L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-5 (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Urrun horietan

 

Malkaitz

 

Abaliko Plaza Nausiaren erdian, gauari begira dago Iturralde. Koronel zaharra, luze eta hurbil nerbioso ageri da. Goizaldea ez da oraino Moneo, bere komandantea, lanbrotan agertzen denean.

        — Prest gaituzu! erraten dio Iturralde zaharrari boz garratz batez.

        Soldado hozperak dabiltza arkupetati. Ilunpetan kasi, bozak ezaugarri. Zoko batean, Txabo, Otsagiko artzaiak, bere gaztain-makatz makilaz goizekoa eskatzen du.

        — "Kendu kafe eta esnea eta enbusteriak, eni pattarra txorta bat txitxarian hiltzeko".

        Astea ez dela, Txabok ez zuen gerraren berri, ezta jakin nahirik ere. Moneok, ordea, erreparatu zue bere artaldeaz.

        — "Gureki torri behar duk artzai eta artaldea guretako, bertzenaz lau tiro eta sakanara". Txabo konbentzitu in ze.

        Lantzarien taldean Sansinenea, beltzaran eta gihartsu. Parte hartua zue bi urte lehenago Belaztegiko albaradan. Hantxe Juan Beaumont eta bertze soldadoeki batea "Queremos pagas. Mueran los castellanos y la junta" pihuka sekulako desmasiak in zituzte. Handi labur, gehienak basapiztiak iduri, harrapatu eta garbituak izan zere, Sansineneak zorte hobea ezagutu zue ordea.

        — Eramo zazue malkorrera eta beheitira egozti.

        Erran bide zue Estellerriko ofizialeak. Baina soldadoek hala-holako amistantzaz-edo libre utzi zute. Koronelak badaki aspaldi Moneoren leialtasunaz, azkenaldion ez da inortaz fio, halere, eta soldadoak ikusi nahi tu.

        Ingurua eginik eta karrika heste batean doatzila.

        — Non bizi da Uhaldekoa? galdegiten dio bere komandanteari eta arrapostua entzun gabe.

        — Goazen bere etxera.

        Eskilara luze baten ondoan, zahar zakartu bat, begiak txipi eta harrizko aurpegia jarria dago.

        — Agur On Batixta Uhalde. Iturralde koronelak, zure zerbitzariak agurtzen zaitu. Agureak makurtzen du burua.

        — Badakizu nolako gerran gauden. Altzinat jotzeko hiria behar dugu hartu. Eta zure laguntza behar dugu. Zaharra zarenez gerozti, alkortze eta bidezidorrak ezagunak izain tuzu. Zuk dakitzazu hiriaren sarbideak eta setiatzeko lekuak. Eskatzen dizugu etortzea.

        — Zahar-zaharra naiz Francisco Javier. Txipitan jostetan ibilia zara nire seme gazteeneki. Orai neke eginda nago. Nere hankak baldartu dere. Ezin dut gehiagoz.

        Iturraldek, apal, ematen dio kontesta.

        — Jainkoak urte leak eman tizu, zuk ezagutu tuzu gure Foruak bizirik eta gure ohiturak salbo; zure belaunaldikoak hauts derela, zu bizirik zaude. Seme-alabak, ilobak eta bilobak tuzu. Hortzak galduak tuzu baina herri-lurretako ardoak hartzen tuzu oraino. Zato gureki!

        — Ni ez naiz jadeneko ibiltari Francisco. Hil ninteke bidean.

        — Situazioa larria da. Etorri modu onean, bertzenaz, eta prena haundiz indarrez eramako zaitut.

        — Ez naiz joain Francisco.

        Koronela soldadoengana bueltatzen da.

        — Hertxi ate hori kandadoz eta ekarri gakoa. Hirian emain dio berrize gizon eskergabeko honi.

        — Barka koronel jauna. Joain naiz, joain naiz.

        Iturralde koronelak eskerrak ematen tizu, agure horrek!

        Goiztirian malkaitzetako txoriak ari dira kantuz. Koronel zaharrak altxa du eskua. Hunkiturik eta ilun jaisten dere zaldunak. Berrehun metrotara ez dere altzinatu, gona beltza, atorra beltza, ilaia beltza eta Ana Isabel Goteinen begi berdeak ikusten tuztenean. Moneok begiratzen dio eta ez du ezagun. Ezproinak nahi tu baliarazi baina andra zelabere gainera bulkatzen da.

        — Ez joan, otoi!

        Hedetaje gainean min hartzen du.

        — Ameskaitzak izan tut. Gau oroz, zazpi egunez. Bardan ere ikusi zaitut —erraten dio Moneori— ikusi zaitut bururik gabe mortuan zamalka; ikusi tut zure lagunen uniformeak errautsetan eta Behibideko Saizuriak aidean. Ez joan!

        Zamalkariek, lotsaz, horizontea begiratzen dute, edo, ale batzuek Heren Sugea sortu den Malkor alderat.

        Moneok laztanduz bere emaztekiain ilaia lekutzen du goai-goai. Berla zingilak sakatuz "Altzinat" agitzen du.

        Ordu luzeak dere hirirako martxan. Koronela gaisorik doaie eta hautsa eta nekea bertzerik ez da biltzen harmada azpiratu hortan. Domingo Beltzak alde egin du Ezprogi alderat. "Ihes egizue zernahi bidetati" gomendatzen du Uriguen Midikuak Artzibarreti. Zer inen du Iturraldek? Denok dakite eta alferrikakoa da bertzerik esperatzea. Eta koronelari jarraiki zaizkio bere azken bataila hortan. Salutadore batek, agian, ikus lezazke nekadura eta heriotze orbainak martxa zoro hortan. Baina mortu hortan ez dao deusere, ezta salutadorerik ere.

        Soldadoak gogoetaka ari dere, bere nausiaren jarraian.

        Kaparra, Perezeneko Errotaia, zikina eta beldurtia, izerditan doaie izuturik. Bere ezinegonaz ez da deustaz ere oroitzen eta fustazoka azkartuz doaie zaldia martxa geldo hortan. Ez dugu eskaporik. Zertako ekarri gintuzu mundura, ama? Azkena naiz eta bertze anaien bideti noaie. Bere txupin doratuan, amaren gutuna darama: "...ai seme, zuen aita, gure defuntua, kontent izain da zeukan... emen iyor ere etzue justiziarik egiten eta berak hartu zue justizia bere eskuti, segi zozu beti zure aitain lagun horri".

        Felipe de Urtekabo, turuta. Zangoak arin eta eskuak arinago. Boneta zeukan bakarra, ezkerreko belarriain gainera jautsia. Hamalau urteki alde egin zue etxeti, maiorazgoa eta honen etxalde eta soro gizena galduz. Ijitoeki ibila ze eta gero ostatu eta bordeletan. Halako baten Aurora ezagutu zue, eta amodioain desgraziak abandonatua izatean; bertzalde frango mutiko polita zelarik, oihu, irri eta argien arteo atzendu zue samina. Orain mindurak egiten dio solas "Bertzea ustel hutsa ze. Nola liteke? Baina, akaso, ametsa izan da oro. Urrunegi da hura eta arazo honen lohietan hilen naiz ziudade horren atarian".

        Moneok badaki, "Zomaian, Ultzaman bezala. Baina orai hilen dute. Aakaatu inen gaituzte". Moneo, bere zamarra gorria eraikirik, Bokalez oroitzen da, Bardeetako ibilaldiez eta estraineko aldiz anisetaz orditu zenean, Sajazarrako botiga hartan. Udaraz, gurasoen etxeti urrun, emazteki bandera hura ezagutu zuenean, bere haurtzaia, harroska eta eleketaria, hogeita hamazazpi urtetan, berak, gizonko, hamabortz.

        Jose Maria Irasu, subtenientea, Cazadores Konpainian luzaz ibilia, Señoramendin hilikako kapitainain anaiarik zaharrena.

        — Hau herri dohakabea, pentsatzen du, bere gizonik onena heriotze larrera igortzen duena. Eta Kattalin, Ezkutun-bordako neskatoa, Koronelaren ondoan galapan, koronelari iten dio so amoroski. Maite du eta deus ere ez du entendatzen. "Salbatore eguna ze, Aszensioa erraten zu berak, eta erromerira agertu zere soldadoak tiroka. Koronelak irri iten zuen bitarteo". Atertu zerenean, etxez etxe barreiatu zere eta Moneoren taldeak lehorra galdez, jo zue Hegieder aldera. Iluntzean, Kattalinen etxaldera zereneko zakurrak hasi zere ausika bortizki baina etxeko-jaunak pendiza gaineti lasatu zitue eta oturuntza ederra prestatu ere bai gizon eta zamariendako.

        Eta Kattalini hasperen bat eskapatzen zaio. Maite du baina urrunegi sentitzen du "Maite nazazu, koronela —pentsatzen du— eta erradazu behar nauzula. Nahi zintuzket nire besoetan lotan, akareziatu haur bat bekala. Begira nazazu. Erradazu zerbait".

        Bainan Francisco Javier Iturralde Enparan goibel doaie. Haizeak inarrosten du Irasuk daraman bandera beltz hautsia. Hiria setiatu behar du baina harresien barrua ez du ikusiko. Iraganain begitarteak agertzen eta estaltzen zaizkio lanbrotan. Baina batek du atxekia. Neskato baten aurpegi xuri-gorria eta begiratu sakona, egun astraka eta asunez gordea.

        Harresien altzineko etxalde abandonatu batean Koronelak ohatze bat opatu du, duen kalentura berazkeko; segizio-gizonak begirale.

        Etxeti nabari da hiriko katedrala eta estraineko aldiz etorri zerenean arabeek utzu zuten minarete bat. Baita ere Maltako zubia iraganik, Iturraldetarren jauretxea. Jauretxean kutxak eta arasak hautsiak, libruak, beriz, osorik oraino, ustelduz doatzi, sotoan, poliki-poliki.

        Etxe hutsean Koronelak kafe xikara hartu du anisetaz eta etzin altzin bere aitameri eginikako karta atra du. Izarrik eta hontzarik gabeko gau hortan habeak zartaka entzun du eta hautsez bildua bere etxekoaren peto peto den mirailaren kristala balazo batek nola hausten duen baita.

        Ez ditu solasak entelegatzen ezta ere gutunaren letra ilun hori: "En el campo del honor. 11 de nobiembre de 1.837". Eta amaraun mehe batez ikusita bekala non den hatzematen du. Ezagun du lekua. Ezagunak ere usaiak eta ondoan aditzen tuen auhen eta laztanak. Urrundu nahi tu, ordea, laztantzen ari deren hormazko esku goriek.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.