokrate?

        — Ez al dakizu —jarraitu zuen— beste guztiek heriotza gaitz handienetarikotzat hartzen dutenik?

        — Badakit, eta oso ondo ere —esan zuen.

        — Eta hauen artean adoretsu direnek ez al dute heriotza gaitz handienetako bat bezala hartzen beraren aurrean aurkitzean?

        — Hala da.

        — Horrela, beldur eta ikara izateak guztiak, filosofoak ezik, adoretsu bilakatzen ditu; nahiz eta beldur eta koldarkeriaren bidez ezlogikoa gertatu adoretsu izatea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.