L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-4 (1993) —Hurrengo artikulua




 

 

Lizarra eta gramatika

 

Eduardo Gil Bera

 

        Aspaldi banuen Lafonen berri eta —hobe dut, zart, hasieratik erraten badut— frantzimanta zozoaren eredutzat baneukan, hutsa, bertzenazko ñabar zirtarik gabea. Menturaz haren Les Stoïciens irakurria nuen eta aski eta abasto zitzaidan. Inoiz egin baledi filosofiaren gain pion batek eraikitzen ahal duen ergelkerien paradigma: hor. Handienak hizkuntzaren inguruan botatzen zituenez, sarri hautetsirik bide zen hori zatekeela bere osperako urrezko galtzada. Eta hala irabazi zuen zoko huntako zeru maittiak bertze izar distirant, saindu, miresgarri bat.

        Autxerriko seme eredugarri batek autxerari buruz irets ditzake leloak oro arrontik barneratuak zituen: munduko mintzairarik zertuena dela eta bonbazia horiek... Denaren erratera, hagitz tobera zaharra da. Frantziak eta frantsesak arrotzengandik ukan duten goraipatze handiagorik sekula ez du inork errezibitu. XVIII. eta XIX. mendeetan, Alemanian eta Errusian, frantsesa bertakoa baino mintzaira goragotzat hartzen zen. Federiko Prusiakoa sinetsirik zen frantsesa poesigarri eta, ororen buru, izkiriagarri zen hizkuntza bakarra zela; geroago ere, Schopenhauerek zehatzena zela zioen, Goethek apainena... orduan, frantsesek berek zer ez zuketen, ba, erranen... Heziak dira beren mintzairari buruzko lelo guzien iresten... bertzeak bezala. Haien leloa patoisez inguratu munduko mintzorik apainena eta bikainena dela den bezala, espainolena mundu osoa bekaitzez zaiola eta azpilan maltzurrez ahuldu nahi dutela da, eta euskaldunena, aldiz, arrotz gaiztoek zirtzildua, baina bateratuz, kontzientziatuz eta korrikatuz...

        Beti ere, frantsesaren kasuan, alemana, ingelesa eta espainolarekin gonparatuz, badirudi ez duela lokalismorik ez lekuetako azento ezberdintasunik batere... Gehitze eta galtze, berdintze eta bereizte uhinek, elkarren lehian, moldatzen dute mintzaira baten bilakaera; azken mendeetako frantsesez ez hainbertze... Hagitz adierazkorra da —baita ere Frantzia muturrez mutur ibilki herri eta herrixken artean ikusten den egiturazko berdintasun harrigarria: La Mairie, La Poste, Café du Centre, Café des Sports...— baina borren argitzeak —zergatik aurkitu ohi den Montaigne hain guti «frantsesa»; nola inposatu zen Ile-de Franceko patoisa, nola aditzen duen ezberdintasunaren ideia estatu frantses laikoaren gezurraren pilula (zer date hura bera baino Elizagorik?) eskoladanik ongi iretsia duenak; eta bertze nola zurruzta bat...— bertzetara naramake.

        Gehiago iduri du nihaur banoala, ezerk eraman gabe...

        Ageri dena da, hizkuntz gauzetan, ongi eta obedientki hezi den frantsesa arrontean sinetsia dela bere bikaintasuna ezin gonparatuaz; horrek badakarkio bertze mintzairen ezberdintasunen sailkatzeko duen molde berezia: ez ohi ditu ezberdintasunak bezala hautematen baina perfekziotik baztertzen diren akatsak bezala. Batzu nekez libratzen dira lelo horretarik; Vendryesi, adibidez, nabaritzen zaio apur bat; baina Lafonena sobera da, esageratua.

        Ongi komuniaturik, bada, eta hizkuntzalaria izan baino lehen, Lafon murde agrégé berriak egin zuen estoikoiei buruzko lan bat, Bordeleko aulki goratura zeraman eskailera luzeko doi maila burokratiko bat... Afera errexa nonbait; bakoitzak dakien bezala estoikoek ez baitute frantsesez izkiriatu: ez zuten, beraz, eginkizun handirik. Laster tarrapatan trenkatu zuen, bai, epaitzekoa: lehen kapituluan berean baitio, zanpa, estoikoek gaizki izkiriatzen zutela, denek... Zenonek, Krisipok, Marko Aureliok, Senekak, Katonek... denek... hara, ba. "Estoikoak gaizki baliatu dira zeukaten mintzairaz. Helenistika aroko grekoa eta imperio aroko latina zikinkeriaz lehertu hizkuntzak dira, nekatuak, erabiliak..." —ostiko batez zazpi mende zakuto berean, nolatan dakike murde agrégé-k aro luze hartako greko eta latinen zikin eta garbien berri? nolatan zikinkeria haiek laguntzak ala oztopoak zirenez? zenbat zikinkeria eta erabilimendu tzar duke, orduan, langue française deritzon bere latin ziligardatu eta higatu horrek?— Gehienak dira orotarik etorri jendea, barbaroak. Krisipok gaizki eraikitzen zituen bere erranbideak: Soles-koa zen, solezismoen herrikoa... —hau ederra da, erantzunezina, Soleskoa bazen... (Diogenes Laertziok berak ez daki xuxen nongotarra zen) beti ere, nola dakike Alençonetik atikoa «xuxenagoa» dela pamphylikoa baino? eta areago dena, nola dakike Krisiporen idazkeraren berri, bertze eskuren bidez aipu puska zenbaitez bazik ez bazaizkigu heldu? baina handiena, bistan da, bere hizkuntza (greko pamphilikoa) duen herri oso bat berez gaizki edo ongi mintzatzen dela hizkuntzalari(gai) batek sinestea da—. Baina, edozein moduz, helenistika aroko koinea bere substantibo abstraktu eta adjetibo pisutsuekin literaturarako mintzaira desegokia zen... —hara, orain estoikoekin batera tutti quanti: Euripides, Tuzidides, Aristofanes, Aristoteles, Platon, Plutarko... munduak igurikatu behar bide zuen Galierriko tribu zenbaitek latina murduska eta sudurka zezaten behar bezalako mintzairarik nahi bazuen...

        Horregatik bada, uste izatera isuria nintzen euskaldunak Solesko barbaroak gintzaizkiokeela Lafon murde profesurgaiari —denbora iragana baitzen eta hura eskailera goiti joana ere—. Le Système... orrialde mukuru horri dagokionez, beraz, baginen bi aitzinuste mota: haiek, irakurri ez eta goretsi dutenak, eta nihaur, irakurri ez eta gaitzesten nuena.

        Hauteman dut, hondarreko hondarrean, lelo beretsua kantatzen zuela paper meta handiago batean biribilkaturik; ororen buru, tesia da eta formalitate horiek, ezagun denez, pisuka sariztatzen dira.

        Ez nuke, beti ere, Lafon neurriz goiti salatu nahi. Ohartzekoa baita ofiziokideen bizioen azkenaraino eramateaz bertzerik ez duela egiten. Gramatika sofisten asmazio bat izan zen, erran nahi baita, bertze sofisteria bat; lehen teorikoendako, Protagoras eta Gorgiasendako adibidez, gramatika erretorikazko amarrukerietarik bat zen; egiazki gogoetatu nahi zutenek, Epikurok adibidez —hasieran gramatikoa baitzen—, sarri utzi zuten hitzontzikeria hutsal hori. Bigarrenik, sailkapen gramatikala —hitzaldien zatiena eta argudio motena bezala— ez da berez esistitzen, bertze gisako sailkapenak asma litezke ezin konta ahala, soilagoak edo bihurdikatuagoak: Chomskyganako sinesleek urra bezate mandarra, baina gramatika, berez bere, mamuzko tresna bat da eta sofistaren xedearen arabera darantzu. Hondarrean, xede batendako izateaz bertze, orduko Heladen asmatu eta gurera, guti edo aski moldatua, heldu den sistima mintzaira eta gogoetabide konkretu baten barrenean sortua da —indoeuropeo bilakatuaren adaki batean—. Horratik, euskal gramatikoek ez dakikete euskaratik beretik ez dela, oraino, gramatikarik egin: sofista zahar haien kategoriak bete dira, artez ala makurrez; euskara, beti bezala, kanpotik kontsideraturik.

        Har dezagun, adibidez, genitibo edutezkoa (ez dakit izen «ofiziala» den, ez dakit zeini kaskoratu zaion; ageri zait, aldiz, euskarari arrotz zaion kategoria baten betetzeko asmatu eta bataiatu dela) -[r]en kasuak, ezagunagoa den eginbeharraz landara, hogei mendetako higatze baten ondotik, oraindik badirau markatzen aditz-substantiboaren objetu zuzenaren ezaugarria. Orain ageri bada ere mendebaldetik ekialdera doan galtze bat, euskararen adinean, «doi berriki gertatu den galtzea dela» erran dezakegu. Aditz minean ere jo duen higatze latinoari hain ageriki ihardokitzeko, ezinago nabaria da euskal egituran hagitz barrenki erroztatu modua dela. Orain berean froga eztabaidezinik ezean izan eta ere —aunitzez ere hatz eta froga arrasto gutiago daukaten hipotesiak dogmaren aldaretan intzentsatzen dira—, ameskeria soberarik gabe ustezka liteke partizipio jokatu guziek eskatzen zutela kasu hori objetu zuzenean eta, agian, noiz ez dakigula, konposaturik ez ziren aditz soilek... eta inoiz ere (baina seguraski aspaldi ez duela) -ko eta -[r]en geroaldiak bereizten zirela, ez baitzioten geroari baina xedeari begiratzen... Nolanahi ere zen, guregana heldu diren halako kasuaren erabilerak gogoan edukiz, euskarari buruz ez daiteke erran gonparatista abiltto interesatu zenbaitek diotena: "kaukasikoak bezala, nominatiboa eta akusatiboa bereizten ez dituen hizkuntza bat dela"; baina, ez ere: "genitibo edutezkoak bertzeetan akusatiboak betetzen duena betetzen duela". Horretan, gonparatistarik gehienen antzera, betegarriak bilatzen dira kategoria finkatu batendako eta —berriz diot— bertze hizkuntzan eta bertze xedetan asmatu kategoriak erabiliz.

        Egitekotan, euskal gramatikak justuki aitzikoa beharko luke. Hitz batez, euskarak bere baitan eta berari begira egin gramatikarik balu, kasu hori, ereduz, ez litzateke horrela deituko eta bere funtzio osoa xehekiago ezaguna eta azpimarratua legoke. Baina ez. Hemen Larramendiren eredupean diraute: aldez, arrandiatu nahi dute tesaurodunak direla, baina, moldez, arrarezia preziatua arrunta eta erdara bezala dela erakustera lehiatzen dira, desenkusatu nahian edo.

        Bada, Lafon bi aitzindariren ondotik bazebilen: Vendryes eta Schuchardt. Eta ez zatekeen gaizki, beti «ondotik» ibili izan balitz; gibelean uzten dituelako ustetan haien flakezien ihakina egiten baitu. Lafonek sostengatzen du euskararen «pasibitatea»; zergatik? Schuchardtek zioelakoz; eta zer da «pasibitate» hori? deus ez. Schuchardt, nori berea emanez, latinista handia zen eta, latinaren klixetik so eginez, ikusi nahi zuen esaldi ergatibodunak latinezko «ablatibo agente»-z eraiki esaldiak bezala zirela, eta hori da dena. Hortik abiaturik, klixe horrekin itzulikatzen ditu euskal aditzak, adibidez «nauka»: ich gehaten werdend; uste nahi dut bere klixearen defentsarako dioela hori eta zinez aleman bati euskara irakatsi nahi izan balio es hat mich erranen ziokeela, bertzenaz... beti ere, «pasibitate» delakoa ez da deus, espainolez eta frantsesez gutiago erabiltzen da eta alemanez gehiago, baina ez da funtsean estiloaz haratago doan zerbait. Hein honetan, Vendryes aski zuhurra da eta Lafonek xehekiago ikertu izan balu probetxurako izan zitzaiokeen; baina ez, bazuen usna berexia bere irakasleen flakeziei soilik jarraikitzeko.

        Itzulpen erabiltze sistematiko eta interesatua larriagoa da. Eta egiazki, ongi kontsideraturik, hori berori da hobekien erakusten duena ez dela hizkuntza bat bere baitan ikertzen, baina zehiarka ikusten bertze hizkuntza baten ikuspegi hertsitik aldegin gabe. Ustezko ondorioak aitzinetik xederatuak dira. Ongi eta zehazki mintzatzera, «literalki» hori —ustez ikertzen eta kontestu interesatu batez itzultzen diren zatien artean ezartzen den erranbidea— gezurrik handiena da. Gezurraren sarbidea, hobeki erranez. Hizkuntzaren ezaugarria erabilera da, eta ez bertze hizkuntzaz, erran nahi baita, bertze erabilera sistima batez ustezko erabileraren ordezkoizuna (ustez ere harrigarria, argigarria, berdingarria... oroz gain faltsugarria.)

        Eman dezagun frantsesa ikertzen dudala gezurbide horretaz baliatuz: "Gogo ilunen hizkuntza bihurdikatua da, frantsesak ez du argitasunaren berri, heldugabearen ilunbean datza; bi ezeztapenez zamakatzen da alferrik baieztapen soil baten doi adierazteko: je ne croy pas que je n'oubliasse literalki: «ez dut uste ez nezan ahantz» suposatu behar zaiolarik «uste dut ahantziko nuela» itzuli nahian dabilela... Il donne plus qu'il ne reçoit literalki: «hartzen ez duena baino gehiago badema» erran nahi dutelarik —uste behar «hartzen duena...» eta abar. Ne alfer, nahasgarri eta ezekonomiko horiek erakusten dute gogo frantsesak pairatzen duen logikaren eskasgoa bai/ez funtsezko sailkapena ez baitu ezagutzen eta marmarmar. Ez dute haur ttiki batek baino munduaren berri zehatzagorik: ez dute daitezkeen, ez daitezkeen, eta subjetibatzen diren baldintzak bereizten, «badezat, banu, baneza», dena zaie berdin: si j'avais... ezagun da horrela ez dela esperientzia arrazoinatuki sailkatzen ahal, eta marmarmar ere..." Zer? Azpimarratu behar ote dut arronteko ikerpen faltsutzailea dela? Alabainan, errexki sal nezake argitzaile, egiati eta seriosoa bezala, baldin eta, «bakarrik», frantsesa eta euskararen arteko prestigio, hedadura eta ezagutza proportzioak irauliak balira. Honek erakutsi beharko luke, oraino ez zekienarendako, zertan erroztatzen diren hizkuntz ikerpenak.

        Bada, hori da Lafonen ikerbidea —eta bertzeena (ikus Villasante, Lafitte...), salbuespena oraindik ezagutzeko baitut nik bederen—. Baina, nori berea emanez, Lafon urrunago doa hondarrean frantsesez neurtzen, epaitzen, eta eskas eta heldugabe bezala kondenatzen baitu euskaraz mintzo den gogoa.

        Schuchardt, adibidez, harritzen da ikusiz nuen = ninduen = nau moldeak alderatuz lehen n horrek dagien dantza konprenigaitza; nolatan ote da hemen agentea eta gero hor pazientea? Funtsean, Schuchardtek galdegiten du: nola egin taula bat —zeren hizkuntzalarien eginbeharra taula baten betetzea baita— kontramintzaka dabilen molde honekin? Gero, balizkatzen da apur bat baina ez doa aski urrunago... Baina heldu da Lafon bere azken judizioko turutarekin, bortzeun orrialdeko sumario baten ondotik, n horren delito basari dagokion sententzia: «...ikusten duren iraganaldia hila da, orainaldian luzapenik ez ondoriorik ez duena (...) Bakarrik bere buruaren aski jabea den eta abstratzio maila handi baten gai den hizkuntza batek ezartzen du planu berean orain, iragan eta etorkizuneko gertaldiak.» Galdegitekoa da, bederen, nondik atera duen sasibarberu honek euskal iraganaldia «hil»tzat jotzeko diagnostikoa; baina lerroartean ikus daiteke ageriki bere oinarria: «Bakarrik behar den gisako hizkuntza batek uzten du bere buruaren taulatzera niri frantses aditzaren denboraldiak eskola irakatsi zataten bezala. Hoaie ene eskerrera mintzo bihurri zarpail hori...» Errugabeak direla frogatu nahian, garaikide suertatu zaizkigun Larramendiren semeek euskal aditza taularatu dute bertze erdal aditzak bezala, deus ere erran nahi ez duen baina «normalaren» iduria duen «indikatibo» bezalako izen funtsgabeez baliatuz...

        Taulak zer diren? Deus ez. Edo dena. Bakarrik bere burua gutiesten ez duenak egiten baititu bereak bere moldez. Euskaraz lizarra eta otsolizarra lehengusu propioak ditugu; Linneoren sistimaz, erdaraz, aldiz, ez: fraxinus eta sorbus dira. Sailkatzeko, gu osto eta adakien moldeari ohartzen gatzaizkio, haiek fruitutzeko eta hazien multzoei. Horregatik, haiendako ostozuria eta otsolizarra, aldiz, espezie berekoak dira eta guretako ez. Baina halako euskal sailkapenaren egileak ez zuten beren burua gutiesten ez erdal ereduari egokitzea bilatzen.

        Batzutan, bere pontifikamenduetan, Lafon abiatzen da euskararen ezagutza arin batetik: Are baldin hirekin hiltzera behar badaquit ere [«Etiamsi oporteruit me mori tecum» ] dio Leizarragak, eta horren gain Lafonek dio adlatiboz eraiki baldintzapekoa «insolite» dela eta, beraz, hor urruntzen dela testu latinotik. Molde hori hagitz erabilia da eta izan da. Ikus Axular: ...baldin herriko kargudun bati gertha bazekion sobera edatera, eta handik mihiaren moteltzera edo zangoen kordokatzera... ikus Lakoizketa: Nola litzeque posible, ez erreinatzera gure artian amorio itsu hunec...? Badio ere segurtamendu osoz huen ez dela alokutiboetan erabiltzen ahal solaskidearen sexua ez baitu markatzen. Nik betidanik aditu dut, yuken eta zuken-ekin batera, yun/yunan, eta yun hori, bere aspirazio zaharraren arrasto ageriarekin, huen da, bertzerik ez.

        Bertzetan soilik agertzen da bere xede makurra. Oihenartek itzulikatzen du zedokan «chasse», erran nahi baita, orainaldian (172.an, Etxoilloak basoilloa zedokan: «La poule domestique chasse la sauvage»). Baina hori iraganaldiko moldea da, aoristo gnomikoaren balioa du... dio Lafonek —aitzinago azpimarratzen du ezen, inoiz hala iduri baleza ere, aoristoa eduki eta ere, euskara ez dela grekoarekin gonparatzen ahal... Hara, zeren beldur den...— Oihenarten ustezko hutsen salatari larderiatsuari galdegin behar nola itzultzen ahal den, orainaldian ez bada, aoristo gnomikoaren modurik ez duen frantses bezalako hizkuntza pobretu batera. Vendryesek berak dio: Frantsesez, hizkuntza gehienez bezala, orainaldiak egokiena dirudi erabilera gnomiko horretarako...

        Banuen orain aipatzeko zerrenda bat Lafonen huts eta zozokeriekin. Baina aspertu naiz. Ez du balio. Ez dakit inor helduko den artikulu honen hondarreraino. Uste dut nahiago dudala, beti ere, balizko irakurle jasankor hori lizarra eta otsolizarraren ereduaz oroit dadin bertze garaitikoaz baino gehiago.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.