Zer gauza guti...
Rainer M. Rilke
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Zer gauza guti diren poemak gaztaroan izkiriatu direnean! Itxadon egin behar litzateke bizitza osoko arima eta gozotasun uzta bildu arte, bizitza luzekoa ahalbait; eta gero, finean, oso berandu, behar bada posible izanen da onak suerta daitezkeen hamar lerroon izkiriatzea. Ezen eta poemak ez dira, zenbaitek uste duenez, sendimenduak hauk goizegi ere edukitzen dira baizik eta esperientziak. Poema lerro bakar bat ere izkiriatzeko beharrezkoa da anitz hiriren ikustea, anitz gizon eta gauzaren ikustea, eta animalien ezagutzea, hegaztiek hegats zelan egiten duten senditzea, eta lore tipien higidurak goizean irekitzen direnean zeintzu diren jakitea. Gogoan hartu behar dira berriro bide eta herrialde ezezagunak, ustekabeko enkontruak, aldez aurretik igarritako abiadurak; haurtzaroko egunak, beren misterioa ez baita oriaindik adierazi; gurasoak, halabeharrez mindu genituenak, konprenitzen ez genuen alaitasuna ekartzen zigutelako, beste inorentzako alaitasuna; haurtzaroko eritasunak, hain manera berezian hasten baitziren, aldaketa hain handi eta sakonekin; gela lasai eta zarratuetan iragan egunak, itsas bazterreko goizak, itsasoa bera, eta itsasoak; bidaia gauak, hain gora ikaratu eta izar guziekin hegaldatzen zirenak. Eta gauza hauk guziak gogoan hartzea ere ez da aski. Beharrezkoa da amodio gau askoren oroitzapenaren edukitzea, bata bestearen antzik gabeko gauena; haurgintza minetako andere xilioen oroitzapena eta, erditu berritan, zamaz arindurik, zuri, lokarturik geratzen direnena. Beharrezkoa da, halaber, hilzorian dagoen jendearen alboan egon eta hilen aldamenean beila egin izana leihoa zabalik duen gelan, non eta zaratak kolpe legez jasatzen diren. Eta oroitzapen askoren edukitzea ere ez da aski. Asko direnean, beharrezkoa da oroitzapenen ahaztutzea, eta beren itzulera itxadoteko egonarri erraldoia izatea. Ezen eta oroitzapenak ez dira oraindik oroitzapen. Norbere baitan odol, begirada, keinu direnean, iadanik izenik ez dutenean eta gugandik berezi ezin daitezkeenean, orduantxe bakarrik suerta daiteke, oren oso arraroan, beren artetik poema lerro baten lehen hitzaren jalgitzea...
(Die Aufzeichnungen des Malte Lauvids Brigge)
|