Zeruko bizia
Fr. Luis de Leon
euskaratzailea: Orixe
1
Argi-erri unide
ondasunen belardi,
ez baitzira zimeltzen
ez izotz, ez eguzki!
larre gizen, betiko
atsegiñen etorri!
2
Artzai Onak zuregan
ez uge ez furrundarri
purpur-elur-loreaz
buruntza zuri-gorri,
zelai gurietara
artaldea daragi.
3
An doa, doatsu dun
saldoaren gidari,
igatzen ez arrosak
ditiela ianari,
lore beti moxtua
are berrituz sarri.
4
Aruntzago derama
ondasunen mendira,
egarria, basituz,
kentzen dun iturrira
Bera Artzai, Bera larre
bete dadukan maira.
5
Ekia gingan dala (1)
sarturik abaroan,
artaldea gerriko
dula bere alboan,
musika ioaz dauka
auznarka, erdi-loan.
6
Txirularen mintzoa
belarriak artzean,
oldartzen da, sartzen da
animaren muiñean;
su ta gar uzten ditu
neurri bageko onean.
7
Arren, zuk, mintzo goxo,
zentzu auetan barna,
ai zeneza bialdu
zure pits bat nigana,
Aren barrura sartuz,
nadukan Beragana!
8
Ordun iakin nezake
non duzun abaroa,
ta giltzapetik lasa
Zuregana nindoa,
zor-zor ibili gabe
artaldera, gaixoa!
(1) Ekin=eguzkia (Xub.)
gingan=zeru-sapai goienean.
|