L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1965 I-II Ikurrin (1965-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Nere astotxo zintzoari

 

Lete

 

OARRA. Aurtzaroan astotxo bat izan nuen. Begira zergatik. Jaio ta amalau illabete nituala, oñez juxtu juxtu ikastearekin bat batean, «Poliomielitis» gaitzak bi oñak zearo igartu zizkidan, oñez ezin ibilik uzteraño. Urteak ba-zijoazten, eta gaur edo biar gizon izatera iritxi ezkeroz, beste erremediorik gabe, eskola ikasi bearrean arkitzen nitzan. Gure erria guztiz aldapatsua da ta, gañera, eskola bideak osa traketsak ditu. Zer egin ni eskolaratzeko? Auxen. Astotxo bat erosi ni bere gañean eskolara joan al izateko. Ara, ondorenean, alegin biziz bertsotan jarrita, nere astotxoaren berriak.

 

                Doñua: Zortziko motxean.

 

            1

Asto txiki polit bat

izan nun gaztetan,

berak ibiltzen nindun

jai eta astetan.

Beste bat zintzogorik

ez nere ustetan,

alakorik ez dago

seitatik bostetan!

 

            2

Zazpi urte nitula

eskolara asi,

gurasoen ordena:

«Gogotik ikasi».

Bi oñak elbarri ta

oñez ezin kasi,

astoa izan nuen

lenbiziko «taxi».

 

            3

Bi oñak nola neuzkan

gaitzaren mendean,

oñez ezin korritu

iñolaz bidean.

Eskolara jun bear

nik derriorrean,

eta joaten nitzan

astoan gañean.

 

            4

Zenbat pagatu nuen

ba-dakit seguro,

etxera ekarri ta:

Dana zazpi duro!

Ta gañean jartzeko

nik milla apuro,

errenditu zedien

kapatu aguro!

 

            5

Pasta egiña zuen

ark Errota-Berrin,

lendabizi aunditxo

pixun eta neurrin.

Atzez buztaneraño

aurretik belarrin,

berakin gelditzen zan

era parregarrin!

 

            6

Bigarrena izan zun

neurria artuta,

gelditu etzedien

pastapen galduta.

Duro bat pagatu nun

ala eskatuta,

onekin amar duro

dauzkat gastatuta.

 

            7

Zazpi astoarenak

zortzi pastarekin,

beste biak nun diran

nai al dezu jakin?

Garbi esango dizut

arrazoiarekin,

aiek gastatu nitun

txikiadorekin.

 

            8

Oraindik ez dirade

bukatu gastuak,

ez dizut esan kate,

zintxa, kabestruak

Oek apari, postre,

kafe bat juxtuak,

ara zenbat balore

izan zun astuak!

 

            9

Kopetakok ba-zitun

—nun aien berdiñek?—

berari erregali

emanak Martiñ'ek.

Oi azal baten parpall,

txuri, polit, fiñek...

Igande ta jaietan

jazteko egiñek!

 

            10

Illajez beltza zan da

muturrez zuria,

señorita antzera

tipoz dotoria!

Oñezkari bizkorra,

jenioz noblia,

nun billatuko nuen

lagun bat obia?

 

            11

Ezitzea kosta zan

amaika izerdi,

astakumea zan da

ezin egon geldi!

Ipur-saltalaria

andi ta emendi,

gañetik egin nuen

milla zilipurdi!

 

            12

Pentsua izaten zun

astean bi aldiz,

etzalako nekatzen

geiegi izerdiz.

Lenengo ostegunez

igandetan berriz,

arrotu etzedien;

bitan juxtu neurriz!

 

            13

Udaberrian moztu

ijitoarekin,

zenbat eskatuko zun

Jaungoikoak jakin!

Eskatzea libre da

ukatzea berdin,

trato zerratzen zan

gero erdiakin!

 

            14

Mozketa ondorenen

bizkarra orraztu,

olio ta ozpiñez

etzedien oztu.

Ille zarrak kendu ta

astotxoa poztu,

alimentu oberik

abereak ez-tu.

 

            15

Pasta kentzean beti

pozez zaldaliak,

txalogarriak zitun

ark abildadiak!

Lurretikan altxa ta

astinduz atziak,

laixter uxatzen zitun

liztor ta elbiak!

 

            16

Legorreta'ko Aizpe'n

jaio ta azia,

gero gure etxean

bizitza guzia.

Ementxe izan zuen

bere desgrazia,

Karnabal egun batez

utziaz bizia!

 

            17

Ara zer bukaera

nere asto fiñak,

beretzako alperrik

ziran medeziñak.

Egiñagatik danok

gogoz alegiñak,

azkenik galdu zuen

tripetako miñak!

 

            18

Beti portatu ziñan

zintzo eta jator,

neretzat izan ziñan

guztizko maitekor.

Orregatik zugana

gaur kantari nator,

nere izate dana

Zuri bai dizut zor!

 

1964'ko Dagonillaren 20'n.

San Bernardo eguna

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.