Hitz lauz
"Istorio beltza"
Baltza, latza ta garratza
Gerardo Markuleta
Gaua da. Kalean, etxe-ilara biak urrunean elkartzen dira eta badirudi edozein momentutan asfaltoaren gaineruntz abailduko direla. Laino batzu izkutu-agirika ari dira ilargiarekin, kale hustuan nagusi den hauskor itxura indartuz.
Hemen etxe barruan, berriz, gaua epel sendoagoa da. Argiak ez du dardararik egiten; egongelako besaulkian etzanda, seguru edo sentitzen naiz. Alena bere gaueroko bakarrizketan ari da, sofaren erdian, atergabe. Baina honez gero ez naiz hasarratzen; urte larregi dira telebistaren aurrean eguneko azken orduak eman eta gero, umeak oheratuta, Elisa sofan jasarri eta berriketan hasten zaidala, errepasoa emanez egun luzean gertatutakoari: goizean ixixa eskileretan behera jausi dala, etxauk deretxorik, ondokoari etxakok ba okurritten argizarixa emotea ezer be esan barik, begittan hartuta naixok horrek...; egun zabalean kontatu diotenari: Esan dostat Marikarmen egon dala? Ze Marikarmen izango da ba? Lelotuta hago ala? Karmelorena, gizon! Kafea hartzera etorri dok, berak gonbidatuta; ez dok hori protokolo askotan ibiltten, ez; pentsatu eta egin; ezin dok imajinatu be egin zelako berbontzixa dan!...
Bizitzak berak bialeku gutxiegi ematen digu, nonbait. Alenak, gauero bezala, keinu hanpatuez ornatzen du hitzatik hortzena estrapozoka darion berba txurrustada.
Azkenean, atertu du; besaulkiaren goxotasunetik gorputza nekez berreskuratuz, altxatu eta logelara noa. Alena atzetik (butanoa itxi eta banixoiak). Pasilotik iragaiterakoan, nere irudiak ispilua zeharkatzen du une batez; zeozer arraroa somatu dut aurpegi islatuan; edo lepoaldean agian?; ez dakit, betazuloak izango ziren.
Atea zabaltzen dut eta gainean eseri. Erropa eranzten ari naiz, soseguz, arreta beste nonbait, logela estraineko aldiz ikusiko bainuen behatuz; ez dakit, ezohizko zeozer dago hemen; edo neu naiz ezohizkoa akaso?
Zerbait baeukan, seguru nago; koartoan sartu nintzanean begitu eta derrepentean burua bestekaldera jiratu eben; arraroa zan, zeozer gorde gurako baeben be holaxe ibiliko zan. Biluzketan ari nintzala, haxe ikusi notsan lepondoan, gaua bezain baltza, zikin antzerako bat ez, ez zan odolbildua, iluntasun pusketa bat narruari josita, ez da samurra esplikaitten. Harridura aurpegixa ipiniko neben, baina berak kasurik ez, ez notsan tautik be esan, igoal haxe zan izkutatu guran ebilena. Eukiko zebela pentsaluta edo, arrazoiren bat, zer dakitt nik ba, zeozer...; baltzune hori, alde egitteko modu amorratua...,
Mesedez, kontaidazu nere lanerako baliagarri izan daitekeena bakarrik, bestela azkenak joko digu hemen.
Barkatu, baina nerbixoak jota nago, nahastu egiten xat dana, barkatu. Esplikatu dotzut zelakoa zan haura. Senarrak lo hartu eben, baina neuk ezin begirik josi, lepoko zera hura hain gertu. Pittinka-pittinka, bera ez konturaketako edo auskalo zergatik, buelta emon neban eta ixixa ikaragarrizko garrasia botaten dotsat belarri-belarrira. Hazitta egoen, ikaragarri haundittuta, aurpegiaren erdixa hartzen otsan. Zarataka iratzarri neben, ezin ixilik ikusi bera seko lo eta ilun harek azala jan eta jan: Joxe, Joxe!, esnatu hadi!, neure onetik urtenda nengoen, jaiki, jaiki, aguro!, eta bera harrituta: Zer daukan, Alena; zer gertatzen zain?.
Begira egixok heure lepoari!
Bera jaiki eta armaixoko atea zabaldu eben, barrutik gorputz osoko ispilua daukana, begittu eta orduantxe izan zan; orduantxe ikusi notsan begixetan dirdai haura; bekainak alkartu egin xakon, aurpegixa txorimalo mosu bihurtu, aulki bat jaso eta ispiluaren kontra txikittu eben; kraskada izugarria entzun zan, neu oihu baten, umeak iratzarri egin ziran, baina ez ebein aitta ikusi, ordurako kalerako bidea hartuta euen, zarataka, baltzune ha azalaren gainean haunditten eta ateak bere ostean zabalik utzitta.
Bukatu duzu? Bai? Beno, orain esaidazu zergatik etorri zaren neregana, mediku batengana, guzti hori kontatzera.
Ez dakitt, ba..., zeuk azalpenen bat non egongo ete da orain, eta umeak hortxe, kanpoan, ezer be jakin barik.
Lasaitu zaitez, mesedez. Datu gutxi eman dizkidazu diagnostiko zehatza egiteko. Abiada handiz zabaltzen den beltz koloreko mantxa bat, ez dut bizitza osoan honelakorik entzun. Baina bapatean sortu zitzaion amorru bizi hori...
Bai, mediku jauna, pijamarekin urten eben, aldatu bariz, jertse bat hartzeko be geratu ez, kotxeko giltzak hartuta bakarrik, ez dakit zelan gogoratuko zan, egoen moduan egonda...
Esaten ari nintzena: honelako kasuetan poliziari hots egitea izaten da komenigarriena. Zure senarra arriskutsua izan daiteke eta sano berreskuratu nahi baduzu, egin dezakezun onena horixe da. Esaiozu erizainari telefonoa erabiltzen uzteko. Gero joan zaitez etxera eta itxoin lasai berriak izan arte.
Kolore askotako zirriborro azkarrak margotzen dira lehiatiletan eta berehalaxe egiten dute alde, atzerunzko ihesean, hegaka; ispilutxoak koloreztutako lurrin zutabeak besterik ez du islatzen: sortu, puztu, nahastu, ezabatu, urtu eta nere gogo ahulduaren zirrikituetan barrena abiatzen den lurrin zorabiagarria, burmuinaren lokuneak koipeztuko lituzkeen gas labainkorra baititzen.
Mediku jauna, etorri, etorri aguro! Andrea telefonoa hartu eta luze erori zait, umea besoetan zuela. Zer egingo dut, doktore?
Aurrena, lasaitu zaitez. Etzan kamila gainean, segituan joango naiz begiratu bat egitera... Ez da ezer. Itxaron konortea berreskura dezan arte eta gero bere etxera bidali taxi batean; gelan dagoen beste umearekin ez ahaztu gero! Eta trankil, neuk egingo diet harrera gaisoei.
Gero eta azkarrago, bihurkunetan kirrink dagite erroberek asfaltoaren gainean, aguroago, hegan nago jada, aurrekaldeko beira zeharkatzen dute automobilek, eskumatik ezkerraldera, eskumatik ezkerraldera, automobil hori!, nondik joño...?
Bapatean, bukatu egin da burrundarea. Automobil biak, zeharo txipituta, bidagurutze hartan dautza, ezaxolarena dagiten hiru semafororen artean.
Taxista-txapelak bide erdiraino egin du hegan, eta iragoten diren kotxeek mailatu egiten dute lehen, koskatu eta koskatu txiki-txiki eginda utzi arte gero.
|