L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 8 zkia. (1987-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Amona xaharra

 

"Assura"

 

Bizilekuz aldatu berriak ziren. Urte bi zeramatzaten herrixka hartan. Geroztik, amona xaharraren portaera guztiz berezia bilakatua zen. Ulertezina. Kezkagarria famelikoentzat! Suhiaren lanbidea zela eta herri berri hartara joan behar zutela adierazi ziotenean, urduritasun larria jabetu zen beregan. "Ez! Nik hemen utzi nahi ditut ene hezurrak" —erran zion alabari. Ez zioten garrantzi gehiegi eman gertaera hari. Bidezkoa zen hainbat urte etxe hartan bizitzen eman ondoren, aldatu nahi izatea. Baina oraingo portaera ez! Isiltasunean murgildurik bizi zen. Bakardadean galdurik, errealitatetik at. Bizidunen erreinutik urruntzen zihoan... Norbaitekin elkartu nahi bailuen...

        Amona xaharra ilunabarreroko paseotxoa egitera irten zen. Eguneroko ohitura ez zuen galtzen eguraldiak lagundu ez arren. Gorputza betirako ez erdoiltzeko apropos zetorkion, arima lasaitzeko, berriz, derrigorrezkoa bilakatua zen. Bazekien jakin, ibilera horiek kezkagarri zirela etxekoentzat, egonaldi luze haietan zertan pentsatzen zuen galdetzen zioten. Amonak ordea, paseotxo luzeari ez zion uko eginen. Ez horixe! Hori garbi zeukan. Heriotzarekin bukatuko ziren...

        Gaur ere, ilunabarrero bezala, hildako baten gogoangarri jarririk dagoen gurutzarriaren alboan eseri da. Begirada urrutira juxtu bistatu daitekeen oihanean galtzen zaio, horrela, iragan urrunean gertatutako kontuak gogoratuko bailituen. Eta hala da! Iragana du gogoratzen.. Gogorapenen indarrez, hogei urte zitueneko garaira itzulia da...

        Neskatxa gaztea, xumea, beste hainbat bezalakoa. Gurasoak ere ondo oroitzen zituen, atarian, egun osoko saio etengabearen atsedenean. Han zeuden aulkian exeririk, elkar ondoan, nekeak bentziturik erdi lotan. Senideak berriz, han-hemenka sakabanaturik, etzanda lurrean. Gaua indartu ahala, ontzak kantuari ekin eta ilargiak jabegoa hartu orduko, gurasoak etxerantz erretiratzen ziren. Hezurrak ohatzean kokatzen zituzten... Gero, gainontzekoak bide berari jarraitzen zioten... Ez denak ordea! Bera han geratzen zen. Adi. Txistua noiz entzungo zai! Orduan, hori gertatzean, bihotza taupadaka hasitzen zitzaion..., saltoka pozetan. Laister maitalearen esku artean murgilduko zen, musuka, maitasun jolasetan. Eta jada gauaren erreinutza amildu eta bukatzear zegoenean; etxeratzen zen. Oilarrak egun berria iragartzen zueneko garaia zen oheratzeko tenorea. Gorputz bizkor eta buru irudimentsuari atsedena emateko ordua...

        Eta honela iragan ziren egun eta hilabeteak. Maitasun grina mantsotu zitzaion, musu eta laztanak bakandu..., baina mutil harenganako beharra areagotu zen. Hainbat promesa egin zioten elkarri! Bata besteari eskeniak ziren. Elkar gabe bizitzea ezinezkoa iduritzen zitzaion. Ezkontzeko planak ere egin zituzten...

        Bizi beharrak ordea, gauzak aldatu zituen. Ogibide bila maitea urrutira joan zitzaion, denbora luzez elkar ez zuten ikusten. Eta bien arteko maitasuna kamustu zen. Maite ziren baina urruntasunak maitasuna mingarria bilakatzen zuen. Bakardadearen eraginez burua pentsakizun txarretan murgiltzen hasi zitzaion..., amets txarrak egiten.

        Orduan gauzak okertu ziren. Eskutitz pare bat idatzi zizkion erantzunik jaso gabe. Eta herritar bat, bere maitasuna lortu nahirik, maitearen kontuak azaltzen hasi zitzaion. Gaur piska bat, bihar gehixiago, horrela..., bihotza odoletan jarri arte.

        Denak gezurrak ziren! Hori ordea, orain zekien. Garaiz jakin izan balu, gezurraren bidez bere maitasuna eskuratu nahi zuen gizon barrengaizto hari sinistu ez balio, hainbat negar eta min ebitatuko zituen. Baina ez! Hori zen haien sinua. Elkarrentzako egindako bikote haren destino latza.

        Maitea berriro herriratu zenean, zakarki errezibitu zuen. Daitekeen erarik zakarrenean, ez baitzion hitzik ere egin. Halarik ere maite zuen. Iada gizon egindako gizon lirain eta gihartsuaren beharra zuen, indartsuak ziruditen esku artean bere gorputza laztandua aurkitzeko irrikitan zegoen... Biak zeuden elkarren beharrean...

        Baina ez! Berak ez zuen lehen aukera beste emakume batekin joaten zen mutil bat maitatuko, bizi guztia damutuko bazen ere, horregatik bihotza lehertzeko zorian jartzen bazitzaion arren. Ez hori bakarrik! Zerbait gehiago ere egin zion. Herriko gazte batekin ateratzen hasi zen. Maite ez zuen batekin. Berdin zen! Mindutako bihotzari atsedena eman nahi zion. Hain gartsuki maite zuen mutila burumakur eta arrastaka bere aurrean ikusi nahi zuen. Orduan jarriko zituen gauzak bere lekuan... Bi eta bi zenbat ziren erakutsiko zion!

        Ez. Ez zen gertatu. Agertu bezain isilki desagertu zen herritik, arrastorik utzi gabe. Eta orduan mendeku gose guztia bera erori zitzaion, atzetik joan nahi izan zuen. Nora ordea? Asteak eta hilabeteak iragan zituen zai: egunak pentsatzen, ilunabarrean etxeratzean atarian itxaroten aurkituko zuelako esperantzatan. Gauak: ametsetan, batzutan etengabeko zoriontasuna irudikatuz, bestetan bakardadeari emana, desesperazioaren bidetan galdurik..

        Gehiago ez zirela elkartuko hasi zen etsitzen. Eta horrela gertatu zen. Ikusi, ikusi zuen! Ordurako ordea, bere buruaz beste eginik zegoen. Hilda zegoela entzun eta ikustera azaldu zenean, inork ez zuen antzematen zein zitekeen gazte hark bere burua urkatzeko arrazoia. "Gaztea da, lana eta dirurik badauka, emakumeak atzetik dauzka" zioten. Inork ez zekien herri hartara oroitzapen penagarriak ahanztera, bihotzaren zauri sakonak sendatzera joana zela. Hori bere maitaleak bakarrik jakin zezakeen, berarekin hainbeste momentu goxo eta asmo polit amestutako neskatxa hark.

        Fameliko eta lagunen artean hileta elizkizunak negarrez lehertzear iragan zituen neskatxa haren jarrerak herrikoak harritu zituen. Bere onean ez ote zegoen eritzi zioten. Ez zekiten jakin, neska hark bakarrik argi zezakeela suizidioaren zergatia. Baina ez zuen inortxori azaltzeko asmorik. Beretzako betirako gordeko zuela zin egin zuen.

        Eta hala gertatu da gaur artean. Orain, laupabost hamarkada iragan eta gero, hantxe daude biak. Bata lurpean, dagoeneko usteldutako hezurdura besterik ez. Bestea haren hilerriaren gainean; aurpegia dena zimurrak josia, urteak eta nekearen ondorioz gorputza gerritik bihurturik. Ia itzal bat besterik ez! Burua berriz, atseden guran, betirako bakea amesten, bizitzarekin gehiago borrokatzeko gogorik ezean...

        Eguna eta gauaren arteko borroka amaitzear dago. Gauaren hariak gero eta usuagoak dira eta iada, argiari bidea itxitzen diote. Isiltasuna da nagusi. Txirritxa eta txetelak bakarnik diraute kantuan. Betiko estanpa bera. Ezerk ez du natura eta animalien arteko oreka apurtzen. Ezta hilerrian belaunika marmarrean dirauen amoña zaharrak ere. Iada ohitura bilakatua da haren presentzia paraje bakarti honetan. Eta ohitura egun bat gehiagoz bete da. Amona zaharrak, ezinaren ezinez altxatu aintzinatik, malko lodikoteak masailan bera erortzen zaizkion bitartean, betiko erregu bera egin du: "Mundu honetan nahi izan ez duzuna, egi bihur ezazu bestean. Elkar gaitzatzu zeruan. Amen!".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.