L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-1 (1991) —Hurrengo artikulua




 

 

Basarri-rekin saiheska bertsolaritzari buruz

 

Patziku Perurena

 

        Basarrik esan zizkidan bereak. Ongi tratatu ninduen, eta gainera bertsolaritzari buruzko bere eritziak jasotzen dituen liburua eman zidan; ale bat aski ez, bi eman zizkidan. Beraz, bidezko dela uste dut, gutxienez, haren liburua irakurri eta nere eritzia azaltzea. Irakurtzeko lana egina dut, eta konforme ez nagoeneko kontu batzuk azpimarratu ere bai. Orain, azal ditzadan nere eritziak. Honela dio liburuan, 16. orriaren erdialdera:

        «Alperrikako betelan asko egiten da bertsotan. Orain baño len, garai batean geiago. Buruz dakizkigun lengo bertso zar askoren asierari begiratu besterik eztago:

                Nere ustetan igoalak dira

                arrobia ta kantera...

        Beste bat:

                Iru ta bi bost dira

                bost eta bi zazpi...

        Egundoko errenkada osa genezake tankera berdintsuko bertso asierekin. Bost urteko ume batek badaki iru ta bi bost dirala, ta aurrea ta atzea diferenteak dirala. Origuzia betelana da».

        Ez nago konforme. Luzatu gabe esateko, aurreneko eta hirugarrengo hasiera horiek bertsolaritzaren muina erakusten dute: dialektika; eta bigarrenak berriz, letren artean beti erabili izandu den zenbaki jostari apaingarria. Hori bezalaxekoa da, Basarrik berak sarritan erabili duen: «Bitikan amabira, bada zerbait tarte». Hasierako bi puntu horien ondoren okerbidea kontrajarriz, edo nahi bada, zuzentasun berean segituz, edozeinek osa lezake batere betelanik ez duen bertso zoragarria. Basarrik, bertsolaritza ikuspegi serioegi eta estuegi batetik ikusi izandu du beti, eta hartara murrizten ahalegindu izandu da, gainera.

        Hurrengo orrialdean, 17.ean, hala dio berriro Basarrik: «Zenbait plazetan, zorigaitzez, bertsorik sakonen eta baliosoenak entzuleen esker onik eztute jasotzen; ixilik pasatzen dira. Bertso ariñ eta jostalariak, naiz ta akatsez beteak izan, aiek oi dira txalotuak. Auek kantatzen dituztenak bertsolariak, zenbaiten iritziz». Bai jauna ba, eta bapateko bertsolaritzan hori beti horrela izanen da. Bapateko bertsolaritzaren entzuleak parra edo negarra eraginen dioten bertsoak nahi izandu ditu beti; bihotza ukituko dioten bertsoak edota irria erneko diotenak. Bi mutur horien erdira joaz botatako bertsorik serioena, gizatarrena, eta jatorrena baino mila bider gehiago estimatuko dizu bapateko bertsoentzuleak irria edo negarra eraginen dion bertsoa, nahiz hain ongi neurtua, kalkulatua, eta ortografiatua ez izan. Basarrik etzuen inorekin gaizki gelditu nahi, eta gaurko bertsolari ofizialak ere ez. Baina hari nabari zitzaion nondik egiten zuen urgun, eta gaurkoei ere bai. Guti goitibehiti, haren eskolakoak baitira geroztikako guziak: denendako ahoa zuri, eta egi gordin gutxi.

        Hara zer esaten duen 19. orrialdean: «Erritako pesta guzitan, erri bakoitzean norbaitek bear luke bertsolarieri gaia jartzeko kargua. Artaka jakingo genduke erri bakoitzean zer komeni dan ixiltzea ta zer komeni dan kantatzea. Baita jendeari gogozkoen zer zaion ere». Gaijartzaileak agindutakoa esanen du bertsolariak. Akabo bapatekotasunaren grazi guzia. Herriak gogozkoen duena, gutxien espero duena izaten da beti; harrimena sortzen dion hura. Hori Basarri bitarteko bertsolariek bazekiten ederki. Gaurkoek ere jakin beharko lukete. Giroa ez da aitzaki. Gizonak noiznahi harri lezake gizona. Baina ez, betiko zurikeriak errepikatzeak dakar erosotasuna, gizatasun ustela, ondasuna. Inoren gizatasuna arriskuan jartzeko bildurrez «zer komeni dan ixiltzea eta zer komeni dan kantatzea» buruhausketan dabilen bertsolaria, ez da bertsolari. Horra hor beste datua: gaur arte bertsolariak gizatasun jatorra astintzera jotzen zuen; gaur egunean berriz, gizatasun jatorra gizentzen laguntzen du. Lokarri horretxek lotzen ditu Basarri eta Egaña Zarautzen. Hori, Basarrik berak adierazten du ederki, 57 orrialdetik aurrera:

        «Garai batean bertsolariak, zoritxarrez, bekoeneko mallan arkitzen ziran gizonak ziran; tentelu batzuri par egiñaztea beste elbururik etzuten gizonak. Miñ artu izan det Euskalerriko jende ikasiak, jakintsuak, bertsolaritza ankapean zeukatela jakinda. Eziera jatorreko pertsonak, edukazio pixka ba berengan zutenak, bertsolariengandik zenbat eta urrutiago, orduan eta pozikago. Aitortu nai duenak aitortu, ta nai eztuenak ez, au zan bertsolaritzaren izakera, orain berrogei urte (1924ean beraz). Taberna zulotan eta sagardotegitan bazituzten entzuleak, baña jende prestua bildu ziteken tokietatik etzan deirik izaten.

        "Ire andrea olakorekin ibiltzen dek; olako erritan utzi itukan zorrak pagatu bear dituk lenengo. Atzo zein ikullutan lo egin dekan jakinda niok. Ik dekan abildade bakarra lapurretakoa dek". Auek ziran garai artako bertsolariak alkarri trukatzen zizkioten itzak. Onek ondatu zituen zeharo: lokaztegitik lokaztegira ibiltzeak; lotsa galtzeak eta ajolagabakeriz gañezteak.

        Gaurko bertsolariak, zorionez, badaki nun ari dan izketan eta baita nolatsu itzegin bear duen ere. Len, jende ikasia ta edukatua bertsolariengandik nundik igesiko ibiltzen zan. Gaur, berriz, bertsolarien atzetik dabil eta oiekin gozatzen du, beste edozeiñekin baño geiago. Jatetxe fiñ, plaza, teatro, zine-saloi ta abarretan, bertsolari jaiak antolatzen dira noiznahi. Eleiz barrutan kantatzera ere iritxi dira gaurko bertsolariak.

        Aiek etzuten batere errurik eta kulparik. Etzuten izan eskua nork luzaturik; etzuten izan egiazko bide erakuslerik. Bazuten etorria ta almena, bazuten argitasuna. Bidetxigor txar batean sartu ziran bein, eta kamio zabalera irten gabe gelditu ziran. Gaur bizi balira beste oilar batek joko lieteke kukurruku; erriak elituzke arlote parregarritzat artuko, doai berezizi jantzitako gizon jatortzat baizik».

        Gezur ttiki asko esaten da hor, Egi Haundi bakarra salbatzeko. Hasteko, bertsolaritzaren duintasuna Basarrik asmatu zuela esateko ez dago zertan, tranpa txikiak eginez, orduko bertsolaritza guzia lokaztegian zegoela esan beharrik. Horrek egitik baldin badu ere, gezurretik gehiago baitu. Bertsolaritzaren historian denetatik izandu da aldiro: bertsolari erdimoxkorretik hasi eta bertsopaper jartzaile erdipoetenganaino. Eta Basarrik esaten duen garaian ere bai. Bestela azter beza nahi duenak ongi, ondoreko apezjende ahozuri tranposoei justizi pixka bat eginez, Basarrik aipatzen duen garaiko bertsolaritza, 1910-30 biartekoa gutxi gorabehera.

        Bigarren, Basarrik aipatzen duen jende ikasia edo edukatua, jauntxoen aldekoa izandu da beti, eta jende klase honek bertsolaririk ikusi nahi ez bazuen, hain zuzen ere, horrexegatik zen: beren gizatasun prestua salatuz gutxienik uste zutenean bertsolariek egiak muturrera botatzen zizkielako. Herri xeheak ezin zuen hori egin, errespetoa baino gehiago bildurra baitzion halako jauntxo jendeari; baina bertsolariak bai; bertsolariak zapla botatzen zituen herri xeheak esan ezin zituenak: eta horrek sekulako atsegina ematen zion mutu egotera behartua zegoenari; eta jakina, hori ezin eraman zuten jauntxoek! Basarrik eman zion buelta horri, bertsolariak disimulo haundiz, baina, holako egia gordinak isilik gordetzearen alde jarri zituen kantari, eta nola ez ba: orduan jauntxoak oso kontentu, haien gizatasuna zurituko zuten bertsoak entzunez.

        Bestaldetik ere, bertsolaria arlote parragarritzat oso gutxitan jo izandu du bertsozaleak, beti halako lilura eta doai berezia ikusi izandu du bertsolazaleak bertsolaririk mixerablenaren baitan ere. Ni seguru nago, gaurko bertsozale batentzat Amurizak baino lilura eta xoramen gehiago zuela bere garaikoentzat Txirritak; nahiz bata gizatasun zuriko apaiza izan, eta bestea alproja tabernazalea. Bertsolariak sortzen duen lilura eta xoramena gizatasunarekin nahastea, horixe da, Basarriz geroztik egiten ari den zorakeriarik haundiena.

        Garai hartakoek bazuten, noski, Basarrik aipatutako etorria, ahalmena eta argitasuna. Horrexegatik da pentsatzekoa, etzutela Basarri bezalako bide

erakusle beharrik; bazekitela alegia, non eta zertan ari ziren. Eta bidetxigor txar batean sartuta kamio zabalera irten gabe gelditu zirelako hori, alderantziz da. Kamio zabaletik bidexigor estura, inork bada eta, Basarrik sartu zuen bertsolaritza, eta haren segidoreek. Ba ote, izan ere, bertsolaririk, bai esamoldez bai irudimenez Basarrik baino ugaritasun gutxiago erakusten duenik. Herri kirolak, Euskaltasuna, Erlijio/Gizatasunak, eta hamaika kulturgizonen omenez jarritako bertsoak bai, baina, bertsozalea harrituko duen irudi eta berrikuntza gutxi! Izan ere, ezin besterik eska, beti txapel batekin bi buru estaltzen saiatu den bertsolari mihizuri bati.

        Bertso doinuei buruz 179. orrialdean ari dela honela dio: «Berentasun batetik irteten ez diranak iñoiz. Oni "monotonía" esaten zaio erderaz». Baita euskaraz ere, Basarriz geroztik ofizialdu den bertsolaritzari. Gaur alderantziz gertatzen dela esanen nuke, gainera: doinuz ugaritu eta erretolika beti batekotu egin dela.

        Lehengo jende ikasia eta errespetokoa irabazi beharra zeukala bertsolariak esan du. Gero berriz, hala dio 160. orrialdean: «Erria ez da txarra gauzak aukeratzen. Bertsozalerik amorratuena euskaldun baserritarra izan da, bai len eta bai orain. Entenditu ere kaletarrik eskolatuenak baino obeki egiten duela esango nuke. Berezko bertso sena du basarretarrak edo artzaiak». Hori horrela bada, galdetu Basarri eta Uztapide ibili ziren herritan zein zuten maitena, eta baserritarrak beti Uztapide esanen dizute; nabaritzen baitzuten besteak zein hanketatik egiten zuen urgun. Basarrik kaletar eskuxirien eta nekazari eskulatzen arteko zubia egin nahi izan du, beti ezinezko izan den zubi fantasma bat. Frustazio hori ederki nabari da bere bertsoetan eta esanetan. Alde horretatik, gure bapateko bertsolaritza ereduan izandu den bertsolaririk arrotzena eta desegokiena Basarri izandu da, inolako zalantzarik gabe; hain zuzen ere, bertsolaritzak inoiz berezkoak izan ez dituen zurikeria guziak beregandu baititu.

        Bestalde, Gipuzkoa ardatz duen gizatasun barrentzuri baten inguruan eraikia den euskaltasun jakin baten gurasoa izandu da Basarri. Eta gizalegetasun artotu hori euskal herri eta herrixka askotako sukalde zulotara zabaldu du Basarrik bere bordatxotik botatzen zituen sermoi zurietan. Etzen berea beste euskararik entzuten gure basarrietan. Kaletarren eta basarritarren mugan bizi eta hezi zelako, «Basarri» izengoitia jarri zion bere buruari. Oso izen adierazkorra, egunen batean haren maskaraz azterketarik egin nahiko lukenarentzako. Geroztik, kaleko jauntxo zurien bizimodu guria eta baserritar zailduen laztasuna uztartu nahian eman izan ditu bere ahaleginak. Nere ustez ordea, kaleko eskuzuriei baserritarren laztasuna erakusten baino gehiago nekatu da, bizimodu lakatzeko basarritarra gizatasun zuri batez estaltzen.

        Nere errespeto guzia diot Basarriri eta harek bertsolaritzan egindako guziari. Baina, nik uste dut, oraindik ere segitzen duen injustizia haundi baten aurreneko gurasoa izandu dela gure bertsolaritzaren historian. Ez naiz azterketa sakonik egiten hasiko; baizik eta baserri giroko bertsozale xahar fin askoren ahotik isilka sumatu izan dudan keja baten ahotsa jaso nahi nuke nere modura; bidenabar esanda, ez bainaiz ni bertsolaritzaren ikerle eta bertsozale amorratu horietakoa; bere giroan botatako bertso bakan batzuk oso gustoko ditudan bertsozale arrunta baizik.

        Esanak esan, Basarri hartuko dut beraz, ardatz, bertsolaritzari buruz nere eritziak emateko orduan. Nere iduriz, nahiz giro eta talde baten eraginez sortua, bera izandu baita bertsolaritzak berez zekarren bidea gizatartu, arautu, zuritu eta berdindu duena (dena esatera, berdintze guziak baitira zuritze); baina, aldi berean, eta horrexegatik beragatik, bera izandu baita ere bertsolaritzaren alderdirik berezkoena eta preziatuena, desbideratu, ondatu eta neurriz goiti puzteko bidean jarri duena.

        Nere ustez, herri honetan bertsolaritzari buruz garbi esan gabe dagoen aurren aurreneko gauza, zera da: bertsolaritzaren lekua zein den gure literaturaren eremu zabalaren barrenean. Gaur egunean, jende bertsozale arruntari eskatuko balitzaio gure literaturaren barrenean bertsolaritzari dagokion lekua zein den azaltzeko, seguru nago, erantzun guziak neurriz eta lekuz kanpokoak jasoko genituzkela.

        Bertsolaritza, bistan da, beti taberna zuloan izaten ziren alproja lotsagabe haien mingain zikinetatik atera eta beste gizatasun maila bateko jende mingaintzuri prestuetara jaso behar zela esaka hasi zen talde hark atera zuen bere giroz eta neurriz kanpora.

        Hara zer dioten garai hartaz JAKIN 44.garrenean Dorronsorok eta Lekuonak:

        Lekuona: (...) bertsolaritza indarrean zegoan eta interesa gora zihoan. Bide jator bat ematea falta zen. Eta hori batez ere Aitzoli zor zaio. Berak aitortzen du, poesia landuaren asmoak porrot egin duela eta, euskara indartzeko, sustraitzeko, beste bide bat hartu behar dela: herriak parte gehiago hartuko duena, etab. Orduan olerki jaiak organizatzetik bertsogintzaren organizaziora ere etortzen da.

        Hiru gauza oso inportante esan dira dagoeneko:

        1. Bide jator bat ematea falta zan. Baina nola, ordura arte ongi eta indarrean bazetorren, zergatik beste bide jator bat eman? Bere girotik atera, eta beste gauza asko bezala nazionalisten puritanismo prestu artifizial batera eramateko noski. Ezpatadantzarekin gertatu zen bezala: herri xehetako dantza xoragarri asko eta asko baztertuz, nazionalisten dantza nagusia zelako, hura dantzatu behar derrior. Nazionalismoak holako zenbat egin duen jainkoak bestek ez daki, gure herri kultura hirietako burges ttikien kultura bihurtu nahi zentzugabe baten aitzakian.

        2. Euskara indartzeko. Konforme. Beraz, beste kultur adierazpide herritar asko bezalaxe, bertsolaritza ere, erabili egin nahi zen helburu jakin baterako, eta ez bertsolaritza bere soilean eta giroan lagundu eta sustatu. Gaur ere aditzen da ni tripajaten jartzen nauen euskara indartzearen lelo hori leku askotan.

        3. Olerki jaiak organizatzetik bertsogintzaren organizaziora. Badirudi herriarekin esperimentuak egiten zebilela orduko taldetxo hura. Uholde nazionalista harek zerbait haundia lortu nahi zuen, eta gauetik goizera gainera, ahal bazen; eta itsumen hartan zerozeri heldu beharra zegoen. Olerki kultoaren amets antzuak porrot egitean, bertsolaritzari heldu beharra zegoen. Hala bada, burges ttiki hiritarren nortasun garbizale eta barrentzuria, nazionalisten ametsa, alegia, bertsolaritzak indartuko zuen, nazionalista hiritarren aho guri zuri gozoetara egokituz.

        Lekuona: Elementu guzi hauekin sartzen gara 1935.era. Eta hor, esandakoaz gain, oso inportantea izango da belaunaldi berri baten agertzea. Lehenengo txapelketan, alegia. Basarri aurkezten dela batez ere, eta irabazi gainera. Jendeak susmoa zuen eta barnetik bilatzen zuen zera hura, pertsona konkretu batengan gauzatua ikusi zuela.

        4. Zer ote zen Lekuonak aipatzen duen susmo hori. Eta zer esan nahi ote du jendearen susmo hori guzia pertsona konkretu batengan gauzatua ikusteak. Nik garbi daukat, zer esan nahi duen. Basarrik bazakiela ederki zertara zihoan, bere korbata eta guzi, dotore jantzita, 21 urteko mutil gaztea, atzetik zebilkion hiritar burges taldetxo haren eredu ereduko ez baitzen kasualidadez azalduko, eta haiek bertsolaritzari eman nahi zioten prestutasun eta goi maila erakusteko ere apropos prestatua zetorren gure Basarri gaztea. Hara zeren fruitua izan zen Basarrik aldez aurretik eskuan ekarri zuen txapela:

        Dorronsoro: Bai, EAJ.ren presentzia garbi sumatzen da bertsolaritzaren berrikuntza horretan. Aitzolen eraginaz gain, Euskaltzaleak elkartea tartean zebilen...

        Lekuona: Hauexek osatu zuten 1935.eko epaimahia: Aitzol, Toribio Altzaga, Jose Olaizola, Manuel Lekuona, Joseba Zubimendi eta Txomin Olano.

        Dorronsoro: Ez da dudarik, hor PNV.ren pentsaera dabilela. Eta bertsolariak oso erne ibiltzen dira, epaileek zer entzun nahi duten, handik aritzeko. Bertsolaritza bildu zuen proiektu kulturala nazionalista zela, garbi zegoen (...).

        5. Garbizalea zen gainera, eta ordura arteko bertsolaritza zokoratu egiten zuen, eta Txirritaren eta taberna zuloko bertso hizkera mordoiloa salatzen zuen, puritanismo prestu artifizial baten gorantzan, baina Txirritak bere zaharrean ezezko garbia erakutsi zion, nolabait esan, bere bizitzako bertsolaritza guzia ukatzen zuen proiektu hari. Eta bertso dotore bat utzi zuen giro zikin haren lekuko:

                Larogei urte gaiñian dittut,

                nago anketako miñez.

                Donostiara etorria naiz

                erren aundia eginez.

                Bi bastoirekin txit larri nabill

                Pausorik eman eziñez.

                Euskara iya aztu zait eta

                Erderarikan jakiñ ez,

                Maixu batekin eskolan laixter

                Asi bear det latiñez.

        Lekuona: (...) Gaia euskara zen. Bertsolariak euskara gora, euskara behera. Txirritak ez zuen gaia seriotan hartu. Eman zioten gaia hartu bai, baina komentario komiko batekin ateratzeko, zelebrekeria batekin (...).

        6. Nere uste apalez berriz, Basarrik bezain serio eta gainera askoz ere dotoreago bota zuen bertsoa Txirritak, eta umore eder batekin txapelketarako aldez aurretik emana zegoen epaia salatuz gainera. Hain zuzen ere euskara jarri gaia, eta bere bizi guzian euskaraz besterik egin ez zuenari euskara mordoiloa erabiltzen zuela esaka zetorren burges taldetxo hari bai ederki bota ere muturrera: maixu batekin eskolan laixter asi biar det latiñez..., maixu bezala Aitzol behatzarekin seinalatuz, esanez bezela bere barrendik: joan dan larogei urtian bertso kantari, eta ergel auek erakutsiko diate neri orain euskara garbia eta prestua itzegiten eta bertso jatorrak zein diren.

        7. Txirritaren bertso bikain horrek, bere umore ironiko hagitz finarekin, txapelketa hartako alderdi ezkutua salatzen du nere iduriko, eta ondorengo Basarriren honek berriz, disfrazatuta zetorren alderdi zuria. Halare, ni harritzen nauena zera da: Txirritak salatzen duen alderdi horri, geroztik inortxok ere ez heltzea; hori ezkutatu, eta denak Basarriren alabantza zuria egitea! Horretxek harritzen nau! Ikus ditzagun ordea, Basarriren bertsoa eta adituen komentarioak:

                Uso zuri bat inguratu zait

                Goizian egun argitzez,

                Alaitasuna artxek sortu dit

                Jaun maitiak, bere itzez

                Eta ni oraiñ zuen aurrean

                Nauzute pozaren pozez,

                Lendabiziko, entzule onak

                Agur danori bihotzez.

        Lekuona: 21 urteko mutil gazteak, gorbataz dotore jantzia, eta hasiera horrekin, literatura erromantikoan jakitun agertuz, sentsazioa egin behar zuen.

        Dorronsoro: Epaimahaikoek maite zutena Basarriren modua zen. Esan dugu PNV.eko jendea zela.

        Lekuona: Txirritaren umorea, herriko jendeak oso maite zuen, baina donostiar jende dotoreagoxeak ez zuen hain gogoko umore-modu hori, eta nik uste maila bajuagokoa jotzen zuela. Politikara etorriz, ez dugu ahaztu behar Enbeita Urretxindorra aurretik mitinetan ibiltzen zela, eta Basarri harekin ibilia zela, eta haren ereduari ere jarraitzen ziola (...).

        Nik uste, aditu nahi duenarentzako dena esana gelditzen dela. Gezurra lirudike, eta askok ez du hala ikusi nahiko ere, baina, neretzako garbi dago: beste kultur adierazpide asko bezalaxe nazionalismo jeltzaleak desbirtuatu zuen bertsolaritzaren grazi guzia. Eta hor gelditzen dira testigutzat, alde batetik, Basarriren aurreneko txapela eta bertsolaritzarekin deus ikusi gutxi duen goi mailako prestutasun folklorikoa, eta Txirritak botatako bertso zoragarria, ironia fin batekin, jarri zioten gaia eta orduko azpilana batera jasotzen dituena.

        Bertsolaritzak euskal literaturaren oinarri eta ardatz izan behar zuela oihuka hasi zen talde hark sortutako giroaren tesi okerrak dira geroztik ugaltzen joan direnak.

        Ez dut uste alderdi hau behar bezala argitzen duenik Joan Mari Lekuonak ere, bere Ahozko Euskal Literatura liburuan. Hauxe da, gutxi goiti behiti, garai hartakoaz esaten duena:

        «(1910-1935) Garai honetan bertsolaritza bilakabide batean aurkitzen da, aldaketa giro batean. Eta bilaketa eta aldaketa hauek honetara eramaten dute; teori eta praxi mailan bertsolaritza gehiago balioztatzera.

        Alde batetik, zenbait intelektualek ez diote aldeko iritzirik herri poesiari; baina oso beste aldetik daude "Eusko Folklore" talde barruan ari diren ikertzaileak (...)

        Aro berri honen hasiera "Bertsolari Eguna" izan daiteke, Donostian 1935ean ospatu zen bertsolari txapelketa. Mugimendu honen ezaugarririk funtsezkoena ez da izango, behar bada, mundu poetikoen berrikuntzan; baizik eta mugimenduaren egiteko nagusia izan da, azken urteotan Euskal Herrian egon diren aldaketa sozio kulturalei bertsolaritza egokitu izana.

        Aldakuntza sozio-kulturalei begiratuta, Basarri izan da jendaurreko bertsolaritzaren berrikuntzan gehien nabaritu den bertsolaria. Basarriri zor diogu bertso berriak komunikabideetara, kazetaritzara eta irratira eraman izana, komunikabideetan sartze horrek berekin dituen bereizkuntza guziekin.

        Gero, Basarrik, bapateko bertsogintzari aberastasun haundiagoa eman dio, ugaritasun egokiagoa, erudizio zabalagoa, arintasun eramangarriagoa, teknika jantziagoa, musika hobea. Gaurregungo ahogozoari hobeto zerbitzatzea. Areto publikoetan agintzen duten gizarte-legeen arabera jendaurrean azaltzea, eta abar (...)

        Basarrik, egia da, une hartan iraultze joera baten indarra zekarren, orduko gazte askoren joera aberrikoia. Baina bazekarren, baita ere, sozio-kultura mailako joera orokor bat, zibilizazio berriago baten eskakizuna, azken urteotako bertsolarien araupide jakina: apain jantzia, hizketa txukun eta aberatsa, errespetuzko jokabidea, eskola eta garaiaren garaiko pentsamolde zehatzagoa. Eta "Victoria Eugeniako" txapelketa hartaz gero, Basarrik irabazi zuen hartaz gero, zokoraturik bezala gelditu zen Txirritaren belaunaldia».

        Zokoraturik bezala ez, erabat zokoraturik, esanen nuke nik. Gaur oraindik ere, esplikatuko bailuke herri txikitako bertsolari xahar askok, nola izan ziren zokoratuak, nola geratu ziren beren buruak gutxietsita, ikusirik Basarriren jendaurreko prestutasun goitar faltso harenik ez zutela. Eta horrek, beste esplikazio beharrik gabe, berez ere erakusten du zerbait.

        Baina, horrez gainera, esan beharrekoa zela uste dut hor, Basarrik burutu zuen iraultze hura ez zela izandu, inondik ere, gizarte aldaketak berez zekarren eskakizuna, baizik eta dozenan bat burges ttikik, goitik hasita beheraino prestatu zuten aldaketa baizik. Ez zen, ez, Basarri, hutsetik sortua, edo herri bertsolaritzak burges ttikien artetik berez zekarren berrikuntzatik sortutako gaztea. Ezta pentsatu ere. Txirritaren eta Basarriren arteko etena, lehen esan bezala, dozenan bat jauntxo giputxek ongi prestatutako etena izan zen. Gero, dudarik gabe, orduan puri purian zegoen hiri giroko nazionalista abertzale prestu garbizaleen mugimendu gazteak aldaketa inposatu hura oso ongi bereganduko bazuen ere. Nola ez zuen ba bereganduko, bere ideologiarekin bete betean zetorren eta!

        Azpilan haren errezolo txarrak egiten zituenik ere ez zen faltako, baina, jeneralean, herrixketako bertsolari sail haundi batek, «damu dut hain mingaintzikin eta edukaziogabeko izana» aitortuko zuen, eta Basarriren gizalegezko ahots zuri gozo haren aurrean belaunikatu bezela eginen zen bertsolari sail alproja hura, bakoitzak bere etxean, eguerdiero bazkalorduan «Aitaren hitza» aditzekoan, esanez bezala barrendik: «Arrazoi duk Basarri, higizon prestua haiz; gu berriz, nekazari narratx batzuk besterik ez».

        Hala bide zen orduko apaiz talde haren ustea: «zenbat eta gizonago, orduan eta bertsolariago». Baina, Basarri buru jarri zuen apaiz talde hark ez bezala, herri erneak ongi badaki gizontasun prestuak deus ikusteko gutxi duela, bai bertsolari onekin, eta baita historiak eman dituen beste artista on gehientsunekin ere.

        Orduantxe ateratzen da bertsolaritza bere girotik eta lekutik, eta herri literatura goi mailako hiri literatur bihurtu nahi garbia nabari da talde haren asmoetan. Ospakizuna bera, aurreneko Bertsolari Eguna izanen zena, ez baitzen nonahi egin, Donostiako Victoria Eugenian baizik. Beraz, lekuak berak, franko adierazten digu. Gero, aurreneko txapelketa izatea ere, ez da ahazteko. Nere lagun batek esaten duen bezala, herri honetako kultur adierazpide herritar guziak, hain zuzen ere, aurreneko txapelketarekin hasten bait dira hondatzen, beren giro naturaletik ateratzen eta izorratzen.

        Aitzolek eta Eusko Folkloreko talde bertsozale hark, bertsolaritza bere herri giroan indarberritu izan balu, nik ez nuke gaur deus esatekorik. Baina, bertsolaritza, herri literatura zela jakinik, eta mundu guzian bezalaxe bere herri giroan bizitzeko eta hiltzeko sortua zela ikusirik, neurriz gaineko balioa eman eta gure literatur adierazpiderik prestuena, gizalegetuena eta hiritarrena bihurtu nahi hartan huts egin zuen talde hark. Eta bistan da, huts hark egindako zuloa gero eta haundiagoatzen joan dela geroztik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.