L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 1 zkia. (ale berezia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Wei Lie Deshang

 

Bernardo Atxaga

 

I

Wei Lie Deshang morroiak ia gauero galdu du loa, ia gauero egin du ihes Aga Kubalai gobernariaren irlatik. Palazioaren sukalde atzekaldetan zegokion ohe miserablea utzi eta irlaren muturreko untziralekurantz zuzendu izan ditu bere pauso ixil, sekretuak. Agindu oro mespreziatuz, bere bizitza harriskuan jarriz, ia gauero hamar urte bitartean; eta soilik bere gorrotoak eman izan dion kemenez.

        Denbora anitz, hamar urte, heriotzearekin jolas egiteko, eta apika horregatik Wei Lie Deshang-ek hartu berria du erabakia, leku hartatik betirako aldegitekoa. Kiang'Si hurira joango da, eta handik Annam mendietara, eta ez da itzuliko gehio. Baina ageriko dira bere notiziak, Aga Kubalai gobernaria ez da geldituko bere berririk gabe.

        Eta azkenengo aldiz, untziralekua gontenplatzen du, goardia, goardiaren ezpataren euskarri jadez hornitua, eta honi —hilargiaren argitara— ernetzen zaizkion irisaketa berdeskak, eta zerua, zeru beltzitzen hasia ifarreko haizeak ekarritako odeien poderioz. Eta hor dauzka hotsak ere, berak, hainbestetan entzundakoak, arrai bat palastaka dabil barkuen artean, antsi egiten dute kaiaren egurrezko zuntoiak, zaunka ari da zakur bat urrunean, palazioa baino areago.

        Odeiek irentsi egiten dute hilargia, eta Wei Lie Deshang uretan murgiltzen da, arraiek koska ttikiak egiten dizkiote bernetan. Shampam batetara igoz, errainu bat bezain arin linburtzen da lakuan barrena.

        Ordubetez arraun egin eta gero, begietan hartzen ditu Kiang'Si huriko hauzune aberatsak, ur ertzetaraino jaisten diren muinoetan kokatuak. Zutabe gainetan piztutako zuzien argitasunera, etxeen teilatuak hegal egiten dutela dirudi, txori erraldoi eta buru gabeak bailiren. Baina Wei Lie Deshang ez da minbera huriaren edertasunarekiko. Gorroto dio Kiang'Si guztiari. Berarentzat, Kiang'Si huri traidore bat baino ez da, huri traidore bat.

        Hamar urte izan dira ia gauero ibilera berdina eginez, eta Wei Lie Deshang-i ez zaio deus ere kostatzen shampama pagoda nagusirantz gidatzea. Lehorreratzen denarekin batera, burua jiratu eta trabesiaren abiapundu jada urrunari begiratzen dio, eta ttu batez koroatzen du bere azken ihes hori. Ordea ez da horrela berdinduko —ur ilunak instant batetan irentsi duen txistu malutarekin— Aga Kubalai gobernariak berarekin daukan zorra. Zorra haundiegia da. Bere bizitza, bere famelia guztiarena. Lie Deshang-ek irrifar egiten du, eta bere irrifarra garratza da. Pagodaren harmailak igotzeari ekiten dio, erien artetik pasaz, eskaleen eskuetan txanpon batzuk utziz.

        Une batzuk geroago, urrez miniaturiko ateak zeharkatu eta —debot jendetzarekin nahastuz— Siddarta bere jainkoaren aurrean belaunbikatzen da. Irudia loretan blai dago, girnalda gorriak, urdinak, xuriak. Wei Lie Deshang-ek morroi gaixo bat dirudi. Baina jada ez du morrontzarik onartuko, betirako joan da palaziotik.

        "Ba daki berorrek —aitortzen du irudiaren aurrean— ni gerlari famelia baten jaioa naizela, eta estadu hori kendu zidatela ene aita Aga Kubalai gobernari arrotzaren aurka errebelatu zenean" —eta Wei Lie Deshang-ek hasperen batez azpimarratzen du Kiang'Si-ko erresuma guztian agintzen duen gizon haren arroztasuna. Aga Kubalai, gobernari arrotza.

        "Heriotzea eman zioten horregatik, eta ni morroi bihurtu ninduten. Hamalau urte nituenez geroz egon naiz morroi gobernariaren irlan, eta asko nozitu behar izan dut. Ene Jauna, asko nozitu behar izan dut, baina denbora ez zait lanturuetan joan. Egunez egun para dut ene mendekantza" —eta Wei Lie Deshang-ek mendekantza haren hartzeko baimena eskatzen dio, are eta makurtuago jarriz, Siddarta bere jainkoari—. Asko nozitu behar izan du gobernariaren irlan, eta orain, bere aitaren oroitzapena gogora etorria zaiolarik, negargurea ere ba datorkio eztarririk gora. Gerlari baten semea, eta morroi ibili da. Nola izan liteke egia? Baina egia da.

        Bera hala dago, hunkiturik, baina ez du sumatzen samurtasunik Ahalguztidunaren begietan. Galdera larderiatsuak zuzentzen dizkiola deritzaio aldiz.

        "Aurrena esan egiak —entzuten du Wei Lie Deshang-ek bere baitan— zergatik ibili haizen, hainbat gauetan, hilketak edota lapurretak egiten, eta zergatik gordetzen duan, To'she hauzoko etxe hortan, hiri honetako jende noble orok duen bizilekuen zerrenda". Wei Lie Deshang-ek begiak mina sentitzerarte hersten ditu, lapurra, hiltzailea, ez gerlaria. Baina ez da bere erruz gertatu, Aga Kubalai gobernari arrotzak morroi bihurtu zuen berak hamalau urte besterik ez zituenean.

        Erantzuna doi doi sortzen da bere ezpainetan: "Mendekantza hartzeko behar ditut urrezko bizantzioak. Mendekantza hartzeko behar ditut huriko jende noblearen bizilekuak".

        "Hago ixilik —agintzen dio Siddartak— eta ahantz egitzak izpiritu maltzurrek eragindako gorroto eta inbidia horik. Itzul hadi gobernaniarengana, eta aitor egizkiok hire kulpak. Agindu egiten diat".

        Bere leinua gogoan, zoraturik, Wei Lie Deshang-ek barre egiten du, lurrean zilipurdikatzen da barrez. Siddarta bere jainkoak gobernariaren abots berbera dauka. Eta altxatzen da lurretik eta barreiatu egiten ditu lore guztiak, girnalda gorriak, urdinak, zuriak. Barre egiten duen arren, bere bakardadea areagotu egin zaiola sentitzen du. Jainkorik gabe osorik da bere buruaren jabe, baina galdu egin du, apika betirako, urtetan izan duen konfident bakarra.

        Eta burrunban irteten da pagodatik, eta To'she hauzoan daukan etxera heldu arte egiten du korri. Opioa mastekatuz, urrezko bizantzioz betetako poltsak gontenplatzen ditu; bihotz ondoan. Kiang'Si-ko jende noblearen bizilekuak idatzita dauden pergaminoa senti dezake, tolestatuta bere soinekoaren azpian. Opioak lagundu egiten dio, geroz gardenago azaltzen zaizkio huri traidorearen aurka hartuko duen mendekantzaren xehetasunak.

        Hurrengo egunean, merkatari bezala jantzi eta Annam mendietako bidea hartzen du zaldiz. Bakarrik abiatu den arren, berrehun gizon-emakumetik gorako segizioa darama —hilabete geroago— bere xedera ailegatzean; berarekin daude biajearen arian kontratatutako argin eta arotzak, botaniko eta nekazariak, langile xoil eta kuzinariak. Baita mertzenarioak eta herriska pobreetan erosten joan den neskato gazteak ere.

        Jendetza guzti hark merkatari erotzat hartzen du Wei Lie Deshang. Eroa izan behar du, bestela ez luke hainbeste urrezko bizantzio banatuko. Mertzenarioak itsumustuan segitzen diote, ez da aberatsa bakarrik, bere begiradak beldurra ematen die beraiei ere.

        Annam mendietan haran izkutu asko dago, eta Wei Lie Deshang-ek ezkutuena seinalatzen die bere jarraitzaileei: hantxe eraiki behar dituztela hamar palazio; hantxe landatu behar dituztela ehun lorategi; hantxe zabaldu behar dituztela hogei erreka ttiki.

        Ez dira desio hutsalak. Hitz horiek esaterakoan berak gogoan dauzka behin —hamar urte lehenago— Aga Kubalai gobernariaren mahaira konbidatutako sazerdote bati entzun izan zizkionak: "Annam mendietan bizi den jendeak ez du parekorik ehizean edo gerlan, baina sinesberak dira oso, eta Mahoma deitzen dioten profeta baten esanak segitzen dituzte. Barre egungo zenuke parabisuaz duten ideia azalduko banizu".

        Aga Kubalai hala eskatuta, sazerdotea gai hari buruz ihardun zen luzaro. Berak buka zezan baino lehenago, Wei Lie Deshang-ek tajutua zeukan —bisio baten zehaztasunez— Kiang'Si huriaren aurka erabili behar zuen mendekantza moeta.

 

 

II

Harana aukeratu eta hiru urte geroago, eginak daude palazioak, eginak daude lorategiak, eginak daude erreka ttikiak, eta Wei Lie Deshang-ek beren jatorrizko etxetarantz bialtzen ditu berarekin ekarritako langile guztiak, argin eta arotzak, botaniko eta nekazariak, kuzinariak. Baina mertzenarioak ez dira mugitzen haran sarreretako dorreetatik, eta erositako neskato multzoa —iada andrettoz osatzen dena— palazioz palazio dabil, alai, jostaketan, aldian behin iturrietatik ura edanez.

        Wei Lie Deshang-i heldua iruditzen zaio Annam mendi haietako herriskak bisitatzeko tenorea. Hamar mertzenario lagun harturik, basoetan barrena abiatzen da.

        Annamitarren lehen txaboladia begiz hartzen duenean pausoa kolpez gelditu eta burua altxatzen du, bihotza larritzen zaio. Erne egoteko agintzen die bere gizonei, eta zaintzeko ia norbait, etxearen babesa utziz, taldetik urruntzen denentz. Bihotza larritu egiten zaio, ezen konturatzen baita azkeneko probaren aurrean dagoela; segidako egunek aginduko baitute bere urte guzti haietako lanaren arrakasta ala ezereza. Eta bapatean, agure batek aparte antzean dagoen putzu batetarako bidea hartzen du. Eskuan pertz bat darama.

        Eta inguratu zaio mertzenario bat atzetik: begiak estaliz, narkotiko bat eman dio usaitzera. Eta jarri dute zaldi gainean, eta ba dihoaz haranerantz.

        Wei Lie Deshang-ek hala aginduta, arrosategi batez mugaturiko erreka baten ondoan etzaten dute annamita bahitu berria. Arratsa da, zerua kristalezkoa dirudi, izarrak konta daitezke oraindik; brisara loreen petaloekin jostatzen ari da.

        Eta etorri zaio konortea agureari, begiratu du aldamenera, busti du oina errekaren uretan. Nahikoa zaio: jauzika, pozaren pozez, hymno erlijiosoak kantatzeari ekiten dio.

        Irrifarra gaineratzen da aurrena gerlari, gero morroi, gero merkatari, hainbeste estadu bizi izan dituen gizonaren aurpegira. Espero zuen bezala, agure hark Mahomak agindutako parabisuaz hartzen du berak —hamar urtez lapurtutako bizantzioen poderioz, bere gorrotoaren kemenez eraikitako palazio eta lorategi multzoa. Ekar diezaiotela agintzen die mertzenarioei. Mertzenarioak tunikaz jantzita daude, aingeruak bailiren.

        Profetaren aurrean dagoela sinesturik, agurea urrera doa salan sartzen denarekin batera. Wei Lie Deshang-ek bere artean milaka aldiz errepasatu duen esaldia xuxurlatzen du: La-ilaha-ila-Ala, ez dago Jainkoa beste jainkorik. Hitzetik hortzera dator agurearen erantzuna: eta Mahoma da bere mezularia. Eskerrak emanka iharduten du gero, ez zuela hain heriotze gozorik espero, ezta —pekataria zenez— hain parabisuratze lasterrik ere.

        Leihoz haruntz, zerua izarrez bete da. Baina Wei Lie Deshangek huri traidorearen norabidea seinalatzen duenean bakarrik erreparatzen du. Kiang'Si-ren denbora neurtzen duen erlojuaren hondarra hasi da erortzen.

        Eta apurka apurka, beste berrogei annamitar —gazteak hoiek— biltzen ditu Wei Lie Deshang-ek bere haranean, hilabete bat nahikoa zaio horretarako. Guzti guztiak agurearen portaera erakusten dute: teatro baten eszenarioan daudela susmatzeke, barre batean joaten zaizkie gauak eta egunak; eta berak barre egiten dutenean are eta barre gehiago egiten dute andrettoak, haranera etortzean dontzeila zirenak.

        Batzuetan, aingeru bat etortzen zaie profetarengana presentatzeko esanez, eta izutu egiten dira apur bat; parabisua galduko ote duten. Baina profeta eztiki mintzatzen zaie, eta Kiang'Si izena duen huri baten gaiztakeriaz berri eman ondoren, izen bat ematen die, bizileku bat pergamino batetan dibujatua. Famelia hura punitu behar dute. Aingeru honek —dio beti— erakutsiko dizue hurirainoko bidea, aingeru honek ekarriko zaituzte berriro parabisura. Orni itzazue zuen dardak tigreak akabatzeko erabiltzen duzuen pozoiaz. Ez zaiteztela itzuli Ala-ren borondatea bete gabe.

        Annamitar taldeak ahal lasterren abiatzeko desioa azaltzen dute beti. Gaur gauean —esaten die orduan profetak— lo zaudeten bitartean jaitsiko zarete lurrera.

        Ez zaiteztela itzuli Ala-ren borondatea bete gabe, eta ez dira itzultzen. Juje bat eta bere famelia, merkatari bat eta bere famelia, Aga Kubalai-ren harmadako kapitain bat eta bere famelia, guztiak Kiang'Si-n, guztiak hilabete berdinean, guztiak pozoituriko dardaz. Liluratuta abiaturiko annamitarrak are eta liluratuago ekartzen ditu mertzenarioak bueltan.

        Erasoa hasi eta handik bost bat hilabetera, huriko goardiak bi annamitar harrapatzen dituzte; hil berria zuten sazerdote baten etxeko atarian, barrez, gorpua errematatuz. Eta gobernaniari egiten diote dei.

        Azkenez, pentsatzen du Aga Kubalai gobernariak, azkenez ikusi ahal ditut hiltzaileak, hezur haragizkoak dira, aurpegia dute, mihina. Hurian hedatu den panikoa baretzeko asmoz, hiltzaileen aitormena entzutera etortzeko eskatzen die merkatari eta jaun nagusiei, ikus dezatela beren begiez gaizkigileen ahuldadea.

        Eta ekin dio borreroak torturatzeari:

        — Nork bialtzen zaituzte? —galdetzen du gobernariak.

        — Mahoma gure profetak —erantzuten du annamitar batek.

        Eta pasa dira bi ordu, borreroak egin du bere lana, gobernaria galdezka hasten da berriro:

        — Nork bialtzen zaituzte?

        — Mahoma gure profetak —diote bi annamitarrek batera, baina antsika iada, oinazez. Eta berriro gobernariak:

        — Nondik zatozte, nondik zatozte?

        — Parabisutik —xuxurlatzen dute torturatuak.

        Merkatari zahar batek gizon haietako baten odola garbitzen du, fereka egiten dio:

        — Dirua emango dizuet, nire diru guztia emango dizuet.

        — Ala da gure Jainko bakarra —dio batek—. Bestea hila dago.

        Jelatu egin da jadanik merkatarien irrifarra. Buruz makalagoak, nobleak imentzio idiotak egiten dituzte. Aga Kubalai gobernariak garraisika dihardu, alferrik, ezen bigarren annamitarra ere ixildu egin baita betirako.

        Gelan daudenen egoneza areagotu egiten da kapitain baten etorrerarekin. Aga Kubalai, gobernari jauna —dio behin eta berriro makurtuz—, zure seme zaharrena hila gertatu da irlan. Pozoituriko darda bat sartu diote sabelean.

        Elkarri begira gelditzen dira denak, Aga Kubalai gobernariak eskuak eramaten ditu aurpegira. Apur bat geroago, beren etxetara abiatzen dira denak; taldeak eginez, presaka.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.