L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1965 I-II Ikurrin (1965-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Izadiaren teolojia ta «Bide-giroak»

 

Mikel Argiñarena, S. S. S.

 

        Gaurko egunean lurreko izakien (realidades terrestres)

teoloji billa dabiltzan teologuak asko dira. Thils, Rahner, Mouroux, Vagaggini ta beste asko dira ur sakon onetatik datozenak Izadi-materiari alako sentidu sakona ematera (1).

        Orain tenika dala-ta, edo materiaren aurrerapenak dirala-ta, Eleizagan kezka sartu da benetako sentidu bat erantsitzeko materiari, dena materialismuaren dirdiran itxutu ta zapalduta gelditu ez dedin. Tenikak zoratu gaitu, ta askoek geiegi, ta tenikaren idolatri utsean gelditze ainbatean gañera.

        Eleizak teknikari Jainkoarekiko bidetasuna azaldu nai dio, materialismoaren Jainko-ukapena itzalduaz. Ori dala-ta azaldu da, bada, lurreko izakien teolojia.

        Onekin lotzen da Izadi osoaren teolojia. Izakietatik aundiena Izadia da (universo); ta bere goi-sentiduak erantsitzen die beste gaieri teoloji-esanai ori.

 

        GURE LITERATURAN

        Illabete batzuk baño ez dira agertu zala Luix Mujikarren «Bide-Giroak» (2), izeneko poema. Onela izenpetu zuen bere poema: «Izadia konsagratze baten poema elesti-lirikua». Lendabizitik arduraz izan zan artua. Agirian ateratako kritikak azaldu ziguten liburuaren balioa, batez ere estetikaren aldetik, baño oso gutxi jardun zuten poemaren muiña aldetik. Orregatik norbaiteren afirmazioak esajerazioak iruditu zitzazkion baten bateri. Ni ontan nago: ba-litekela pixka bat esajeratzea, bañan eskandalu ori, batez ere apaizen artean, kritika oiek liburuaren argumentua ain garbi azaldu etzutelako izan zan. Or dago neretzako «Bide-giroen» aunditasuna, naiz-eta estetikarena ere aundia izan. Ta uste dut oso gutxiek koprenitu dutela

poema onen sakontasuna. Ea laguntzen diogun irakurleari pixka bat ontan. Egilleak berak lagundu dit konseju batzuek prestatuaz lan ontan. Guk «Bide-giroetan» —egilleak berak esan duan bezela— Izadiaren teolojia dagola baieztean, ez gera joan bear poemara tesis batzuk billatzera, edo Izadi-teoloji testo bat billatzera; esistenzialismu

giroa edo beste edozein giro nobelatan sakabanatuta arkitzen dan bezela, alaxe joan bear gera Mujikarren olerkira. Nere ustez, liburuko estetika modernu-zaleagatik baño bere Izadiaren teolojiagatik arritu bear gera geiago. Bañan nik, ez dut komparaziorik egin nai, akatsen batzuk arkitu ditezkelako euskeraren aldetik; batzutan zartatuegia, billatuegia da; bañan, ori normala da dabillen bidetatik ibillita, euskerak ezer gutxi urratu bai ditu bide oiek.

 

        IZADIAREN AURREAN

        Egoera asko artu ditezke Izadiaren aurrean. Bat, ederzale utsa, Izadia bere imanentismuan ikusita Jainkoari beregan parterik ezagutu gabe. Juan Ramon Jimenez irakurtzean alako imanentismu bat sumatzen degu; ez noski beti. Jainkoarekin nasten bada ez da izango (askoetan) Jainko nordun batekin, panteismuan baiño.

        Bañan, beste artista batzuen lanetan laister sumatzen dugu Jainkoaren antza arrastoa. Arrasto orrekin ezagutzen da Izadiak Jainkoarekiko duen itur burua, jatorria. Paul Claudel, Francis Jammes, Panero'k emandako poesiak bereala jartzen gaituzte Jainkoaren alkartasunean, ta alkartasun ori ez da zearka eskuratua bakarrik, zuzen zuzenik ere aitortua beaien poematan.

        Bi egoera auek oso nabarmenak dira. Batzuek segituen topa dute Jainkoa, beste batzuek, ordea, Izadiaren soñekoan gelditzen dira txoraturik, ta berari ematen diote aipamen guztia.

 

I

BOST ETAPA

 

        Izadiaren teolojia egitean bost etapa aurreratu genitzazke, alako ikuspen oso baten maillak bezela. Etapa oiek, beetik asita liturjiaren tontorreraño artistak zenbat pausu eman lezazken azaltzen digute estetika bat teoloji biurtzean. Gero ikusiko dugu, katoliko artista guziak ez dituztela pasatzen malla oiek teolojiaren aldetik, geienak lenengoetan gelditzen dira. Batez ere laugarren eta bosgarren etapak, Izadiaren teoloji konzientzi osatu bat eskatzen dute. Eta estetika egiten diguten denak ez dira teologuak, eta ez dute teoloji sakontasun berezirik ere.

        Ikusi ditzagun bada bost etapa oiek. Teoloji onek eskatzen du noski alako eder-lan erlijiosean ibiltzea; orregatik, olerkari asko ez dira sartuko etapa auetan. Aragon, Elouard eta beste askoek beste materi giroan egiten dute beaien poesia.

 

        1) Jainko joera.— Izadia Jainkoaren egite bat da, bere almenetik sortua; Beragandik dator, ura iturritik bezela; ta Izadiak ez du ederrik, erakarpenik edo sentidurik Jainkoa ezagutzean baño.

        Izadiari, bada, Jainkoaren sorkari izatetik datorkio arenganako joera edo referentzia. Gizonak, naturaren ederra ikustean —beste giroaz okertuta ez badago— bereala joaten da Jainkoarengana, bere izena goratzera, izadi gauzetan bere antza ta dosiak aitortzera. Gure eder gosea asetzean, adibidez, paisaje aurrean, gertuago ta minberatiago sentitzen dugu Jainkoa.

 

        2) Izadiaren konzientzia.— Bañan Izadi orrek Jainkoaren antza ta edertasuna dirdiratzen ba-ditu ere, Izadia, berez, ez-jakiña (inconsciente) da. Berak ez du biotzik edertasunaren muxuaz barren-sentiberatzeko, berak ez du zentzunik edertasun gaietatik Jainko-egillea gurtzera igotzeko.

        Gizonak eman bear dio Izadiari zentzun ori, eder dardaizo ori, bere konzientzia prestatuaz. Poetak iges egiten du gizon materizatearen itxukeritik. Bera prest dago beti Jainkoaren abotsa entzuteko olatuen orruetan, Jainkoaren dotoretasuna sumatzeko udazkeneko urregorriaren aurrean. Gizon materizaleak ez du zentzun zorrotzik gauza txiki edo zirtzillenetan Jainkoaren presentzia topatzeko: poetak bai ordea, bere sensibilidadea berezia da, edozer gauzetan zorararrizko mundu bat sumatzeko. Orrela bada, olerkariak prestatzen dio Izadiari bere konzientzia.

 

        3) Ezagutuaren kanta.— Konzientzi artze orretatik irtengo zaio olerkariari biotzeko kanta, iturritik ur gozoa bezela. Kanta legun ta errexa. Berak salmoa dario itxasoa, basoa, aritzaren urrea, udaberriaren «neskatxatasuna» ikustean. Berak kanta dario Izadiari ta bere gorputzetik jasatzen du salmua zerura. Salmu orren iturria ederraren konzientzi-artze utsa da. Dena jainkoratuta, bere izenera

bideratuta.

 

        4) Jainko-Gizonduaren ikutua (3).— Oraindik, Izadiak Jainkoarekiko duen joera askozaz sendoagoa, ta sakonagoa biurtzen da Kristo-Gizonduaren misterioa ikustean. Kristo bere gorputzean Jainko Aitaren sakramentu, antzirudi da. Guk Seme-Aragiaren bitartez ikusten dugu Jainko Espirituaren egia, Guk Jainko Egillea Kristoren soiñean ikututzen dugu. Ta Kristoren gorputz ori Izadiko zati bat da; beraren bitartez materiak Jainkotasuna irabazten du, Jainkoa Izadira murgildu da. Jainko natura Izadiko soin, gorputz edo materi batez jantzi da.

        Aldi berean, Kristoren Aragi orrek anaitasuna erantsitzen die Izadiko gai edo elementu guztieri, denak bere materikide biurtuaz. Kristo materian sarturik bere gorputzean gertatu da materirik goien eta sakratuena. Izadiak eta materiak Kristogan artu dute esanairik miragarriena. Auxen da bada, Izadiaren teoloji sakona. Kristo gizonduaren tontorretik Izadiari begiratzea, Jainkoarekin edozein

alkartasun arkitzea baño askozaz arrigarriagoa da.

 

        5) Sakramentuek Izadiaren seme.— Kristo presentatu dugu materiaren gairik lenenguena bezela. Kristok, ill ondoren, bere personaren erospenia asoa liturjiaren bidez sakramentuetan ematen digu. Sakramentuek dira Kristoren ordezko bezela. Sakramentua izatez siñale bat da: siñaltasun orrek beste goi-grazia adierazten eta ematen digu, au da, Erospena (Redencion).

        Erospen ori berriz, Izadi-gai batzuen bitartez irixten zaigu, alegia, ogia, ura, ardoa, olioa ta abarren bitartez, Izadia orrela Erospen-bide biurtzen da. Sakramentu-gai oiek Izadiaren frutu dira, ta beaiengan, Izadiak Jainkoa ikututzen du, obe esan, beaien bitartez Jainkoak grazia ta Jankotasuna eskeintzen die gizoneri. Izadia, Eukaristiko ogian Kristo biurtzean, eduki dezaken aunditasun

goenekora igotzen da.

 

II

«BIDE-GIROEN» TEOLOJI BARRENA

 

        Ikusi ditugu, labur bada, poesiak Izadiarekiko eduki ditzazken bost mallak. Bi azkenekoak, batez ere, ederraren aurrean teoloji-giro sakona eduki bear dala eskatzen dute, ta era berean liturjiaren esanaia ondo ausnartuta.

        «Bide-Giroetan» bost malla oiek argi azaltzen dira borobilduta. Bere orijinaltasuna Izadiari liturji-kutsu ori eraste orretan dago. Egille berak esango digu itz aurrean: «Poemak Jainkoz arnastutako mundua azaltzen du, bañan Kristo Gizonduaren eragitez, Jainko-ikupenez kutsututako mundu erosi ta igurtzia batez ere. Eroskundea iritxi da, zearka bada ere, materidunetara, gizonak Erredenzioa eldu bai du, ta onen barrena beeko sorkarietara luzatu.

Mundua Soin Mistikuan sartzen da, ta beregana biltzen» (4).

        Sakona da benetan itz auen indarra. Izadia Erredenziora biltzen da. Kristoren Aragiak gizona kutsutzen du lenengo ta gero, gizonaren materi-anai guztia, au da Izadi osoa, Biek —gizona ta Izadia— Kristoren anai sentitu diralako. Kristo berbera Izadiaren zati egin dalako.

        «Jainko-Gorputzaren ikutupen ontan Izadi osoak darama osasun-azia, kultu-azia, naiz eta aurrez eta apurrean» (5). Itz auen bitartez egilleak aitortzen digu Izadiaren Erredentzio-aldaketa ez dala oraindik osoa, bañan badaukala gero izango danaren antza ta siñalea zati batzuetan. Beraz, Izadi orretatik gauza batzuek —sakramentu-gaiak— Erospenean erabat sartuak izango dira, ta besteaindikoak beaien influentzia izango dute. Sakramentu-gai oiek, bada, —ogia, ardoa, ura, olioa, t. t.— Jainkoari kultu benetakoa altxatzeko bide izango dira; geiago oraindik, Jainko berbera gugana ixuriko duen Erospenaren bitarteak izango dira. Jainkoak ezin gaitu ikutu aal

izango erospenean, Izadiko gai oien bitartez baño.

        Ikusi ditzagun, bada, texto batzuek obekigo gozatzeko

«Bide-Giroak» ematen diguten teoloji arnasa.

 

        1) Izadiak Jainko joera.— Au da, ikusi degun bezela, lenengo malla Izadiaren teolojian. Bere eginkizuna nabarmena da, orregatik estetika erligioso geienetan arkitzen da. «Bide-Giroak» azkeneko liturji mallara igotzeko kondizio bezela azaltzen digute. «Barren soroan nijoalarik, zure ibaikada datorkit... Alako ibaikada banatua, inguruetara iritxita ikutuz-gero ertzak kantua bezin gori ipintzen dituen ibaikada» (6). Izadira begiratuaz Jaunaren presentzia ibaiaren udaldea bezela datorkio; udalde orrek jartzen du olerkariaren biotzan kanta kixkalgarria. Bañan, edertasunaren gorputzarekin ez du gustatzen edo gozatzen bakarrik, begiratua otoitza biurtzen baño, Jainkoaganako joera Izadari erantsiaz. «Orra, edertasun ibaitua (7)

beatz-beatzez itsasten duten esku-otoitza... Orra, asebetez azkendutako udan urgai antzera igesten diran otoitzak... Orra, muño eta basoz, otxantasun zurigorriz, eta fruta mantsoz biztandutako begien otoitza... Orra, guztia atsekabe elduaz barrentzen eta ukitzen duenaren biotz-otoitza» (8).

        Liburuaren azken aldean olerkariak poemaren goenetik

ikusten du eten gabe bidalia izan dala Jainkoagana begiak ikututako guztia; orixe azalduko digu «Eldu miña» atalean. Bañan lenago esaten du: «Begira dutan lurraldea ez da zure jabetzaren uda atsegiña, edo zure galearen samin naigabea sentitzen duen barne eginkizuna baizik» (9). Au argiago ikusten dan zatia, obenean, urrengoa izango da. Olerkariak apaiz-eginkizuna ematen dio bere buruari, dana Jainkoaganatuaz, Izadia grazira bideratuaz. «Apaiz izan, zuk eskeñitaka Izadia Zugandu ta Zugana biltzearren. Izadiaren apez izan, nire griñetara baldandu gaberik, graziarengana askatu dedin» (10).

        Texto auek argiak dira berez, azaltzeko olerkariak antsi bizia eduki duala Izadiaren soiñean arkitutakoa Jainkoaganatzeko.

 

        2) Olerkaria konzientzia ematen.— Poetaren eginkizuna Izadiari konzientzia eskeintze onetan jarriko dugu. Jainkoagandiko edertasuna arrazoin ez direnetan mutu ta ez-jakitun gelditzen da. «Bide-Giroen» olerkariak badaki ori. Bere estetiko ta Izadi ikuspena munduari ordezko izango zaizkio; poetak miretsiko du mundua ta bere edertasuna eskeñiko Jainkoari; abotsa, kanta, eskerra altxako Egilleari materi mutuaren ordez.

        «Biotz, eman zumarrari, eman ibaieri, eman basoari izen izkutua, eta arkitu beaien aurpegian Jainkoak gorde ziena, Berak (bakarrean) bideko gauza umil bakoitzari azkengabe ta pitxidun ezarri ziona» (11). Poetak arkitzen ta sumatzen du Izadi-gaien izena, ta beaietan Jainkoa topatzen.

        Konzientzi-emate onen egia garbiago ikusten dugu beste onetan: «Emen nauzu Jauna, abots berri, begi berri, ta barrenalde berrituak eskeintzeko eginkizun zabaltsuan. Orain, Izadia Birjiñ eta pozatsu dijoakizuke, anima erantzuberaren askatasun eta konzientzia aurkitu dituelako» (12). Izadiak diñatasun, ta aunditasun zorrotzagoak

ditu olerkariaren konzientzi prestatze onetan. Izadia olerkariaren salmuetan «birjin eta pozatsua» biurtzen da. Izadiak olerkariaren poesi-antsi barrena erantzuten du, eta eskerrak ere ematen. «Bidea sendotzen nijoa, Zuregana ber-sortzen, nire konzientzias bion arteko lehen senidetzara etortzearren» (13). Konzientzi arrek egin du Izadia «Jainko ta graziz bero» arkitzea, ta «dena ametsezko biotz antzera, urdiñez, arrosaz, naranjaz egunabartua» biurtzea (14). Esan liteke «nigandutako» Izadi atalean ekarriko digula dei onen usai osoa, dena batean bildu nai izango balu bezela. Olerkaria Izadiaren senide da, beaien «senide aundi», berak naitasunez laguntzen diolako materi mutuari Jainkoaganako joera egiten. «Senide aundi natzaizu, abotsa ta ederraren konzientzia ematen laguntzen zaitutelako, Jainko irudi izaten laguntzen zaitutelako senide natzaizu, egilleagana eten gabe biltzen eta jasotzen zitutelako, Beregan ber-sortua, bere otsen eman

garri zerala jakiñarazten zaitutelako» (15).

 

        3) Izadiari salmua.— Liburuaren kanta au ia orrialde guztietan banatuta dago; udaberriaren parra bezela azaltzen da nunai, batez ere udaren eldualdian, ta udazkenaren koloretasunean. Poemaren atarian esango digu: «Bidean nabilkizu Jauna, biden ibillaren atsegiñean... arnasa, kolorea, garbitasuna zipozki amiltzen diran niregan. Begiak ibaia, mendia, piñudia, urdiñ birjiña, lambropeko basoan bizitzen. Dena barruan girotzen, barnean jaiotzen, dena otoi biurtzen... begiok Izadia ­natura— estutzen eta bere ibaikadan blai gelditzen... begiok Izadi umil eta aberatsa, Izadi illun ta karraskaduna sumatzen...» (16).

        Olerkariak paisajearen kanta du, batzutan oria, gorria, preskoa, beste batzutan latza edo burnizkoa. «Paisaje ta barren-aldea alkar konpreni-begiratuak ikusiko dira, biotzak eta lurraldeak alkar-jardun berbera bilduko dute eta gauz berdiñak, sentipen berdiñak, antsi berdiñak esango ta kopiatuko» (17). Orregaitik, Izadi ori gai izango da sentimentuaren pentagraman jarritakoa kantatzeko gaurko biotzez, modernu-dardaraz, irudi osatuen lujoan.

        Udaberria ur mantsoa izango da, nunaitik preskotasuna dariona. «Udaberri, putzu sakon ta usaitsu baiziñan zentzunkeriz zatoz... Bai, irrits-galea, biotza ta zañak bustitzen dituen putzua zera» (18). Izadiaren udaberri ori, poetaren kantuan, alkar bultzada bat da. Kolpe bulartsua, odol gaiztokoa. Ona bere kanta: «Biotz udaberri,

onartu bultzada au, eta josi argi ta ametsak odolean itotzen dan ezpata zorrotza bezela eta astindu bere mantxaz nere bidea» (19). Izadi guztia, azkenik, ur urdiñezko lagua bezela begiratua da. «Laguak eta ibaiak» metaforak pixu aundia daukate Mujika'ren estetikan. «Lurraldea zure ibaitasunean. Dena kolore, gauza, arpegizko ibaitasun. Dena lagua bezin neskatx eta ugari» (20). Texto auen lirikutasuna gutxitan arkituko dugu gure literaturan. Onelaxe da bada poetaren kanta.

 

        4) Izadia Kristoren teolojian.— «Bide-Giroak» poemari balio obena alderdi ontatik arkitzen diot. Onelako teoloji ikuskizunik ez dugu izan orain arte guregan. Emen poesiaren eginkizuna teoloji sustraitik dijoa. Kristoren Aragia da poemak jartzen diguna Izadiaren erredenzio-bide lenengoa bezela. Kristoren Aragia naturaren senidea da; Aragi ori materia da, gaia, Izadiaren zati bat. Goazen bada «Bide-Giroetara»: «Bidea Zutaz (Kristo) ikututako Izadira bideratzen, Zure Erospen kutsupenezko (contagio redentivo) Izadira erakartzen, Alako Izadi zabal, ugari, itzalkorra» (21). «Badakit Izadiaren errugabetasuna, Zure Erospen-ukitze arrigarria senti duenaren antzera, emango zaidala... Zure Erredenzioz gañezkatutako bidean nijoake, ta zure grazia sumatuko... Graziaz jariotuko duan lurraldea senideturik, ber-sortuko ta Gizakundera (Encarnacion) irikia sumatuko dut, eta ukigabe ta lehenengo eskeñiko bere birjintasun erosian» (22). Zati ontan teoloji osatua ematen zaigu, graziaren «via incarnata» gugana iritxia. Enkarnazianismu ori dala-ta esaten digu paisajea, bere begietako poesia Errendenzioz gañezkatuta (inundado) dagola, Kristok bere Aragian ikutu duelako paisajearen materia-gaia. Orregatik paisaje ortan egongo da «Zugana azkendutako Izadira txurruztatzen dan koloretasuna, grazi-asetasuna» (23).

        Liburuak atal batzuetan teoloji-tarte lodiago bat egiten du; poetak estetikaren ardotik asetu ondoren, Jaunagana bildu nai du atsedenean, Erredenzioren konzientzia gozo-gozo artuaz. «Biok goaz sendotzen; Izadia, zure Aragi gañezkada (irrupcion encarnativa) senti duelako, eta nik, zure jainkotar egonkizuna graziaren emaitzan dutalako» (24). Olerkariak sarritan jardungo du poemaren barrena «grazia» itz onetaz. Au ez da artu bear mistizismu illun bat bezela poemaren esanaian, teoloji sentiduan baño. Grazi ori Kristo'ren materi-ikutzearekin alkartuta dago, ta Izadiaren Erospen-kutsua esan nai du.

        «Izadiak eta nik, irudi berbera daramagu. Biok sumatzen dugu gugan zure irudia, biok sentitzen Zure Aragiaren azkure sakramentala, biok sentitzen, gure izatea grazi ta jainkotasunaren argai biurtzen duen azkurea» (25). Emen egileak euskerazko jenialidadean teoloji pixu berezi bat ematen digu. «Aragiaren azkure sakramentala», Kristoren Aragiak barren-barrendik azkuretu du materia, bere anai biurtu dalako Kristo gizon eta gorputz egitean.

Aragi orrek «grazi ta jaikotasunaren argai»egiten gaitu, au da, graziaren bidez jainkotasunean parte artzeko eskubidea ematen digu, Aragian, alegia, bere senide diran ogi, ardo, olio, ta abar sakramentu-materian bitartez.

        Oraindik lirikutasun gozoaz kantatuko dio naturari: «Jainkoz barrendutako Izadia grazian igeri zaidan Izadia, Erospena emangarri zaidan Izadia... Grazi ta Erospenez ukitutako Izadia, Jainko aragiz beaztutako (26) Izadia, Jainko ibai antzera nigandutako Izadia» (27).

        Alabañan, teoloji guzti au poemaren preskura urdiñean nastuko gu; orregatik, batzuentzako noizbein estetika teolojiaren itzalgarri gartatzen da, ta batzutan ere latz xamarra euskera berbera, gure izkuntza ez bai da izan erabillia ainbeste idea auek ematen ta literatura-asmazio auek tajutzen. Berdin gertatu zitzaion Ruben Dario'ri erderan. «Bakar-tokia, itxasoa, aritza, basoa: dena zure

egote galanta ta aldigabean. Zure presentzia (Kristo) nere begirada erasotzen (irrumpiendo en mi mirada)... Lurraldearen antsi birjiña Jainkoz anaitua, zure igurzketaz kutsutua, Izadiari eskeñitako Jainko Aragiz biztandua! Zure presentzia bizitzen, zure Aragia zeru-lurrak sendetzen!» (28). Jainkoak bere Aragian igurtzi egin du materia ta berari sakramentu-eginkizuna eman.

        Texto auek argiegiak dira Izadiaren teolojiaz adierazi genuena ikusteko. Begira, azkenez, beste texto zoragarri bat: «Izadia emanaz igotzen natzaizu, apez antzera konsagratzen, Zureganatzen, Erospen-antsian girotutako Izadia, Zuganatzearren eldutako Izadia... Begiok ikusmen erosiz igarria graziaz inguratzen dute, begiok eutsia Jainkoz inguratzen dute» (29).

 

        b) «Bide-Giroak» liturjiaren arnasean.— Lengo Erospen kutsu ori Izadian sumatzearekin poemak teoloji-balitasun asko irabazi ba zuen, azkeneko malla onekin Mujika apaizak, kosmoaren lanetan Izadi perspektiba eman digu. Malla batetik bestera igotze arrigarri bat ikusi ba-genuen, emen gelditu bear gera; Izadiaren teolojia emen bukatzen dalako, kosmoaren tontorrera iritxi bai gera, materia liturji-indarretan igeri sumatuaz.

        Liturjiak materi ta zentzunen bitartez ekartzen digu Kristoren Erospena. Liturjia antz-irudien giroan bizi da, ta berak Pentekoste aldi ontan Kristoren apaizgintza luzatzen du sakramentuen bitartez. Sakramentu auek ordea, ez dira Erredenzioa materidunetan guganatzea baño. Ikusi dezagun bada au poeman: «Ni natzaizuke graziz ixuritako Izadiaren apeza. Zure otsak sumatuko ditut eta

lendabizitik zure duzun Izadiliturjia oparituko» (30). Poetak apezaren eginkizuna artzen du, Izadi ontan liturjiaren aberastasun sakramentalak sumatzen dituelako. Au argiago ikusiko dugu «Maats-mordo aurrean» izeneko atalean. Izadiak ez du Kristoren Aragian Erredenzioaren kutsua artu bakarrik, bera baño, bere gorputzeko gaietan, Erospenaren iturri gertatu gizonarentzat, batez ere, Eukaristian. Maatsaren ardoa da —Izadiaren seme bezela— Kristoren Odol santu biurtzen dana. «Zugan mordoaren ardo-gai, Zugan biltzen du Izadiak bere liturjia, Zugan biltzen bere antzaldaketa (Transubstanciacion), Zugan biltzen bere Jainko-sarrerazpena» (3). Lentxeago esan du Izadiak —ardoan— Jainkoari liturji-sortzea eman diola: «Mats mordoaren ardo-gai gorri min, zure loditasunean

Jainkoa lekutzen duzu, zure ixurmenean jainkoratzen zera, zure umiltasunean Jainko-Odoleratuaz ber-sortzen. Ixuri, banatu ta Aldarean opari eskeñiko zera» (32).

        Esan dezakegu Teileard de Chardln'en kristojenesis au duela bere tontorrerik aundiena. Izadia Kristogana bilduta, Izadia bere gai sakramentalak, au da, ogia, olioa, sa, t. a., Kristori prestatzen, bere antz-irudiak guretzako grazi erosle biurtu ditezen, «Indarrez eta lurraren grazi ta frutuaz irixten naun Izadi sakramentuduna, Jainkoa

damaidan Izadia! Eukaristia eusten duen Izadia, iturriaren emaitza —bataioko ura—, Aldarean Jainko Odol bizbizian ustutako maatsa eskeintzen didan Izadia» (33).

        Texto auen teoloji expresioa berezia da ta sakona. Teillar de Chardin'ek «L'hymne de l'Univers» liburuan ekarri dizkigu orrelako idea batzuek, bañan ezer gutxi ikusi ditut erderan (literatura giroan) orrelako teoloji kutsuak. Juan Ramon Jimenez, Garcia Lorca, Damaso Alonso ta beste askoek naiz eta poesi erdi erlijiosoa egin, ez dira biltzen Izadiaren liturji-kuskizun ontara. «Bide-Giroen» orijinaltasuna emen dago.

        Jarraitu dezaiogun poemari: «Izadi nerea, alde pekatutik, ekin Erospen indarrezko ibaikadaz (irrupcion de fuerza redentiva), eman zain sakonetik frutu agurgarria —iriña, arda, olioa—, eta aldatu ni Jainkoaren joritasun liturjiduanera almen zurean!» (34). Emen garbi azaltzen dira sakramentu-gaiak Erospenaren zubi bezela.

        Ez dago dudarik liburu guztiko teoloji zati sendoena ta expresibuena «eskuetako gariburua» atala izango dala. Bertan ematen digu Izadiaren liturji-tontor onen sintesis osoa: «Nolako Jainko bizi betea, nolako alkartze-kosmikua aldarean deseginduko dan gariburu ontan» (35). Kapitulu osoa egin onen kanta zoragarri bat da, poetaren antsia «apaizgale ordea»(aspiracion sacerdotal) da, Natura Jainkoaz inguratua izateko.

        «Maatsaren antzera au ere lurraren frutu da (gariburuak), bizi-zorna darama, umotasuna, Jainkoaren ibaikada ainbatean azitzeko natura kemena. Bere iriñean Jainko Aragia-eusteko indarra du» (36).

 

* * *

 

        Noski, au guztia, ikusi degunez, Izadiaren teoloji utsa da. Poeta Izadiaren apaiza biurtu (37). Paisajearen edertasuna, itxasoaren neskatxatasun urdiña ikustean, olerkariak badaki estetikatik aruntza Jainkoagana biltzen, ta bilduta-gero Izadiari teoloji-kutsua miazten.

        Nere ustez, liburuak alde ontatik asko eman dio gure izkuntzari. Ta ausarta izan da au eskeintzean. Ez dago berriz ere esan bearrik, askotan, liburuaren erdera gozoagoa gertatzen zaigula; ez da arritzekua. Izan ere, euskera xamurra da ta leguna nekazaritza-ideak emateko, bañan nola legundu luma bat-batean Rahner baten teolojia, edo Heiderger'en filosofia emateko?

        Bukatzeko, poemaren lorea bezela, bertako epilogo-eraskiñaren mutur au jarri nai dut idea guztien katea lotzeko. «Jauna, goizeko seirak dira, ta kanpaitxoak nire mezaren asiera jo du. Liturjiaren goi-goenetik poemaren arnas kristobera guztia besarkatu nai dut azken aldiz... Nire Izadia, Jainkoa ta Materi arteko besarkada galanta ontatik, geldiro begiratzera natorkizu, nire konsagrazioko

tontor ontatik Jainkoaz barrendurik grazian igeri, Erospenbera, maitasun eta salbamen-bide bezela ikus-miratzera...» (38).

 

 

(1) Gai ontaz ikusi: Le sens chretien de I'homme, Jean Mouroux. Col. Ed. Aubier. - Teilhard de Chardin: El Medio Divino. Ed. Estela. - E. Colomer: Mundo y Dios al encuentro. E. Estela. - G. Thils: Theologie des realitées chretiennes. Desclee de Br. - K. Thrular: Labor christianus. Ed. Razon y Fe.

(2) «Bide-Giroak», Luix M, Mujika. Ed. Sendo, Bilbao 1963.

(3) Gai ontaz: Jean Mouroux: Mystere et temps. Cap. V. Ed. Aubier. - Universo cristico de Theilhard de Chardin. «Colligite», n. 35, orr. 75. - J. B. Metz: «Care cardo salutis». «Selecciones de Teoloagfa».

(4) «Bide-Giroak», Itz-surrea, orr. 10.

(5) Itz-aurrea, orr. 10.

(6) Zure ibaikada, or. 48.

(7) Emen metafora berri asko dabilzki: «Edertasun ibaitua», «otxantasun zurigorrin, «Fruta mantso», «Begien otoitza».

(8) Eldu-miña, or. 296.

(9) Izadi sakona, or. 92.

(10) Izadiaren apez, ar. 304.

(11) Muño egarria, or. 52.

(12) Ba-noa sartzen, or. 58.

(13) Izadi sakona, or. 92.

(14) Biotz otoitza, or. 194.

(15) Niganriutako Izadi, or. 230,

(16) Bidean, or. 40.

(17) Zure ibaikada, or. 48.

(18) «Io canto ar sole», or. 206.

(19) Ikutu nau, or. 184.

(20) Lagu ori, or. 222.

(21) Bidean, or. 40.

(22) Ba-noa sartzen, or. 56.

(23) Zabaltzen, or. 82.

(24) Izadi sakona, or. 92.

(25) Izadi sakona, or. 92.

(26) Oarra: «Beaztu»itza palpar esanaiarekin ez dut iñoiz ikusi euskeran. Beatz itzetik asmatu du; onela ikutu itzeri beste irudi-indarra erasten dio. Leku ontan bertan oartu metafora auek: «Jainko-ibaia, grazian igeri, nigandutako, izugarritasunez beazten nauzula (que me palpas con tu inmensidad).

(27) Begira diot, or. 202.

(28) Billa nabilkizu, or. 214.

(29) Deika ari zatzait, or. 246.

(30) Ba-noa sartzen, 58.

(31) Maats-modoaren aurrean, or. 72.

(32) Maats-mordoaren aurrean, 72.

(33) Begira diot, or. 202.

(34) Nigandutako Izadi, 230.

(35) Eskuetako gariburua, 264.

(36) Eskuetako gariburua, 264.

(37) Izadiaren apez, 304.

(38) Eraskiña, or, 329; «Izadi konsakratzea» nire aldarean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.