L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-4 (1993) —Hurrengo artikulua




 

 

Goizueta: lurrean leitutako bi kontu zahar

 

Patziku Perurena

 

        Agorrik gabeko liburua da lurra. Eskuan hartu eta zabaldu beharrik ez duen liburua. Beti hankapean zabalik daukagun liburu gaizki ikusia. Leitu ditut liburu eder askiak, baina, lurra bezain liburu ederrik eta zabalik, ez alerik. Liburu zahar hori zabar leitua duen herria, anima eta gogo gabea baizik ezin izan.

        Toponimia, liburu horren azala da. Edo goiena jota ere, liburu zahar horretako aurkibide orotakoa. Gizonak lurrean iskribitutako literatura zaharraren aurkibidea. Leku izena, hortakotz, mundu zoragarri baterako atea litzake. Beti berri eta liluragarri deneko mundu eder baterako atea. Hona Goizuetako leku izen bat: «Frantzesan Gurutzea». Hona herri batek lurrean idatzirik utzitako ipuin beltz baten titulua. Hona mundu harrigarri baterako atea:

 

Frantzesan gurutzea

 

"Oaindik antxe eotten duk gurutzea. «Frantzesan Gurutzea» esaten zetek. Antxe duk, Unalbideko atakaz auztik, Artikuzko mua muan.

        Nere oroitzen, Altzermon ta familia izautu izandu ttit nik Farolan, ta nik aittu izando dit, Altzermon attak eta beste bi anaiek ill izandu zutela Frantzesa.

        «Frantzes» ori men yuen, emendik artaldek erosita eramatten zittuna, ta farolatar orik esan emen zeten, artalde bat aundia bazola itxe baten, ta oloko euntan oloko tokitara atetzeko, aiek launduko zitela.

        Dudik eztena, orduko ben karkulok iñak iziin ttuen: Frantzesa diru pillan batekin torriko zela ta, gizona ilta dirua benganatuko tutela! Biño frantzesa diruik gabe torria izaki!

        Ala benpe, esantako tokira torri men duk frantzes ori, ta an yuntatu zianan elkarrengana, yarri ttuk amaikatako pizarran bat itten edo, eta zatoa eskeñi men zeon farolatar oitako batek:

        — To! in tzaun targoska bana.

        Ta, burua goittuta trago itten asi zen denbon, beste ainaitako batek sartzik alajainkoa lepapetik kimaixkora! Oxemarik eman izan bar zeon aurreneko kolpea. Biño, gero kontuk an! Gizaseme azkarra izan bar zien ba, frantzes orrek, eta eziñ mendetuz sekulako ardailla yok izan bar ziten!

        Bin bittarten, Mertxeneko attona, Oaingo Euxebio ta oien attona zena, emen zeon aritz morro baten gañen gordea, pasaizo oik denak kusten zittula. Dudik eztena, larri eoin yuen orare; kusizkero garbittuko ziten-ta!.

        Azkeneko benpe, ill ditek nolapatte frantzes ori, ta, goitik betti arrastan eraman men ziten beko erreka zokora, ta an gorde, orbeldi aundi baten azpin. Ala zeamatela, erlojua gildittu men zetzeon zartakadar baten trabatua, ta baita Mertxeneko attonak kusire non geldittu ten; ark yaso izandu men zien erlojua; nik ala aittu izando dit.

        Gero, itxera tortzeko, ill emen ziten ardi bat, bertan larrutu, ta ora bizkarren zutela torri men ittuen, azerik bota zitela esanez. Yakiña, Frantzesa eziñ illez ardaillan zabiltzala denak odolez beteko ittuen-ta, odol errestok disimulatzeatik!

        Andik denbo puska baten burura, dudik eztena, errezelo txarrak artzen asi iziin yuen Oxemeri ori, ta, emakumez yantzi, belarritakok eta denak patu, ta Amerikatara yon emen yuen. Biño, Amerikatarare alletuko yuen nonbettetik notizia, ta, an ikasi zuten demon, lau abereri iratsi, ta, lau parte iñ emen ziten: bi besotatik eta bi ankatatik lau abereri iratsita, alde banatara tiran".

        Jende askori aditu diot, leku izenak ikasten aritzea, mando hilari labankazoka aritzea bezelatsu dela. Gauza hila eta alferrikako lana. Baliteke, baina, herri baten gogoan sekulako eragina eta xarma izandu duelakoan naukazu ni. Nontasunak zorrik aski baitio nortasunari.

        Nik dakidala, jende asko ari da toponimia biltzen, testu zaharrak aztertzen, mapak berritzen eta beste. Baina, toponimiaren alderdirik zinenaz eta bizienaz inork ez du deusik esaten. Toponimia jasotzeko zabaldu diren araudi ofizialetan, inon ez dut leitu oraindik, toponimo bizi bakoitzaren inguruan herriaren gogoenean gorde diren kontuak eta sinisteak nola bildu erakusten duen atalik. Eta, nik dakidala, huts horren kezkarik ez du azaldu inork. Baina, zertako balio digu mila izen antzutan paper hutseran gainera iraulitako lurrak? Zertako, ez badu, belarrian joka, gure gogoa durdurikatzen eta bihotza ikaratzen?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.