L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 8 zkia. (1987-uda) —<plaz0800>




 

 

—Bertso paperak—

 

Nora joan haiz, "gaztia"?

 

Juan Garzia

 

Itsas lainoak hegan harama

azken portutik harago;

haize gainetik, uren azpitik,

nora ote haiz irago?

Hitz berant hauek entzuizkidak

isil betean bait hago,

esan ezean nengokek eta

hilotza baino hilago.

 

Mundurik mundu ibili arren

auskalo zeren atzetik,

nonnahi hostoak orbel erortzen

ametsaren zuhaitzetik;

inongo jainkok ez dik lagundu

ateratzeko gaitzetik...

Ikusi al duk ezer berririk

zeru mugaren ertzetik?

 

Garai batean elkar harturik

mundua irauli nahian,

esperantzaren untzi gorria

bota genian guk kaian.

Nora joaki da? ala galdu da?

urte luzeen bidaian...

Portu jatorrik jotzekotan hi

faltako haiz eskifaian.

 

Eder hintzenak ederragoa

maite izan duk, Gaztia;

noizpait gozatu huen betaro

nahiz ordaindu garestia;

nork pentsa, gero, posible denik

hala mintzerik eztia?

Gozo-mikatza hondarreraino

irentsi huen guztia.

 

Kalifornia, mundu berria,

argi diz-diz eta rocka,

hara jo huen eten nahiz hemen

loturik hindeukan soka;

Amerikarik ez zegok edo

ez zitzaian hiri toka:

begi arrotzez itzuli hintzen,

ez omen huen zer konta.

 

Denborak eta urruntasunak

kupidarik ez dutenez,

lagunzarretik ezagunera

jaitsi gintuan azkenez.

Buruarekin kaso egin ta,

askotan hori ere ez...

Halaxe ohi duk bizia baina,

tristea ez al da berez?

 

Geroztik hitaz zurrumurruka

bestek esana entzunik,

isildu nian bihotz barneko

garrasien oihartzunik:

"Orain ez bada, lagun izenak

ba ote du ba zentzurik?"

Orduan mutu egon nauk eta

orain malkotan itsurik.

 

Ezin omen ta ihes merkea,

horra gehienon laguntza;

malda leuna gustatzen zaiguk,

ahal baldin bada beheruntza.

Berriz ikasi behar izan duk

edonolako iraultza

norberak ezik inork ez bestek

ezin lezakeela bultza.

 

Hil edo bizi burruka latza

heure buruarekiko,

hondo gabeko bakardadetik

berriz bahintzen jaikiko.

Bizirik hilen kanposantutik

irten nahi arren betiko,

Zaldi Zuriak emana zian

heriotzezko ostiko.

 

Inon Zerurik balitz edota

nik sinisterik baneuka,

mundu hau gutxi zitzaion bati

ezin lekiokek uka;

debalde jaio, alferrik iraun

ta hiltzeko musu truka

ote den negok bestela gure

bizi grinaren burruka.

 

Sisifok ere, harri astuna

behin ta berriro jasoak,

erruki dizkik gaurko gizonon

nora ezeko pausoak:

harri apurtu hauts zurituak

lausotu zizkiguk soak,

zer nora altxa nahi dugun ere

ez dakigun gizaixoak!

 

Jainkogabeon zeru urrunei

egin nahi niekek eske,

hire itzala hemen uzteko

konforma ahal balitezke;

gogoak, berriz, aurki dezala

amets beteko erbeste,

mugarik ez den itsas berrian

beti gazte, beti aske.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.