Bi poema
Luigi Anselmi
Arnoaren goxoa
Arnoketa nenbilela
zu aurkitu zintudan.
Geroztik zure ezpainetan
Oi, zenbat edan-dudan!
Berorik handienean
ta elurraren hozkuran
zuk hiltzen duzu barnean
kiskaltzen nauen sua.
Osorik badut gibela,
bihotza, aldiz, hil hurran.
Egarri naiz taigabean
bai neguan, bai udan.
Taigabean zara egarri
zu ere nere gisa.
Ene soina duzu, haatik,
arno bete tirrisa.
Harat-hunat elkarreki
albo-alboka gabiltza,
muina batak bertzeari
edateko irritsan.
Gau eta egun horditurik
demagu orai bizitza
edan ta edan, biharamunik
nehoiz hel ez dadintzat.
Presoner presozain
Arimaren gartzela zelakoan
bere gorputza nahi zuen kiskaldu,
harresiak deboilatu, zabaldu
borta baten heineraino ahoa.
Horregatik etengabe zihoan
suzko biraoak botaka, metatuz
errekinak golkoan: emagaldu
zonbaiten xera-aizunak eta arnoa.
Bainan gartzela suntsitzeko orde
sendotzen ari zen... haren murruak
inguruan gero eta lodiagotzen.
Egun batez, hastiaturik, burua
aiztoz hildakoan, nehork ez omen
zuen deus kausitu haren gartzelean.
|