L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 18 zkia. (1991/1992-negua) —<plaz1700>




 

 

—Hitz lauz—

 

Sasikumeak

(lau ipuin labur)

 

Karlos Zabala

 

 

Berean bildurik

 

Nahiz eta Gainerakoarekin lotzen setaz eta luzaro saiatu den, ausardirik aski ez Gorputzaren mugaz haruntzago abiatzeko. Eduardek berean segitzen du. Berean bildurik, Gainerakoaren haize, euri, hotz eta bero zer diren ikasi nahiz baina ezinez. Hogeita zortzi urte igaro dira amaren plazentatik bere lekura sortu zenetik eta gaur arte ez da gauza izan bere lekutik kanporatzeko. Lekua esan dut, eta ondo esan dut, baina Eduardek ez ditu Lekua eta Gorputza bereizten, hogeita zortzi urte eman ditu plastikozko plazenta horretatik kanpora ausartu gabe, bertako leiho ttikitik Gainerakoari begira inguruko usain-kolore, soinu-zapore ikutu gaberik. Bere Lekuak ematen dio jaten, eta garbitzen dio ondarra; Lekuak lokartu arazten du eta goizean iratzartzen; Lekuak mantentzen du epel Gainerakoaren erasoetatik; Lekuak erakutsi dio dakien guztia; Lekua Bera da, eta bera da lekua.

        Bere leiho ttikiaren ondoan esererazirik esaten dio makinak, eta baita maiz errepikatzen ere, Gainerakoa beti ari dela aldatzen, bere metal-ahotsarekin esaten dio eta maiz errepikatzen, beti ari da aldatzen, beti ari da aldatzen; eta burutazioak fantasiaz koloreztatzeko ahalegindu arren ez du inoiz ulertu zer den aldatzea.

        Eta orduan gogoratu zaio makinari; beharbada garaia du Eduardek makinatik kanpora ibiltzen hasteko. Eta hari esateko unearen zain gelditu da, badaki Eduard nooz izaten den lasaiago, eta uneari egoki eritzi dionean, hona esandakoa:

        —Ez dizu behin ere bihotza zizikatu kanpokoa ikusteko irrikiak?

        Ongi dakielarik erantzuna ezezkoa dela; makinak, hala ere, Eduardek hitzik esan baino lehen beste modu honetara formutatu dio galdera bera:

        —Badakizu zer den oinazea?

        Eduardek ez daki. Eta makina gogotik ahaleginduagatik ezin izan du ulertu. Baina handik bi egunera, ea sufritzea zer den badakien galdetu dio, eta biharamunean zerbaitek inoiz minik eman dion, eta hurrengo astean zerbaiten beldurrik ez ote duen. Galdera eta galdera gehiago. Badakizu zer den hiltzea, zauritzea, gaiso egotea?, inor gorrotatu al duzu?, aspertu al zara inoiz? BAI, erantzun dio azkenean Eduardek. Zuk aspertzen nauzu zeure galdera leloekin, esan dio. Lasaitasuna ezabatu diote etengabe egindako galderek azkenean.

        —Kanpora atera nahi dut.

        Makina pozez erotzeko zorian da; azkenean, azkenean. Arrakastaren zapore eztia dastatzen ari da, hogeitazortzi urte igaro direlarik programatua izan zenez geroztik.

        Atea ireki dio makinak Eduardi. Eta Eduard atera egin da kanpoko mundura, Gainenakora. Bi egunen buruan makina itzali da betikoz, eta biharamunean hil da Eduard, bere bizitzaren hiru egunik zoragarrienak gozatu ondoren, eta ispiluaren aurrean zergatik begien argia bezperan makinaren bonbilak itzali ziren bezala itzaltzen ez zaizkion galdetuz prozesadoreez beteriko bere burmuinari.

 

 

 

Ihesi

 

Zenbait desarraren danbadak iratzarririk, maindireen artetik jeiki, gelara sartzen ziren argi-izpien aldera egin eta zer gertatzen ari zen jakin nahian pertsianaren tarteetatik baratzera, zelaira eta mendian ziren haritzetara begira geldi nintzen. Zerbait iragan zen laisterka nire begien aintzinean.

        Belar-meten aldamenetik bi bide izaki eta, laisterketaria zalantzan izan zen lipar batez, baina azkenean eskerralderantz abia zen, han behean zen baserri zaharrerantz. Errekan edan eta arbi eta patata tartetik baserrira, aieka denetara begiratzeari laga gabe.

        Frantzian gerran ziren eta gatazkaren zarata nire eta nire aita-amen belarrietara iristen zen behin eta berriz. Laisterketaria gerratik ihesi zebilen gerlari bat izanen zen agian. Baserri zaharrera gailetak eta esnea eraman nezakeela gerlariarentzat jin zitzaidan adimenera. Arras ideia ederra zen eta hala egitea erabaki.

        Baserrian atea ineki eta gerlariaren bila hasi nintzen. Bazter batean zen mahai baten azpian izerditan blai. Ikara nabari zitekeen haren begietan. Niregatik ikaraz? Ez, niregatik ez, etsaiagatik baizik, nik zerbait esaten baldin banien ediren bait zezaketen.

        Jaka grisa zeraman jantzirik eta galtza eta zapela ñabarrak. Gaztea zen, garaia eta begi berdea. Zerbait esan zidan gailetak jan eta esnea edan bitartean. Nik hitzik entenditzen ez baina. Bazkaritik ere janari pixkat eraman nezakee!a nerabilen adimenean baina afaritik, aldiz, ezin ezer ere altxa gaztearentzat. Pentsa bezala egin. Irribarre egiten zidan jaten ari zela. Hala astelehenean gerta zen.

        Asteartean ere han zen. Hamaikak aldean bi madalena eta kafesnea eraman eta paretaren zarrasta batetik begira jaten ari zenean aita baserri aldera jaisten ari zela errepara.

        Ikara-ikara egina zen gerlaria, dardarka, eta zerbait esan nahi zidan belarrira, gerritik heltzen zidan bitartean. Baina aitak bira egin eta etxera berriz; zerbait ahantzia beharbada.

        Igandera arte ez zen arimarik ageri baserri aldean, eta ni bitartean janaria ebatsi eta eraman eta eraman. Baina igande arratsaldean aitak eta izebak, zerbait igarririk apika, gerlari gaztea baserrian ediren eta denak etxera jin ziren. Erdi negarrez zen gaztea eta izebari eta aita-amei zerbait esaten ahalegintzen ari zen. Eta izebak gerlariaren mintzaira entenditzen!

        —Gazte, gazte! Mendi hartan dek zedarrie, aske haiz, hemen lasai izan hinteke, ezerren ikararik gabe.

        Frantziatik ihesi sei milia ibili. Espainian barrena eta beste aldean zela pentsatzea ere! Afarian jan eta jan ari zela hitzegin zien aita-ama eta izebari, eta ni, gelaren atean belarria jarria, nire semearen aita izanen zenaren bizitza zein zen ikasten.

 

 

 

Zazpi aldiz mendekatua

 

Kainek Abel hil zuen. Lehendabizi arront kontent ibili zen, lasaitasun ederrean bizi zelako orain. Geroxeago ordea, nik ez dakit zergatik —unibertsoan egindako lehen hilketa izatea zela, ala ongiaren eta gaizkiaren ezagutza, ala Jainkoaren beldurra—, baina, aski lerdoki, hasi zen zalantzan ondo egin ez ote zuen... eta azkenean ikaragarrizko atsekabea jabetu zen haren gogoaz hilketa horrengatik, nora joan ez zekiela kontseilu edo barkazio bila.

        Kain Jainkoaren biloba zen, baina ez zen ausartzen hari hitzegitera, hain handi izaki bere bekatua, orain ikusten zuen bezala. Beraz, gariez eta garragarrez ereindako lur-sailetan barrena harat honat zebilela, behin batean gogoan hartu zuen egindakoa aitari aitortu behar ziola.

        Etxera sartu zenean, Adanek alai eta adeitsu agurtu zuen, Adan arront gizon gisakoa baitzen, gizalege onekoa, Jainkoaren laguna eta harekin hitzegiten zuena. Aitari agurra itzuli ondoren, esan zion:

        —Jauna, ea kontseilua emango didazun nere pena biguntzeko, bekatu egin dut eta: Abel nere anaia hil dut...

        Orduan Adan garrasika hasi zitzaion:

        —Alde nere begien aurretik, suge antzeko dohakabe hori! Alde egin ezazu etxe honetatik urrun, izaki erdeinatua!

        Eta Kain gizaixoa lasterka itzuri zen etxetik, ilunbeko madarikazio guztiak ondotik izan balitu bezala.

        Aitak ez ziola atsekabea gozatu nahi izan, luze hausnarketan erabili ondoren, hiltzaileak erabaki zuen aitonarengana esatera joatea, zeren gogorra eta gupidegabea izan arren zuzena zen eta uste zuen gizon-emakumeen akatsak eta hutsak ulertuko zituela.

        Zelaian topatu zuen Jainkoa eta harengana hurbildu zen. Unibertsoaren sortzaileak galdetu zionean "non dago zure anaia?", ahotsa izu, ezpainak dar-dar, berehala erantzun zuen:

        —Hil egin dut.

        Jainkoak orduan sumindurik:

        —Alde egin ezazu zure anaiaren odola zurrupatu duen lurretik, alde, eta ibil zaitez penatan munduan barrena; penatan eta ihesi, eta norbaitek hilko bazintu bidean, zazpi aldiz litzateke mendekatua zure heriotzea, horrela, hil gabean, sekulakoa izango bait da zure zigorra.

        Kain, burumakur, lurralde hartatik aldendu aurretik, Eba amarengana jo zuen, eta Abel bere anaia nola hil zuen aitortu zion. Ebak, Adanek eta Jainkoak ez bezala, barkatu egin zuen Kainen bekatua, eta kontsolatzeko esan zion "ez da betirako izango zure penatan ibiltzea".

 

 

Unibertsoaren hatsetik 1.656 urte joan zirenean uholdeak estali zuen mundu osoa, eta bizidun guztiak ito zituen urak Noe eta Noeren ahaideak izan ezik.

        Kain anai-hiltzailea ere hil zuen Jainkoak bidalitako uholdeak.

 

 

 

Eguneroko maitea

 

Salma Zafii-ren egunerokotik

(Salma Zafii 1969an jaio zen,

eta 1991eko Abuztuaren 15ean hil).

 

        1983ko Uztailaren 28a. osteguna

Itsasoko olatu urdinak gordetzen ditu liburuxka honen azalak; eta erdi-erdian, irla bat irudi, jabearen izena idazteko leku zuria dago. Orri gozo hauen kolorea arre argia da: basamortuaren kolorea, edo hondartzarena. Eta bertan barneko mintzoa baizik ezin idatzi, antza.

        Udazkeneko hondartzan aurrera bakartasunean paseatuz gogoratzen zaizkizun burutazioak idazteko da —esan zidan oparitu zidan neskak—, hau da, zure bizitza osoa.

        Eta horrelaxe egingo dut.

 

        1985eko Apirilaren 12a. ostirala

Deus ez kontatzekorik.

 

        1986ko Azaroaren 24a. astelehena

Deus ere ez.

 

        1989ko Irailaren 15a. ostirala

Deus ez.

 

        1991eko Abuztuaren 15a. osteguna

        Goizeko hamarrak

Unsi Zahbuq poeta irakiarrak bere burua hil zuen amerikarrek eraso egin zutela jakin eta 50 minutura. Gaztea omen zen, eta ezin izan zuen jasan bere arbasoen lurra oin duingabeak zanpatzea.

        Hala dio irakurtzen ari naizen aldizkaei honek, eta haren poema baten aipua dakar gero, poeta gaztearen heriotze tamalgarriarekin zerikusi duelakoan:

        Aintzinatean ebaki zuten bidea / Aintzinatean zulatu zuten tunela / Gauez agurtzeko jaia egin su inguruan / Goizez geure tresnen pisua ganbelu gainean jarri eta Abiatu / Uraren ontzia eta ezpata zorrotza aldean daramagula / Besterik / Besterik ez dugu egin behar.

        Jalil Hawi poeta Libanokoak ere egin zuen bere buruaz beste; 1982. urtean izan zen, eta israeldarren inbasioaren ondorioz egin omen zuen. Aspaldian nuen hau irakurri, aldizkari zaharretan bilatu dut zorte onez. Hona Hawiren poema:

        Pozarren zeharkatuko dute zubia goizean, / nire saihetsak barreiatzen diren bitartean / haientzako zubi sendoa bailiran. / Ekialdeko lezeetatik / Ekialdeko lupetzetatik / Ekialde berri baterantz / barreiatzen dira nire saihetsak / haientzako zubi sendoa bailiran.

 

        Eguerdia

Ihesi edo zapaldurik; hemendik urrun joateko bideak izan litezke ibilaldia eragotziko diguten etsaiek ekarriko dizkigutenak.

 

        Arratseko bederatziak

Unsi Zahbuqek arbasoen bideari lotu nahi zuen, kanpamendutik ihesi joan nahi zuen eta sukalde modernoaren gasaz baliatu zen bere burua labe barruan hiltzeko.

        Jalil Hawiren saihetsetan zehar barneratu ziren, nortzuk?, eta haien zama ezin edukirik bere burua hil honek ere; nola hil zuen artikuluak ez zuen esaten baina.

        Ni egiptiarra naiz, poeta edo, eta erasorik izan ez dugun arren, hau da nire poema:

 

                Ieroglifiko zaharrak dio

                badela.

                Nonbait badela

                sekulako bozkarioa dagoen oasia.

                Badela baina

                bide estu meharra,

                hareak estalia,

                bide ez den bidea

                da bertara iristekoa.

                Badela baina

                ezin da bertara iritsi.

                Badela baina

                ez da.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.