L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-7 (1984-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Pello Lizarralde

 

Elur asko pilatzen zen kurbaren zuloan era kurba horiek nire ihesaldi guztien lekuko zirela pentsatu nuen, garrantzirik gabeko eginbeharraren aitzakia bilaturik aldegiten nitueneko kurbak. Tela bat erostera, anaiarintzako arropa begiratzera, izeba bixitatzera, ilea apaintzera, medikuari errezeta eskatzera edo zapara polit batzuk ikustera nindoanean. Beste zerbait ere etorri zitzaidan burura, ihesaldi zilegi bakarra izaten nuela asteoro, joaterakoan eta itzultzerakoan begirada desberdina izaten nuela, horrelako arratsaldeetan ezagutu nuela benetan Maddalen.

        Siesta astun baten ondotik hasten ziren igandeko arratsaldeak, gazteenak pilota partiduak jokatzen zituztenean. Ezkonduak eta adintsuagoak lozorrotik ateratzen zirenean bikoteak osatzen zituzten, desafioka ziharduten kontrarioak pikatu arte, izerditan, galtzaileek ordainduko zuten garagardoa aurrerapenez dastatuz. Irri batzuk egiteko neska bat gonbidatzen zuten jokoan parte har zezan eta gero leher eginik biltzen ziren ostatuaren atean, edanaz eta pasatzen zirenei begira.

        Orduantxe ailegatzen ginen gu, ontziak garbitu eta ispiluaren aurrean denbora pixka bat egin ondoren. "Zer moduz Maitetxu, Ixabeltxo, Maddalentxo?". "Hara, pinpirrina, begiak pintaturik!". Ipurdian zimiko egiten zigutela, irrifar maltzurrez begiratzen gintuztela.

        Andregaia zutenek haren bila joan behar izaten zuten herri edo baserriraino eta kanpokoek bertakoa hartzera etorri behar. Guretzat Anjel, Satur, Juantxo edo Joxe Manuelen kotxeak izaten ziren, seiak aldean. Malloak edo Bordatxo. Automobilaren barnean koloniak eta lozioak nahasturik. "Zer, goizuetarrekin egonen zarete, ezta?". "Ez". Dantzalekuaren atean ia instant batean. Betiko hogeitamar duroak.

        "Bai, gorde ezan sarrera, gero bingoa dinagu ta. Uff, etzakela bulkatu, hi. Hau jendetza, han Jone, ez, nobiorik gabe ziagon, utzi omen diten. Hago pixka batean, zamarra utzi behar dinat... Hi, beterik ziagon, sarri etorriko gaitun berriro. Bai, gaur Juan Pardo dun kantari, jarriko gaitun, ezta...? Ez, neska, horrek aspaldi bukatu din soldaduska, paroan omen dun orain. Zer edo zer nahi al dun edateko?. Beterik ziagon barra ere, baina han ikusi dinat Josetxo. Hi, Josetxo, bi patxaran!. Ekarriko dittin, bai. Ikusi al dun?. Lesakako rubioa begira daukan. Ez hadi kexa, ez ziagon hain gaizki, niri kankailu bakoitza etortzen zaidan...! Oroitzen al haiz Elizondoko mekaniko hartaz?, bai?, ha hura ardi zamarra baino trixteagoa hunen eta horrelakoak izaten dizkinat nik... Zer?, ah, bai, esker mila Josetxo, gonbidatuko gaituk, ezta?. Bai, bai, bazekiagu arrunt majoa haizela. Bai, adios... Goazeman, Maddalen, zortzikoa paratu diten!. Bai, neska, tragoan edan ezan!.

        Arin-arinak, porru saldak, la de la mochila azul, txuri-urdinak. Zazpi t'erdiak.

        "Gosetu naun, kanpoko tabernan janen dinagu tortila bat... Ez, nik ere ez dinat ikusi, badakin nola ibiltzen den hori, inoiz ere Iruñera joaten dun zinera edo auskalo... Hik nahi dunana esanen dun, baina guapoa dela eta horrek nahi duena egiten din...".

        "Bi tortila!. Ez, txistorra... Mutil zahar hauek karganteak ditun. Bai, ja, ja, hazienda ederrak dittin... Ongi eta zuek?. Eskerrikasko, zuek ere ez duzue guttiago sartuko, txuleta bana janen duzue... Zaude geldirik!. Ez, ez dugu nobiorik. Zuek baino modernoagoak izateko ez da askorik behar. Gero ez kexa, ixiltzen denari ez diogu gaizki erantzuten. Hala, hala, ikusi arte".

        Zortzikoak. Dantzalekuaren atean.

        "Han Anjel eta Joxe Manuel. Ba al dakin Anjelekin ibiltzen zena, Pili, estaduan ezkondu dela?. Berara. Zenbat?, nik baino bi gehiago edo... La ostra!, hasi dun. No me hables, no me hables, no me hables asiii, no me mientas que me duele que me traten así..."

        Bederatzi t'erdiak.

        "Ez zekiat, igoal bai... Bai, ikusi arte... Zer moduz hi?. Bai, hondarrerako arrunt pelmak paratzen ditun. Pena izan dun errifarena. Neri bi numeroagatik... Gainera Sunbilako lela horri tokatu omen zaion... Hamarrak. Dantzalekuaren atean.

        "Eta Anjel ere joan al dun?. A ze papeleta, behatza paratu beharko dinagu..."

 

 

Ezin nituen begiak kendu kurba haietatik. Portua igotzeko sei bat kilometro falta zitzaizkigun oraindik. Anaiak kateak paratu zituela anuntziatu zigun. Lasterka sartu ginen kotxean. Erosi behar genuen koroiaz solasean aritu nintzen. Ixabelekin.

        —Ez dittinagu lore trixteak hautatuko, e?— galdetu zidan.

        Eta akiturik zirudien.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.