Hitz lauz
Neuri begira
Hasier Etxeberria
Gizon mehe eta betilun batek erakutsi zidan lehen aldiz herria: kale ilunak, harri zaharrak eta kaia. Honelako herrietan neguan dena da aldi berean eder eta hits.
Berak adierazi zidanez, lanbideen arabera zatiturik zegoen herria: mendiaren magalekoak baserritarrak, ur bazterreko etxe pilakatuetakoak arrantzaleak, eta herria osatzen zuten gainerantzeko etxeetako biztanleak, beste lanbide ezberdin askotakoak.
Gizon argal beronen eskutik ezagutu nuen geroan ere aterpe estimatuen izango zen ostatua ere.
Ni ez bainaiz hemengoa, zuetako asko bezalaxe. Denoi iristen zaigu noizpait lekuz aldatzeko tenorea: batzuk ihesi eta besteak bila. (Txarragoaren beldurrez daudenak bakarrik diraute beti leku berean mugitzera ausartzeke. Koldar halakoak!).
Esaten hasi naizen bezala, ostatua, aterpe ez ezik, babes ere bihurtzen da ni bezalako kanpotarrarentzat, ilargiaz batera bakardadea ere etortzen baita gauez, oroitzapenei bidea irekiz. Eta oroitzapenak, ostera, lagun txarrak izaten dira leku berrietan bizitzen asmatzeko. Horretxegatik egin behar izaten da ihes etxetik horrelakoetan, eta han edo hemen, norbera bezalaxe daudenen koba topatu, eta murgildu, ohartzeke mihina aske utzi arte.
Horretarakoa da Xantiren ostatua: sotanoko usain hezeak emango dizu lehenik sudurrean, eta barrara iristerako han izango duzu gizon galanta zeu zerbitzatzeko prest:
Buenas noches. ¿Qué quieres beber?
Zerbeza bat. Basorik gabe faborez.
Sanmiela ala kelerra?
Eta gauzak ondo joan daitezen nahi baduzu, ez erreparatu bere kristalezko begi okerrean.
Jende askorik ez badauka tabernan, bera izango da ondoren ere galdezka hasiko zaizuna:
Euskalduna? Kontxo, kontxo, nongoa?
Nere aholkuak balio badizu, erantzun iezaiozu galde egindako guztiari, ezen bestela bezeroei ematen zaien harrera hotza eta kunplitua baizik ez baituzu aterako bere ezpainetatik.
Zertara zatozen, non bizi behar duzun, zein den zure adina... itaun guztiei erantzun.
Behin nor zaren adierazi diozunean, ez dukezu gehiago erantzuten ibili beharrik aurrerantzean, eta Xanti bera izango da zeuk galdetu gabeak ere erantzuten hasiko dena. Berak adieraziko dizu herriaz jakin beharreko oro: nor den nor eta nor den zer.
Eskultore eta artista kontuak aipatuko dizkizu lehenik, zeuk, baten bat ezagutzekotan, horietako norbait ikusia izango baituzu aldizkarietan. Ondoren, bere historia propioez nahasirik, gainerantzeko herritar guztien kontuak ere esango dizkizu, bere begia galdu zuenekora iritsi aurretik.
Baina horretarako denborak aurrera jo behar izan du geunden negutik hona: eguzkia oporrarientzat azaldu, eta sotanoko hezetasuna lurrundu behar izan du udak.
Orduan herria bete egiten da eta Xantik besteen txanponak garagardotu egiten ditu neguko
lagunak apur bat bazterrera utzirik.
Begiaren indemnizazioak lagundu zion taberna erosten.
Tabernan zortziren bat urte zeramatzanean (ez zen damu itsasoan begia utziagatik), trapu beltza kendu eta kristalezkoa jarri zioten galdutakoaren ordetan. Donostiako Zunzunegi optikan.
Garai haietatik hona gauzak asko aldatu dira eta orain ez da horrelakorik gertatzen, baina Xantiri orduan jarri zioten begiak, loka zeukan, eta oraindik ere halaxe dauka: erraz jausten da bere lekutik. (Hala ere ez luke gaur begi berri batentzat hainbeste ordainduko. "Kristal puska batek hainbeste balio izatea ere!")
Loka hori dela eta, behin baino gehiagotan neronek ere ikusia daukat barrapean begi bila makurturik, protesia zerbeza eta Cocacola txapa artean aurkitu ostean txorrotean zerrautsa kentzeko garbitzen, eta azkenean bezeroei bizkar eman, begia bere lekuan mugimendu azkar batez ezarri eta:
Begi osti hau! esaten.
Ostatuan egon den edonork esango dizu gauza berdintsua, eta neronek ere abixu eman nahi nizun: Hondarribira etorriz gero argi ibiltzeko, bart gauean, ezustean, neuk ere Xantiren begia topatu bainuen kafesnetan, neuri begira.
|