L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-3 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Amen balada

 

Pier Paolo Pasolini

 

euskaratzailea:
Jose Ramon Utretx

 

Zein ama izan duzuen galdegiten diot neure buruari.

Orain ikusiko bazintuzte lanean

ezezagun zaien mundu batean,

berenetarik hain esperientzia diferentezko

sekula osatu gabeko inguraduran gatibuak,

zernolako begirada izanen luketen begietan?

Hor baleude, zeuon testu konformista eta

preziosistak izkribatzen dituzuelarik,

edo konpromezu orotarik libraturiko erredaktorei

pasarazten dizkiozuelarik, konprenituko lukete zein zareten?

 

Ama doilorrak, beldur zaharrezko musudunak,

gaitz batek bezala marratzeak desegiten

dituena lainotzen den zuritasunean,

bihotzetik urruntzen,

aitzineko errefusa moralean ixten.

Ama doilorrak, gaizoak, arduratuak

semeek doilorkeria ezagutuko ote duten

lanpostuaren eskatzeagatik, praktikoak izateagatik,

arima pribilegiatuen ez laidostatzeagatik,

urrikalmendu orotarik defendatzeagatik.

 

Ama ahalbezalakoak, gugandik, neskato apaltasunez

ikasiak esanahi bakar, biluzi bat,

arima batzuekin non eta mundua kondenatua baita

minik ez bozkariorik ez ematera.

Ama ahalbezalakoak, zuengandik maitasun hitzik

batere sekula izan ez dutenak,

non ez den ihizi maitasun zekenki mutua,

eta hartan hazi zaituzte,

zinezko bihotz eskariei ezinak.

 

Ama mirabeak, mendez mende ohituak

maitasunik gabe burua makurtzera,

beren fetoari irakastera

bestaren hondakinez askiesteko

sekretu zahar lotsagarria.

Ama mirabeak, irakatsi dizuetenak

nola mirabea zoriontsua izan daitekeen

bera bezalakoa gorrotatzen, eta nola

izan daitekeen, traizioa egiten, dohatsu

eta seguru, esaten ez dena egiten.

 

Ama basatiak, daukaten apurra, burgesak,

normaltasuna eta soldata, defendatzeko erneak,

kasik mendekatzen den edo setio absurdo

batek setiatua den errabiarekin.

Ama basatiak, esan dizuetenak:

Bizirik iraun! Zeuen baitan pentsa ezazue!

Ez izan sekula inoren urrikalmendurik

edo begirunerik, txitatu bularrean

zeuen putre zindotasuna!

 

Horra, doilorrak, ahalbezalakoak, mirabeak,

basatiak, zuen ama gaizoak!

Ahalkerik ez dutenak jakitean

—zuen gorroto horretan— etsitasun harroa,

malko malkar bat besterik ez den honetan.

Horrela zarete mundu honen jabeak:

anaia eginik kontrako pasionetan,

edo herri etsaietan, ezberdinak izateari

ukapen barrenagatik: erantzuteari

gizona izateko min basatiagatik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.