L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 8 zkia. (1987-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatur lehiaketa—

 

Esperoan

 

Patxi Sarriegi

 

        Patxi SARRIEGI ALVAREZ dugu oraingo honetan irabazle. Donostiarra da, 21 urtekoa. Bere lana, jarraian irakur dezakezuena, ESPEROAN izeneko deskripzio txukun eta estilo zuzenez egindakoa.

 

Bazetorren trena. Susto antzean erdi espabilaturik, loak oraindik ere pasibitate sentsazioari eutsi nahi zion. Bankuaren barra okertua bizkarrezurrean trabeskatuta egotearen ondorioz, ziztada leun batzuk goitik behera zeharkatu eta zulatzen zuten besabururaino, bidenabar hobeto espabilatzen zutelarik. Giroa epel samar, kristaletan lurrina nonahi. Aldameneko bankua hutsik, haruntzago paperontzia toperaino zaborrez josia, tren txartelen leihatila itxita orduak noiz igaroko zain.

        Konortera itzultzen hasia zela lokomotoraren soinua gero eta entzungaitzagoa egiten zitzaion, gurpilen buelta zoroen konpas aldaezina gero eta ahaztuagoa. Arratseko giro bakartian sosegu idoro nahian edo, burua argitzen zihoakion bitartean oroimenaren aztarrenetatik abiatu zitzaizkion askotan testuinguru egokian bitartekotzen diren une patxadatsuak. Bere barrena erabatean bete eta okitzen zutenak.

        Bere gainean zuen argiaren izpi beldurtiak lainoartean bezala apur bat urrunagoko hutsartean ahuldu desagertzeraino egiten ziren. Banku eta paperontziaren konpainia oso gustokoa zuen. Estrainio bezain ohizkoa zitzaion. Harriduraren gaitzak bereganatua zuelarik, bataren ezerezak eta bestearen desmasiak lokartu beharrean ernatu egin zuten ezinbestean memoriaren hasierako ahulezia.

        Egia esan, bereizkeriaren esanahia ez zuen oso ondo barruntatzen, ohizko arruntasunean idei korapiloak astunegi zitzaizkion, nahiz eta etorkizunaren beldurrez iraganari begira egoten zen sarritan, zoritxarrek ere hain beldurgarriak ez ziruditelarik. Barrendamurik inoiz sentitu ez, bizinahiak bultzaturik aspaldiko ilusioei begira egoten zen, ia beti barregura kurioso bat ateratzen zielarik.

        Horietariko bat, bizitza parranda hutsa bilakatzeko zuen uste osoarena. Jotarako kemena inoiz ez faltan, latzak ikusiko zituen gau zalapartatsuetako nahaspilak irentsita sentituko ez balitz. Neurri oro alboraturik ahal bezain sarri arduragabezian sakoneratua. Dotoretasun berezi bat hartzen bait zion horrelako axolagabekeriari.

        Bere izate erratiak bereganatua, gazte garaiak utzitako hutsunea sentitu zuen, berreskuraezina eta halaber hain desiragarri bilakatu ohi zitzaiona. Ez zekien jokaera eta grina horren zergatia behar bezala azaltzen, eta ez zitzaion ere beharrekoa baino garrantzi gehiagorik eman behar. Halako batean, beste konbikzio baten ildotik abiaturik, une batez oso burutazio bitxia barruntatu zuen, alegia bizitzaren desio eta pasarte zenbait behar bezala ulertzeko berriro bizi behar direla, eta sentsazio berberan jausi, bizitza horren sujerentzi etengabea baino ez bailitzan.

        Eta halaxe, oroitzen, bizitzen, parrandarako grina ezin bazterrean utziz, gauaren estalpean gorputza ahuldurik ere paseo bat ematera irtetzea deliberatu zuen. Iskanbila egarritan tabernaz tabernako giroan gero eta gustorago, ibiltzeko ia kemenik ez baina dena gainditzen duen inpultsoaz gainezkaturik, farolekin tronpatzen hasi zen, zuhaitzak agurtu eta ahots propioa ezezagun iruditu zitzaion arte. Izan ere, halabeharrak gehiegi inposaturik libreago sentierazten duen xoradura ezin gorderik eraman.

        Hurrengo goizak antzerakoak izaten ziren, edozein izkinatan inorako bidean pausatua, hezurrak txikituak, burmuina hustuta bezala, ia gehienengandik sentitzen zuen mespretxua bat ere axola ez zitzaiolarik. Hala ere, ez zion ere graziarik egiten; goiz hura, osoa, jendeari begira eman zuen, harriturik, ea nolatan begiratzen zion, bakoitzaren ibilerak... eta antzak asmatzen hasi zen ia mota guztietakoak bildu zituen arte, nazkatu arte. Bapatean, oinetako bat kendu eta lepotik zintzilik jarri zuen. Ezer gertatu ez bailitzan itxurak egiten saiatu arren, jendearengandikako indiferentzia aldatzen somatu zuen, gusto guztietarako aurpegi eta keinuak... eta dibertigarri aurkitu zuen, behin ere horrelakorik eginak ez zituelarik berak ere farre algaran bukatu zuen eta. Ustekabean aspaldiko garaietako bihurrikeria txiki batzuk gogoratu zitzaizkion, eta haienganako irrika arestian gertatuak bailiran barneratu zituen, sorpresak zeharo harrapaturik.

        Eta hurrengo bankura zuzendu zituen pausuak, auskalo zein ezkutuko erlaziok lotuta, eta zerraldo gelditzera doan antzeran, erori ahala edozein posturan begiak itxi konturatzerako zurrungaka hasi zen. Lepotik eskegitako zapata ere erdi lotan erdi zelatan jendeari begira gelditu zen erreparaka, sentsazio bera dastatzeko esperoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.