L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-5 (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Maitasuna

Edertasuna

Ezilkortasuna

 

Platon

 

                                                Hargatik abisatzen zituen Platonek

                                                bere diszipuluak, har zezatela, haserre

                                                zirenean, mirail bat bere aitzinean,

                                                eta hartan ikhus zitzatela bere buruak.

                                                                       Axular, Gero, 188~

 

Afrodite-ren iaiotegunean, iainkoek Oturuntza izan zuten: besteen arteko zen Poros, Metis-en semea (1). Oturuntza bukatuta gero, etorri zen Penia eske egitera, oparo ian-edan baitzuten, eta ate ondoan zen (2). Poros, bada, nektarez orditurik, —oraindik ezpaitzen ardorik—, Tzeu-ren baratzean barna ioan eta arilak (3) eraginda, loak artu egin zuen. Penia, bada, bere eza zela-ta Poros-engandik aurtxo bat egin nairik, aren ondoan etzan eta Maitasun-aurdun lotu zen. Orregatik gertatu da Maitasuna Afrodite-ren jarraitzaile ta otsein, aren iaiotegunean sortu izan zenez gero, ta orbait izatez eder-zale da, izan ere, Afrodite ere ederra izaki.

        Poros eta Penia-ren seme izanik bada, Maitasuna onelako egokieran arkitzen da. Leenik beti beartsu da, ta guri ta eder izateko asko bear du, geienek uste duten bezalakoa izateko, alegia. Alderantziz, zimela ta zikina da. oinutsik eta etxe-gabeko, beti lur utsean etzaten eta oe gabeko, ate ta bide ondoetan oial urdinetan lo eginik: amaren izaera baitauka, beti bear gorriaren etxeko da. Ordainez, berriz, aitaren aldetik eder eta on bila dabil barrandan, gizontsu, aurrelari, bizkorra, eiztari oizbestekoa, beti azpiz iokatzailea, iakin zale burutsua, bizitzarte osoan filosofilaria, gezurti ikaragarria, edabe-egile ta sofista. Izan ere, berez ezta ezilkor, ezta ilkor ere: batzutan egun berean garatu ta bizi izaten da, bestetan il egiten da ta berriz bizitara etortzen da aitaren izaeraren bitartez onik bidera dadinean; eta irixpidez bildutakoa, esku-artetik ixuri egiten zaio beti, inoiz Maitasuna ez beartsu, ezta aberats ere ez izan alakoan.

        Bestalde, iakintzaren eta ez-iakinaren biderditan izaten da. Onetara baita izan ere: iainkoen arteko inor ezta filosofiz ari izaten, ezta iakitun izateko irrikarik ere eztu izaten alakoak, —bai baita—, ezta iakitun den beste inor ere ezta filosofiz ari izango: ezta ez-iakinak ere eztira filosofiz ari izaten, ezta iakitzun izateko irrikarrik ere eztute izaten alakoek. Gaitz au baitu bere, ez-iakiteak: ez eder, ezta on, ezta burutsu ere eztenak naikoa duela uste izatea, alegia. Ezpaitu ezer irrikatzen, ain gabeko bere burua irizten eztuenak ezta aren bearrik ere eztuenak.

 

 

— Guri ori irakasten zidan, maitasunari buruzko itzak egiten zituen bakoitzean eta batetan auxe galde egin zidan: —Maitasun eta irrika orren sorburua zein dela uste ote duzu, Sokrate? Ala, ez aal zara oartu zein arrigarriko iartzen diren iizi guziak, ernarazi mina dezatenean? Lurrekoak eta egadunak eritu egiten dira guziak eta maite-minez iota gelditzen dira, leenik alkarrekin aragiz batzea dela-ta, gero, umearen iatekoak dela-ta. Aien alde indartsuenekin aulenak borrokatzeko ere gerturik izaten dira ta il bearrekotan iltzeko ere, ta aiei iana ematearren gosez aitu egiten dira ta beste edozer egiten. Gizakumeek, oriek gogoan erabilita gero egiten dutela uste izan lezake urliak, esan zidan berak. Baina, iizei zerk eragiten die ain maiteminez iartzeko? Ba aal daukazu esatekorik?. Nik berriz enekiela arean esan nion. Eta au esan zidan ark: —Noizbait maitasun-gauzetan iakitun gertarazteko gogotan ote zaude, oriek iakiteke?. —Alabaina, orretxegatik nator zuregana, Diotime, oraintsu esaten nizunez, irakasle bearra naizena iakinda gero. Ots! esan iezadazu oriek eta maitasunarekiko besteak zerk eragiten dituen. —Baldin, askotan aitortua daukagunez, maitasuna izatez ura dela sinesten baduzu, eztaukazu zergatik arritu, esan zidan: emengo ontan, eta arako egiztabide artan ere egiabide bat eta beraxe baita: alegia, izaera ilkorra, aal dezakenez, beti izan eta ez-ilkor gertatu bila ari izaten da. Ori, berriz, onetaraxe egin dezake bakarrik, au da, ume eginez: zaarraren ordez beti beste berririk uzten baitu, bizidunen arteko bakoitza bizidun izentatu ta berberaxe denez gero: adibidez, ume txiki-txikitandik agure gertatu arterainokoa bat eta bera esaten da. Orrek berorrek, berriz, eztitu inola ere beregan gauza berak ukan izaten, naiz-eta bertera izendatu. Alabaina, beti berrituz doa, batzu galduta, ileak, aragiak, ezurrak, odola ta gorputz osoa berrituz.

        Gainera, gorputzean bakarrik ez, baina baita ariman ere, aldarteak, ekanduak, usteak, irrikak, atseginak, atsekabeak, beldurrak, orietako ezer ere ezta egundaino inorengan berdin izaten, baina, batzu sortu ta beste batzu galdu egiten dira. Ori baino askoz ere oraindik aldez-bestelakoagoa dena: iakiteak berak, batzu sortu bakarrik ez, baina beste batzu galdu egiten ditugu, ta ezta iakiteetan ere ezkara egundaino berdinak izaten, baina bakoitzak baban-banan berorixe iasaten du. Ikastea izentatzen dena, iakitea alden bailitzatekeangoa baita, aaztea, ain zuzen, iakitearen ioatea da izan ere, ta ikasteak, berriz, aldenduan ordez, oroitzapen berria eginez, iakitea galbidetik atera egiten du, berdina dela iritzi alakoan atera ere. Orretara ateratzen baita onik ilkor dena, iainkozkoa bezala edonola beti berdina izaki ez, baina aldenduak eta zaartuak beste berririk erakarrita, zena bezalakoa, alegia. Gorputza ta beste edozer bide orretara egiten da ilkorra ez-ilkorraren kide, Sokrate, ez-ilkorra, berriz, bestetara, esan zidan. Beraz, ez arritu, baldin bakoitzak izatez bere kimua onar badeza: edonorengan ez-ilkortasun bila baitabiltza leia ori ta maitasuna.

 

 

Saia zakizkit, esan zueen, nere itzei gogoa zorrotzen, eta aalik eta geien beste zorroztu ere. Urlia maitasun gauzetan aurra bezala ontaraino eramana daitekenean, urrunez urren eta zuzen gauza ederrak so eginez, dagoneko elburu orretaruntz baitoaz maitasun-leiaketak, bat-batean, zerbait arrigarririk ikusten du, izan ere izatez ederra; aipatzen nuen arako ura, Sokrate, ta orren karietara ziren leenagoko lan guziak; alegia, beti ere den edertasuna ta, sortu gabea, ta suntsitu-ezina, geitu ta beeratu-ezina; gero, ez alde batetik eder eta bestekaldetik, itsusi, ezta batetan bai, ta bestetan ez, ezta batetara eder eta bestetara itsusi; ezta emen eder, eta an itsusi; ezta batzuentzat eder dena, ta beste batzuetan itsusi; ezta eztu idurituko ederra aurpegi bat bezalako zerbait, ezta esku, ezta soinak duen beste edozer ere; ezta beste edozein itz, ezta edozein iakite ere; ezta nonbait besteren batetan den zera ere; biziduen batetan bezalakoa, naiz lurretan, naiz zerutan, naiz, beste edonorengan; baina, berbera berarengan, berarekin beti bakun izaki, ta beste gauza ederrek oro arekin artukizun baitute, onelako eratara, adibidez, beste zerak sortuz eta suntsituz, ezpaita ura geiagorik ezta gutxigorik gertarazten, ezta ezerik ere iasaten berak. Urlia emengo zeretatik, zuzen gazteak maite izaten bideak gora ioanik, edertasun ura ikusten as dadinean, azkena ikutuxe izango luke berak. Ontan baita izan ere, zuzen maitasun gauzetan gora ioatea, naiz bestek eramanda bertaratzea: emengo ederretatik asita, arako edertasun ura elburu, betigora eginik, mailak bezala erabilki, batetik bitara ta bitatik gorputz eder guzitara ta gorputz ederretatik iardunbide ederratara ta iardunbidetatik iakite ederretara ta ikaste orietatik beste ikaste artan buka ledin, edertasun aren beraren ikastea besterik ezten artan alegia, ta azkenik ederra bera ezagun dezan.

        Bertan bizi bearra izango luke gizonak, Sokrate laztan ori, esan zidan Mantineia-ko arrotzak, beste inon bizi bearra izango balu: edertasun bera berarengan so-eginez, alegia. Baldin inoiz ikus balezazu, etzenuke urrearen ezta soinekoaren neurritara, ezta aur ederrak ezta mutil gazteak bezala denik iritziko: orain oriek ikusirik, sorgortuta gelditzen zara ta gerturik zaudete zu ta beste asko, zuen laztanak ikusirik, beti oriekin batera izan, eta nolabait aal izanez gero, ian gabe ta edan gabe zinateke, soil-soilik oriek so-eginez eta oriekin batera izanez. Zer iritziko genuke, bada, esan zuen, baldin norbait ederra bera berarengan, bereizirik, garbirik, naasterik gabe; baina, giza-aragi, kolore ta beste ainbat ilkor uskeriez izurritu gabe ikusterik gerta balekio? Zer ikus aal baleza iainkozko ederra bera, bakarrik aren era bakarrean? An bertan begiratu eta bear duenez arako ura so-eginez eta berarekin bat eginda dagoen gizonaren bizitzartea zirtzila gerta daitekeenik uste aal duzu? esan zuen. Ez aal duzu gogoan artzen, eratxiki zuen, an bertan bakarrik edertasun ikusgarria ikusten duenari gertatuko zaionik oroimenaren iduriak sortzea ez, ezpaitu iduriarekin ar-emanik izaten, egizkoarekin baizik, egiarekin bat egin duenez gero? Ta egiazko oroimena sortu ta azten duenari ez aal dagokio iainkozale gertaraztea ta gizonen arteko beste inori badakio, ori berari ez aal dagokio ezilkor egokieraztea?

 

        (1) Poros, Metis-en semea: Poros, ugaritasuna, eskuarteduna, nor eginda. Metis, Tetis-en alaba ta Tzeu-ren emaztea.

        (2) Penia = Beartasuna nor eginda.

        (3) Arilak = Astuntasunak, biotz-estaldurak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.