L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 1 zkia. (ale berezia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Mintzaldiak

 

Joseba Sarrionandia

 

PERTSONARENA

 

Pertsona bakoitzak —esan zuen pertsonak— oihan bat du bere baitan; gau isilean begiak hertsi eta, brisara ari baldin bada, bere barruko hostoen hotsa entzun dezake; esan liteke, bada, oihan hori pertsona horren barruan galdurik dagoela; baina, halaber, ez da ekibokazioa pertsona bera ere oihan horren barruan galdu galdurik dabilela esaten bada.

 

 

HAURREI ERANTZUTEN DIENARENA

 

Galde egidazue non, edo noiz, edo zelan —esan zuen haurrei erantzuten dienak—, baina ez galdetu zergatik; sagar bat arbola gainean gorritzen da udazkenero, han arrama gorenean zintzilik; badakit non, noiz eta zelan, baina zergatik galdetzen badidazue, "halabeharrez" erantzun behar dizuet, baina ez dakit hitz horrek zer esan nahi duen ere.

 

 

ETERNALA DEN JAINKOARENA

 

Bai, ez naiz sekula akabatuko —esan zuen eternala den jainkoak—, denboran barrena biziko naiz, bizitzen ari naizen legez, eta ene izakera ez da mudatuko, gauza eternalek munduko gauzen galkortasuna ez duten legez, baina, galdera bat egin nezake, halegia, zer izango ote naiz eternala izan eta gero?

 

 

TRIKUARENA

 

Ondo gorde behar izan dut —esan zuen trikuak— eta kaxa batetara sartu dut, eta kaxa hori beste kaxa baten barrura, eta kaxa hau hirugarren kaxa batetan, kaxa hori, berriro, beste kaxa baten barruan, eta hau beste kaxa baten barruan sartu dut, badaezpadan, eta guzi hori beste kaxa baten barrura, baina, honez gero, ahaztu egin zait zer ari naizen gordetzen.

 

 

IZAR KONTATZAILEARENA

 

Ortzean dauden izarrak zenbat diren kaulkulatzea —esan zuen izar kondatzaileak—, horixe da ene ofizioa, baina zenbat kondatu eta hainbeste gehiago agertzen da harantzago, edo beste hainbeste da honuntzago desagertzen; izarren batzu, beren argia oraindik ere honaino ailegatu omen, itzalirik daude; beste izar ugari, aldiz, bizturik dago, baina beren argia ez da oraindik honaino iritsi; beraz, ezin da izarrak zenbat diren jakin, ni bezala itsua izanik ere.

 

 

ARBOLA BIHURTU ZEN GIZONARENA

 

Sustraiak hazi zitzaizkidanean —zioen arbola bihurtu zen gizonak— hazkurea senditu nuen oinetan, gero gorputz guzian ere senditu nuen zurezko bihurtzen ari nintzela; enbor mardula naiz, iadanik, adaskak hazi zaizkit eta hosto berdez kargaturik nago; baina ziudadeko basolariak heldu dira, beren klarion eta aizkorekin, eta bihar ebaki behar dituzten arbolen seinalez markatu naute.

 

 

ARTZAINARENA

 

Animalia iheslari hori —esan zuen artzainak—, zatoz hona, otsoa, zatoz ene makilaren babesera, ez itzazu ene ardiak jan, neuk emanen bait dizut zer jan, zer edan eta aterbea; gero hatzapar eta letaginok laburtuko dizkizut, hobeto sendituko zara, horrela; orain bildu itzazu ene ardiak larretik ikuilura, ene zakur maitea.

 

 

ISPILU EGILEARENA

 

Kristalak ez ditu imajinak atxikitzen, utzi egiten ditu pasatzen —esan zuen ispilu egileak—, nik kristalari zilarbizi azal bat eransten diot ispilua egiteko; ispiluak, orduan, imajinak hatzeman eta itzultzen ditu; zilarbizia, jainkoen mezularia den merkurioaren metala da; arriskutsua da zilarbizia, hamaika ispilu egile hil ditu; baina zilarbiziaz eritzen ez dena ere deseginez doa, ispiluak, imajina gatibatu ala itzuli zalantzan, imajina erdi bat gatibatu eta beste erdi bat itzultzen bait du; ispilu bat egiten dudan bakoitzean beste aldetik so egiten nau ene imajinak, ispilurik ispilu galtzen ari naizela oroit erazteko.

 

 

KURLOIARENA

 

Amets izugarria egin dut —esan zuen kurloiak— eta esnatzean ez dut ene ametsa oroitzen, baina izerdi hotzez eta urduri nago oraindik, zer izan ote naizen ametsean, zer izan ote naizen ametsa baino lehenago; arrama gain honetan, oroitu ezinaren ezinez, jolasteko gogorik gabe, ez naiz kurloi bat besterik.

 

 

GAUEZ LO EGITEN EZ DUENARENA

 

Etxetik irten eta —esan zuen gauez lo egiten ez duenak— mundu ilun hau ganbara zabalegia da enetzat; bufoiak susmatu ditut sasi arteetan kuku egin eta ezkutatzen; arnas hestuak entzun ditut, ez dakit hilzorian direnen azken hatsak ala maitaleen atseginak diren. Hodei gizenak direla eta, astururik ez zait argi ageri, ez dakit fatu ona ala txarra seinalatzen zaidan; hodei arteko bitarteetan hilargia agertzen da noizean behin, baina hilargia ez da arrain begi bat besterik.

 

 

INORENA EZ ZEN ABOTSARENA

 

Munduan eta jende artean —esan zuen inorena ez zen abotsak— badira zer batzu, behiala pertsona arruntak izan eta geroago eta tipiagoak bihurtuak; geroago eta tipiagoak, inbisibleak egin arte, eta areago, desegin arte ere bai; orduan, ikusgarri ez direnez gero ez da haietaz inor axolatzen; zertxook, bada, saminez bizi dira, haietaz inor ohartzen ez delako, izenik ere ez dutelako; tipiotarik batzu gaizkinak egiten dira, beste batzuk negar egiten dute soilik; gertaeraren bat susmatu, bidriozko untziren bat armairutik erori dela, esate baterako, eta egilea ezagutu ezin denean tipiotarik bat da; inorena ez den negar zotina aditzen denean ere, tipi inbisible eta triste bat dago hurbilean; eta mintzo ere, sarritan mintzo dira, mundua isilago dagoenean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.