L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 1 zkia. (ale berezia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Eskulturaren kara

 

Juan Garzia

 

Bernard Etxeparekoa bertsogintzarako dohai berezi baten jabe zen. Guttenberg jaunaren tramankulua gaur egungo haur batek ordenadore bat baino poz handiagoz erabiliz inkisizioen aurreko apaiz konplejugabe haren sentimentu koplatuek jarri diete fetxa euskarazko literatura idatziaren hastapenei: 1545. Eta harro zen. Ez noski motiborik gabe.

        Hala ere, azken esaldian huts egin zuen (huts, bai), liburuaren titulua bezala latinez datorren erremate-hitzean: "Debilem principium melior fortuna sequator". Ez, prinzipio debil hartatik ez zen fortuna hoberik segitu. Edota huts handiagoa egin diote ondorengoek garaztarrari, azken esaldi umil itxurako horretan errebindikatzen duen gloria ukaezin hori ez aski emendatuz eta areagotuz.

        Horretan zetzan Mosen Bernarden harrotasuna, eta ez bestetan. "Baskoa den gizon orok altxa beza buruia" dio, eta euskaldun obratzen du, nahiz ezin zaion (eta akaso ez zaiolako) "euskaldunok" edo "altxa dezagun" edo "gure hizkuntza", e.a. bezalako txapelkeriarik atzeman.

        "Heuskara, lauda ezak...". "Aze errespetu falta tipo horrena" dioke ama euskeraren bularretik hazi omen den exkualdunak. "Gure Hizkuntza Maiteari toka hitzegiten ez dio, ba?" dioke erdara jatorrez. Eta Etxeparekoa esnetxartzen da bere hilobian halakoaren esne zaharrak utzi duen zapore minaz.

        Ez gaitezen gu ere letxetu. Eta mesanotxe gainetik liburua hartuz, haren atsedenaren eta gure atseginaren alde otoitz egigun harekin batera:

                Munduian ez da gauzarik hain eder ez plazentik

                nola emaztia gizonaren petik buluz-korririk

 

 

 

Soilik mende laurden bat (baina tartean Trento) iraganik, euskarazko kultura idatziak Sisifo kalbinista bat ezagutuko du. Literatura? "Izena dôn guztie'men da" omen zioten Ataunen. Idatzi den guztia da sartzen gure manualetan ("Baina kultura..."). "Translatore" esango zuen berak, "Itzultzaile asmatu dugu guk, buelta bat baino gehiago eman behar izaten baitzaio buruari, inondik ere, itzuliko bada. Itzuli, ihesi joan... jakina: "tradutore, traditore". Hark, haatik, ahalik eta traiziorik gutxiena egin nahi zuen, latinetik Biblia euskaratzeko lan eskerga bere gain hartu zuenean. Ironikoki, manera eta formarik aurrerakoienak erabili zituen, euskara kultur hizkuntza estandarizatu mailara (potenzialki) igoz... katolikoena baino are dogmatismo beltzago bat zabaltzearren. Korrontez kontrako ultra progre bat agian. Heterodoxoen, Albretetarren, nafarren alderdian tokatu zitzaion, ordea, eta haren bakarlan erraldoia, euskara kultu baten asmoa, herrikoikeriazko itsaso zabalean galduriko isla bat da, zeinean lau mende geroago (lau mende horietan katolikoen katilukeria dabil nagusi bakar) arestiko heterodoxo gorriek populuaren bandera klarua tentetuko baitzuten..

 

 

 

Pazientzia. Salto handi samarra egin ote dudan nago. Etxeberri Sarakoa ez zen apaiza. Midiku (ez dakit on ala txar) honek gutun bat idatzi zion zegokionari euskara eskoletan sar zedin eskatuz (egia esan, haur euskaldunek latina aisago ikas zezaten asmoz...). XVIII. mendean zen hori. Gaur arte, Bonaparte (Louis Lucien... bai, besteren batzu ere ahaztuko zitzaizkidan).

        Ez eskuararik euskoletan sartu zuten eta ez Etxeberrik eginik zituen lanak argitaratu ziren. Ez da harritzekoa, beraz, midiku jatorra, ez bere buruaz, baina bai bere herrikide zenbaiten euskalduntasunaren osasunaz mesfidati agertzea.

        "Ezen sortherriko hizkuntza ez dakienaz zer erran ahal diteke, baizik bestiak (ez besteak) baino bestiago dela... zeren hek garbiki eta klarki emaiten baitute aditzera zein muetatakoak diren... (animali hats desberdinak)... xoilik gure eskualdun hauk ez dakite adiarazten nor, eta nongoak diren."

        Txalo bero bat, noski...

        Hizkuntza baten apologiak adierazten dio epitafiogileari noiz hasi behar duen lanean. Hegoaldean, okerrago: inposible bentzutuen berri euskaraz ezin emana, posible derrotatua fosilizatzen harroki. Apaizak berriro. Nafarroan ere: "Tratado de cómo se ha de oír misa... en romance y vascuence, lenguas de este Obispado". Apezpikuek nafarren gehiengoak beste hizkuntzarik ez dakielako, harik eta herri vascuencedun basatiak hizkuntza kultua, obispoderromantzea, ondo ikasi arte, euskal literatura —manualak dixit— egingo du... Gipuzkoan, aurreratuago gabiltza, esan bezala: hizkuntza larramenditarra ez zuen jadanik Larramendik hain "bere", hargatixe frogatuko digu zein trebe eta garbi, zein zerutiar eta "gure" den hizkuntza nuestroa... Salbuespen bat: Pirandelo-ren aitona mondragoetarra: "Gabonetako ikuskizuna". Guk asmatu omen dugu teatro modernoa, to!

        Hale ere bagara, hale bagaude ere. 194...? Euskaltzaindiaren biltzarrean dinamitero bilbogermaniko batek petardo bat jaregin du: "Euskalzain jaunok: zergatik ez euskaraz bilkura?". Hari esker enteratuko gara artean jaiotzeko geundenok zein hizkuntzaz baliatzen ziren ordurarte. Xapó, jaun agurgarriak, xapó. Eta igelak? Zuberotar igel jainkogabe pederastek euskarazko literatura modernoa egiten dute eta ez dute beraz lekurik. Eusjeltzaindian: madarikatuak dira sotanadun guztien artean. Xapó, txapeldun-pededunok, xapó t'erdi.

        Baina kontraesanak kontraesaten dira inkontrolatuki, eta Leizarraga zaharraren izpiritu heterodoxoak kalbinista bati batere ez doakion broma historiko bat egin digu: euskaltzain biltzarreko petardozale hori haren hizkeraz mintzo da, lau mende lehenagoko lapurtera klasiko (zaharra esan nahi da, ez arrakastatsu) berberaz ari da... Ez hori bakarrik, latina ez zaio aski kultu (edo abadeek horretan duten bentaja murriztu nahi du... (baina apaizak garbizaleak ez al dira?!) eta grekera antigoalekora joko du systhematikoki.

        Saloietan, zikindu eta arroztu ala jatortu eta garbitu (sic) behar ote litzatekeen erabakitzen den bitartean, kalean —kalea beti baitoa aurreraturik — bi jarreren arteko haleko sintesi batera iritsi da euskara: bere sorleku zikinean bertan arrotz bihurtu eta jatorki garbitzeko zorian daukagu, jarri zaigu, ipini digute... eta "gu" hori bakarrik geratzen zaigu, zeren hura halaxe dago, egon. ("Baina Patxi Zarragatik ez balitz, gu, gu...") Gu-gu, ergo: go-go —dio euskaraz ez dakien profeta umetuak ere—: gogo hutsa. Gu huts. Kale eta huts —desarroilatzen du haur neolitiko bizardunak—. Hutskale. Auskalo: gu-gu, go-go.

        "Quosque tandem..." entzuten da gero, eta ez da noski kosken gainetik lasai ibiltzeko bizikleta bikoitz baten anuntzioa, ez, latinez mintzo da, eta konprenitzen ez duenak hileta dotoreren bat ote den... ez, profeta bera da: "noiz arte" dio, baina lasai, liburua ez dago latinez, eta han ere ez dugu aurkituko euskalduntasunari buruzko zalantzarik: neolitiko garaiko pitxietan dago kontua; kromletxak, euskara, hutsa... horra kakoa: estilo vascoa. Eta nor aproposago intuizio kosmiko hau izateko? Nor, ez bada larogei amonaren bidez neolitikoarekiko zilborrestea eten barik duelako (,) huzkeria hustasun bilakatu duena.

        Bai, estilo vascoa, ezen beste marka bat ere badu profetak hautsia: larogei amona euskalitiko horien biloba (larogeiloba?) oriotarra kastellanoz komunikatzen baita arbaso zahar eztilotsuekin eta bere garaiko vasco estilogabeokin. Ez du dudan jartzen, ez, zein den bere hizkuntza, eta bestea, neolitikoa, "galdua" izateari ere oso irtenbide poetikoa bilakatu dio: hutsa baita lekurik kuttunena. Horra hor estilo vascoko poesi-metafisika-erlijio-estetika. Eta beren kastellanoa ez da kastellanoa (Velázquez ere ez omen), vascoera euskaraustua baizik.

        Badakit: hizkuntza ez da dena, kultura... Bai, arrazoi duzue, ezer ez da hizkuntza, batez ere Hutsarekin konparaturik. Zeren Hutsa bazter guztietan baitago, hala superestrukturan nola infraestrukturan; bai eskolan, bai lantegian; gauez zein egunez; estiloan edo desestiloan; atzo, gaur eta bihar. Hizkuntza berria... Stalinek berak ere ez zuen esan superestruktural hutsa zenik, baina... zer inporta dio, bata edo bestea... ckultura egiten bada? (Profetaren tokaio intelektual batek ere zientoka liburu omen ditu irakurriak elebitasunari buruz: alegia, bere kezka ez da nolanahikoa... eta nonbait horretxek ez dio utzi astirik bere elebitasun propioaz pittinik ere aurretzeko...). Arrazoi duzue, bai, ia tresna hutsa da, eta sentimentuak berdin gorde genitzake (ez al dio berdin? "nuestro entrañable idioma milenario...") nor ausartuko da esatera hilak ezin maita daitezkeenik?, momia bizi bati maitasun hutsezko eutanasia disimulo kupidatsuz aplikatzea gizagabekeria denik? Tresna.

        Baina profeta vascoen tresna erdara da, ez da berak dioten bezala hizkuntzarik gabe gelditu, ez. Azkarra da profeta, baina ez du asmatu hutsean hitzegiten, telepatiaz edo. Eta ez du inporta, berdin dio, ez duk hori dena... baina "aukeratu" egin behar du; berak, bai, norberak egin behar baitu hitz.

        Eta ez da hizkuntzarik gabe gelditu, euskarari egin dio huts, eta ez hizkuntzari. Eta bere kastellano hain vascoan ez dio barkatzen euskara baldarrari, mando zahar ezertarakoez horri, esistitu nahi izatea (Quixote. Oteixqu? Galdetu Unamunori...), ez bere hutsera bildu nahi izatea, eta h-z hustu nahi omen luke liburua profetak, berak tautik ulertzen ez duen liburua: "La hache —dio— hes la c(h)imenea, la hindustrialización que...", eta bertsolariek (Xalbadorri ere h-ak...?) huts neolitikoaren ordezkari bikainak omen dira noski... batez ere belarrimotzentzat! (Guretzat ere, batzutan, egia esan...). Bai jauna, eta Txirritak behialako andregai inude omen zen hari, zer zenik aipatu gabe (h)amaika bider eskatu ziona ere hutsa zen... baina ez hutsaren truke ematekoa, itxura denez.

        Eta zer ez da teorizatuko "huts" hitz magiko horretaz baliaturik, eta erdaraz?; zeren erdara trebatua baita edozelako mistifikaziotan: horregatik egiten da politika erdaraz (euskaldunen artean ere). Konparaziorako, zer irudituko litzaioke profetari, teorizazioz ari garela, hbertzale kask-etati batek idatziko balu kromletxak barrikada neolitikoak direla, eta ttikiago horiek, kromletx baskoak, hutsik ez borrokatzearren, jaurtikitzeko moduko harriz osatuek? Inkoherentea? Nork idatzi zuen Velázquez-en estilo vascoaz? Koherentzia, vascoa al da? Kaka zaharra!, hori ere teoriza omen daiteke eta.

 

 

 

Azken round. Orain profeta mutu huts dugu. Eta jaun txapeldunak ez daude Euskaltzaindian... edo ez han bakarrik: orain Jaurlaritzan ere ba daude, berak dira Jaur eta Jabelari. Eta beste arrazoirik ez balego ere, dozenaren prezioan hamalau apostolu egin zielako edo, horra saria eman vascultoreari. Nazionalisten arteko armonia, hutskara eta agonia (zentzu [unamu]onean).

        Prophetak, ordea, min zuen, min sakona. Jaurlaritzak ez omen ditu tunelpean egin zituen gogo ihardunek (h)a(h)intzakotzat hartu, hutsaren hurrengo kultur plangintza eratzerakoan. Gure vascoi aundiya Loiolako zubipean Inazioren sotana baino goibelago. Eta gure haur terribleak, dexente txotxolduta eta terribletasun izugarririk gabe, uko egiten dio Euzkadiren ohoreari, eta amorruz mintzo da (bestek irakurri du, egia esan, baina ez dut ezagutzen aditz aproposik), haserre, besteak beste, jaurlari ohien batek jaurti omen zuelako euskararekin nahiko lan bazela, eta kulturak itxoin egin beharko zuela. (Jaurlaririk lantzatuenak ere esan zezakeenik sinesteak ere lan du, haatik.)

        Ez zuen sarituak zertan minik hartu behar horretan, hala ere, itxoitea baino huts hutsagorik ez baita: ez da (Saizarbitoriak ederki adierazten duen [zuen?] bezala) zain egotea bezala, itxoitean ez da ezerez inor espero. Eta zein da, bada, bestela gizon postneolitikoaren patua, GodOT?

        Hamalau apostolu dozenan. Eta guk esperantza izan nahi genuke, profeta amorrarazi duten hitzen azpian, korriente dabilen hipokresia euskaltzalea baino gehiago dagoela; hain kuttun izan duten huskultorea baino kultuago eta euskalago direla sinetsi nahi genuke; kontsolagarri litzaiguke pentsatzea, gehiago ezin delako kondenatzen dela euskara zakurren, haurren eta teleinoxokeria (azpititulatuen) rnundura, eta euskararen goikoteatzen dela hemengo kultura erdarazkoa, eta ez kultura delako, gobernu txarra izateko kontzientzia txarra dutelako (Iturzaetak zioen rnoduko: "ez daukanari eman ez baina daukanari kendu"), prest geundeke aitortzeko arrazoi dutela esaten dutenean (esaldi honen joskera Seberisimo Altuberi eskainia da, eta haren segitzaileei [azken hitza Kintanari]) pasa egiten garela ez dakigula ezertaz mintzatzen "euskararena" ateratzeke, eta Gobernuak, El Alderdi partiduak, Algundiak, Ullalak, Elehizak, Ertxantxak eta Batxoki bakoitzak badituztela beren batzorde sektorialak. Salud (kamaradas), Juventud (d.t.) y Euskera (Nuestro Idioma Nazional), edota; are etsi ere egingo genuke beharbada, baldin eta garbi —baina garbi— esango baligute gureak egin duela, euzkeria nagusitu dela, orain praktikan bezala ofizialki ere.

        Orduan sinetsiko dugu, onerako edo txarrereko, Oriokoa baino gehiago direla. Bienbitartean, kasik hark zintzoago jokatzen duelakoan gaude. Eta arrazoi dutela biek. Huts eta huts: husna. Ala huts: ná?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.